Txikipedia:Argi-urte
Argi-urtea unibertsoko izarren edo galaxien artean dauden distantziak adierazteko erabiltzen den neurri bat da. Neurri horretarako, argiak urte batean egindako distantzia erabiltzen da oinarri moduan; kontuan izanda argiak segundo bakoitzean 300.000 km egiten dituela, urte oso bateko distantzia ikaragarri handia da, erraldoia: 9.460.730.472.580,8 km. Hau da, ia 9,5 bilioi kilometro. Horregatik, distantzia izugarri handi hauei «distantzia astronomikoak» deitzen zaie.
Argi-urteen neurria ez da zientzialariek eta astronomoek gehien erabiltzen dutena, baina oso praktikoa da jendearentzat, espazioko distantzia izugarri handiak nolabait imajinatu edo ulertzeko. Horrela, Eguzkiaren ondoren gure galaxian Lurretik hurbilen dagoen izarra, Proxima Centauri izenekoa, gure planetatik 4,28 argi-urteko distantziara dago. Hau da, argi-izpi batek 4 urtetik gora beharko lituzke Lurraren eta Proxima Centauri izarraren arteko distantzia ibiltzeko.
Argi-urteen distantziaren esanahia ondo ulertzeko, kontuan izan behar dugu argiak 1,2 segundo besterik ez duela behar Lurraren eta Ilargiaren arteko distantzia ibiltzeko; eta distantzia hori 384.000 km ingurukoa da. Konparazio baterako, urte betean, argiak 26,2 milioi aldiz egingo luke Lurraren eta Ilargiaren artean dagoen distantzia.
Bestalde, Unibertsoko galaxien artean dagoen distantzia astronomiko ikaragarriak nolabait ulertzeko, datu argigarri bat dago: zientzialarien arabera, gure galaxiako, hau da, Esne-Bideko diametroa 100.000 argi-urte ingurukoa da. Hau da, argiaren lastertasunean joango litzatekeen espazio-ontzi bat egongo balitz ere, 100.000 urte inguru beharko lituzke galaxiako mutur batetik bestera iristeko. Eta gogoan izan Unibertsoan milioika eta milioika galaxia daudela, izugarrizko distantziatara batzuk besteetatik.
▷ Eguzkitik gure planetara dagoen distantzia: 8 argi-minutu.
▷ Ilargitik gure planetara dagoen distantzia: 2 argi-segundo.
▷ Gure galaxiaren diametroa 100.000 argi-urte.
▷ Gure galaxiatik hurbilen dagoen hurrengo galaxia handira, Andromeda galaxiara, dagoen distantzia: 2,5 argi-urte.
▷ GN-z11, izeneko galaxia, esate baterako, oso-oso urruti dago, eta hala ere aspaldian igorri zuen argia irudietara ekarri da; gure planetatik 13.400 bat argi-urtera dagoela kalkulatu da. (Baina denbora horretan unibertsoa hedatu denez, benetako distantzia bikoiztu baino gehiago egin dela pentsatzen da).
Unitate Astronomikoa
Astronomoek beste neurri bat erabiltzen dute Eguzki-sistemaren barruko distantzia astronomikoak adierazteko: Unitate Astronomikoa hain zuzen (UA da erabiltzen den sinboloa).
UA bat Eguzkiaren eta Lurraren artean dagoen batez besteko distantzia da; hau da, 150 milioi km, gutxi gorabehera. Horren arabera, honela adierazten dira Eguzki-sistemako planeten distantziak Eguzkiarekiko:
- Eguzkitik Merkuriora: 0,39 UA.
- Eguzkitik Artizarrera: 0,72 UA.
- Eguzkitik Lurrera: UA 1.
- Eguzkitik Martera: 1,52 UA.
- Eguzkitik Jupiterrera: 5,2 UA.
- Eguzkitik Saturnora: 9,54 UA.
- Eguzkitik Uranora: 19,19 UA.
- Eguzkitik Neptunora: 30,06 UA.