Tren
Trena edo bultzia elkarri lotutako bagoi edo kotxe sorta batez konposatutako ibilgailua da, lokomotorra batek edo kotxe autopropultsatuek atoian eramanda. Oro har bere mugimendurako bereziki prestatutako trenbide izeneko egituraren gainetik higitzen da, normalean bi errail paraleloz osaturikoa, baina errail bakarreko bidea ere izan dezake (monorail deituriko sistema), edo lebitazio magnetiko bidez ibili (maglev garraioa). Zamak garraiatzen dituen ibilgailuetako bakoitzari bagoi deritzo, eta bidaiariak garraiatzen dituenari, aldiz, kotxe.
Trenaren propultsioa lokomotorra edo tren-makina izeneko material mugikor bereziz lor daiteke, eta tren batek tren-makina bat edo gehiago eduki ditzake, bai aurrealdean atxikituta edo push-pull konfigurazioan (tren-makina bat edo gehiago aurrealdean edota erdialdean edo atzealdean). Trena lokomotorrarik gabe ere propultsatu daiteke, eta automotor deritzo, kasu honetan kotxeak (guztiak, batzuk edo bakar bat) autopropultsatuak direla.
Historikoki, XIX. mendearen hasieratik XX. mendearen erdialdera, trenen energia-iturri nagusia ur-lurruna izan zen. Gaur egun, tren moderno gehienek elektrizitatea edo diesela darabilte energia-iturri gisa. Elektrizitatearen kasuan, trena katenaria izeneko trenaren gaineko hari baten bitartez, edo hirugarren errail baten bidez hornitzen da.
Trenak garapen fase asko izan ditu munduko historian, eta gizarte askotako garapenean garrantzi handia izan du. Industrializazioan abantaila handiak ekarri ditu eta gaur egun ere garraiobideen artean garrantzi handienetariko bat da.
Etimologia
Tren hitza ingeleseko train, eta hau antzinako frantseseko train hitzetik dator, arrastearen akzioa (etimologikoki garraiatu aditzarekin erlazionatuta). Germaniar eta eskandinaviar hizkuntzetan zug, tåg eta tog izenak jasotzen ditu, ingeleseko to tug aditzarekin erlazionatuta, arrastearen akzioa ere esan nahi duena.
Tren-motak
Distantzia laburrekoak
Hirigune baten barruan bidaiariak garraiatzen dituzten trenak dira.
Hiri inguruko eta eskualdeko trena
Aldiriko tren izenez ere ezaguna, bidaiariak garraiatzeko burdinbide sistema masiboak dira, oro har lurgainean ibiltzen direnak, eskualde bat hiri nagusiarekin elkarlotuz. Gainontzeko garraio sistemetatik bereizita daude pasonibel edota maila ezberdineko pasoen bitartez.
Tren metropolitarra
Bidaiariak garraiatzeko burdinbide sistema masiboak dira, oro har lurpean eta zati batzuetan lurgainean ibil daitezkenak, hiri handietako gune ezberdinak eta hiriaren inguru hurbilenak elkarlotuz, edukiera eta maiztasun handiekin. Gainontzeko garraio sistemetatik maila ezberdinera bereizita daude.
Abiadura handiko trena
Abiadura handiko trenak (AHT siglez ezagunak) oro har 200-250 km/h abiadurak gainditzen dituzten trenak dira, horretarako diseinatutako abiadura handiko lineetatik ibiltzen direnak.
Frantziako Train à Grande Vitesse (TGV) zerbitzuak munduko abiadura errekorra lortu zuen 2009ko apirilean: 574,8 km/h. Hala ere, munduko errekorra Japoniako Maglev lebitazio magnetiko bidezko trenak du, 2003ko abenduan 581 km/h abiadura maximoa lortu zuena. Japonian, Maglevaz gain Shinkansen abiadura handiko trenak ere ibiltzen dira, 300 km/h abiadurak gainditzen dituztenak.
Alemanian InterCityExpress (ICE) zerbitzua ibiltzen da 1985tik.
Espainian Alta Velocidad Española (AVE) zerbitzua ibiltzen da 1992tik, eta 300 km/h abiadura gainditzen du.
