Txikipedia:Amelia Earhart
Amelia Earhart (1897 - 1937) hegazkin-pilotu ospetsu estatubatuar bat izan zen; besteak beste, Ozeano Atlantikoa bakarka zeharkatu zuen lehen emakumea izan zen.
Bizitza
1897ko uztailaren 24an jaio zen, Kansaseko Atchison herrian, Estatu Batuetan. 1915ean, bigarren hezkuntzako eskola amaitu zuen eta 1917an erizain lanean hasi zen Boston hirian. Han, soldadu zaurituak zaintzen zituen. 1919an medikuntza ikasten hasi zen, baina urtebete geroago ikasketak bertan behera utzi zituen.
Lehen aldiz 1920an hegan egin ahal izan zuen hegazkin batean. Hurrengo urtean hasi zen ikasten hegazkinak nola pilotatu. Handik hilabete batzuetara hegazkin bat erosi zuen. 1932an, Ozeano Atlantikoa zeharkatu zuen berak bakarrik; hori lortzen zuen bigarren pertsona izan zen (lehena Charles Lindbergh izan zen, 1927an), eta lehen emakumea. Bidaia horren bitartez, heroi handi bat bilakatu zen estatubatuarrentzat. Geroago, 1935ean, Ozeano Barea zeharkatu zuen bakarka, Hawaiitik Kaliforniaraino; horrek are gehiago handitu zuen haren ospea. Bere bidaiei buruzko liburu batzuk argitaratu zituen eta artikuluak idazten zituen Estatu Batuetako egunkarietan.
1935ean, munduan zehar hegan egiteko bidaia bat prestatzen hasi zen. Bi urte geroago ekin zion bidaia horri, 1937ko ekainean, Fred Noonan izeneko kopilotu batekin; Hego Amerika, Afrika, Ekialde Hurbila eta Asiako hego-ekialdetik hegan egin ondoren, Ginea Berrira iritsi ziren ekainaren 29an uztailaren 2an, 35.000 km eginda. Egun hartan bertan abiatu ziren, bidaiaren azken zatia egiteko, Ozeano Barearen hegoaldearen gainetik, baina haien hegazkina puntu ezezagun batean desagertu zen eta orain arte inork ez daki zer gertatu zitzaien. Oso emakume ospetsua zenez, 9 itsasontzi eta 66 hegazkin saiatu ziren haien hegazkina aurkitzen, baina ez zuten lortu, eta hiltzat eman zituzten.
Ameliaren bizitzari buruzko hainbat liburu idatzi dira, bai eta bi film egin ere. Eredu bat izan da eta da oraindik emakume askorentzat.