Txikipedia:Abdomen

Abdomena gizakiaren eta beste hainbat animaliaren gorputzeko atal bat da, toraxaren eta pelbisaren artean dagoena.

Gizaki baten eta artropodo baten burua, toraxa eta abdomena erakusten ditu irudi honek.

Ornodunen kasuan, gorputz-enborraren beheko zatia da, sabelaldea hartzen duena. Barruan, digestio-aparatuaren, gernu-aparatuaren eta ernaltze-aparatuaren zenbait organo dauzka. Artropodoen eta anelido batzuen kasuan, gorputzeko atzeko zatia da.

Gizakietan, beraz, gorputz-enborraren beheko zatia hartzen du abdomenak. Goiko aldean, diafragmak bereizten du toraxetik; behean pelbisak eusten dio; atzetik bizkarrezurrak eta muskulu edo gihar ahaltsu batzuek mugatzen dute, eta aurretik abdomenaren paretak. Abdomen barrualde osoa peritoneo deritzan ehunaren barruan dago kokaturik eta heste guztiak ditu barnean. Hesteez gainera, urdaila, gibela, barea, pankrea, giltzurrunak eta maskuri edo puxika dira abdomenean dauden organo garrantzitsuenak.

Intsektuen abdomena

Intsektuen kasuan, gorputzak hiru atal ditu: burua, toraxa eta abdomena. Intsektuen hanka eta hegalak toraxari lotuta egoten dira, inoiz ez abdomenari.

Armiarmen abdomena

Armiarmek bat eginda dituzte burua eta toraxa, eta abdomena aparte.

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.