Txikipedia:Abeltzaintza

Abeltzaintza edo abelazkuntza etxe-abereak hazi, zaindu eta ugaltzeaz arduratzen den jarduera da.

Abereen erabilera antzinako Egipton.

Abeltzaintza maiz nekazaritzarekin lotua dago. Adibidez, simaurra lurra ongarritzeko baliatzen da eta landareak ganadua elikatzeko. Euskal Herri epelean, abeltzaintza baserriaren eskutik etorri da; hego aldean, aldiz, tamaina handiko artzaintza izan da nagusi.

Euskaraz, tradizioz, etxe-abere edo kabalak bi multzotan sailkatu ditugu:

  • Azienda edo ganadu larria: behiak —azienda gorria— eta behorrak, batik bat).
  • Ganadu xehea: ardiak —azienda zuria—, ahuntzak eta txerriak —azienda beltza—.

Munduan gehien ustiatzen diren aziendak behia, ardia eta txerria dira. Planetako ekonomian gaur egun garrantzi handiena dute untxien, hegaztien (oilasko eta indioilarren) eta erleen hazkuntzek; ondotik, arrain eta itsaskien hazkuntzek.

Oilo-haztegi intentsibo bat.

Abelazkuntza orain dela 11.000 urte hasi omen zen, antzinako Persian, Mediterraneoko ekialdeko eta Mesopotamiako lurretan. Txinan (duela 8.500 urte) txerria eta Erdialdeko Amerikan (orain 8.000 urte) indioilarra menderatu zuten. Andeetan (orain dela 6.000 urte) llama eta alpaka, besteak beste. Fenomeno zabal-zabala izan zen, beraz, espazioan eta denboran.


Animalia Aspaldikotasuna Lekua
Ahuntza 12.000 Iran
Ardia 10.000-9.000 Ekialde Ertaina
Behia 10.000 India, Ekialde Ertaina
Txerria 9.000 Txina, Europa
Oiloa 8.000 Asia hego-ekialdea
Astoa 7.000 Afrika iparraldea
Zaldia 6.500 Kazajstan
Bufaloa 6.000 Txina
Llama 5.500 Peru
Usoa 5.000 Egipto
Gamelua 5.000 Asia erdialdea
Dromedarioa 4.500 Arabia
Antzara 3.500 Europa
Alpaka 3.500 Peru
Ahatea 3.000 Txina
Elur-oreina 3.000 Siberia
Indioilarra 2.500 Mexiko
Untxia Europa

Abeltzaintza motak

  • Tradizional edo Abeltzaintza estentsiboa: larrekoa, nekazaritzari lotutakoa, autosufizientzia bermatu izan duena.
  • Bio abeltzaintza: ingurugiroan ia arrastorik utzi nahi ez duena.
  • Intentsibo edo industriala: errentagarritasunera bakarrik begiratzen duena, gainerako alderdiak ia aintzat hartu gabe; geroz eta espazio handiagoa betetzen ari da.
  • Konbentzionala: produktu jakin batzuk (esenta, arrautzak, okela) lortzeko.
  • Hazkuntza txikia: tamaina urrikoa, famili mailakoa, gurean, baserriarekin oso lotua.


This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.