Trans-Antartika Espedizio Inperiala

Trans-Antartika Espedizio Inperiala (1914-1917), Endurance Espedizioa izenaz ere ezaguna, Antartikako Heroi Aroko Esplorazioaren azken espedizio garrantzitsua izan zen. Sir Ernest Shackleton buruzagi eta diseinatzaile izan zen eta Antartika alderik alde zeharkatzeko helburua zuen. 1911n Roald Amundsen norvegiarra Hego Polora iritsi ondoren, Shackeltonek zioenez, Antartikarako bidaien helburu nagusi bakarra[1] kontinentea zeharkatzea zen. Bidaia horren distantzia 2.900 kilometrokoa zen, eta ibilbidearen erdia, hots, Weddell itsasoaren eta Hego Poloaren artekoa, artean esploratzeke zegoen. Ezin izan zuten helburua bete, baina heroi epika eta biziraupen istorio modura gogoratzen da.

Endurance ontzia bere haize-oihal guztiak zabalik dituela (1915 urte inguruan).
Endurance, James Caird eta Aurora ontziek burututako itsas bidaia, Ross itsasoko taldearen lurreko hornidura ezartzeko ibilbidea eta Weddell itsasoko taldeak lurretik gauzatzea planeatuta zuen ibilbidea, guzti hauek Ernest Shackleton buru zuten 1915-1914ko Trans-Antartika Espedizioa Inperiala osatzen zuten:      Endurance ontziaren bidaia      Endurance ontzia izotzetan eta nora ezean      Endurance ontziaren hondoratzearen ondoren izotz blokearen gainean kanpatuta egon zirenen nora ezea       James Caird txaluparen bidaia      Aurreikusitako ibilbide trans-antartika      Antartikarako Aurora ontziaren bidaia      Aurora ontziaren atzerakada      Horniketa ibilbidea
« Men wanted for hazardous journey. Small wages. Bitter cold. Long months of complete darkness.
Constant danger. Safe return doubtful. Honour and recognition in case of success.


Bidaia arriskutsurako gizonak behar dira. Soldata eskasak. Sekulako hotza. Hilabete luzeak erabateko ilunpean. Etengabeko arriskua. Onik itzultzea, zalantzagarria. Ohorea eta aintza, arrakasta izanez gero.

 »

—Ustez, Shackletonek 1914ko Trans-Antartika Espedizio Inperialaren eskifaia osatzeko boluntario eske The Times egunkarian argitaratutako iragarki ospetsua.

Shackleton 1901 eta 1904 bitartean Scott kapitainaren Discovery Espedizioko kide gisa Antartikan egona zen, eta 1907 eta 1909 artean Nimrod Espedizioko buru izan zen. Espedizio berri honek, alde batetik, 78°H latitude inguruan zegoen Weddell itsasoan zehar nabigatuko zuen eskifaia behar zuen, hau Hego Poloa igaroz Ross itsasorako norabidean joango zen martxa kontinentean zeharrerako prestaketa izango zen. Paraleloki, laguntza-talde batek, Ross itsasoko taldeak, kontinentearen beste aldera bidaiatuko zuen, McMurdo itsasartean akanpalekua ezarri, eta handik Beardmore glaziarraren oinetan zegoen Ross izotz hesian zehar hainbat hornigai-depositu prest utziko zituen. Biltegi hauek talde kontinentean zeharrekoaren biziraupenerako oinarrizkoak ziren, taldeak berez berarekin bat ibilbide osoa burutzeko behar hainbat hornigai ez baitzeramatzan. Espedizioa bi ontziz osatuta zegoen: bata Endurance ontzia, zeinak Shackletonen taldea Weddell itsasora garraiatuko baitzuen, eta bestea Aurora, Aeneas Mackintosh kapitainaren agintepekoa; horrek taldea Ross itsasotik McMurdo itsasartera eramango zuen.

