Txikipedia:Akain
Akainak (euskaraz, beste izen batzuk ere badituzte, kapaztak edo kaparrak, adibidez) eta akaroak mundu osoan zehar dauden animalia ñimiño batzuk dira. Armiarmen familiakoak dira. Akain eta akaro ugari parasito edo bizkarroiak dira; horrek esan nahi du beste animalien azalean edo barnean bizi direla; azken animalia horiei eramaile deritze.
Akainak 2,5 zentimetro luze baino gehiago izan daitezke, baina gehienak askoz txikiagoak dira. Batzuek gorputz gogorrak dituzte eta beste batzuek bigunak. Akain gogor gehienak zelai edo basoetan bizi dira; bigunak, bestalde, eramailearen etxean edo habian bizi ohi dira.
Akaroak landareetan bizi dira, uretan eta lurrean, eta parasitoak direnez, animalietan ere bai. Batzuk, hain dira txikiak, non jendeak bakarrik mikroskopio batekin ikusten dituen. Beste batzuk, 6 milimetro luze izan daitezke.
Arrautza izatetik heldu izatera pasatzeko, akainak eta akaroak zenbait fasetan garatzen dira. Akain gogorrek fase bakoitza lurrean hasi eta bukatzen dute. Fase bakoitzaren amaieran eramaile bati lotzen zaizkio, hala nola, karraskari, txakur edo pertsona bati. Eramailearen odola xurgatzen dute pare bat egunez eta gero lurrera bueltatzen dira. Hilabeteak igaro ditzakete elikagairik gabe eramaile baten zain dauden bitartean.
Kaltegarriak al dira?
Akainak eta akaroak oso kaltegarriak izan daitezke. Pertsonei, animaliei eta landareei gaixotasunak zabaltzeko gai dira. Adibidez, orein-akainak Lyme gaitza dauka. Akain gogorrek eramailea paralizatu edo hil dezakeen nerbioentzako pozoia izan dezakete. Akaro batzuek azkura eta azaleko arazoak eragin ditzakete. Horregatik, gorputzean akainen bat aurkituz gero, ahalik eta azkarren kendu behar dugu, eskuz edo tresnatxo baten laguntzaz. Baina kontu handiz ibili behar da, oso-osorik atera behar baita akaina, burua eta guzti. Burua gure gorputzean geratzen bada, infekzioren bat izan dezakegu.