Txikipedia:Alkate

Alkatea (edo, Iparraldean, auzapeza) hiri edo udalerri bateko udala zuzentzen duen pertsona da. Herrialde edo lurralde bakoitzeko legeek zehazten dute zer egin dezakeen alkate batek eta nola aukeratzen den. Zenbait herrialdetan, alkatea zuzenean aukeratzen dute hiritarrek, alkate izan nahi duten hainbat pertsonaren artean. Alkate izan nahi duten pertsona horiek hautagaiak dira. Beste herrialde batzuetan, berriz, herritarrek aukeratzen dituzte zinegotziak, eta zinegotzi horiek erabakitzen dute haietako zein izango den alkate. Kasu horretan ere, hautagai bat baino gehiago egoten da, eta alkate kargua boto gehien duenak hartzen du. Beste herrialde batzuetan, herrialdeko gobernuak erabakitzen du hiri bakoitzeko alkatea nor izango den.

Aginte-makila izaten da Euskal Herrian alkateen ikurra.

Zeintzuk dira alkatearen betebeharrak?

Gorago aipatu bezala, herrialde bakoitzak bere modura arautzen ditu alkatearen zereginak eta har ditzakeen erabakiak. Hala ere, ohikoenak honako hauek dira:

  • Hiriko gobernuaren burua eta udalerriaren agintari gorena da.
  • Udalbatzarraren osoko bilkuretara deitu eta bilerak zuzentzen ditu.
  • Udalbatzarrak hartzen dituen erabakiak burutzeaz arduratzen da.
  • Udalerriaren arauak proposatzeaz eta betearazteaz arduratzen da.
  • Udalaren aurrekontua prestatzeaz arduratzen da; hau da, Udalbatzarekin batera adostu behar du udalerriaren funtzionamendurako beharrezkoa den dirua nondik lortuko den eta zertan gastatuko den.
  • Udalerriko biztanle guztien eskubideak eta interesak babestu behar ditu.

Hiri handietan, alkateek kargu horretan bakarrik egiten dute lan. Herri eta udalerri txikietan, berriz, ez dute soilik hori egiten, eta beste lan bat izaten dute. Hala ere, udal langileen laguntza izan ohi dute, udalerriko beharrak asetzeko beharrezkoak diren zereginez arduratzeko.

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.