Endurance ontzia Vahsel badiara iritsi aurretik Weddell itsasoko izotzetan harrapatuta gelditu zen, eta nahiz eta ontzia askatzeko saiakera ugari egin, 1915eko neguan ontzia izotz bloke batean sarturik noraezean ibili zen. Azkenik, ontzia, izotzak zanpaturik, bertan behera hondoratu zen eta, halatan, eskifaia osatzen zuten 28 gizonak izotzetan gelditu ziren. Gizon hauek hainbat froga latzi aurre egin behar izan zieten: hilabete luzez osatutako itxaronaldia izotz gaineko kanpaleku inprobisatuetan, Elefante uhartera joateko txalupan egindako bidaia, James Caird txalupa irekian burututako 1.300 kilometroko bigarren bidaia bat, eta Hegoaldeko Georgiako mendilerroak zeharkatzea, azkenik, inor hil gabe erreskatatuak izan ziren arte. Bitartean, Ross itsasoko taldeak bere misioa betetzeko zailtasun handiak garaitu behar izan zituen, gehienbat haize zurrunbilo batek Aurora ontzia bere loturetatik askatu eta ezin itzulirik gelditu zenean. Hornigai-biltegiak aurreikusirik zegoen bezala instalatuak izan ziren, baina eginkizun honek berarekin hiru bizitza eraman zituen.

2022ko martxoan Endurance 22 izeneko espedizioak Endurance ontzia aurkitu zuen hiru kilometroko sakoneran, osorik eta oso egoera onean, Weddell itsasoan.[2]

Prestaketak

James Wordie.

Hastapenak

« Nire aitak ez zuen inoiz bere semeetako bat bakarrarekin ere espedizio hari buruz hitz egin, noizbehinka esaldiren batek ihes egiten zion, baina bizi izan zen artean inoiz ez zizkigun bere egunkariak irakurtzen utzi, giltzapean zeuzkan.  »
Peter Wordie, James Wordieren semea.[3]
« Nire aitak ez zuen inoiz hitz egiten, gaizki igaro zuela esan ohi zuen, gu txikiak ginen, bera entzuteko txikiegiak, baina horretaz gain behin ere ez nion horri buruz gehiegi hitz egiten entzun.  »
Mary Crean O'Brien, Tom Creanen alaba.[3]

Shackleton bere 1909ko Nimrod espediziotik itzuli ondoren egonezinean eta helburu gehiegirik gabe bizi zen, nahiz eta 88°23'H latitude hegoaldekoenaren mugarrira iritsi izanaren ondorioz jendearen onespena bereganatu izan. Sir Harry Brittain britainiar eskiatzailearen hitzetan "nahiko jaun sakabanatua" bilakatu omen zen.[4] Orain Antartikako bere etorkizuneko ekintzen izaera Terra Nova espedizioko Scotten arrakastan oinarritzen zen. Espedizio hau 1910eko uztailean Cardiff hiritik abiatu zen.

1913ko martxoaren 11ko Amudsenen ezusteko Hego Poloaren konkistaren albistearekin, Hego Poloak helburu izateari laga zion. Shackletonek hau idatzi zuen:

« Hego Poloaren aurkikuntza ez da Antartikako esplorazioen amaiera izango[5]  »
Ernest Shackelton

Hurrengo ekintza, zioenez, "poloa zeharkatuz itsaso batetik bestera zihoan bidaia kontinentean zeharrekoa litzateke".[6] Betebehar hau berak burutu beharrekoa ote zen ez zegoen ziur, hautagai asko baitzeuden. 1911ko abenduaren 11n Wilhelm Filchner gidaritzapeko alemaniar espedizio batek Hegoaldeko Georgiatik Weddell itsasoan barneratzeko asmoz nabigatu zuen, hegoaldean kanpaleku bat ezarri eta handik kontinentea zeharkatuz Ross itsasora joan.[7] 1912. urte amaieran, Filchnerrek kanpaleku bat ezartzeko saialdian huts egin zuenez Hegoaldeko Georgiatik erretiratu zen. Halere, Shackeltonek aurretik Filchnerrek Vahsel badian 78º latitude inguruan aurkitu zituen ustezko lurrartze puntuak hauek jaso eta bere espediziorako planetara gehitu zituen.[8]

Hegoaldeko Poloko itzuleran Scott kapitaina eta bere kideen inguruko albiste latzen ondorioz, Shackleton bere espedizio kontinentean zeharrekoaren inguruko prestaketei ekin zien. Finantzaketa eta diru laguntzak eskatzen hasi zen, besteen artean Scotten espedizioko Tryggve Gran zenari, edota Lord Rosebery ministro ohiari, hauek euren interes gutxi erakutsi zutelarik. Gran bihozbera izan zen, Rosebery zorrotza:

