Tuterako katedrala

Santa Maria katedrala 1180 inguru Tutera meskita nagusia izan zenaren ondoan eraikitako katedrala da.

Santa Maria katedrala
Kultura ondasuna
Klaustroa
Irudi gehiago
Kokapena
Herrialdea Euskal Herria
Probintzia Nafarroa Garaia
UdalerriaTutera
Koordenatuak42°04′N 1°37′W
Map
Historia eta erabilera
IrekieraXII. mendea
Erlijioakatolizismoa
ElizbarrutiaTuterako elizbarrutia
Iruñea eta Tuterako artxidiozesia
IzenaMaria
Arkitektura
Estiloaarkitektura erromanikoa
Ondarea
BICRI-51-0000044
Kontaktua
HelbideaCalle Roso, 2, Tudela

    Tuterako katedrala erromanikoaren eta gotikoaren arteko trantsizio aldian eraiki zen, eta, hasieran, kolegiata izan zen. XVIII. mendean Tutera Tarazonako diozesitik banandu zenean, katedral bilakatu zen.

    Historia

    Andre Maria Zuriaren elizatik gertu eraiki zuten kolegiata. Tuterako Meskita Nagusiaren ondoan zegoen eliza hura mozarabiarra zen, eta huraxe izan zen kristauek Tutera konkistatu ondoren beste elizen gainean eskumena izan zuen lehenengo eliza.

    Katedrala XII. mendearen bukaeratik XIII. mendearen hasiera bitartean eraiki zuten, IX. mendeko meskitaren orubearen gainean, hispaniar-langedoctar eskolako arkitektura zistertarraren ereduari jarraiki. Aipatutako meskita hori Musa II.ak, Tuterako jaunak eta Banu Qasitarren buruzagiak, eraikiarazi zuen, eta X. mendean eraberritu egin zuten Tujibitarren gidaritzapean, eta meskita haren elementu batzuk baliatu zituzten katedral berria eraikitzeko. Katedrala eraikitzeko lanak 1168 inguruan hasi ziren, Antso Jakituna errege zela, urte hartan Fortun prioreak meskita zaharraren ondoan zeuden etxe batzuk erosi baitzituen eraikuntza berrirako baliatzeko.

    1188an lanak nahiko aurreratuta zeuden, eta eliza erabilgarria zen jadanik. Eraikuntzaren lehenengo garaiari dagozkio burualdea eta gurutzadura. Gero, inguruko hormak eta fatxada nagusiko azken auziko ataria eraiki zituzten.

    Tarragonako Erramun Rocabertí apezpikuak 1204an sagaratu zuen aldare-harria. Garai hartako dokumentuen arabera, XIII. mendeko bigarren erdian eraikitze-lanek aurrera jarraitzen zuten; Domingo Perez zen lanen maisua 1262an eta 1263an. Katedralaren eraikuntzan harginen marka batzuk gorde dira.

    Deskribapena

    Oinplanoak lau ataleko hiru habearte ditu. Habearte nagusia da zabalena eta atal laukizuzenak ditu; alboko habearteek, berriz, karratuak dituzte atalak.

    Gurutzadurak bost atal ditu, eta erdiko atala karratua du. Burualdeak abside erdizirkular sakon bat du erdian, alboetan kapera bi dituela, bata erdizirkularra eta bestea karratua.

    Habearteetako zein gurutzadurako estalki gisa mahatsondo hostoz eta mahats mordoz apaindutako giltzarrietan elkartzen diren hirusta-itxurako nerbioekiko gurutze-eiteko gangak ditu. Ertzetan moldura biribilak dituzten arku puntadunek banatzen dituzte gangak. Abside nagusiak gurutze-eiteko ganga du; erdiko kaperak ganga erztunaz eta esfera-laurdenaz estalita daude, eta ertzetako kaperak oin karratura egokitutako gurutze-eiteko gangez.

    Habearteen aurretiko bistan arkuteria puntadunak ageri dira, diamante-puntakoak ditu kanpoaldeko arkiboltak eta gurutze-itxurako pilare handien gainean daude; aurrealdeetan eta ukondoetan zutabeak erantsi zaizkie. Zutabe horiek bikoitzak dira gurutzadurako pilareen aurrealdean, eta gainerako aldeak habearteak zatitzen dituzten arkuetan tolestuta baizik ez daude.

    Euskarri horiek Languedoc-eko ereduari jarraitzen diote. Gurutzaduraren besoetako hormek eta alboetako habearteek pilare elkartuak dituzte, atalak banatzeko balio duten zutabe soil bat eta ukondo-itxurako zutabe bi dituztela aurrealdean. Habearte nagusiko arkuteriaren gainean, eta habearte nagusiaren eta albokoen arteko garaiera desberdinaz baliatuz, leiho bikoitz puntadunak daude, goian begi bat dutenak, alboetan zutabe txikiak dituztela; zutabe horiek hirukoitzak dira. Elizako zatirik zaharrenean, burualdeko kaperetan eta gurutzadurako aurreko horman, kapiteletako apaindurak landare-itxurakoak dira, eta habearteetako beheko kapitelek ere halakoxeak dituzte apaindurak.

