Txikipedia:Alboka

Alboka Euskal Herriko mihi bateko bi hodi dituen haizezko musika-tresna da, edo bestela esanda, klarinete bikoitz bat da.

Nolakoa da?

Albokak honako atal hauek ditu:

  • Ahokoa: adarrezkoa edo zurezkoa izan daiteke. Barruan bi mihi sinple ditu; kanaberaz, metalez edo beste materialez egin daitezke.
  • Bi hodi: alboka zaharretan kanaberazkoak izaten ziren. Batek bost zulo izaten ditu, eta besteak hiru.
  • Adar handia: haizezko beste tresna askok haize irteeran duten kanpaia bezala, albokak ere hotsa handitzeko adar handia du.
  • Uztarria: zurezkoa eta erdi-zirkularra izaten da eta albokaren euskarria da. Zati guztiak lotzen ditu eta bera da soinu-tresna gorpuzten duena, baita heldulekua ere.
  • Katea: alboka zaharretan adar handia estu-estu uztarriaren muturrean sartzen zen. Joaldia bukatzerakoan albokariak soinu-tresna gordetzeko adar handia askatu egiten zuen. Jo bitartean adarra askatzeko arriskua zegoen, eta lurreraino erori eta puskatu ez zedin, uztarria eta adar handia lotzeko katea ipintzen zitzaion. Gaur egun adar handia iltzez finkatua egoten da, eta katea apaingarri bihurtu da.

Nola jotzen da?

Alboka jotzerakoan haizea etengabe bota behar da, hotsa gelditu gabe, xirolarrua balitz bezala. Baina albokak ez du haize erreserba gordetzeko zaku edo poltsarik, eta albokariak haizeari buelta emateko teknikaren bidez lortzen du hori, hau da, sudurretik haizea hartzen du ahotik botatzen duen bitartean. Teknika hori ikasteko, urez betetako edalontzi batean lasto edo kanabera fin baten muturra sartu eta beste muturretik putz egin daiteke, uretan etengabe burbuilak sortuz.

Noiztik jotzen da alboka Euskal Herrian?

Euskal Herrian alboka noizkoa, nondik edo nola sortua den esatea oso zaila da. Aita Donostiak XV. mendeko aipamenen bat jaso zuen.

Alboka zein beste tresnarekin batera ikus dezakegu?

Albokak panderoarekin batera egin du bikoterik ezagunena. Panderojoleak panderoa jo eta koplak kantatuko zituen, albokak doinua ematen zuelarik. Trikitixarekin batera ere jo izan da. Azken garaietan, folk eta rock taldeetan ere entzun izan dugu, Oskorrin edo Exkixu eta Gatibu taldeetan, adibidez.

Albokari ospetsu batzuk

Albokari ezagunak izan dira edota dira Leon Bilbao, Silbestre Elezkano "Txilibrin", Eugenio Etxebarria, Alan Griffin, Mixel Ducau, Juan Mari Beltran eta Ibon Koteron. Luis Mariano Barrenetxea galdakoztarra ere albokaren ikerlari eta bultzatzaile garrantzitsua izan zen.



This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.