Txikipedia:Aljeria

Aljeria Afrika iparraldeko herrialde bat da. Mediterraneoaren kostaldean dago, eta kontinente osoko herrialderik handiena da: 2.381.741 kilometro koadro ditu.

👨‍👨‍👦‍👦
Biztanleak
43.900.000
🔎
Azalera
2.381.741 km²
🏙️
Hiriburua
Aljer
📷
Argazkiak
ikusi
🗺️

Aljeriako bandera

Aljeriako hiriburua eta herrialdeko hiririk handiena Aljer da.

Aljeria errepublika bat da eta presidente bat du. Errepublikako presidentea estatuburua eta gobernuburua da.

Aljeria arabiar munduaren barruan dago, bere historia, hizkuntza, tradizioa eta islamiar erlijioa direla eta. Herrialde honek kultura-ondare anitza du, bere historiaren eta bertan bizi diren etnia kopuru handiaren ondorioz. Musika, dantza eta arte tradizionalek garrantzi handia dute aljeriar kulturan.

Biztanleak

2022ko urtarrilean, Aljeriak 43 milioi biztanle zituen, gutxi gorabehera. Biztanle gehienak arabiar edo berbere jatorrikoak dira. Berbereak Iparraldeko Afrikan arabiarrak iritsi aurretik bizi ziren pertsonak dira. Gaur egun, arabiarrak biztanleriaren ehuneko 70 baino gehiago dira. Aljeriar ia guztiak musulmanak dira.

Biztanleen gehiengoa kostaldean bizi da.

Hizkuntza ofizialak arabiera eta amazigera dira. Frantsesa ere asko erabiltzen da gobernuan, lanean eta hezkuntzan.

Erlijio ofiziala islama da.

Geografia

Tassili n'Ajjer mendigunea

Aljeriak Tunisia, Libia, Niger, Mali, Mauritania, Mendebaldeko Saharako Errepublika eta Marokorekin egiten du muga. Mediterraneo itsasoa du iparraldean.

Herrialdearen iparraldeko zatiari Tell deitzen zaio. Aljeriako biztanle gehienak zati horretan bizi dira. Atlas mendikateak banatzen du Tell Sahara basamortutik. Basamortu hau herrialdearen azaleraren lau bosten da. Saharak reg izeneko lautada harritsuak eta erg izeneko hondarrezko dunak ditu. Saharan dago baita ere Aljeriako mendi garaiena, Tahat, 2.918 metrokoa.

Aljeriako iparraldeak uda bero eta lehorrak eta negu epel eta euritsuak ditu. Saharan bero handia edo hotza egin dezake, urtaroaren eta eguneko orduaren arabera. Oso gutxitan egiten du euria han.

Aljeriako ibai nagusia Xelif da, eta 725 kilometroko luzera du.

Ekonomia

Aljeriar gobernuak kontrolatzen du ekonomia. Aljeriaren produktu garrantzitsuenak petrolioa eta gas naturala dira. Munduko gas natural erreserba handienetako bat du. Hala ere, gobernua ekonomia dibertsifikatzeko ahaleginak egiten hasi da. Hau da, petrolioa eta gas naturala ez diren beste gauza batzuk ere ekoizten, ekonomia bi horien menpe egon ez dadin.

Bestalde, aljeriar gehienek gobernuan, armadan edo nekazaritzan egiten dute lan. Garia, patata, tomatea, garagarra, datila, tipula, laranjak, oliba eta mahatsa landatzen dituzte nagusiki. Ohiko azienda ardiak eta ahuntzak dira. Fabrikatzaileek janaria, tabakoa, zementua, adreiluak, lauzak, burdina eta altzairua ekoizten dituzte.

Historia

Antzinako Aljerian, gehienak berbereak ziren. Hainbat inbaditzaileek -feniziarrek, kartagoarrek, erromatarrek eta bandaloek- menperatu zituzten historian zehar. Arabiar musulmanek XII. eta XIII. mendeetan inbaditu zuten Aljeria. Otomandar Inperioak Aljeria bereganatu zuen 1518an. Frantziak 1830ean inbaditu zuen, eta Aljeria frantziar kolonia bilakatu zen.

1920ko hamarkadan aljeriarrek eskubide gehiago aldarrikatu zituzten. 1954ean Nazio Askatasunerako Fronteak (FLN, frantsesezko siglak) Frantziaren aurkako gerra hasi zuen. Aljeriak 1962an lortu zuen independentzia. FLNk kontrolatu zuen gobernu berria.

1991ean izan ziren lehen aldiz hauteskundeak Aljerian. Hauteskundeetako alderdi politiko bat Salbaziorako Islamiar Frontea (FIS) zen, estatu islamiar bat ezarri nahi zuena. FISek hauteskundeak irabaziko zituela zirudienez, armadak hauteskundeak bertan behera utzi eta gobernua bereganatu zuen. Honen ondorioz gerra zibil izugarri bat sortu zen.

1999an aljeriarrek Abdelaziz Bouteflika hautatu zuten, 1965az geroztik izan zuten lehen presidente ez-militarra. Hainbat aldiz hautatu zuten berriz. Hala ere, indarkeriak XXI. mendera arte jarraitu zuen, hainbat taldek gobernuaren aurka protesta egiten jarraitu zutelako. Protesta eta manifestaldi ugari izan ziren Aljerian Arabiar Udaberrian, 2011n. Hala ere, inguruko beste herrialde batzuek ez bezala, gobernuak istilu orokorrik ez egotea lortu zuen, erreforma politiko eta ekonomikoak eginez.

2019ko otsailean Bouteflika hauteskundeetara bosgarren aldiz aurkeztuko zela eman zuten berri. Jende asko erabaki horren aurka agertu zen, oso denbora luzez egon zelako boterean. Apiril hasieran, Bouteflikak dimititu egin zuen.

Irudi batzuk

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.