Italian ETR edo Pendolino izeneko trenak ohiko trenbideetan kurba itxietan abiadura handian kulunkatzeko prestatuta daude.
Tren arina
Tren arina tranbien familiako trena da, kasu batzuetan plataformadun geltokiak eta zoru altuak izan ditzaketenak, eta gainontzeko ibilgailuetatik bereizita ibiltzen direnak erreserbatutako erreien, bereizitako trenbideen edota tunelen bitartez.
Lebitazio magnetikoko trena
Lebitazio magnetikoa erabiliz trenbide baten gainetik airean zintzilikatuta ibiltzen den trena da.
Monoraila
Monorail edo errailbakarra hiriguneetan trafiko ertainak garraiatzeko garatu zen.
Zama garraiorako trena
Zamak garraiatzeko erabiltzen diren tren bereziak dira, bagoiz osatutakoak.
- British Rail Class 153 diesel trena
- Zama garraiorako tren elektrikoa
- Alemaniako ICE zerbitzua eskaintzen duen unitate aniztun elektrikoa
Trena Euskal Herrian
Trena, eta zehazkiago, lokomotora industrializazioarekin lotuta dagoen azpiegitura da[1]. 1845ean Bilboko aberatsek Madril eta Irun Bilbotik igaroz lotuko zituen tren baten proiektua eskatzen hasi ziren[2]. Ez zen mugimendurik egon ahalik eta 1856an Pereire anaiek Norteko Konpainia osatu eta Miranda de Ebrotik Irunera doan trenbidea diseinatzen hasi ziren arte. Lau urte lehenago, Pereiretarrek Bordele-La Teste burdinbide-tartea berritzeko esleipena jaso zuten, Espainiako mugarainoko lehen zatia izango zena.[3] Hurrengo hilabeteetan, Baiona eta Perpinyàrainoko zein Narbonarainoko lineak eskuratu zituzten eta, berehala, Midiko Konpainia sortu zuten azaroaren 5ean. 1855ean, Bordele-Baiona linea ireki zen, Erresuma Batutik fabrikatu eta ekarritako materialaz eta britainiar konpainia batek eraikita. Aldi berean, hegoaldean, Altsasu eta Beasain arteko tarte konplexua amaituta, 1864ko abuztuaren 15ean ireki zen bide osoa[2]. Bide honen zubirik interesgarriena Ormaiztegiko bidezubia da. Bilbotik igaroko ez zela ikusita, 1863an Castejón-Bilbo burdinbidea eraikitzen hasi ziren, diru galera handiekin[2].
Bitartean, lehen ikusi ditugun meatzeetarako trenbideak sortu ziren Bizkaian, mineralen esportazio masiboa baimenduko zuena. Lehenengo trena, lehen ikusi dugunez, Diputazioarena izan zen, baina laster sortu zituzten euren trenbideak enpresa pribatu ezberdinek (Ikus, Meatzaritza: industrializazioaren oinarria atala artikulu honetan)
Baina Euskal Herriko orografia zaila denez, trenbide askok bide estua aukeratu zuten, eraikitzen merkeago. 1882ko ekainaren 1ean Bizkaiko Trenbide Nagusia ireki zen, Bilbo eta Durango artean. 1885ean Durango eta Zumarraga batzeko konpainia eratu zen, modu horretan Bilbo eta Irungo muga artean tren aldaketa bakarra lortzeko asmoz. Aldi berean Maltzagarainoko trenbidea eraikitzen hasi zen. 1887an ireki zen trafikoa Eibarreraino eta 1889ko abuztuaren 26an Bergara eta Zumarraga arteko trenbidea ireki zen[2], Debako trenaren parte. 1891ean Manuel Martík Elgoibar eta Donostia batzeko trena diseinatzen hasi zen, merkantzien aldaketa ekiditeko asmoz[oh 1] 1893ko abuztuaren 3an Zarautz-Donostia zatia ireki zen; baina Itziar eta Meaga zati zailak ziren, eta 1901eko urtarrilaren 1era arte ez zen lortu Bilbo-Donostia trenbidea irekitzea, kostu ekonomiko altuarekin[2]. Bizkaian, bitartean, Bizkaiko Trenbide Nagusiaren arrakasta ikusita hainbat trenbide ireki ziren: Bilbo-Areeta trenbidea 1887ko uztailaren 1ean, Zornotza-Gernika trenbidea 1888ko abuztuaren 13an, Cadaguako trenbidea (Bilbo eta Balmaseda artean) 1890eko abenduaren 5ean, Lutxana-Mungia trenbidea 1894ko uztailaren 9an, La Robla trenbidearen Balmasedako zatia 1894ko irailaren 4an, Bilbo-Lezama trenbidea 1895eko maiatzaren 30ean eta Zalla-Santander zatia 1896eko ekainaren 20an. Sare zabal hau egin eta gero, adar txikiak eraiki ziren: Durango-Elorrio (1905) eta Matiko-Azbarren (1918), adibidez. Azken honek Santander, Donostia eta Plentzia batzeko aukera ematen zuen[4]. Tarte honetan eraiki zen trenbide zabal bakarra Bilbo-Portugalete trenbidea izan zen (1888ko irailaren 24a)[5].
