Txartel bakar

Txartel bakarra hiri edo eskualde bateko garraiobideetan tarifa eta ordainketarako sistema komuna da.

Txartel bakarra Euskal Herrian

Gipuzkoa

Sakontzeko, irakurri: «Mugi txartela»
Mugi txartel anonimoaren aurrealdea.

Gipuzkoako Foru Aldundiak lurralde osoko garraio publikoko zerbitzuak bateratzeko Lurraldebus sistema sortu zuen 2007an. Tarifa-sistema bateratua ez zen guztiz lortu. Lurraldebus sistemaren euskarria Lurraldebus txartela da, zeinak %40ko deskontuak egiten dituen garraioaren paper-txartelaren prezioaren gainean, eta deskontu hori %90 izatera iris daiteke hilabete naturalean metatutako bidaien arabera. Txartel arrunta, turista txartela eta talde berezientzako txartelak (haurrak, gazteak, adinekoak, ezinduak eta soziala) daude.

2013an Lurraldebus sisteman oinarrituta Mugi Sistema jaio zen. Aurreko sistemaren hobekuntza da, eta tarifa-sistema bateratua lortu du. Bere baitan hartzen du Lurraldebus txartela, eta sistemaren barruan dauden eragileak Lurraldebus, Donostibus, Errenteriako, Irungo, Hernaniko eta Arrasateko Udaletako hiri autobusak, eta Euskotren Trenaren Lasarte-Oria - Hendaia eta Donostia-Amara - Elgoibar lineak dira. Gainera, Oiartzungo Udaleko hiri autobusetan eta Renfe Aldirietan ere sistema erabil daiteke, nahiz eta deskonturik ezartzen ez den. Mugi sistema 2013ko martxoaren 3an jarri zen martxan.

Araba

Sakontzeko, irakurri: «BAT txartela»
BAT txartel anonimoaren aurrealdea.

Gasteizko tranbia irekitzearekin batera, Eusko Trenbideak sozietateak BAT txartela jaulki zuen, Gasteizko tranbian zein TUVISA hiri autobusetan erabiltzekoa. Tarifa-sistema ez dago bateratua, eta eragileen arteko linea aldaketetan, bigarren linearen prezioaren %45a besterik ez da ordaindu behar.

Bizkaia

Sakontzeko, irakurri: «Barik txartela»
Barik txartel anonimoaren aurrealdea.

Bizkaiko Garraio Partzuergoak 1990eko hamarkada bukaeran martxan jarri zuen Creditrans txartela, lurralde osoko garraio publikoan txartel bakarra erabili ahal izateko. Tarifa-sistema bateratua ez zen ezarri, eta gaur egun eragile bakoitzak tarifa-sistema eta gune propioak ditu.

2012an Barik txartela jaulki zuen, zeinetan Creditrans titulua karga daitekeen, bestelako tituluen artean. Etorkizunean Barik sistema erabiliz tarifa-sistema bateratua lortzea espero da. Sistemaren barruan dauden eragileak Bilboko metroa, Euskotren Trenaren Txorierriko eta Funikular lineak, Euskotren Tranbia, Bilboko Renfe Aldiriak, Feveren Bilbo - Balmaseda eta Bilbo - Karrantza lineak, Bizkaibus, Bilbobus, EtxebarriBus, Erandioko Herri Autobusa, Artxandako funikularra, Bizkaia Zubia eta Ereagako igogailua dira.

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.