« Behin ere ez naiz txanpon bat bera ere Poloetan xahutzeko prest egon[9]  »
Lord Rosebery

1902-1904 arteko Eskoziar Antartikako Espedizio Nazionalaren buru zen William Speirs Brucengandik babes handiagoa jaso zuen, honek 1908an Antartika zeharkatzeko planak ere bazituen, baina diru laguntza faltagatik bertan bera utzi behar izan zituen. Brucek pozik hartu zuen Shackletonek bere planak hartu izanak,[10] nahiz eta azkenik Shackletonek iragarri zuen plana motza zela iruditu. 1913ko abenduaren 29an, diru laguntza itzultzeko konpromisoa hartu ondoren,[11] bere iragarki ospetsua jendaurrean The Times egunkarian argitaratu zuen.[12]

Shackletonen plana

Shackletonek jendearen interesa pizte arren bere espedizioari "Trans-Antartika Espedizio Inperiala" izena eman eta 1914 urtearen hasierarako xehetasunez beteriko programa bat argitaratu zuen. Espedizioa bi talde eta bi ontziz osatuko zen. Weddell itsasoko taldeak Endurance ontzian bidaiatu eta Vahsel badiako eremuan ekingo zuen, han hamalau gizonek lurrartu eta haietako seik Shackletonen gidaritzapean kontinentean zeharreko taldea osatuko zuten: Shackleton, Hurley, Macklin, Wild, Marston eta Crean lirateke.[13] Talde honek, 100 txakur, eta "buruzagia eta bere aholkulari espezializatuen esperientziak iradokitzen zieten guztia zeraman" hornidura-multzoarekin batera Ross itsasora eramango zituzten 2.900 kilometroko ibilbideari ekingo zioten. Gainontzeko beste zortzi kideek zientzia lanak burutuko zituzten: hiru Graham lurraldera joango ziren, beste hiru Enderby Land eremura eta azken biak kanpaleku nagusian geldituko ziren.

Ross itsasoko taldeak Aurora ontzian bidaiatuko zuen. Ross itsasoko kanpaleku nagusira joango ziren, McMurdo itsasartean, kontinentearen aurkako aldean. Lurrartu ondoren, "kontinentean zeharreko taldeari bere hegoalderako ibilbidean laguntza emango zioten biltegiak instalatuko zituzten, eta geologia ikuskapenak ere burutuko zituzten".[14] Ross itsasoko taldearen papera berebizikoa zen; Shackletonen taldeak berarekin bat soilik Beardmore glaziarrera iristeko behar bezain beste hornigai eramango zituen. Azken 640 kilometroetatik Ross itsasora arte euren biziraupena aurretik Ross izotz hesian zehar erabakitako koordenatuetan ezarrita zeuden biltegien eraginpean zegoen.

Shackletonen programak ibilbidea 1914-1915eko lehenbiziko urtaroan zehar burutu behar zela era argian zehazten zuen. [14] Daily Chronicle egunkariko Ernest Perris kazetariaren arabera, beranduago egitasmo hau gauzatzeko ezintasuna ikusiko zen, eta Shackletonek Ross itsasoko taldearen buruzagitzan zegoen Mackintoshi horren berri eman beharko lekioke, mezu hau ez zen igorri izan, huts honek Ross itsasoko taldearen urtaro hartako betebeharra zaildu zuen.[15]

Finantzaketa

Shackletonek bere planaren bertsiorik sotilena aurrera ateratzeko 50.000 libera (2008 urteko 2,2 milioi libera) beharko zituela pentsatzen zuen.[16] Ez zuen jendea erakarri nahi: "Haiek" amaiezinezko buruhausteak sortzen dituzte".[17] Hautatutako finantzaketa metodoa babesle aberatsen diru laguntzak eskatzea izan zen. Prozesu honi 1913. urteko hasieran ekin zitzaion, hasieran arrakasta gutxirekin.[18] Lehenbiziko diru laguntza nabarmena 1913ko abenduan jazo zen, gobernuak 10.000 libera eskaini zituenean, kopuru oso erabilgarria, baina Shackletonek Nimrod espedizioko zorrak kitatzeko erabili zuen kopuruaren erdia adina bakarrik.[19] Ezer espero ez zuen Royal Geographical Society erakundetik 1.000 libera jaso zituen (Huntforden arabera, Shackletonek, keinu bikain baten bitartez, kopuru horren erdia bakarrik beharko zuela esan zuen).[20]

