Trikinosi
Trikinosia Trichinella spiralis izeneko nematodoak gizakiarengan eta hainbat animaliarengan sortzen duen gaixotasuna da. Gizakiak har horren larbak dituzten animaliak jaterakoan harrapatzen du gaitza, batez ere txerrikiak jaterakoan.
Trikinosi | |
---|---|
Deskribapena | |
Mota | nematode infection (en) , Zoonosia, helmintiasia eritasuna |
Espezialitatea | infektologia |
Arrazoia(k) | Trichinella, Trichinella spiralis Trichinella nativa |
Sintoma(k) | tripako mina, mialgia, sukarra, Edema Eosinofilia |
Patogenoaren transmisioa | pathogen transmission (en) |
Tratamendua | |
Erabil daitezkeen botikak | thiabendazole (en) |
Identifikatzaileak | |
GNS-10-MK | B75 |
GNS-9-MK | 124 |
DiseasesDB | 13326 |
MedlinePlus | 000631 |
eMedicine | 000631 |
MeSH | D014235 |
Disease Ontology ID | DOID:9784 |
- Oharra: Wikipediak ez du mediku aholkurik ematen. Tratamendua behar duzula uste baduzu, jo ezazu sendagilearengana.
Euskal Herrian aitortu beharreko gaixotasuna da trikinosia. Kasu gutxi agertzen diren arren (3 kasu besterik ez 2007. urtean EAEn) bere larritasunak neurri prebentiboak hartzera behartzen du. Hori dela-eta, txerri eta basurdeen okela -kontsumitu aurretik- aztertu behar da beti hiltegietan, trikinaren larbak garaiz antzemateko.
Etiologia eta patogenia
Trikinosia Trichinella spiralis parasitoa duen okela gordina (edo sukaldean gutxi egina) jaterakoan azaltzen da. Nematodo horren larbak txerriengan, basurdeengan eta zaldiengan, batez ere, egoten dira. Harraren beste gordailuak arratoiak, otsoak, azeriak eta hartzak dira.
Euskal Herrian trikinosia arrunta zen antzina, baina gaur egun ia desagerturik dago. Noizean behin agerraldi txiki batzuk azaltzen dira, etxean hildako txerriak edo basurdeak kontsumitzeagatik, hiltegietatik pasatu gabe. Janarien egosketak parasitoaren larbak hiltzen ditu, baina gazitze prozesuak ez. Horrenbestez, urdaiazpikoak eta antzeko produktuek infekzioa transmititu dezakete jatorrizko animalia kutsaturik bazen.
Gaitza ez da pertsonen artean kutsatzen.
Kutsaturiko okela jatean, parasitoaren larbak duodenoan ernaldu egiten dira. Ondorioz, trikina helduak agertzen dira, heste meharraren mukosari atxikitzen direnak eta milaka arrautza jartzen dituztenak.
Larba jaioberriek heste meharra zeharkatu eta odolera eta linfara pasatzen dira, gorputz osora hedatuz. Giharretara iristen direnean, larbak bertan finkatu eta kisteak eratzen dituzte.
Animalia edo gizaki batek larbez kutsatutako okela jaten duenean, giharretan dauden kisteak duodenora pasatu eta askatzen dira, harraren zikloa errepikatzen delarik.
Sintoma klinikoak
Sintomen larritasuna irentsitako larben kopuruaren araberakoa da: larba gutxi batzuk irensten badira, infekzioa sintomarik gabekoa da, edo sintoma arinak ditu. Aitzitik, larba ugari daudenean, sintoma larriak dira eta -tratamendurik ezean- heriotzaraino irits daitezke.
Gaitza sukarrarekin eta sintoma gastrointestinalekin (sabeleko mina, beherakoak...) hasten da, larbak duodenoan daudenean. Odol zirkulaziora pasatu eta giharretara iristen direnean sintomak okertzen dira: sukar handia, betazalen edema, konjuntibitis eta konjuntibaren odoljarioak, giharretako mina, nerbio-sistemaren asaldurak... Gaitza oso larria denean, gaixoaren bizia kolokan egon daiteke: larben hedapenak bihotza, birikak eta burmuina kaltetu ditzake, eta organo horien akatsek heriotza eragin dezakete.
Diagnostikoa
Trikinosia agerraldi batekin agertzen da sarritan, kutsatutako okela jan duten mahaikide batzuk batera gaixotzen direnean. Gaitzaren diagnosia osatzeko honako froga hauek egin ohi dira:
- odol analisia (ohikoa da leukozito eosinofiloen kopuru altua)
- giharreko biopsia (larbak antzemateko)
- froga antigenikoak
- giharretako entzimen analisia (trikinosia dagoenean igotzen baitira)
Sendabidea
Mebendazol eta albendazol izeneko anti-helmintikoak erabiltzen dira gaitzari aurre egiteko, eraginkorrak direnak larbak duodenoan dauden bitartean. Giharretan daudenean, aldiz, sendabidea zailagoa da, analgesikoak eta kortikoideak erabiltzen direlarik.
Gaitzaren aurkako neurririk eraginkorrena prebentzioa da. Txerri eta basurdearen okela aztertu behar da beti hiltegietan kontsumitu aurretik. Horretaz gain, etxeetan ondo kozinatu behar da txerrikia, era egokian egosiz tenperatura altuek balizko larbak akabatu ditzaten. Okelaren izozketak ere (-32º C, gutxienez, 24 ordutan) larbak hiltzen ditu.