Txikipedia:Alpeak
Alpeak Europako mendikate bat dira. Erdialdeko Europaren mendebaldean daude eta Europako iparraldea hegoaldetik bereizten dute. Mendikatea Mediterraneo itsasotik gertu hasten eta Hungariaraino zabaltzen da. Europako mendirik altuenak Alpeetan daude; batzuetan, esaten da Kaukasoko Elbrus mendia dela Europako garaiena, baina mundu guztiak ez du pentsatzen Kaukaso aldea Europa denik. Alpeetako mendirik garaiena Mont Blanc da, Frantzia eta Italiaren arteko mugan dagoena; 4.810 metroko altuera du.
Bi horiez gain, beste herrialde batzuk ere badaude Alpeetan: Eslovenia, Alemania, Suitza eta Austria. Liechtenstein izeneko printzerria ere bertan dago.
Afrika eta Europako kontinenteak bata bestearen aurka bultzaka egon dira milioika urtetan zehar; horrela sortu ziren Alpeak. Prozesu horretan, mendiek gero eta garaiera altuagoa lortu dute. Mendiko zenbait lekutan oraindik aurki daitezke maskorrak eta itsasoko beste animalia batzuen fosilak; gatz kopuru handiak ere badaude zona batzuetan. Izan ere, duela milioika urte lur horiek itsasopean egon ziren.
Alpeetako klima mendialdeko klima da. Alpeetako mendi asko elurrez eta izotzez estalita egoten dira urte osoan. Elurrak eta izotzak luze irauten dutenean, gero eta solidoago bihurtzen dira eta glaziar izeneko izotz-ibai bat osatzen dute. Batzuetan, urte asko igaro daitezke izotza glaziarraren amaierara iritsi eta urtu arte. Glaziarreko urak errekak, ibaiak eta lakuak eratzen ditu; Europako hainbat ibai garrantzitsu Alpeetan jaiotzen dira: esate baterako, Rhin, Rodano eta Po ibaiak; baita Danubioko ibaiadar batzuk ere. Hala ere, Alpeetako glaziarrak gero eta txikiagoak dira, Lurreko klima gero eta beroagoa baita.
Irudi batzuk
- Alpeetako erliebea eta herrialdeen banaketa
- Mont Blanc mendia
- Mendikatea hegazkinetik ikusita
- Alpeetako glaziar bat