Tropikalia

Tropikalia, Tropikalismoa edo Mugimendu tropikalista kultur mugimendu brasildarra izan zen, abanguardiako korronte artistikoen eta pop kulturaren eraginpean sortua 60ko hamarkadaren amaieran. Kultura tradizional brasildarraren ezaugarriak eta berrikuntza estetiko erradikalak nahastu zituen. Mugimenduaren adierazpen nabarmenenak musikaren arloan eman ziren, Torquato Neto, Caetano Veloso, Gal Costa, Gilberto Gil, Os Mutantes eta Tom Zé izan zirelarik ordezkari nagusiak. Mugimendu tropikalistaren adibide nagusietako bat Caetano Velosoren abesti bat izan zen, Tropicália izenekoa, hain zuzen ere.

Mugimenduaren historia laburra

Tropikalismoa espazio eta denbora zehatz baten sortzen den tradizio estetikoaren ondorio da: hirurogeiko hamarkadaren amaierako Brasil. Haustura keinu bat baino gehiago herri memoriaren berrasmatze bat adierazten du.

Pedro Alexandre Sánches kritikoak “samba politaren dekadentzia” deitu zion. Baina musikatik harago, Tropikalia, ororen gainetik, askatasun keinua izan zen, kanibalismo kultural baten keinua, Oswaldo de Andrade poetaren Manifesto antropófago (1928) obran inspiratua eta neurri berean tradiziotik eta abangoardiatik edan zuena.

Caetano Veloso, 1967ko Festival da Musica Popular jaialdian

Besteak beste, Caetano Veloso, Gilberto Gil, Maria Bethania, Gal Costa, Tom Zé, Os Mutantes eta Rogério Duprat artisten eskutik, Tropikalian bat egiten dute maila berean sambak, bossa novak, rock and rollak eta esperimentazioak. Diktadura militar kolpista (1964-1985) boterean zegoen garaian sortzen da. Testuinguru honetan, zinema –Glauber Rocha, Nelson Pereira Dos Santos eta Joaquim Pedro de Andraderekin–, antzerkia –Zé Celso Martinez Correa– eta arte plastikoak –Hélio Oiticicaren Tropicália (1967) instalazioak izena ematen dio mugimenduari– bat egiten dute musikarekin, herri tradizio kulturalaren ezaugarriak modernotasun kosmopolita batean berrasmatzeko helburuarekin. Jarrera honek, berez, adierazten du erregimenaren aurkako erabateko oposizioa.

Tropikalia mugimenduak apenas urtebete iraun zuen, 1967 eta 1968 bitartean, eta Tropicália ou Panis et Circensis (1968ko uztaila) manifestu diskografikoaren publikazioarekin bukatu zen. Talde-disko honetan Gilberto Gil, Caetano Veloso, Gal Costa, Nara Leão, Os Mutantes eta Tom Zé artistek hartu zuten parte, Rogério Duprat konposatzailearen agindupean. Velosok honela laburtu zuen diskoaren sorrera eragin zuen testuingurua: “Mahalia Jackson eta Jorge Ben musikariez harantzago, The Beatles entzuten jarraitzen genuen, eta Mothers of Invention eta James Brown eta John Lee Hooker eta Pink Floyd eta The Doors eta behar zen guztia. Baina ez genion João Gilberto eta, jakina, gure adiskide brasildarrek, gertukoenek zein ez hain gertukoek, egiten zuten guztia entzuteari eta berrentzuteari utzi”

Mugimendua oso gogor erreprimitu zuen erregimenak, Gilberto Gilen eta Caetano Velosoren kartzelaratzea lehen eta atzerriratzea gero ekarriko zuena. Halaber, Torquato Neto poeta eta mugimenduko beste hainbat partaide indarrez ospitale psikiatrikoetan sartuak izan ziren, “subertsiboak” eta “burutik ezegonkorrak” zirelakoan.

Hortik aurrera, Tropikalismoak beste bide bat hartuko du, arinagoa eta soilik alderdi formalari erreparatuz. Hemendik, berriz, MPB (Música Popular Brasileira) delakoa sortuko da.

Dena den, Tropikalia mugimendua garatzen den hilabete horietan herri musikaren ikuspegi berri –ausarta, alaia, abangoardista eta aldi berean hedonista– baten oinarriak jarriko dira, eta eredu hau behin eta berriz imitatua izango da mundu zabalean.

Azken finean, iraultza beroa eta gozoa izan zen, han non pentsatu, dantza egin eta ospatu egiten zen.

