Txakolin
Txakolina ardo mota bat da. Karbonatuxea, 10,5-12º inguru izan ohi ditu. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan egiten den txakolina sormarka batek babestuta dago. Hala ere, Nafarroan, Kantabrian eta Burgoseko iparraldean ere ekoizten da eta urrunago, Txile eta Australian ere bai[1][2].
Bi txakolin mota nagusi daude: zuria eta gorria. Hedatuena lehena da eta bigarrena batez ere Bizkaian ekoizten da, Bakion, Balmasedan eta Txorierri eskualdean; Nafarroan, Untzitibar eta Itzagaondoan[3].
Ohituraz, baserri eta etxeetan egin izan dute, baina egun prozesua Euskal Autonomia Erkidegoan profesionalizatuago dago, eta sormarkak eskakizun zorrotzak ezarri dizkio.
Gaur egun, mahastiak Euskal Autonomia Erkidegoko 340 hektareatan zabalduak dituzte eta ia 1.800.000 litro ekoizten dituzte urtean, hiru sormarkatan banatuta: Getariakoa (165 hektarea eta 900.000 litro), Bizkaikoa (120 ha eta 700.000 l) eta Arabakoa (55 ha eta 180.000 l).
Nafarroan, 1376. urtean Karlos II.ak Iruñerriko ardoa kanpoko ardoen aurrean zaintzeko lege bereziak egin zituen. Bertako txakolina beti izan da oso famatua Iruñean[4].
Ipar Euskal Herrian ere txakolina ezaguna zen XX. mendearen hasieran[5].
Antzina Miranda de Ebron eta Kantabrian ere egin izan zen, eta orain, txakolinaren sormarkak lortu duen ospea baliatu nahirik, berriz ere txakolina ekoizten hasi nahi lukete. Gainera, txakolina izenarekin saldu nahi lukete; horregatik, tirabirak sortu dira haien eta sormarka dutenen artean.
Sormarkak edo jatorri deiturak
Getariako txakolina
Getariakoak 1990ean eskuratu zuen izendapena Espainiako gobernuaren eskutik. Txakolin tradizionaletakoa da eta, hainbaten ustez, kalitate handienekoa. Kantitateari dagokionez ere Getaria nagusia da, euskal ekoizlerik handiena baita. Aian eta Zarautzen ere lan egiten dute sormarka horren babesean. 2008an, Gipuzkoako beste hainbat udalerrik ekoitzi ahal zuten txakolina, Getaria, Aia eta Zarautzez gain: Arrasatek, Eibarrek, Mutrikuk, Debak, Zumaiak, Zestoak, Oriok, Hondarribiak, Billabonak, Urnietak, Oñatik, Beizamak, Zerainek eta Olaberriak.
Bizkaiko txakolina
Bizkaikoak 1994an lortu zuen izendapena. Bakio izan da tradizionalki herri ekoizle nagusia, baina gaur egun txakolingintza beste eskualde batzuetara ere hedatu da:
- Enkarterri: Zalla eta Balmaseda.
- Txorierri: Lezama eta Zamudio.
- Durangaldea.
- Mungialdea.
- Lea-Artibai.
Arabako txakolina
Arabakoa 2003an sortua da. Aiaraldean kontzentratzen da Arabako produkzioa, Amurrion daudela bi upelategi nagusiak. Bertan "Txakolin Eguna" ospatzen dute, maiatzean.
Ezkabako txakolina
Txakolin zuri hori oso famatua izan zen joan den mendean, lehiaketa internazionaletan sariak irabazirik. Ezkaba mendi hegaleko ardantzeen mahatsekin ekoizten da. Egun, etxerako egiten da.
Nafarroako txakolin gorria
Ardo hori kalitate handikoa zen. Mahatsak oraino biltzen badira ere, ardoa ez da merkaturatzen.
Miranda Ebro
Miranda Ebron ere XX. mendearen bigarren erdialderaino oso zabaldua zen txakolinaren ekoizpena,[6] eta hango antzinako tabernak ez ziren "tabernas" mirandarren artean, "chacolís" baizik: Chacolí Limaco, Chacolí Chamorro, eta abar.
1987an Mirandako historiaren udal institutuak liburu bat argitaratu zuen gaiari buruz: Viñedos y vino chacolí en la historia de Miranda de Ebro (egileak: Ramón Ojeda San Miguel eta Jesús Alberto Ruiz Larrad).
Mahats motak
- Getariako Txakolina:
- Zuria: Hondarribi zuria (gomendatua), Hondarribi Zuri Zerratia, Izkiriota, Riesling eta Chardonnay (baimenduak).
- Gorria edo beltza: Hondarribi beltza.
- Bizkaiko Txakolina:
- Zuria: Hondarribi zuri eta Mune mahatsa (gomendatuak), Hondarribia Zuri Zerratia, Izkiriota, Izkiriota ttipia, Riesling, Sauvignon zuria eta Chardonnay (baimenduak).
- Gorria edo beltza: Hondarribi beltza.
- Arabako Txakolina:
- Zuria: Hondarribi zuri (gomendatua), Hondarribi Zuri Zerratia, Izkiriota, Izkiriota ttipia, Riesling, Sauvignon zuria eta Chardonnay (baimenduak).
- Gorria edo beltza: Hondarribi beltza.
- Ezkabako txakolina:
- Zuria: Garnatxa.
- Nafarroako txakolin gorria:
- Gorria: Garnatxa, Tempranillo.
Erreferentziak
- «El desconocido chacolí de Chile», Euskonews & Media, 573. zenbakia, 2011-04-01.
- «Saludo al Txakoli», The Melbourne review.
- «Chacolí», Gran Enciclopedia Navarra, 1990.
- «A propósito del chacolí (txakolina) de las merindades navarras de Pamplona y Sangüesa», Euskonews & Media, 598. zenbakia, 2011-10-28.
- «Txakolin», Orotariko Euskal Hiztegia, 2011.
- «Lehen txakolin ardoa, orain txakolina», Euskonews & Media, 461. zenbakia, 2008-11-14.
Ikus, gainera
Kanpo estekak
- (Gaztelaniaz)(Ingelesez) Bizkaiko Txakolina
- (Gaztelaniaz) DO Arabako Txakolina
- (Gaztelaniaz) Arabako Txakolina
- Getariako Txakolina
- (Gaztelaniaz) Txakoliaren internetagatik erosketa