Txikipedia:Anfibio
Anfibioak uretan eta uretatik kanpo bizi daitezkeen animaliak dira; horregatik, euskaraz urlehortarrak ere deitzen zaie, bai uretan eta baita lehorrean ere bizi daitezkeelako. Animalia ornodunen azpiespezie edo mota berezi bat dira eta, beraz, horrek esan nahi du hezurrak eta bizkarrezurra dutela. Gure inguruetako anfibiorik ezagunenak igelak, apoak, arrabioak eta uhandreak dira. Zientzialarien arabera, duela milioi asko urte gure planetako lur lehorretan bizitzen hasi ziren animaliak anfibioak izango ziren; hau da, batez ere uretan biziko ziren, baina lehorrean bizitzeko egokitzen hasi ziren poliki-poliki.
Anfibio hitza grezieratik dator eta "bizitza bikoitza" esan nahi du, esan dugun animalia hauen ezaugarri nagusi horrengatik.
Anfibio gehienak obiparoak dira, hau da, arrautzak erruten dituzte ugaltzeko; arrautza horiek uretan erruten dituzte, eta haietatik zapaburuak ateratzen dira; arrabioak, berriz, obobibiparoak dira, hau da, beste era batera ugaltzen dira: arrautzak ez ditu erruten, bere barruan edukitzen ditu, eta larbak jaio eta zerbait garatu direnean askatzen ditu.
Odol hotzeko animaliak dira, baina gorputzeko tenperatura inguruaren arabera aldatzen zaie. Hori hala da uretan eta mendi inguruetan izoztuta ez geratzeko; gainera, azal lodia izaten dute eta hori oso egokia da gorputzaren berotasuna ez galtzeko. Horregatik gustatzen zaie eguzkitan egotea. Neguan, ordea, kanpoan berorik ez dagoenez, gorputza gogortu egiten zaie eta azala lehortu eta zakar bilakatzen zaie.
Munduan 3.500 anfibio espezietik gora daude.
Bizi zikloa
Anfibioen bizi-zikloak badu ezaugarri oso garrantzitsu bat: metamorfosia izaten dute; hau da, gorputza aldatu egiten zaie kumeak direnetik helduak diren arte. Animalia hauek urtean jaiotzen dira eta kumeak diren bitartean isatsa dute eta zakatzak erabiltzen dituzte arnasteko, arrainek bezala; helduak direnean, aldiz, lehorrean bizitzeko behar dituzten ezaugarri fisikoak garatzen dituzte: birikak arnasteko eta hankak mugitzeko. Horri esker, bai uretan eta baita lehorrean bizi daitezke.
Metamorfosia baino lehen, landareak jaten dituzte; baina ondoren haragijale edo karniboro bihurtzen dira, eta intsektuak eta larbak jaten dituzte.