Tsutomu Miyazaki
Tsutomu Miyazaki (japonieraz: 宮﨑 勤 Miyazaki Tsutomu, Nishitama barrutia, Tokio, 1962ko abuztuaren 21a – Saitama, 2008ko ekainaren 17a) , Neska txikiaren asasinoa, Drakula edo Otaku asasinoa, 4 eta 7 urte arteko 4 neska bahitu eta asasinatu zituen japoniar serie hiltzailea izan zen; era berean, sexu abusuak, antropofagia, nekrofilia, kanibalismoa eta hildakoen trofeoak gordetzeko joera bezalako jokabide patologikoak erakutsi zituen.
Tsutomu Miyazaki | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Itsukaichi (en) , 1962ko abuztuaren 21a |
Herrialdea | Japonia |
Heriotza | Tokyo Detention House (en) , 2008ko ekainaren 17a (45 urte) |
Heriotza modua | capital punishment in Japan (en) : urkatzea |
Familia | |
Aita | Katsumi Miyazaki |
Hezkuntza | |
Heziketa | Tokyo Polytechnic University, Junior College Department (en) |
Hizkuntzak | japoniera |
Jarduerak | |
Jarduerak | serieko hiltzailea eta employee of printing (en) |
Enplegatzailea(k) | Q123117562 |
Biografia
Miyazaki Nishitama barrutian jaio zen, Tokion (Japonia), 1962ko abuztuaren 21ean.
Goiztiar jaio zen eta deformatuta bi eskuak; eskumuturrik gabe, besaurre osoa mugitu behar zuen eskuari bira egiteko. 5 urteko haurrak eskola jazarpena jasan zuen kideengandik; eskuei iseka egiten zieten haiek eta Miyazaki erabat isolatuta bizi izan zen Itsukaichiko eskolaz geroztik.
Lagunek eta irakasleek diotenez, Miyazaki mutiko lasaia zen, bakartia, eta ez zuen lagunak egiteko gaitasun handirik. Idazten zituen entseguetan, bizitza arrunta eramateko nahia adierazten zuen, baina eskuak oztopo handia ziren horretarako. Manga irakurtzen ematen zuen denbora asko, gauean ere istorio haiek ezin utzirik.
Gazte azkarra zen eta Meidai Nakano Bigarren Hezkuntzako Eskolan sartzeko frogan kalifikazio altuena atera zuen. Hiru urtez, ordu pare bateko ikasketa eginez pasatu zituen, baina, gero, kalifikazioek beherantz egin zuten eta ez zuen, jada, ikasteko interesik. Horregatik hasi zen komikiak marrazten. Ingelesa menperatzen zuen eta Meijiko unibertsitatean sartzeko asmotan zegoen, baina oso atzera geratu zen sarbidean eta argazkigintzan hasi zen, 1983an, lanbide horretan tekniko bilakatu zelarik. Horrela, aitaren ezagun baten inprentan lan egiteko bidea izango zuen handik aurrera.
1980ko hamarkadaren erdialdera, Miyazaki gurasoen etxera joan zen bizitzera eta arreba zaharrenarekin batera egiten zuen lo, inprentatik gertu. Familia boteretsua zen eta aita herriko egunkariaren jabea zen, baina Miyazaki arazo batetik bestera zihoan. Auto bat oparitu zioten eta, mutilak gurasoek maitasuna eman beharrean, gauza materialak ematen zizkiotela esan zuen, ez ziotela entzuten. Bere buruaz beste egiteko ideiak ere etorri zitzaizkion garai hartan.
Etxeko harremanetan ere ez zebilen ondo. Bi arreba zaharrenek ez zuten berarekin ezer nahi eta aitona Shokichi zen interes apur bat erakusten zion bakarra.
Sexualki ere heldutasunera iristen ari zen. Ez zen bere adineko emakumeekin ibiltzen, gutxiago zela sentitzen zuelako. Konplexuak pil-pilean, sexu gosea bazuen, ordea, eta masturbazioa zen bere soluzioa. 1984an, helduentzako pornografia asko zuen kontsumituta eta haur pornografiarekin hasi zen[1].
1988ko maiatzean, Miyazakik kolpe handia jasan zuen, aitona hil zitzaionean. Gorpua erre zutenean, errautsen zati bat jateari eman zion, ez baitzuen bere alde izan zuen hark alde egiterik nahi; berarekin gorde nahi zuen.
Gainera, aitonaren heriotzak familiatik urrundu zuen. Arreba batek zelatan harrapatu zuen dutxatzen ari zen bitartean eta alde egiteko egin zion oihu. Miyazakik, haserrearen haserre, eraso egin zion, tximatatik heldu eta burua paretaren kontra kolpatu zion. Amari ere eraso zion [2].
