Txikipedia:Amerikaren aurkikuntza

Amerikaren aurkikuntza deritzo europarrak gaur egun Amerika deitzen dugun kontinentera lehen aldiz iristearen gertaera historikoari. XV. mendearen bukaeran, Kristobal Kolonek zuzendutako espedizio bat iritsi zen 1492ko urriaren 12an gaur egun Bahamak deitzen dugun uhartedi edo artxipelagoko uharte batera. Aurkikuntza hitza erabiltzen da, europarrek ez zeukatelako lurralde haien berri eta, beraz, ustekabean "aurkitu" zituztelako; baina Amerikan jendea bizi zen, europarrak iritsi baino lehenago (amerindiarrak deitzen zaie), eta horregatik ez da erabat zuzena esatea aurkikuntza bat izan zenik. Nolanahi ere, historiako gertakaririk garrantzitsuenetako bat izan zen, eta mundua erabat aldatu zen ordutik aurrera. Gertaera historiko honek oso eragin handia izan zuen, baina oso desberdina Europan eta Ameriketan: Europarentzat, mundu modernoaren abiapuntua izan zen, baina Ameriketako herrientzat, aldiz, haien zibilizazioaren gainbehera eta menderakuntza ekarri zuen, baita desagerpena ere, kasu askotan.

Kristobal Kolonen iristera, 1862ko margolan batean.

Zergatik iritsi ziren europarrak Amerikara?

XV. mendearen bukaeran, europarrek ez zituzten ezagutzen gaur egun Amerika eta Ozeania deitzen ditugun kontinenteak. Garai hartako europarrek Europa, Asia eta Afrikako iparraldea besterik ez zuten ezagutzen, eta ez zekiten ezer Asiako eta Afrikako barrualdeko lurrei buruz.

Europarrek mendeak zeramatzaten merkataritza-harremanak edukitzen Asiako ekialdeko lurrekin, Zetaren Bidearen bitartez, besteak beste. Baina XV. mendearen erdialdean, otomandar inperioak Konstantinopla konkistatu zuen, eta une horretatik aurrera europarrek arazo handiak izan zituzten Zetaren Bidea erabiltzeko, India eta Txinarekin merkataritza-harremanak edukitzen jarraitzeko. Izan ere, Europa kristaua zen eta Otomandarren Inperioa, berriz, musulmana, eta elkarren etsaiak ziren. Horregatik, europar merkatariak ez ziren ausartzen inperio horretako lurretatik sartzen.

Horren ondorioz, europarrek itsasoz ekin zioten merkataritza-bide berriak aurkitzeari, eta horren eraginez hasi zen Esplorazioen Garaia deitzen dena. Gaztelak eta Portugalek jokatu zuten oso paper garrantzitsua esplorazio haietan. Merkataritza-bide berriak aurkitu nahi izan zituzten Ozeano Atlantikotik.

Kristobal Kolonen bidaia

Kolonen hiru karabelen erreplikak.

Portugaldarrek Afrikako ibilbidea aukeratu zuten Asiara iristeko, baina bidaia oso luzea eta arriskutsua zen. Kristobal Kolon izeneko itsasgizon batek, ordea, beste ideia bat eduki zuen. Garai hartan, mundua laua zela pentsatzen zen; baina bazegoen pentsatzen zuenik ere mundua esfera bat zela. Kolonek, orduan, pentsatu zuen, hori egia izanez gero, beharbada errazagoa izango zela Indiara iristea Atlantikoa zeharkatuz eta mendebalderantz bidaiatuz.

Kolonek, hasieran, Portugaleko erregeari eskatu zion laguntza bidaia hori egiteko, baina ez zuen lortu. Espainiako errege-erregina katolikoekin saiatu zen gero, bai eta lortu ere. Akordio bat egin zuen haiekin: Kolonek aurkitzen zituen lurrak Espainiarenak izango ziren eta bera lur haietako gobernatzailea izango zen.

   Ba al dakizu   
Kolonek inoiz ez zuen jakin benetan ez zela Indiara iritsi, beste kontinente batera baizik. Uste horregatik esaten zen geroago ere "Indietara joatea" Amerikara joateari, eta "indianoa" bertara joan eta itzulitako jendeari.

Bidaia egiteko, 300 gizon eta karabela izeneko hiru itsasontzi izan zituen: Pinta, Niña eta Santa Maria izenekoak. Itsasontziak 1492ko abuztuaren 3an atera ziren Huelvako Palos herriko kaitik, Kanariak uharteetaraino, eta, gero, bidaiarekin jarraitu zuten. Gorabehera handiak izan zituzten bidaia hartan: bi hilabete eman zituzten inora iritsi gabe eta marinelek ez zuten pentsatzen Kolonek bezala Indiara irits zitekeela bide hartatik; hori dela eta, matxinatu ere egin omen ziren: hiru egunetan iritsi ezean, atzera itzuli nahi zuten. Baina, azkenik, urriaren 12an, Guanahani uhartera iritsi ziren (San Salvador izena ipini zioten), Karibe itsasoan. Geroago, Kubara (Juana izena ipini zioten) eta Haitira (La Española izena ipini zioten) ere heldu ziren.

1493ko urtarrilaren 16an, Kolonek itzultzeko bidaiari ekin zion, bi karabelarekin bakarrik, La Española uhartetik. Bidaia zail baten ondoren, iberiar penintsulara iritsi ziren, bakoitza bere aldetik, eta Kolon 1493ko martxoaren 15ean heldu zen Huelvako Moguer herriko portura.

Geroago, beste hiru bidaia gehiago egin zituen Amerikara eta lur gehiago aurkitu zituen. Hala ere, kritika handiak izan zituen haren gobernatzaile lanean eta Espainiara itzuli zen.

Ikus, gainera



This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.