Txikipedia:Arkakuso

Arkakusoa (Pulex irritans) intsektu txiki bat da, eta gizakien, txakurren, katuen eta odol beroko beste animalia batzuen odolaz elikatzen da.

Arkakusoa (Siphonaptera)

Non bizi dira?

Normalean katuen eta txakurren ilean bizi dira. Gizakietan eta odol beroko beste animalia batzuetan ere aurki daitezke. Intsektu talde hau munduko leku guztietan aurki dezakegu, Antartikan barne.

Nolakoak dira?

Intsektu ez-hegodunak dira; hau da, ezin dute hegan egin hegoak ez dituztelako. Haien luzera 1,5-3,3 milimetrokoa da, kolore ilunekoak eta espezieren arabera gorriak, marroiak eta beltzak izan daitezke. Bere gorputza gogorra da eta ile eta arantza txikiz estalia dago. Hanka luzeak dituzte ilearen artean erraz mugitu ahal izateko, eta salto egiteko.

Taxonomia

Erreinua Animalia
Ordena Siphonaptera
Familia Pulicidae
Generoa Pulex
Espeziea Pulex irritans

Bizi zikloa

Arkakusoek lau estadio dituzte beren bizi-zikloan: arrautza, larba, pupa eta heldua. Arkakusoaren bizi-ziklo osoak aste gutxitatik hilabete batzuetara arte iraun dezake, ingurumenaren baldintzen arabera.

Arkakusoen bizi zikloa

Nolakoa da ziztada?

Ziztada mingarria izan ohi da eta normalean 3 ziztada edo gehiago ilaran egiten ditu. Horietako ziztada bakoitzean gorriune bat osatzen du, eta normalean 1 cm baino gutxiagoko tamaina du eta ziztadaren puntu zehatza ikus daiteke. Ziztada honek hainbat pertsonari erreakzio alergiko handia eragin diezaioke.

Zeintzuk dira sintomak?

Ziztadak hanketan eta arropa gorputzari egokitzen zaion lekuetan gertatzen dira gehienbat, hala nola gerrian, ipurmasailetan, izterretan eta sabelean.

Arkakusoen ziztadak sintoma hauek sortzen dituzte:

  • Ziztada gorri txikiak ikus ditzakegu, askotan hiruko taldeetan eginak, eta azkura handia eragiten dute.
  • Likidoz beteriko burbuila edo poltsak (anpoilak) eragin ditzake, pertsonak arkakuso-ziztadei alergia badie.

Gizakiontzat kaltegarriak izan daitezke?

Arkakuso baten ziztadak larruazaleko infekzioa ekar dezake. Ziztadek gizakiengan gaixotasunak eragiten dituzten bakterioak eraman ditzakete; hala nola, tifusa eta izurria. Hau da, arkakusoen ziztadaren bitartez gizakiei bakterioak transmititu ahal zaizkie.

   Ba al dakizu   

Arkakusoek 20 zentimetroko altueraraino salto egin dezakete, hau da, 200 aldiz beren tamaina. Hori gizakiok eraikin bat jausi bakar batez saltatzea bezalakoa da.

Nolakoa da tratamendua?

Arkakusoaren ziztadak tratamendurik gabe desagertuko dira. Hala ere, berriro ez ziztatzeko, arkakusoengandik aldendu beharra dago. Beste aldetik, arkakusoen ziztaden sintomak arindu nahiz izanez gero, medikuari arazoa kontsultatu ostean, kremak eta sendagaiak erabili ahal dira.

Nola prebenitu daiteke arkakusoaren ziztada?

Baliteke beti prebenigarria ez izatea. Helburua arkakusoak kentzea da, eta horretarako etxea, maskotak eta kanpoko beste eremu batzuk tratatu daitezke. Prozesu horren bitartean haur txikiek ez dute etxean egon behar, tratamendua osasunerako kaltegarriak izan ahal direlako. Hegaztiak eta arrainak babestuta egon behar dute kimikoak botatzean. Askotan, arkakusoen aurkako lepokoak, eskumuturrekoak... ez dute funtzionatzen. Hainbat teknika probatu ostean arazoarekin jarraitzekotan albaitariari laguntza eskatzea gomendagarria izango litzateke.

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.