Trimaran

Trimaran-ontzia hiru kroskoz osatutako itsasontzi arina eta bizkorra da. Jatorria itsaso barean dauka. Polinesia, Melanesia eta hainbat herritako biztanleek trimaranak erabiltzen zituzten arrantzarako, materialak garraiatzeko, eta baita bidaiatzeko ere. Bela, arrauna edo motorrarekin nabiga dezake, krosko bakarreko itsas-ontziak bezala.

Melanesiako trimaran-ontzi

Mendebaldean trimaran gutxi ikusten dira, baina tarteka zenbait lekutan agertzen dira, arrantza arloan nahiz turismoan. Mendebaldeko zenbait ingeniarik diseinu interesgarriak sortzen dituzte trimaran-ontziaren filosofian oinarrituta.

Trimaran-ontziaren berezitasun nagusia

Mota eta tamaina guztietako itsasontziak daude. Nahiz eta denak itsasoaren azaleran ibiltzeko diseinatuta dauden, batzuek ez dute zerikusirik besteekin.Zamaontzien artean, adibidez, kontainer-ontzi baten diseinuak ez du balio minerala garraiatzeko erabiliko den itsasontzi bat eraikitzeko; izan ere, behar zeharo desberdinak bete behar dituzte. Kirol-nabigazioan ere desberdintasun handiak daude diseinuen artean.

Bela-ontzi bat zeharo desberdina da bapore batekin alderatuta, eta bela-ontzien artean ere itsasontzi mota asko aurkitu daitezke.  Adibidez, duela hogei bat urte frantses batek munduari buelta eman zion 3,63 metroko luzera zeukan bela-ontzi batekin.  Bela-ontzi horrek zituen berezitasunak berak bakarrik ditu, azken finean prototipo bat baitzen.

Beste muturrean “Vendée Globe” estropada egiten duten bela-ontziak daude. Azken horiek 18 metroko luzera dute, eta beren diseinua eta itsasontzian erabilitako teknologia zeharo desberdinak dira lehen aipatutakoarekin alderatuta.

Aipatu ditugun itsasontzi motek eta munduan dauden gehienek ñabardura bat dute: krosko bakarrekoak dira. Bi kroskoz egindako itsas-ontziak ere badaude, katamaran-ontzi deitutakoak, eta hiru kroskoz egindakoak ere bai: trimaran-ontziak. Trimaran-ontzia hiru kroskoz egindako itsasontzia da; bat handia, eta beste biak txikiak. Krosko nagusia erdian kokatzen da eta txikiak alboetan.

Trimarana txikia baldin bada krosko nagusia materiala gordetzeko baliagarria izan daiteke, eta krosko txikiak soilik flotazioa  eta estabilitatea ematen diote itsas-ontziari. Trimarana handia baldin bada, krosko nagusian lo egiteko lekua egongo da, eta materiala gordetzeko ere bai. Trimaranaren tamaina handitzen den heinean, krosko txikiak ere handitzen dira, eta aukera ematen dute materiala gordetzeko.

Trimaran-ontziaren ezaugarriak

Trimaran moderno bat.

Trimaranaren kontzeptua oso desberdina da krosko bakarreko itsasontziarenarekin alderatuta. Kontuan hartu beharreko puntuak hauek dira: egonkortasuna, pisua eta flotagarritasuna.

Egonkortasuna eta pisua

Krosko bakarreko itsasontzi bat bere formaz eta pisuen kokapenaz baliatzen da egonkorra izateko. Funtsezko ideia hau da: pisuak beheraka bultzatzen du eta bolumenak goraka (puxika bat zenbat eta gehiago puztu, orduan eta gehiago flotatuko du). Krosko bakarreko itsasontziek gilaren gainean pisua (lasta) gehitu behar dute grabitate zentroa jaisteko eta nahikoa egonkortasun izateko. Horregatik krosko bakarreko itsasontziak astunak dira trimaranekin alderatuta. Gainera, pisuari eusteko, ontzi mota horiek estruktura sendoak -astunak, alegia-  behar dituzte jasotzen dituzten esfortzuei aurre egiteko.

