Txikipedia:Aritmetika
Aritmetika matematikaren adar bat da, adarrik sinpleena hain zuzen. Zenbakien kontaketarekin du zerikusia; hau da, batuketa, kenketa, biderketa eta zatiketekin. Matematikaren beste adar guztiak daude oinarrituta aritmetikan eta haren arau eta legeetan.
Denok erabiltzen dugu aritmetika geure eguneroko bizitzan: esaterako, dendan zerbait erostean, distantziak neurtzean, edo, besterik gabe, 1etik 10era kontatzen dugunean.
Aritmetika hitzak grezierazko hitz batean du jatorria, zenbaki esan nahi duen arithmos hitzean, hain zuzen ere.
Aritmetikaren jatorria
Historialarien arabera, gizakia duela 10.000 urte inguru hasi zen objektuak zenbatzeko sistemaren bat erabiltzen. Zenbatzeko modua asmatu eta gero, aspaldiko gizakiek batuketak egiten ikasi behar izan zuten; baina horretarako ere denbora luzea pasatu behar izan zen. Seguru asko, kenketak egiten ikasiko zuten ondoren; eta, azkenik, biderketak eta zatiketak egiten. Eragiketa horiek errazak iruditzen zaizkigu orain; baina, aspaldiko gizakientzat, oso ideia konplexuak ziren.
Dirudienez, gure aroko 700. urte inguruan, zenbakiak idazteko sistema bat asmatu zuten Indian. Geroago, arabiarrek ikasi omen zuten sistema hori, eta, azkenik, europarrek ikasi zuten arabiarrengandik. Aldaketatxo batzuekin bada ere, hortik datoz gaur egun erabiltzen ditugun oinarrizko zenbakiak, 0tik 9ra artekoak, alegia.
Gaur egun, kalkulagailuek eta ordenagailuek oso azkar egiten dituzte aritmetikako kalkuluak; hala ere, behar-beharrezkoa da aritmetikaren oinarriak eta arauak ikastea, matematika ondo ulertu ahal izateko.