Txikipedia:Abortu

Abortua gertatzen da haurdunaldia eteten denean, hau da, umekia hiltzen denean eta amaren utero edo umetokitik kanporatzen denean. Abortua berez gerta daiteke, eta nahita ere bai; berez gertatzen denean, ume-galtze edo hilaurtze ere deitzen zaio euskaraz. Nahita eragindagoa ere izan daiteke, guraso biologikoek erabakitzen badute haurdunaldiarekin ez jarraitzea.

Eragindako abortuaren legezkotasuna, munduan:      Legezkoa, eskatzea aski.      Legezkoa, arrazoi hauetakoren bat izanez gero: bortxaketa, amaren bizitzarako arriskua, gorputzeko edo buruko osasun arriskua, gizarte eta ekonomia faktoreak, umekiaren akatsak.      Legezkoa, arrazoi hauetakoren bat izanez gero: bortxaketa, amaren bizitzarako arriskua, gorputzeko edo buruko osasun arriskua, umekiaren akatsak.      Legez kanpokoa, salbuespen hauek izan ezik: bortxaketa, amaren bizitzarako arriskua, gorputzeko edo buruko osasun arriskua.      Legez kanpokoa, salbuespen hauek izan ezik: amaren bizitzarako arriskua, gorputzeko edo buruko osasun arriskua.      Legez kanpokoa, salbuespenik gabe.      Eskualde batetik bestera aldatzen da.      Informaziorik ez dugu.

Abortuaren zergatiak

Berezko abortuak arrazoi askorengatik gertatzen dira: gaixotasunak, erorikoak edo amak jasotako kolperen bat, akats genetikoak, etab. Nahita eragindako abortuak ere arrazoi askorengatik egiten dira: adibidez, amaren bizitza edo ongizate fisiko nahiz mentala bermatzeko; bortxaketa edo intzestu baten ondoriozkoa den haur bat ez izateko;  itxuragabetasun larriren bat, adimen-urritasuna edota anomalia genetiko bat izango duen haur bat jaiotzea eragozteko; edo arrazoi sozial edo ekonomikoengatik (haurdun dagoen emakumea oso gaztea denean edo familiak baliabide ekonomikorik ez duenean, adibidez).

Legezkoa al da?

Nahita eragindako abortua kontu morala da kultura askotan; beste batzuetan, nahi gabeko haurduntza bat galarazteko modu egokia da, eta horregatik existitzen dira abortua arautzeko legeak¾. Hori dela eta, herrialde batzuek nahita eragindako abortua onartzen dute, eta beste batzuek debekatu eta zigortu egiten dute. Dena den, abortua legez onartuta dagoen herrialdeetan, baldintza oso zehatzak daude abortatzeko.

Nahita eragindako abortuak onartu ala debekatu egin behar diren, kontu zaila da: teologoak, filosofoak eta legegileak banandu ditu mende luzez. Lehen teologo kristauek abortua txarretsi edo txartzat hartu bazuten ere, zigor penalak ez ziren normalizatu XIX. mendera arte. Alabaina, herrialde batzuek abortua onartu izan dute denbora luzez, jaiotza-tasa kontrolatzeko baliabide faltagatik akaso; esaterako, XX. mendearen amaieran, Txinak abortu masiboak erabili zituen biztanleriaren hazkuntza kontrolerako politikaren barruan. Biztanleria katolikoa nagusi den herrialde batzuetan, Espainian edo Portugalen esaterako, eztabaida luzeen ondoren, abortua legeztatu zuten, nahiz eta Eliza eta biztanleen zati handi bat horren kontra egon.

Nahita eragindako abortuari buruzko eztabaidak hor jarraitzen du XXI. mendean ere. Abortuaren kontra dagoen jende askok uste du bizi bat kentzeko modua dela eta jaiogabeko umeek ere badutela jaiotzeko eskubidea. Abortuaren legezkotasunaren alde daudenek, berriz, uste dute emakumeek eskubidea dutela beren ugalketa eta amatasuna kontrolatzeko, hau da, umerik eduki nahi duten ala ez erabakitzeko; gainera, esaten dute abortua legez kanpo dagoen herrialdeetan, emakume askok ezkutuan egiten dutela abortua, oso baldintza txarretan, eta abortu horiek oso arriskutsuak izan daitezkeela amaren bizitzarako.

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.