Txikipedia:Adam eta Eva
Adam eta Eva Bibliako Itun Zaharraren bigarren istorio nagusia da. Lurraren sorrera kontatzen duen istorioaren ondoren dator. Istorio honen arabera, Adam eta Eva Jainkoak sortutakolehen gizakiak izan ziren. Paradisua deituriko leku zoragarri baten bizi ziren. Baina egun batean Jainkoak ezarritako arau bat apurtu zuten eta Jainkoak paradisutik kanpora bota zituen. Seme-alabak izan zituzten, eta, Bibliaren arabera, munduan existitu diren pertsona guztiak haien ondorengoak dira.
Judu eta kristau askok gaur egun benetan uste dute mundua horrela sortu zela. Hala ere, zientifiko gehienek ziurtasun osoz uste dute hori ez dela egia eta eboluzioaren teoria zuzena dela.
Nola hasi zen Adan eta Evaren bizitza?
Bibliak dion bezala, hasieran, Jainkoak zerua, lurra eta itsasoa egin zituen. Ondoren, landareak eta animalia guztiak sortu zituen. Hurrengo kapituluan, Jainkoak gizona nola sortu zuen azaltzen da. Bibliaren arabera, Jainkoak Adam osatu zuen buztina erabiliz; orduan bere hatsa bota zion eta buztina gizon bizidun bihurtu zen.
Geroago, Jainkoak pentsatu zuen ez zela ona Adamentzat bakarrik bizitzea. Horregatik, Adam loak zegoela, saihets bat atera zion. Saihets hartatik Eva sortu zuen. Biak paradisuan bizi ziren, biluzik, bata besteaz lotsatu gabe.
Zer gertatu zen Adam eta Evarekin?
Adamek eta Evak beren bizitzaz gozatzen zuten paradisuan. Betebehar bat ere bazuten: animalia guztiak ezagutzea eta izendatzea. Baina paradisuan sagarrondo bat zegoen; Jainkoak sagarrondo hartatik sagarrak jatea debekatu zien, ongiaren eta gaizkiaren arteko ezberdintasuna ezagutuko luketelako orduan. Hori zerbait guztiz berria izango zen Adam eta Evarentzat, momentu hartara arte ongia bakarrik ezagutzen baitzuten. Baina gaizkia ere existitzen zen, deabruaren eskutik. Deabrua suge forman agertu zitzaion Evari, eta sagarra jateko konbentzitu zuen. Gero, Evak fruta eskaini zion Adami eta biek jan zuten, Jainkoaren debekuaren kontra.
Biak berehala konturatu ziren akats handia egin zutela. Biluzik zeudela konturatu ziren eta, lotsatuta, arropak jantzi zituzten. Jainkoa haiek ikustera joan zenean, ezkutatu egin ziren. Baina Jainkoak arazorik gabe aurkitu zituen eta, agindua bete ez zutela jakitean, paradisutik kanpora bidali zituen. Sarreran aingeru bat jarri zuen, paradisuan berriro sartzen ez uzteko. Handik aurrera gizakien bizitza ez da izan Paradisuan bezalakoa: bizirauteko, jendeak oso gogor lan egin behar du. Bibliak dio, gainera, emakumeek minez izango dituztela haurrak Jainkoari ez obeditzeagatik.