Serie-hiltzailea
1988ko abuztuaren 22ko arratsaldean, 4 urte zituen Mary Konno desagertu zen[3] eta, alferrikako bilaketan ibili ondoren, neskatilaren aitak Saitamako poliziarengana jo zuen. Gero jakin zen bezala, Miyazakik bere Nissan Langley beltzean buelta bat ematea gonbidatu zuen eta Tokioko mendebalderantz gidatu zuen, autoa baso inguruan, zubi baten azpian, utzi zuelarik. Denbora luzez egon zen neskaren ondoan eserita eta, azkenean, hil egin zuen. Gero kendu zizkion arropak eta sexu harremanak izan zituen gorpuarekin. Arropak jaso eta, hiltzailea autora itzuli zen.
1988ko urriaren 3an, Miyazaki Saitama ingurua gidatzen ari zen batean, 7 urteko haurra zen Masami Yoshizawarekin egin zuen topo. Hau ere lortu zuen bere autora erakartzea eta aurrekoarekin eginiko prozedura bera errepikatu zuen.
Egoera honen aurrean, poliziak bilaketa zorrotz bati ekin zion eta bozgorailuez zabaldu zuen gurasoek arreta berezia izan zezaten aholkua. Baina, orain ere, dena alferrik eta Mary Konno eta Masami Yoshizawaren gorpuen seinalerik ez zen aurkitu.
1988ko abenduaren 12an, Miyazakik beste hilketa bat burutu zuen; oraingo honetan, 4 urte zituen Kawagoreko neska gazte bat izan zen. Erika Namba lagun baten etxetik bueltan zetorren Miyazakik bahitu eta autoan sartzera behartu zuenean. Naguriko aparkaleku bateraino eraman zuen, atzeko eserlekuetara pasatu eta biluztera behartu zuen. Argazkiak atera zizkion eta, beste auto bat ondoan pasatu bazen ere, neskatxa hiltzeko aukera izan zuen. Gorpua lotu eta bildu ondoren, aparkalekuaren inguruko baso batean kokatu zuen.
Hurrengo egunean, gorpua agertu zen eta 500 polizi inguruak miatzen ibili ziren. Zirrara handia eman zuen Mary Konno eta Erika Nambaren familiak telefono deiak eta gutunak jasotzen aritu zirela jakiteak.
1989ko otsailaren 6an, Mary Konnoren aitak kaxa bat aurkitu zuen bere etxeko atearen aurrean, non bere alabaren zatiak eta arropa aurkitzeaz gain, gutun bat ere bazegoen. Mezuak horrela zioen:
« | Mary. Hezurrak. Errausketa. Ikertu. Frogatu.[4] | » |
Egun batzuk geroago, otsailaren 11n, poliziak 3 orriz osatutako gutun bat jaso zuen. Yoko Imadak sinatutako idatzi hark Mary Konno hil zuela aitortzen zuen eta polizia eta bizirik aurkitzeko itxaropenei barre egiten zien. Miyazakik luzatu egingo zuen gurasoen atsekabea.
1989ko udan, Miyazakik beste delitu bat burutuko zuen. Neska bati kulerok jaitsarazi zizkion argazkiak egiteko, baina horretan zebilenean, bizilagun batzuk konturatu eta jazartzen hasi zitzaizkion. Ihes egitea lortu zuen, baina sexu nahiak ez zion bakean uzten eta, 1989ko ekainaren 6an, berriro itzuli zen Tokioko badiatik gertu zegoen Ariake parkera. 5 urte besterik ez zituen Ayako Nomoto konbentzitu zuen argazkiak ateratzen uzteko eta gero autora igotzeko. 800 m aurrerago, aparkatu eta neska hil egin zuen; izaraz gorpua bildu eta autoaren maletategian gorde zuen gero. Bere etxera eraman eta, kamera berri bat erosi ondoren, neskaren hilotzari argazkiak atera zizkion. Filmatu ere egin zuen, bera masturbatzen ari zen bitartean, eta horrela pasatu zituen egun batzuk, nekrofilia praktikatu, filmatu eta argazkiak ateratzen[3].
Azkenean, usaina jasanezina zen, jada eta Miyazakik burua moztu zion, eskuak eta enborra ere bananduz. Enborra hilerri batean utzi zuen eta burua zelai batean. Eskuak, berriz, beretzat gorde zituen, odola edan eta jaten joan zen. Poliziak hondakinak aurkitzeko beldurrez, hilketatik 2 asteetara, Miyazakik gorpuzkiak jaso, bere logelara eraman eta ezkutatzen saiatu zen. Azkenean, erretzea erabaki zuen, bai arropak eta baita hilotzetik geratzen zena ere.
