Tuntun arrunt
Tuntun arrunta (Prunella modularis) prunellidae familiako hegazti paseriformea da, Eurasiako eskualde epeletan bizi dena[1].
Tuntun arrunta | |
---|---|
![]() | |
Iraute egoera | |
![]() Arrisku txikia (IUCN 3.1) | |
Sailkapen zientifikoa | |
Erreinua | Animalia |
Filuma | Chordata |
Klasea | Aves |
Ordena | Passeriformes |
Familia | Prunellidae |
Generoa | Prunella |
Espeziea | Prunella modularis Linnaeus, 1758
|
Banaketa mapa | |
![]() | |
Datu orokorrak | |
Zabalera | 0,21 m |
Kumaldiaren tamaina | 4,9 |
Errute denbora | 14 egun |
14,5 cm inguru luze da eta bizkarraldea arre iluna eta papar-sabelak grisak ditu.[2]
Sasi txorixa Oñatin
Txolarre emearen antzekoa da, baina moko finagoa du. Intsektuak jaten ditu, baina intsekturik ezean haziak ere jaten ditu. Habia zuhaizka edo sasietan egiten du. Euskal Herrian, isurialde atlantikoan ugari hazten da eta hegoalderantz joan ahala gutxiago ageri da.[3]
Deskribapena
Txolarre emearengatik bereizten da mokoa oso fina duelako, intsektiboroari dagokiona, burua eta beheko zati grisak eta alboak marradunak dituelako.
14-15 cm-ko tamaina duen txoritxo hau, nahiz eta fidagarria izan, bere itxura nola ez den deigarria eta sastraka eta zuhaixken artean ibiltzen den, jende gehienak ez du ikusten. Bere kantua da aurkitzeko modurik onena. Apeu bereizgarria du “tsiip” edo “siit” bat da. Ia urte osoan entzun daitekeen kantua txorrotxio azkar bat da, txepetxaren eta txantxangorriaren bien bitarteko bat.
Bi sexuetako helduek eztarria, bekainak eta bularra gris-arbel kolorekoak dituzte, alboak marra ilunekin, eta bizkarra marradun arre-gaztaina kolorekoa, gazteak berriz, oro ar, arreagoak eta marradunak dira.
Biologia eta ohiturak
Funtsean intsektuez elikatzen da, baina neguan, horiek gutxi direnean, hazi ugari sartzen dira bere dietan. Tuntun arruntak lurrean bilatzen du bere janaria, zuhaixka eta sastrakadien azpian, eta hor oso poliki ibiltzen da.

Ugalketa-garaia martxoaren amaieran edo apirilaren hasieran hasten da. Habia egiterakoan, arra eta emea, biak arduratzen dira; sustraitxoz, zurtoinez eta goroldioz osatuta dago, eta barrualdea ilez eta artilez estalita egoten da normalean. Zuhaizka edo sastraka baten barruan ondo ezkutatuta eta altuera desberdinetan egiten du. Normalean bi metroren azpitik, 4 edo 5 arrautza urdinxka eta orbanik gabeak erruten ditu. Beste hegazti askok egiten duten bezala, emea da 12-13 egunez txitatzen duena.
Txorikumeak 12-13 egun egoten dira habian, nahiz eta bat-batean irten daitezkeen bertatik hegan hasi aurretik ere, mehatxatuta sentitzen badira edo gogaitu eragiten bazaie.
Tuntun arrunta espezie sedentarioa da, naiz eta iparraldeko populazioak negua Europa erdialdean, mendebaldean eta hegoaldean igarotzen duten. Gure inguruan, negu gogorreko eremuetakoak, joan-etorri txikiak egiten dituzte, baldintza egokiagoak aurki ditzaketen lekuetara.
Banaketa, habitata eta estatusa
Europa osoan hazten ditu kumeak, Mediterraneoko eremu batzuetan izan ezik, Asia txikian ere bai. Klima borealetan, epeletan eta menditsuetan. Ohikoa da Iberiar penintsularen iparraldean, eta gainerakoan mendi-eremuetan. Gure inguruan txoritxo hau bizi den inguruneak askotarikoak dira. Behar duen baldintza bakarra da sasi eta zuhaizka nahiko trinkoak eta ugariak egotea. Landazabaletan, pinudietan, sastrakadietan, basoen ertzetan, mendi-inguruetako txilardegietan eta otadietan, baratzeetan eta abar aurki daiteke.[4]
Galeria
- Cuculus canorus canorus + Prunella modularis - Museum specimen
Erreferentziak
- Davies, N. B. 1992. Dunnock Behaviour and Social Evolution. Oxford: Oxford University Press.
- Lur entziklopedietatik hartua.
- Jon Larrañaga Elhuyar, K.E. (1996). Euskal Herriko fauna (ornodun lehortarrak). Lizarra Imprimategia, 164 or. ISBN 84-87114-09-1..
- (Gaztelaniaz) Administracion de la Comunidad Autonoma de Euskadi. (1989). Euskal Autonomiu Elkarteko Ornodunak. Graficas Santamaria S.A, 235, or. ISBN 84-7542-639-5..