Napoleon III.aren garaian, Pereire anaien Midiko Konpainiak Frantzia hego-mendebaldean trenbide sarea eraikitzeari ekin zion. 1879tik bigarren mailako trenbideak egiten hasi ziren. Baionatik Donibane Garazirako lanak 1883an hasi zituzten Baionako Glain eta Mousserolles arteko zelaian; 1891ko urtarrilaren 19an Baiona-Kanbo zatia zabaldu zen, 1892ko abuztuaren 20an Kanbo eta Arrosa-Ortzaize artekoa eta 1898ko abenduaren 11n Nafarroa Behereko hiriburura heldu zen.[6]
Behin Bizkaia trenez lotuta, Gipuzkoa eta Arabara mugitu ziren inbertsioak. Topoa Donostia eta Hendaia artean 1913ko uztailaren 13an ireki zen, Plazaolako trena Lasarte eta Iruñea artean 1914ko urtarrilaren 20an eta Bidasoko trena Irun eta Elizondo artean 1916ko maiatzaren 28an. 1882an Herran anaiek Anglo-Vasco-Navarro trenbidea eraikitzeko Ingalaterrako dirua jaso zuten. Helburua Lizarra eta Bergara batzea zen, pixkanaka lortu zuten helburua: 1927ko irailaren 23an ireki zen guztiz. Behin trenbide hau eginda, Gipuzkoako bailara guztiek Urolak ezik zuten trenbidea; horregatik, Gipuzkoako Foru Aldundiak Urolako trena eraiki zuen 1926an[4]. Nafarroan, 1911an El Irati ireki zen, Iruñea eta Zangoza batzen zituena[7].
Oharrak
- Izan ere, Bilbotik Zumarragara joaten ziren merkantziak trenez aldatu behar ziren, metrika ezberdina zutelako.
Erreferentziak
- «Industrial Revolution - Steam Engines» www.industrialrevolutionresearch.com (Noiz kontsultatua: 2019-05-27).
- Olaizola Elordi, Juanjo.. (D.L. 2011). Historia del ferrocarril en el País Vasco : siglo XX. Etor-Ostoa ISBN 9788496288416. PMC 851331997. (Noiz kontsultatua: 2019-05-27).
- Alain, C.. (2014). «La Compagnie du Midi» Memoire Ferroviaire de Bordeaux (Bordele).
- «Breve Historia del ferrocarril en el Pais Vasco. Por Juanjo Olaizola Elordi - Ferropedia» ferropedia.es (Noiz kontsultatua: 2019-05-27).
- (Gaztelaniaz) «Una exposición recuerda la construcción hace 125 años del ferrocarril Bilbao-Portugalete» treneando 2013-03-12 (Noiz kontsultatua: 2019-05-27).
- Iturria: Louhossoa, Ekaina, Harrikez Herriak bilduma, 15. zkia., Donibane Lohizune, 1996. Ikus 25.or.
- Olaizola, Juanjo. (2013-07-26). «Historias del tren: EL PRIMER FERROCARRIL ELÉCTRICO EN ESPAÑA (I)» Historias del tren (Noiz kontsultatua: 2019-05-27).