Txikipedia:Arte
Artea irudimenaren bidez zerbait sortzeko jarduera da; adibidez, marrazki edo margolan bat, abesti bat, eskultura bat, zeramikazko pieza bat, liburu bat, film bat edo beste hainbat gauza. Sortze-lan horiei "artelan" esaten zaie, eta artelanak egiten dituen pertsonari, "artista". Denok egin ditzakegu artelanak, baina artista ona izateko eta, batez ere, artista ospetsua izateko, zenbait trebetasun ondo landuak izatea ezinbestekoa da.
Gaur egun, arteaz ari garenean, "arte ederrak" ditugu gogoan gehienetan. Artelan horiek edertasunarekin eta artistaren sormenarekin lotuta egon ohi dira; objektu politak sortzeko gaitasunarekin, alegia. Baina horrek ez du esan nahi objektu horiek nahitaez zerbaitetarako balio behar dutenik: askotan gertatzen da jendeak artelan bat gogoko izatea, besterik gabe, gustatzen zaion zerbait berezia duelako, eta pentsarazi edo zerbait sentiarazten diolako. Leku askotan daude artelanak, baina garrantzitsuenak museoetan egon ohi dira.
Arte-mota asko dago. "Arte bisual" esaten zaienen multzokoak dira, adibidez, margolanak eta estatuak, bai eta eraikinak ere. "Arte eszenikoak", aldiz, dantza, antzerkia eta zinema. Musika eta literatura ere beste arte-mota bat dira.
Artea figuratiboa edo abstraktua izan daiteke:
- Arte figuratiboan, irudiak edonork ezagutzeko moduan adierazita daude, erraz igartzen da zer diren; adibidez, paisaia bat, pertsona bat, etab.
- Arte abstraktuan, aldiz, irudiak ulertzen zailagoak dira, eta pentsatzera behartzen gaituzte; formak erabiltzen dira askotan (zirkuluak, karratuak eta beste forma geometriko batzuk), eta kolore-nahasteak ere bai.
Zer dira artistak?
Artistak beren irudimenaren eta trebetasunaren bidez objektu ederrak sortzen dituzten pertsonak dira. Arte forma ugari daude, margolaritza edo pintura, eskultura, literatura, musika, dantza, antzerkia eta arkitektura, adibidez.
Gizakia historiaurretik aritu da irudiak margotzen. Herri primitiboek haien bizitzak irudikatzeko erabili zuten labar-artea, hau da, leize-zuloetan edo harkaitzezko hormetan egindako margoak. Ipuinen narrazioak eta musika ere antzinatik datozen arte motak dira. Zibilizazioak aurrera egin zuen heinean, arteak ere aurrera egin zuen. Zenbait pertsona beren talentuagatik nabarmentzen ziren; haien abestiekin, dantzekin edo narrazioekin erregeak eta jende arrunta entretenitzen zituzten. Orokorrean, artistek gaztetan ikasten zuten haien ogibidea, sarri artista maisu baten ikasle gisa lanean.
Gaur egun, sarritan, umeek haien kontura marrazten, abesten eta istorioak asmatzen dituzte. Dena dela, jendeak arte forma bati buruz gehiago ikasi nahi badu, eskoletara joan daiteke; horrela, interesatuak dauden gazteei margotzen, marrazten edo instrumentu bat modu zuzenean jotzen irakasten zaie. Apur bat nagusiagoak direnean, artean jardun nahi duten artistek ikasten jarraitzen dute derrigorrezko bigarren hezkuntzaren ostean; gehienetan, arte-eskoletan ikasten dute, hau da, bereziki hezkuntza artistikora bideratuta dauden ikastegietan, baina unibertsitate batzuek ere arte-tituluak eskaintzen dituzte.