Tropismo
Tropismoa estimulu edo kinada baten aurrean landareek burutzen duten mugimenduari deritzo. Tropismoa eragiten duten estimuluak anitzak izan daitezke (argia, grabitatearen indarra, gai kimikoak...) eta landareek antzematen dituzte, zentzumen-organoak ez izan arren.
Landareek burutzen duten higidura oso motela da, eta norabidearen arabera bi tropismo mota sortzen ditu:
- Positiboa: landarea estimulurantz hazten denean.
- Negatiboa: landarea estimuluaren aurkako norabidean mugitzen denean.
Bost tropismo mota daude:
- Fototropismoa: tropismoa eragiten duena argia izaten da. Jakina denez, landareek argiaren beharra dute fotosintesia osatzeko. Argia eskuratzeko argi-iturrirantz hazten dira, hazkunde horretan auxina motako hormonek parte hartuz.
- Geotropismoa: landarearen higidura baldintzatzen duena grabitatearen indarra da. Zurtoinak geotropismo negatiboa du, era sustraiek positiboa (grabitatearen norabidean mugitzen baitira).
- Kimiotropismoa: landarearen erantzuna gai kimiko batek sortzen duenean.
- Hidrotropismoa: ura da tropismo mota hau eragiten duena. Sustraiek hidrotropismo positiboa dute.
- Tigmotropismoa: objektu solido batek landarearen higidura eragiten duenean. Esaterako, huntza bezalako landare igokariek hazkuntza areagotzen dute solido batekin harremanetan jartzen direnean.
Kanpo estekak
This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.