Txikipedia:Arrabita

Arrabita (rabela edo xirribita) igurtzitako hari instrumentuen (kordofonoen) familiako musika-tresna bat da.

Arrabita arrunta.

Izen hau biolina esateko ere erabili izan da. Seguru aski antzina arrabitak betetzen zuen funtzioa biolinak hartu zuen gerora, eta hortik etor liteke izenen nahasmena. Gaur egun, arrabita biolinaren sinonimo bezala ia erabat onartua dago, baina dokumentazio zaharra ikusiz, garbi dago izendapen honekin nahasturik agertzen direla antzekoak diren bi soinu-tresna desberdin (gazteleraz, rabel eta violĂ­n, hain zuzen).

Nolakoa da?

Arrabitak zurezko erresonantzia kaxa eta giderra izan ohi ditu. Kaxaren estalkia zurezkoa zein larruzkoa izan daiteke. Larakotik zubira zurdazko (zaldi ilea), tripazko edo metalezko bizpahiru hari izan ditzake tenkaturik.

Nola jotzen da?

Esku batekin giderra heldu eta hatzekin hariak zanpatuz notak ematen dira. Beste eskuarekin arkua hartu eta honen hariarekin arrabitaren hariak igurzten dira, hotsa emanez. Bularraren kontra eta besoaren gainean eutsita edo belaunaren gainean zutik jarrita jo daiteke.

Soinu-tresnari parez pare begiratuta, ezkerreko hariak azpiko nota (pedala edo pordoia) eman ohi du eta arkuaren eraginez erritmoa markatu ohi du. Eskuineko hariak kantuaren doinua ematen du. Arrabitarekin jotzen diren doinuek hedadura txikia izaten dute. Soinu-tresna honek kantuari lagundu izan dio maiz.

Arrabita euskal herri-musikan

Arrabitaren presentzia handia da Euskal Herriko elizetako irudietan. Arrabita jotzaileen irudiak ikus ditzakegu hainbat lekutan: besteak beste, Gasteizko katedral zaharrean, Leireko monasterioan, Ondarroako Andra Mari elizan edo Zuberoako Santa Graziko elizan .

Soinujole hauek XIX. mende arteko dokumentu zahar askotan agertzen dira, ia euskal lurralde guztietan. Garbi dago tresna hauek gure lurralde guztietan erabiliak izan direla; bakarka, panderoarekin edo xirula-ttunttunarekin taldea osaturik, gehienbat.



This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.