Txikipedia:Apollo programa

Apollo programa NASA agentzia estatubatuarraren espazio-proiektu bat izan zen, 60ko eta 70eko hamarkadetan garatua, astronautak Ilargira bidaltzeko. Programa arrakastatsua izan zen eta 1969an lehen gizakiak Ilargira eramatea lortu zuen Apollo 11 misioan.

Apollo 7 misioaren jaurtiketa, 1968an.

Sobietar Batasuna izan zen gizakiak kanpo-espaziora eramatea lortu zuen lehen herrialdea, eta arrakasta hori izan zen, hain zuzen ere, Ameriketako Estatu Batuetako gobernuak Apollo programari ekiteko arrazoietako bat. Hori, Gerra Hotzean gertatu zenez, AEBko gobernuak espazioaren esplorazioan SESBren aurretik joateko lanean hasi behar zutela erabaki zuen.

1961ean John F. Kennedy NASAri eskatu zion 1970erako programa bat martxan jartzeko, astronautak Ilargira eraman eta Lurrera bueltatzeko helburuz. Orduan NASAk beharrezkoak ziren ikerketa zientifikoak hasi zituen helburu hori betetzeko. Horrela hasi zen Apollo deituriko programa.

NASAko zientzialariek erabaki zuten metodo onena potentzia handiko suziri edo jaurtiketa-ibilgailu bat erabiltzea zela, 50 tonako espazio-ontzi bat ilargi-orbitara eramateko. Ilargira iritsi zen suziria Saturno V izenekoa izan zen, 110 metro altu zena, NASAk eraikitako handiena. Suziria erregaiz beterik zegoen (oxigeno eta keroseno nahaste bat), Apollo espazio-ontzia lur-atmosferatik kanpo garraiatu eta Ilargirako bidean jarri ahal izateko. Apollo espazio-ontziek hiru atal zituzten:

  • Aginte-modulua: hiru astronautak bidaian espazio-ontzia maneiatzen zuten kapsula. Lurrera bueltatuko zen atal bakarra zen.
  • Zerbitzu-modulua: espazio-ontzia Ilargira bideratzeko, eta ondoren, Lurrera bueltatzeko beharrezkoa zen motorra eta beste hainbat tresna zeramatzan zatia.
  • Ilargi-modulua: hiru astronautetako bi Ilargiaren orbitako aginte-modulutik gure satelitearen gainazalerainoko joan-etorria egingo zuen ibilgailua, suziri-potentzia ere bazuena.

NASAk jaurtiketa-instalazio berri eta handi bat ere eraiki zuen Cañaveral lurmuturrean, Floridako estatuan.

1967an, Apollo 1 izendatutako espazio-ontziak sute bat izan zuen hegaldia hasi baino lehen eta hiru astronauta hil ziren. Ondoren, hainbat proba-misio egin ziren, batzuk tripulazioarekin eta beste batzuk tripulaziorik gabe. 1969ko martxoan, Apollo 9 misioak ilargi-modulua arrakastarekin probatu zuen Lurraren orbitan. Maiatzean, Apollo 10eko tripulazioak ilargiratzearen entsegu oso bat egin zuen, eta Ilargiko gainazaletik 15.200 metrora hurbildu ziren. Apollo 11k, 1969ko uztailean, lehen gizakiak Ilargiraino eramatea lortu zuen. Zehazki, urte horretako uztailaren 20an, Neil Armstrong astronauta eta jarraian Edwin “Buzz” Aldrin, Ilargiaren gainazala zapaltzen zuten lehen gizakiak bilakatu ziren.

Apollo 12, Ilargira bidalitako tripulatutako bigarren misioa, 1969ko azaroan burutu zen. Hurrengo Apollo misioek ilargiaren gainazalaren esplorazio luzea egin zuten, ilargi-arroka kantitate handiak jaso zituzten eta ikerketa zientifikorako tresna ugari ezarri.

Apollo 15 misioan, 1971n, astronautek Rover izeneko Ilargi-ibilgailu bat gidatu zuten Ilargiko gainazalean. Programaren azkeneko misioa, Apollo 17 deitu zena, 1972ko abenduan egin zen. Bi astronautak lau egun igaro zituzten Ilargiko gainazalean eta gure satelitearen ingurua eta barrualdea ikertzeko esperimentuak egin zituzten. Guztira, Ilargira iritsi ziren Apollo programaren sei misioetan, 12 astronauta estatubatuar ibili dira Ilargiaren gainazalean.

Apollo programa 1975ean amaitu zen. Ordutik aurrera, NASA transbordadore espazialaren programan lanean hasi zen, Nazioarteko Espazio-Estazioan, eta tripulaziorik gabeko espazio-esploraziorako hainbat proiektutan.


Irudi batzuk


This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.