Txikipedia:Amerindiar

Amerindiarrak Ameriketako jatorrizko biztanle edo herriak dira, europarrak kontinente hartara iritsi baino lehenago hango lurretan bizi zirenak.

Amazoniako biztanle bat.

Ameriketako jatorrizko herri horiek milaka urte zeramatzaten bizitzen kontinente horretan (bai Ipar eta bai Hego Amerikan) europarrak XV. mendean iritsi zirenean. Ipar Amerikan, eskimal edo inuitak eta aleutiar herriak bizi ziren eskualde artikoetan; Karibe herria, aztekak, maiak eta inkak, berriz, Karibe itsaso inguruan, Erdiko Amerikan eta Hego Amerikan bizi ziren. Beste hainbat herri gehiago ere bizi ziren gaur egungo Kanada eta Estatu Batuetako lurralde zabaletan. Guztiak izendatzeko, amerindiar hitza erabiltzen da.

   Ba al dakizu   
Kolonen espedizioa Ameriketara iritsi zenean, Indiara iritsiak zirela uste zuten. Horregatik, hango biztanleei "indiar" deitu zitzaien, benetako Indiako biztanleak zirelakoan. Baina, ikusten duzunez, uste hori okerra zen.

Ameriketako lehen biztanleak

Ameriketako lehen biztanleak, seguru aski, Asiatik iritsi ziren kontinente hartara, Alaska zeharkatuz. Zientzialarien ustez, hori duela 60.000 eta 20.000 urte bitarte gertatu zen. Gaur egun, Asia eta Alaska ez daude loturik, itsasoak (Bering itsasarteak, zehazki) banatzen ditu bi lurraldeak; baina, garai hartan, badirudi bi kontinenteak lotuta zeudela iparraldetik, seguru aski izotzagatik. Lehen biztanle haiek, K.a. 10000. urterako, kontinente osora zabalduak zeuden.

Ipar Amerikako biztanlerik antigoalekoenek animalia handiak ehizatzen zituzten, haietako batzuk gaur egun desagertuta daudenak, mastondontea, adibidez. Herri haiek erabilitako lantza-punta batzuk eta beste lanabes edo erreminta batzuk aurkitu dira Clovis izeneko hiri batetik hurbil, Estatu Batuetako New Mexiko estatuan; horregatik, Clovis kultura deitu zaio. Lanabes horiek K.a. 9000. urte ingurukoak dira. Antigoaleko beste herri amerindiar batzuek, aldiz, arrantzatik eta fruituen bilketatik eta basalandareetatik bizi ziren; haietako askok bizimodu nomada izaten zuten: hau da, leku batetik bestera mugitzen ziren etengabe, janaria aurkitzeko.

Ikus, gainera

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.