Tritium Magallum

Tritium Magallum edo Tritium Megalon (euskaraz: «Tricio Handia») Hispania Citeriorreko erromatar udalerria (municipium) izan zen, Conventus Caesaraugustanus barnean zegoena[1]. Egungo Tricion (Errioxan) zegoen. Han ekoizturiko terra sigillata eltzegintza ospetsua izan zen eta Mediterraneo osoko kostaldetan aurkitu dira Tritiumeko eltzegileen sinadurak.

Artikulu hau beroien antzinako hiriari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Tritium».
Tritium Magallum
Tritium Magallumen terra sigillataz egindako ontziak (II. mendekoak)
Datuak
Historia
GaraiaK.o. I mendea
UzteaK.o. VIII mendea
KulturaBeroiak, Erromatarrak

Historia

Tritium Metallum

Badirudi gaur egun Arcos izeneko eremua dagoen tokian kokaturik egongo zen beroien civitates bat. Inguruan dauden hainbat aztarnategik osatzen zuten eremua, Hormillako Cerro Molinok, Bobadillako El Villarrek eta Naiara inguruko batzuek[2].

Erromatar Inperioa

K.o. I mendeko azken hamarkadetan flaviar enperadore batek municipium romanorum pribilegioa eman zion eta horrek jarduera ekonomikoa nabarmen bultzatu zuen. Moldatzeko eta egosteko teknika berriek terra sigillata eltzegintzaren agerpena ekarri zuten[3]. Lehengaia ugari zuen inguruan[4]. Bi merkatal bideren bidegurutzean kokaturik egoteak asko lagundu zuen, alde batetik Via Galiana galtzada zuen, Mantible zubia gurutzatu eta Pompaelo, Orreaga eta Galiekin lotzen zuena eta bestetik Vareia hiriak Ebro ibaian zuen kai garrantzitsua baliatuz Cesaraugusta-ra eta Mediterraneo itsasora iristen zena.

Hiriak garapen ekonomiko handia izan zuen eta ingurunea erromatartzeko paper garrantzitsua bete zuen. Legio VII Gemina Felix-ek destakamendu bat zuen hirian[5] eta tamaina handiko tenplo monumental bat ere izan zuen. Tenplu horretako zutabeak Santa María de Arcos basilikan berrerabili ziren V. mendean[6]. Grammatica-ko Schola publikoa ere bazuen eta irakasleak 1.100 denario kobratzen zituen.

Eltzegintza

Bilakaera eta garrantzia

Dozenaka officinae eltzegile aurkitu dira territorium tritiensis eremuan eta badirudi hiritar guztiek parte hartzen zutela jaduera horretan. I eta II mendeetan izan zuen maila gorena eta La Graufesenque eta Lezoux eltzegileen parekoa izan zen. Valerius Paternus, Sempronius, Lapillius eta Matemus Blandus tritiumdar eltzegileen sinadurak Hispania, Mauritania, Britania, Germania eta Ostiako merkatuetako aztarnategietan aurkitu dira[1], baita Asian ere[4].

III. mendean ekoizpena jeitsi egin zen eta ondoren IV. mendean goraldi berria izan zuen, harik eta Erromatar Inperioaren gainbehera iritsi zen arte[3].

Eltzeetako apaingarriak

Eltze lisoak baziren arren sarritan erliebez apainduak egoten ziren. Hasiera batean landare antzeko irudiak agertzen ziren, Galietan ohikoak izaten ziren bezala, baina beranduago metopak agertu ziren, orlak inguraturiko irudi errektangularrak. Azken garaietako eltzeetan zenefak, errosetak eta zirkuloak ikusten dira[7].

Erreferentziak

  1. ESPINOSA RUIZ, URBANO. (1988). Riqueza mobiliaria y promoción política: los Mamili de Tritium Magallum. Gerión Nº6, 263-272 or. ISBN 0213-0181..
  2. ESPINOSA RUIZ, URBANO. (1994). Historia de la ciudad de Logroño. Volumen 1 Antigüedad - Bajo la República Romana. , 107 or. ISBN 84-887-9345-6..
  3. «TRITIUM� MAGALLUM» www.vallenajerilla.com (Noiz kontsultatua: 2021-09-03).
  4. GARABITO GÓMEZ, TOMÁS. (1978). Los alfares romanos riojanos: producción y comercialización.. Bibliotheca Praehistorica hispana. Vol. 16. Madrid.
  5. NAVARRO CABALLERO, MILAGROS. (1989-1990). Una guarnición de la legión VII Gémina en Tritium Magallum. Caesaraugusta Nº 66-67, 217-226 or. ISBN 0007-9502..
  6. (Gaztelaniaz) Ramos, Javier. «Tricio: fábrica de cerámicas de Roma» www.lugaresconhistoria.com (Noiz kontsultatua: 2021-09-03).
  7. GARABITO, TOMAS Y SOLOVERA, MARÍA ESTHER. Terra sigillata hispánica de Tricio. Studia archaeologica. Valladolid. N. 38 (1975), 40 (1976), 43 (1976), v. I: Moldes v. II: Marcas de alfarero v. III: Formas decoradas.

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.