Txikipedia:Arrantza
Arrantza arrainak eta uretako beste espezie batzuk harrapatzea da, elikagai bezala edo industriarako lehengai moduan erabiltzeko; harrapatzen den gehiana gizakiok jateko izaten da, eta beste zati bat lehengai moduan erabiltzen da olioak eta irinak egiteko. Arrantza ekonomiako lehen sektorean sartutako jarduera da. Arrantzan dihardutenak arrantzale deitzen dira.
Itsasoko arrantza historikoki oso jarduera garrantzitsua izan da Euskal Herrian; bertako arrantzaleak famatuak izan dira Bizkaiko golkotik kanpo ere.
Gaur egun, Euskal Herriko arrantza-portu handiena Bermeokoa dugu. Beste portu hauek ere nabarmenak dira: Ondarroa, Hondarribia, Getaria, Lekeitio, Pasaia eta Donibane Lohizune.
Itsasoen arrantza-aberastasuna oso desberdina da batetik bestera, planktonaren mende baitago. Arrantzalekurik onenak itsasertzetik gertu daude, plataforma kontinentalak izenez ezagutzen ditugunetan, eta korronte hotz eta beroak elkartzen diren lekuetan, argitasun onaren, tenperaturaren eta materia organiko ugariaren ondorioz. Eremu horietan biltzen dira munduko harrapaketen bi herenak. Emankorrenak Atlantikoko iparraldea, Txinako itsasoa eta Afrikako eta Iberoamerikako mendebaldeko kostaldeak dira.
Gutxiago garatutako herrialdeetan, arrantza tradizionala da nagusi; bertan, arrantzari lotutako jarduera ekonomikoak oso garrantzitsuak dira, lanpostu ugari sortzen dituelako, irabazi-iturri handia izaten delako eta bertako biztanleen elikadura bermatzeko ere.
Herrialde garatuetan, aldiz, arrantza komertzialak du pisu handiagoa, hau da, merkatuan saltzeko egiten denak; balio handieneko espezieak harrapatzen dira. Horretarako, herrialde batzuetan, arrantza-flota handiak dituzte, teknologia askorekin, eta inbertsio ekonomiko handiak egiten dira arrantzaren industrian.
Arrantza-motak
Arrantza-modu desberdinak daude, zenbait irizpideren arabera:
Distantziaren arabera
Itsasertzetik zer distantziatara egiten den, honako arrantza-mota hauek bereiz daitezke:
- Kostaldeko arrantza: Kostaldean bertan egiten da. Ontzi txikietan edo kanaberarekin egiten da, autokontsumorako edo tokian tokiko merkatuan saltzeko.
- Itsasbazterreko arrantza edo baxurakoa: Kostaldetik gertu egiten da, ontzi txiki edo ertainetan. Ontziek sare txikiak edo hari-amuak erabiltzen dituzte arrainak harrapatzeko eta egun berean ateratzen dira eta itzultzen dira portura. Arrantza honetan gero eta harrapaketa urriagoak egiten dira, gehiegi arrantzatzearen eta beste ingurumen-arazo batzuen ondorioz.
- Itsas zabaleko arrantza edo alturakoa: Itsas zabalean egiten da, kostaldetik urrun, itsasontzi handiak eta teknologia oso garatuak (radarrak eta sonarrak, eta hozkailu-ontziak, kanpaina luzeetan harrapatutako arrainak izoztu eta egoera onean edukitzeko) erabiliz, eta arrantzaleek aste edo hilabete batzuk igarotzen dituzte itsasoan portura itzuli baino lehen. Euskal arrantzaleak, adibidez, Groenlandia, Ternua, Mauritania, Namibia eta Indiako ozeanoraino ere joaten dira arrantzara.
Sakontasunaren arabera
Arrantza bi modutara egin daiteke, sakoneraren arabera:
- Ur-azaleko arrantza: gehienez ere 200 metroko sakonerara iristen da. Batez ere, sardina, antxoa eta hegaluzea harrapatzen dira arrantza mota honetan. Tretza (amuak dituen soka) eta sareak erabiltzen dira.
- Itsas-hondoko arrantza: 600-700 metro bitarteko sakonerara iristen da. Bakailaoa eta legatza harrapatzen dira batez ere, arrastean, sareak erabiliz.
Munduko arrantza-leku garrantzitsuenak
Itsaso eta ozeanoetako leku guztiak ez dira egokiak arrantzarako; arrainak leku batzuetan ugariagoak izaten dira, eta arrantzaleak batez ere leku horietara joaten dira. Munduko arrantza-leku edo kala garrantzitsuenak hiru puntutan egoten dira:
- Plataforma kontinentalen gainean: kontinenteetatik hurbil dauden sakonera gutxiko uretan, arrainek tenperatura egokiak eta elikadura ugari aurkitzen dituzte bizitzeko eta ugaltzeko. Ipar itsasoa eta Japoniako itsasoa aipa daitezke hemen.
- Itsaslaster hotz eta epelak elkartzen diren lekuetan: ur epeletako eta hotzetako arrainak topatzen dira bertan eta espezie ugaritasun handia egoten da. Japoniako itsasoa eta Ternuatik hurbileko itsasoa aipa daitezke.
- Plankton ugariko lekuetan: ur hotzeko zenbait lekutan planktona ugaria izaten da eta horrek espezie asko erakartzen ditu. Hauen artean daude, adibidez, Txile eta Peruko kostaldea, Afrikako hego-mendebaldea eta hego-ekialdea eta Kanaria uharteak.