Poliziak hilerrian enborra aurkitu zuenean, asasinoaren premiazko ehizan hasi zen. Miyazaki frustratuta geratu bazen ere, bere konpultsioak berriro saiatzera bultzatu zuen eta horrek ahalbidetuko zuen atxiloketa.
Atxiloketa
1989ko uztailaren 23an, Miyazaki Hachioji inguruan zebilen gidatzen bi ahizpa jolasean ikusi zituenean. Autoa geratu eta argazkiak ateratzen hasi zitzaizkien, baina ahizpa zaharrenak ihes egin zion eta aitaren bila joan zen. Miyazakik bestearekin jarraitu zuen, biluzi, argazkiak atera... Aita iritsi zenean lentilla bat baginan ari zitzaion sartzen. Lurrera bota zuen amorruaren amorruz, baina hiltzaileak, autorik gabe bazen ere, ihes egitea lortu zuen. Autoaren bila itzuli zenean, polizia zain zeukan eta gaizkilea atxilo hartu zuten.
1989an, 17 egun geroago, Miyazakik Ayako Nomotoren hilketa aitortu zuen eta hurrengo egunean aurkitu zuten haren burua. Baita Erika Namba eta Mary Konnorenak ere. Era berean, 1989ko irailaren 6an, Masami Yoshizawaren gorpuzkiak aurkitu zituzten Itsukaichiko basoetan.
Atxilo hartu eta gero, poliziak hiltzailea bizi zen apartamentua miatu zuen eta 6.000 bideo-zinta baino gehiago aurkitu zituen han; tartean zeuden bere filmazioak, baina gehienak anime zintak ziren, gore tipokoak. Manga eta animeren zalea zenez, komunikabideetan aipamen ugari izan zuen eta Otaku hiltzailea deitu zioten, orokortu eta mangazale guztiak estigmatizatu zituztelarik.
Semea kartzelan sartu ondoren, Miyazakiren aitak uko egin zion semearen defentsa ordaintzeari eta, 1994an, bere buruaz beste egin zuen errekara salto eginez.
Epaiketa eta exekuzioa
1990eko hamarkadan, Miyazaki kartzelan egon zen Saitaman psikiatra sail batek ebaluazioa egiten zioten bitartean eta, 1997an konklusioa zabaldu zuten haiek. Tokioko unibertsitateko psikiatren arabera, nortasun anizkuna eta muturreko eskizofrenia zeukan, baina ulertzen zituen bere krimenen larritasuna eta ondorioak; beraz haien erantzule zen Miyazaki[5].
Heriotza-zigorra esleitu zioten eta urkatzera kondenatu, baina 15 urte baino gehiago pasatu ziren zigorra bete arte. Biziarteko kartzela-zigorra lortzen saiatu zen, baina ez zuen lortu. Injekzioa ere saiatu zen lortzen, urkatzeari beldur ikaragarria baitzion, baina hori ere ez zuen lortu. Komikiak, manga eta animea izan ziren bere kartzelako denbora-pasak eta, 2008ko ekainaren 17an, exekutatu egin zuten[6].
Biktimak
- Mari Konno (japonieraz: 今野真理 Konno Mari)
- 4 urtekoa
- Masami Yoshizawa (japonieraz: 吉沢正美 Yoshizawa Masami)
- 7 urtekoa
- Erika Nanba (japonieraz: 難波絵梨香 Nanba Erika)
- 4 urtekoa
- Ayako Nomoto (japonieraz: 野本綾子 Nomoto Ayako)
- 5 urtekoa
Erreferentziak
- (Gaztelaniaz)https://books.google.com.ar/books?id=oZKvjj19UZEC&pg=RA1-PA30&lpg=RA1-PA30&dq=Tsutomu+Miyazaki+Itsukaichi&source=bl&ots=40iEBZdcFb&sig=wdnM-hYSdJPw1ZUWSZsFXtC8LAo&hl=es-419&sa=X&ei=0QrAUtDQLY2isATazICwDQ#v=onepage&q=Tsutomu%20Miyazaki%20Itsukaichi&f=false%5B%5D
- (Ingelesez)http://www.japantoday.com/category/crime/view/serial-child-killer-tsutomu-miyazaki-executed
- (Gaztelaniaz)http://www.elmundo.es/elmundo/2008/06/17/internacional/1213686015.html
- (Gaztelaniaz)http://old.nvinoticias.com/sites/default/files/flipping_book/sc/2015/04/18/secc_a/files/assets/basic-html/page13.html
- (Gaztelaniaz)http://www.diariovasco.com/20080617/mas-actualidad/internacional/japon-ejecuta-monstruo-saitama-200806171058.html
- (Gaztelaniaz)http://www.diariovasco.com/20080618/mundo/ejecutado-japon-canibal-saitama-20080618.html