    Kapera nagusian, leihoak puntu-erdikoak dira, eta ukondo-itxurako zutabe txiki bikoitzak dituzte; absidean, berriz, moriskoen garaiko saretak gorde dira. Puntu-erdikoak dira orobat gainerako kaperetako burualdeko leihoak eta alboetako hormetakoak. Leihoen ugaritasunak argitasun handia ematen dio katedralari, batez ere erdiko habeartean eta gurutzaduran. Tuterako katedralak, zisterreko moldearen arabera egina dagoenez, oso apaindura gutxi du, eta dituenak kapiteletan daude, eta gotikoagoak dira. Kanpoaldeko hormak harlanduzkoak dira; hormen goialdean modiloi biribilduak ditu, eta alboetan landare-itxurako apaindurak, gehienak meskita zaharraren garaikoak.

    Hiru atari

    Katedralak hiru atari ditu: gurutzaduraren besoetan ate bana, eta fatxada nagusian bestea. Atari zaharrena hegoaldekoa da, Ama Birjinarena esaten zaiona. Iparraldekoa Santa Mariarena da, erromantikoa ere bai, eta ikusgarriena, erromaniko eta gotiko arteko nahasketa duen Azken Auziaren atea da.[1]

    Eraiki zen lehena arkua puntu-erdikoa da, eta hiru arkibolta ditu, apainduraz beteak: irudi geometrikoak barrukoan eta kanpokoan, eta landare-irudiak eta erronboak erdikoan. Arkiboltak zutabeen gainean daude, eta zutabe horietako kapitelek Bibliako gertakizun batzuk kontatzen dituzte irudien bidez. Ez du tinpanorik.

    Iparraldeko ataria, Andre Mariarena, ere erromanikoa da. Zertxobait puntaduna da eta hiru arkibolta ditu, landare-irudiz apainduak. Albo bakoitzean hiru zutabe ditu, eta zutabeetako kapiteletan Bibliako gertakizunen irudiak ageri dira. Apaindurarik gabeko tinpano bat du. Fatxada nagusiko azken auziko ataria beste biak baino berriagoa da. Zertxobait puntaduna da bera ere, eta zortzi arkibolta ditu beste hainbeste zutabe txikiren gainean. XII. mende bukaerakoa edo XIII.aren hasierakoa da. Arkiboltetan eta kapiteletan dituen eskulturei esker, atari hori da Nafarroako arte erromanikoaren erakusgarri bikainetako bat. Arkiboltetako giltzarrietan hainbat irudi ditu, ezkerrean berrogeita hamabi dobela ditu dohatsuen eta berpiztuen irudiekin; eskuinean, berriz, 53 dobela ditu kondenatuen eta beren bekatuen irudiekin. Barrualdeko arkibolta aingeru-bikotez apainduta dago. Kapitel guztietan Bibliako gertakizunak daude irudikatuta. Tinpanoa apaindu gabe du. Atari horretako iruditeria horrek guztiak, azken batean, Gizadiaren historia irudikatzen du, eliza mozarabiar haren antolamenduari jarraiki. Estalki gisa kanoi-erdiko ganga puntadun bat du, arku laukizuzenen gainean; arku horiek zutabeak dituzte euskarri. Zutabe horietako kapiteletan, hosto- eta landare-irudiz apaindutako bitan izan ezik, Kristoren bizitzako gertaldiak daude irudikatuta.

    Badira aingeru baten eta gizonezko batzuen irudiak dituzten bi kapitel oso hondatuak ere.

    Landare-irudiz apaindutako kapiteletako batek zerikusi handia du katedraleko kapitel zaharrenekin, eta Kristoren bizitzako gertaldiak irudikatzen dituztenak katedraleko klaustrokoen oso antzekoak dira eitez eta itxuraz. Baliteke kapitel horiek landu zituzten maisuak Tuterako katedraleko klaustrokoak berak izatea.

    Klaustro erromanikoa

    Ataria puntu-erdikoa da, eta hiru arkibolta ditu, barrukoa pentagonala, bigarrena erdizirkularra, biak lauak, eta hirugarrena ere erdizirkularra, baina xake-itxurako apaindurekin eta kanpoaldean arku bat duena, batzuek estaltzen baitituzte behekoak. Bi gorputz horien oinplanoa karratua da, eta arkuteria bana dute aurrealdean. Dorre-gainak erlaitz bat du, burualdekoak bezalako irudiak dituen harburu batekin. Fatxada nagusian atari erromaniko bat dago, alboko atariak bezalaxe zerikusi handia duena katedraleko lanekin.

    Puntu-erdikoa da, eta lau arkibolta ditu, beste hainbat zutaberen gainean, irudi aberatsez apainduak. Barruko arkiboltan apostoluak ageri dira, eta erdian Deikundea. Bigarren arkiboltan txori-gorputza eta emakume-burua duen harpia-multzo bat dago. Hirugarrenak orein-irudiak ditu, eta laugarrenak, barrurantz bildutako hostoak. Atari osoa inguratzen duen kanpoko arkua irudi geometrikoz eta fantasiazko piztiz apainduta dago. Kapiteletako apaindurak ere oso aberatsak dira, batzuek Kristoren tentazioak irudikatzen dituzte eta besteek landareen irudiak dituzte.

    Atariaren gainean tinpano bat dago; bi giza irudi ditu alboan, bata belauniko eta bestea eskuetan kutxa bat duela. Tinpanoak bi mentsula irudiztatu ditu. Atariaren gainean, erlaitz bat dago lanbideak irudikatzen dituzten modiloien gainean.

    Estilo arkitektonikoak

    Galeria

    Erreferentziak

    1. Tuterako katedrala. Nafarroako turismoa.. Nafarroako Gobernua. (Noiz kontsultatua: 2020-07-13).

    Kanpo estekak

    Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
    Nafarroa
    This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.