Trimaranek ez dute lastarik behar, egonkortasuna alboetako krosko txikiei esker lortzen dutelako. Zenbat eta alboetako kroskoak urrutiago egon krosko nagusitik, orduan eta egonkortasun handiago izango du. Eta aldi berean, alboetako kroskoek zenbat eta bolumen handiagoa izan, orduan eta egonkorragoa izango da trimarana. Trimaranak egonkortasunari lotutako arazo bat dauka. Trimaranek egonkortasun handia dute beren kokapen naturalean itsasoaren azalean, baina  baita iraulita ere.

Horrenbestez, egonkortasun aldetik ondo diseinatutako krosko bakarreko itsas-ontzi bat irauliz gero (olatu baten eraginez, adibidez) bere kokapen naturalera itzuliko da, hau da, zutik jarriko da berriz. Trimaranekin hori ez da gertatzen. Trimarana, behin iraulita, ez da zutik jarriko bere kabuz eta iraulita geratuko da. Hau da trimaranen akats nagusiena. Horregatik tentuz ibili behar da trimaranekin, eta olatu handiak daudenean lehentasuna eman beharko zaio seguritateari.

Trimaranak  belarekin nabigatzen badu, haizearen indarra kontuan hartu beharko da, haizea indartsuegia izanez gero  trimarana iraul daitekeelako. Beste aldetik, lastarik ez izateak eta estrukturalki arinago izateak arinago bihurtzen du trimarana. Arinago izateak krosko estuak izatea ahalbidetzen dio trimaranari, eta modu horretan itsasontzi azkarrak lortzen dira.

Flotagarritasuna

Dena ez dira abantailak trimaran batean, krosko estuak izateak aukera txikiago ematen baitu materiala eta jendea ganberan babesteko, horregatik trimaran batean bizitzea  ez da krosko bakarreko itsasontzi batean bizitzea bezain erosoa izango. Gainera, krosko estuak erraz hondoratzen dira itsasontzia gehiegi zamatzen bada. Horregatik ekipajea asko murriztu behar da, trimarana itsasoan ondo mugitzea nahi badugu. Arina izateak eta bakarra izan ordez hiru krosko izateak beste abantaila bat dakar: oso zaila da trimaran bat hondoratzea. Hiru kroskoetako bat zulatzen bada beste biek eutsiko diote trimaranari, eta hau ez da hondoratuko. Gainera, arina izanda errazago da flotatzen mantentzeko.

Ezaugarri orokorrak

Orokorrean, trimaran-ontziak, arinak, ia hondoraezinak eta azkarrak direla esan daiteke, beti ere diseinua eta erabilitako teknikak eta materialak egokiak baldin badira. Trimaran-ontzi bat egiteko altzairua erabiltzea ez litzateke egokia, altzairua oso astuna dela kontuan hartuta. Mota honetako itsasontzi bat egiteko material gomendagarriak hauek izan daitezke: beira zuntza, karbono zuntza, egurrezko txapak edo aluminio, eta baita arina eta sendoa den beste edozein material ere.

Trimaran xelebreak

Trimaran ekologikoa

Trimaran-ontzi ekologikoa

Goiko aldea eguzki-panelez estalita dauka, eta eguzki-energia xurgatuz helizeak mugitzen dira. Hau bezalako prototipo batek bira eman dio munduari. Momentuz ez dauka aplikaziorik merkatuan. Izan ere, lor dezakeen abiadura oso txikia da. Dena den, proiektuak martxan jarraitzen du eta prototipoa gero eta emaitza hobeagoak ematen ari da.

Muturreko belazko trimaran-ontzia

Teknologia aurreratuenak erabiliz egiten dira trimaran-ontzi hauek, karbono eta kevlar zuntzak erabiliz. Oso arinak eta azkarrak dira; haizea baino azkarrago nabigatzen dute, batzuetan haizearen abiadura bikoiztuz ia-ia. Horrelako trimaran-ontzi batekin errekor bat lortu zuen François Gabartek  2017. urtean, munduari 42 egunetan bira emanez.

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.