Eraginak: mugimendu antropofagikoa, pop kultura eta konkretismoa

Mugimendu antropofagikoa Mugimendu antropofagikoko artistak, modernistak, (Mário de Andrade, Tarsila do Amaral, Oswald de Andrade, Anita Malfatti, 1920 eta 1930eko hamarkadetan) surrealismoaren eta dadaismoaren adierazpen brasildarra izan ziren. Euren xedea honakoa zen: Europatik eta AEBetatik esportatutako kultura “digeritzea” eta “berrahoratzea” Brasilgo identitatearekin eta herri kulturarekin fusionatu ostean. Aldi berean, saiatu ziren “kultura nazionala definitzen” aniztasun aberasgarriz osatutako multzo heterogeneoa bezala, eta horri gehitu behar zitzaion kanpo eragin horien birlanketa bat. Hau bera izan zen Tropikalisten helburua.

Gilberto Gil emanaldi batean, 2007an

Pop kultura Proposamen antropofagikoa kultura eruditua “digeritzean” interesatzen zen bitartean, Tropikalismoak garrantzi bera ematen zien erreferentzia estetiko herrikoiei, pop kulturaren kontzeptu berria barne. Ildo honetan, rockaren (Bob Dylan, The Beatles eta Jimi Hendrixen, ez Elvis Presleyren), psikodeliaren eta pop artearen eragina izan zuten. Brasilgo musikatik Bossa nova sofistikatuena, zein samba eta frevo genero herrikoiak, edo sustrai afrikarreko arkaikoena eta jatorri anglosaxoiko Jovem Guardaren rocka “digeritzen” zuten.

Konkretismoa Tropikalismoak 1950etik aurrera garatutako poesia konkretutik ere edan zuen (Augusto de Campos, Haroldo de Campos, Décio Pignatari, besteen artean). Konkretismoak espresionismoa arbuiatzen zuen eta forma eta edukiaren arteko desberdintzearekin bukatzen saiatu zen, hizkuntza berri bat sortuz. Musikari tropikalisten abestien hitzen trataera plastikoa, hitz-joko eta txantxa linguistikoekin, ohikoak tropikalista denengan eta bereziki nabariak Tom Zéren obran, konkretismoaren erakusgarri dira.

Tropikalismoarekin lotutako izenak

Hauek izan ziren mugimenduaren ordezkari nagusienak:

  • Arto Lindsay, gitarra-jotzailea eta konposatzaile esperimental estatubatuarra
Maria Bethânia, 2012an
  • Caetano Veloso, abeslaria eta konposatzailea
  • Capinam, kanta-idazlea
  • Damiano Cozzella, konposatzailea eta moldatzailea
  • Gal Costa, abeslaria
  • Gilberto Gil, abeslaria eta konposatzailea
  • Glauber Rocha, zinemagilea
  • Guilherme Araújo, musika-produktorea
  • Hélio Oiticica, artista plastikoa
  • Jorge Ben, abeslaria eta konposatzailea
  • Jorge Mautner, abeslaria, konposatzailea eta idazlea
  • Júlio Medaglia, konposatzailea eta moldatzailea
  • Lanny Gordin, gitarra-jotzailea eta konposatzailea
  • Lygia Clark, artista plastikoa
  • Maria Bethânia, abeslaria
  • Nara Leão, abeslaria, Bossa Novan jatorria duena
Os Mutantes taldea, 1969ko argazki batean
  • Os Mutantes, musika taldea
  • Rogério Duarte, diseinatzailea, musikoa eta idazlea
  • Rogério Duprat, konposatzaile abangoardista, abesti tropikalista askoren moldaketak idatzi zituena. Tropikaliaren Brian Epstein edo George Martintzat hartua izan da
  • Sérgio Sampaio, abeslaria eta konposatzailea
  • Tom Zé, abeslaria eta konposatzailea
  • Torquato Neto, kanta-idazlea eta konposatzailea
  • Waly Salomão, poeta

Tropikalia mugimenduaren abesti ezagunak

  • Domingo no parque, (Gilberto Gil)
Gal Costa abesten, 2008an
  • Alegria, alegria (Caetano Veloso)
  • Tropicália (Caetano Veloso)
  • Superbacana (Caetano Veloso)
  • Soy loco por ti América (Gilberto Gil e Capinam)
  • Marginália 2 (Gilberto Gil e Torquato Neto)
  • Panis et circensis (Gilberto Gil e Caetano Veloso)
  • Miserere nobis (Gilberto Gil e Capinam)
  • Lindonéia (Gilberto Gil e Caetano Veloso)
  • Parque industrial (Tom Zé)
  • Geléia geral (Gilberto Gil e Torquato Neto)
  • Baby (Caetano Veloso)
  • Enquanto seu lobo não vem (Caetano Veloso)
Tom Zé São Paulon, 2007an
  • Mamãe, coragem (Caetano Veloso e Torquato Neto)
  • Bat macumba (Gilberto Gil e Caetano Veloso)
  • Saudosismo (Caetano Veloso)
  • Não identificado (Caetano Veloso)
  • Divino, maravilhoso (Gilberto Gil e Caetano Veloso)
  • 2001 (Rita Lee e Tom Zé)
  • São São Paulo (Tom Zé)

Kanpo estekak

Bideoa

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.