Txikipedia:Abraham

Abraham erlijioaren historiako pertsona garrantzitsuenetako bat da. Judaismoaren, kristautasunaren eta islamaren aitatzat dute. Patriarka ere deitu izan zaio, grezieraz «aita» esan nahi duen hitzetik eratorritako terminoa erabiliz. Abrahami dagokionez, patriarka dela esaten da Israelgo nazioaren sorreraren aitatzat jotzen dela aditzera emateko. Israelen tradizioan beste bi patriarka ere baditugu: Isaak eta Jakob, Abrahamen semea eta biloba, hurrenez hurren.

Abrahamen karabana, 1903ko margolana.

Abrahamen eta gainontzeko patriarken inguruan dakiguna Bibliako lehenengo liburuan, Genesi edo Hasieran, eta Koran liburu sakratuko hainbat ataletan aurkituko dugu. Bibliari buruzko aditu batzuek Abraham K.a. bigarren milurtekoan bizi izan zela uste dute.

Genesiak dio Abraham Mesopotamia hegoaldean zegoen Ur eskualdekoa zela jatorriz. Seminomada bizitza zeraman talde baten buruzagia zen ziurrenik. Nolabait, taldeak iparralderantz jo zuen eta Haran izeneko leku batean kokatu zen. Haranen jaso omen zuen Abrahamek Jainkoaren deia, sorterria utzi eta Jainkoak erakutsiko zion lurralde berri batera joateko.

Gainera, Jainkoak honako promesa hau egin zion: «Nazio handia bihurtuko zaituztet». Jainkoak Abrahamekin egindako akordioari (Jainkoak egindako promesa mantenduko zela Abrahamek tokiz aldatzeko agindua betetzen bazuen) ituna esaten zaio. Itun edo akordio solemne hori izan zen, Bibliaren arabera, Jainkoak Israelgo nazioarekin egin zuen lehenengoa; eta itun horrekin bereganatu zuen Israelek nazio izateko ahalmena.  

Abrahamek tratua bete zuen. Taldearekin batera Haran utzi eta Siriatik bidaiatu zuen, Kanaanera iritsi arte, gaur egungo Israelen. Hura izango zen aurrerantzean Israeli hitz emandako lurraldea.

Behin Abraham eta bere taldea Kanaanen kokatuta, Jainkoak ituna berritu zuen eta ondorengoak (seme-alabak) emango zizkiola hitz eman zion Abrahami. Abraham eta haren emazte Sarai nahiko helduak ziren ordurako, eta zalantzan jartzen zuten noizbait seme-alabarik izango zutenik. Hortaz, Abrahamek seme bat izan zuen, Ismael, Sarairen esklabo batekin, Agarrekin. Ismael jaio ondoren, Saraik seme bat izan zuen: Isaak. Genesiaren arabera, Ismael izango zen ituna jarraituko zuen Abrahamen oinordekoa.

Denborak aurrera egin ahala, eta Sarai hil eta gero, Abraham Keturah izeneko beste emakume batekin ezkondu zen eta harekin ume asko izan zituen. Seme-alaba horiei herentzia eman zieten helduagoak egin zirenean eta Kanaanetik at bidali zituzten, beste nonbait bizi zitezen. Hitz emandako lurraldea jaso zuen Isaakek herentzia gisa. Lurraldea Isaaken seme Jakoben esku geratu zen, aita hil eta gero. Bibliak dio 175 urterekin hil zela Abraham eta Sarairen alboan lurperatu zutela.

Jainkoak Abrahamekin egindako itunak aurrera jarraitu zuen Isaak eta Jakobekin. Horregatik, Israelek, nazio aldetik, Jainkoarekin harreman berezia zuela ikusten zuen: israeldarrak Jainkoaren, Abrahamen, Isaaken eta Jakoben herria ziren.

Itun Berrian ere Abrahami leku oso berezia ematen zaion arren, duen garrantzia beste era batekoa da: Jainkoan sinesten duen ororen aita dela esaten da, israeldar izan edo ez. Abrahami egindako promesak Jesusengan bete direla ulertzen dute kristauek, eta Jesusen jarraitzaileei Israel berria esaten zaie.

Islamiar tradizioan Abrahamek, Ismael semearen laguntzaz, Saudi Arabiako Mekako Handiaren erdian dagoen Kaaba santutegia eraiki zuen. Islamaren jarraitzaileentzat, Kaaba da munduan dagoen tokirik sakratuena.

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.