Txikipedia:Apartheid

Apartheid delakoa erregimen politiko bat zen non beltzak, azpiko arraza zirelakoan, baztertzen eta diskriminatzen zituzten. Hego Afrikan inposatu zen eta 43 urte iraun zuen, 1948tik 1991ra arte. Apartheid hitzak "arrazazko bereizketa" esan nahi du afrikaans hizkuntzan.

Hondartza batean jarritako kartela. Bertan, "Zurientzat bakarrik baimenduta" jartzen du.

Aurrekariak

Erregimen arrazista hau inposatu baino lehen, Hegoafrikan jada biztanleria "ez zuria" kaltetzen zuten neurriak ezarri ziren. Pertsona hauek ezin zuten bozkatu kargu politikoetarako hauteskundeetan, eta are gutxiago kargu horietara beren buruak aurkeztu. Beltz asko hirietatik kanporatu zituzten, bizi ziren eremuak "zurientzakoak" izendatuak izan zirelako.

Apartheid-en hasiera

Apartheid 1948an hasi zen, Alderdi Nazionalak herrialdearen gobernua bere egin zuenean. Haren kideak guztiz arrazistak ziren, Adolf Hitler-ek asmatutako "arraza ariarraren nagusitasunaren" sinesmenarekin eta Alemaniako naziekin konparatu zituzten, eta behin betikoz ezarri zuten beltzak soilik beraien azalaren kolorearengatik diskriminatuko zituen sistema.

Legeak

Diskriminazio sistema honen arabera, garraiobideetan, komun publikoetan, eraikinetan eta antzeko tokietan "zurientzako" eta "beltzentzako" lekuak zeuden. Adibidez, zuri bat beteta zegoen omnibus batean igotzen bazen, pertsona beltz bat, legeak behartuta, bere eserlekua utzi behar zion. Pertsona beltzen eta zurien arteko harremanak eta ezkontzak ere debekatuta zeuden, eta ez zuriak ezin ziren unibertsitatera joan. Ezin ziren lanpostu onetara aurkeztu ere eta, horrenbestez, pobrezian bizitzen ziren.

Apartheid-en aurkako borroka

   Ba al dakizu   
Arraza bakar bat dago: gizakia. Azalaren kolorea eta jatorrizko herrialdea etniaren arabera aldatu daitezke. Arrazei buruz hitz egitea arrazismoa da eta pertsonek dituzten funtsezko hainbat eskubide urratzen ditu.
Arrazismoaren inguruan gehiago jakin nahi? Egin klik hemen

Nelson Mandela "arraza beltzeko" hegoafrikar bat zen, sistema bidegabe honen aurka borrokatu zena. Atxilotu egin zuten eta 27 urtez egon behar izan zuen kartzelan, Hegoafrikan eta Hegoafrikatik kanpo egindako protestek 1991n bera askatzea lortu zuten arte. Hiru urte geroago, herrialde hartan hauteskunde demokratikoen bidez hautatutako lehen presidentea izatera iritsi zen. Beste hainbat ekintzaile oso garrantzitsu ere egon ziren, hala nola Steve Biko, jaso zituen tratu txarrengatik hil zena berdintasunaren alde borrokatzeagatik preso egin zutenean. Biztanleria zuriaren parte batek, Alderdi Progresistako kideek, ere erregimenaren aurka egin zuen.

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.