Txapel
Txapela edo boneta (nafarreraz zapela eta Iparraldean xapela) buruan biltzen den kapela mota bat da. Txikia da eta kaskezurra baino ez du estaltzen, ilearen eta txapelaren barnealdearen artean oso zentimetro gutxi utzita. Ez ditu estaltzen belarriak, ez eta buruaren atzealdea ere.
- Artikulu hau kapelari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Txapela (argipena)».
Europa osoan erabiltzen da, eta gaur egun oso erabilia da armada anitzetan. Euskaldunen artean oso erabilia izan da gizonen artean, eta gaur egun ere askok erabiltzen dute.
Txapela XIX. mendean
XIX. mendeko erdialdean, lehen karlistaldiarekin batera, txapelaren erabilera zabaldu egin zen Euskal Herrian. Gatazka armatu honetan parte hartu zuten bi aldeetako soldaduek, hau da, Liberalek eta Karlistek, erabili zuten txapela. Zumalakarregi museoak Txapela XIX. mendean[1] argitaratutako aldizkarian azaltzen den moduan, Zumalakarregi jenerala izan zen txapelaren erabilera sustatu zuena Karlisten armadan. Soldadu eta ofizialak zeramaten txapela jantzita, burua estaltzeko erosoa izateaz gain, hauek egiteko behar zen artilea tokian bertan eskuratzea erreza baizen.
Miguel de Unamuno (1864-1936) idazlearen arabera[2], Frantziako hegoaldetik etorritako soldadu Kristino liberalak izan ziren, lehen karlistaldiaren hasieran txapelaren erabilera hedatu zutenak. Txapelgorriak edo kapela gorriak ezizenez ezagunak egin ziren hauek. Hortaz, Unamunoren esanetan, Karlismoaren ezaugarri nagusia izan den txapelgorria, liberalen ikurra izan zen ere Karlistaldietan
Honez gain, armada bakoitzean erabiltzen zuten txapelen kolorearen auzia dugo. Soldadu liberalek erabiltzen zituzten txapelak gorriak ziren. Karlisten aldean berriz, erabiltzen zuten kolorea zein zen ez dago hain argi. Iruditeria tradizionalaren arabera, Zumalakarregiren txapela zuria eta zabala zen. Baino Jose Mari Bereciartúak azaltzen duenez, karlisten jeneralak buruan zeraman txapela gorria zen[3]. Hasiera batean, soldadu karlista gehienen txapelak zuriak ziren tindatu gabe zeudelako. Baino Oriamendiko gudua eta gero txapelak tindatzen hasi ziren, beraien posizioak antzemateko kolore aproposa baizen zuria. Beste iturri batzuen arabera, karlisten ofizialak ziren txapelgorria zeramatenak, eta soldaduek berriz garai horietan ohikoak ziren beltza eta urdin koloretakoak.
Izan ere, txapela gorriaren erabilerak sortzen zituen nahasmenekin amaitzeko asmoz, Iparraldeko armada Liberalen jenerala zen Baldomero Esparterok aginduta, txapelaren erabileraren debekua zabaldu egin zuen.1838ko azaroan argitaratutako aginduan azaltzen den moduan: “Herritarrak eta estatuak, nahiz soldaduak eta bizilagunak, debekatuta izango dute txapelaren erabilera, honek sortzen duen alarma eta nahasmenagatik”.[4]. Lege honen agindua betetzen ez zutenek, isun bat jasotzen zuten zigor moduan. Agindua birritan hausten zuten herritarrek, espetxe zigorra jasotzeko arriskua zuten.
Halere, ebazpen honen eraginkortasuna indarra galdu zuen urteak igaro ahala.Txapelaren erabilera herritar klase guztien artean nagusitu zen, eta polizia- nahiz militarrek ere erabiltzen hasi ziren. Hauen artean, 1844. urtean Gipuzkoa eta Bizkaian sortutako foru polizia berriak (mikeleteak eta foralak). 1859an Afrikako gerrateetara bidalitako “Baskongadetako tertzioak” ere, txapela erabili zuten eta hauen jantzietako osagarri adierazgarrienean bilakatu zen. Nafarroako foruzainek eta 1931. urtean, II. Errepublikan sortutako Eusko Jaurlaritzaren gudariek ere txapelaren erabilerarekin jarraitu zuten. Franco diktadorea hil ondoren, Euskal Autonomi Erkidegoan sortutako Ertzaintza foru polizia berriak ere, txapela erabiltzen jarraituko du, hauen ikur garrantzitsuenetakoa bilakatu delarik.
Bigarren karlistaldian (1872-1876) txapela erabiltzen jarraituko dute soldaduak. Baino oraingo honetan, 1859an Tolosan sortutako Boinas Elosegui enpresa izan zen txapelak ekoiztu zituena. Industrializazioaren ondorioz, ehungintzan izan ziren aurrerapenei esker, txapelen ekoizpena merkeagoa zen eta hauen salmenta asko igo zen. Gauzak horrela, 1892. urtean La Encartada txapel fabrika sortu zen Balmasedan (Bizkaia). Honen ondorioz, txapelaren erabilera industria guneetako herri eta hirietara zabaldu zen eta lantokietako proletarioa ere txapela erabiltzen hasi zen, langile klasearen ikurrean bilakatuz.
Jatorria eta hedapena Euskal Herrira
Rene Cuzacq idazlearen arabera, Bearnoko (Okzitania) herritarrak izan ziren boneta erabiltzen aurrenekoak, XIII. mendearen amaieran[5]. Jatorri propioki euskalduna baztertu egiten dute aditu gehienek. Dena den, kontuan izan beharra dago Bearnoren euskalduntasun historikoa, gure egunotaraino heltzen dena, Eskiulan duelarik aztarna haren hondarraren lekukotasuna[6][7]. Paco Lizarralde ikertzailearen aburuz, txapela XIX. mendean hasi zen Euskal Herrian erruz erabiltzen, lehen karlistaldiaren ostean: «Jendeak Tomas Zumalakarregiren irudia txapelarekin ikusi zuenean hasi zen indarrez onartzen txapela». Miren Arzalluz adituaren ustez, «Karlistek intentzio guztiarekin hartu zuten txapel gorria sinbolo gisa».
19. mendean emakumezkoen artean ere erabili izan zen Euskal Herrian, eta mende aldaketaren inguruan, abertzaletasunarekin lotzen ere hasi zen, Sabin Arana eta beste batzuek erabili izan zutelarik[5].
Euskal Herriko txapel-lantegiak
Erreferentziak
- Txapela XIX. mendean. (Noiz kontsultatua: 2020/01/21).
- Miguel de Unamuno, La boina. El liberal, 1940 abendua.
- Jose María Berciartua, Nuestra boina. La gran enciclopedia vasca, (Bilbo, 1978)
- Victor Hugo.- Idi orgaren karranka : Euskal Herrian gaindi, 1843 libururako, Joxe Azurmendik eginiko hitzaurrean. 14. orr. Donostia : Elkar, 2002. ISBN 84-8331-842-3.
- Berria.eus. «Haizeak ez du eraman» Berria (Noiz kontsultatua: 2018-05-08).
- Bearno. 2023-02-10 (Noiz kontsultatua: 2023-12-13).
- Etxegorri, Philippe. (2013). Biarnoko euskaldunak. .