Denbora amaitu zen, eta azkenik diru laguntzak 1914ko udaberrian eta udaren hasieran zehar lortu ziren Birmingham Small Arms Company (BSA) erakundeko Dudley Dockerrek[21]10.000 libera eman zituen; Janet Stancomb-Wills tabakoaren ondorengo aberatsak kopuru "eskuzabal" bat eman zuen (kopurua ez zen ezagutzera eman), eta ekainean sir James Caird eskoziar enpresariak 24.000 libera eman zituen. Shackletonek Morning Post egunkarian hau baieztatu zuen: "Opari miragarri honek ezinegon guztiez askatzen nau".[22] Orain Shackletonek jarraitzeko dirua zuen. 11.600 liberekin[23] 300 tonatako Polaris izeneko ontzia eskuratu zuen, hau Adrien de Gerlache belgiar esploratzaileak Spitsbergenen espedizio baterako eraiki zuen. Proiektua bertan behera utzi zuten eta ontzia eskuragarria egotera iragan zen.[24] Shackletonek Endurance izenaz berrizendatu zuen, honela bere familiako "By endurance we conquer" ("Erresistentziaren bidez, konkistatzen dugu") leloa islatuz.[25] 3.200 liberagatik Aurora ontzia Ross itsasoko taldeak erabili zezan ere eskuratu zuen -Douglas Mawsonen espedizioan erabilia-, hau Hobart hiriko ontziolan (Tasmania, Australia) eraikia izan zen.

Shackletonek eskuratutako kopuru osoa ezezaguna da, Stancomb-Wills erakundeak burututako diru laguntza ere ezezaguna baita. Halere, diruak, edota diru faltak, espedizioaren antolatzaileak obsesionatu egin zituen.[26] Ekonomia neurri gisa Ross itsasoko taldeari emandako funtsaren proportzioa erdira murriztua izan zen, eta talde honetako buruzagia zen Aeneas Mackintosh komandateak Australiara ailegatu eta ekintzan sartzeko unera arte ez zuen jakin ahal izan.[27] Mackintoshek tratuan aritu, eta dirua eta espedizioaren bere zatia gauzatzeko behar zituen hornidurak eskatu beharrean egon zen.[28] Diru faltak 1916an Ross itsasoko taldeak erreskatea behar zuenean honen zailtzea kausitu zuen.[29] Bere itzulera ondoren, Shackleton gastuak berreskuratzeko oso arin ibili zen. Espedizioko istorioaren erabateko eskubideak Daily Chronicle egunkariari saldu zizkion, eta espedizioari buruzko filmaren irudi eskubideak aprobetxatzeko Imperial Trans Antarctic Film Syndicate elkartea sortu zuen.[30][31]

Eskifaia

Thomas Orde-Lees kolonela eta motorretan aditua.
Harry "Chippy" Mc Nish, eskoziar arotza.
Frank Worsley, Endurance ontziko zeelandar kapitaina.
Lionel Greenstreet, lehen ofiziala.
Robert Clark, biologoa.

Kondairaren arabera, Shackeltonek espedizio honetarako boluntarioak eskatzeko gaur egun ospetsua den iragarki hau The Times egunkarian argitaratu omen zuen:

« Bidai arriskutsu batentzako gizonak behar dira. Soldata eskasa. Berealdiko hotza. Hilabete luzeak iluntasun osoan. Etengabeko arriskua. Bizirik itzultzea ez da ziurtatzen. Ohorea eta eskerrona arrakasta izan ezkero.  »
Ustez 1901an Ernest Shackletonek bere espedizio baterako boluntario eske The Times egunkarian itsatsitako iragarkia.[3]

Ez zen izen emateko boluntario faltarik egon: 5.000 eskakizun baino gehiago jaso zituen, itsasgizonetatik hasi eta Oxford eta Cambridge unibertsitatean ikasitako zientzilariek ere iragarkiari erantzun zioten, hauen artean "hiru neska kirolari" ere bazeuden.[32]

« Nire aitona, Orde-Lees kolonela, beti zer edo zer bikaina egiteko aukeraren zain zegoen, eta nire aitonarentzat horrelako iragarki bat tentazio bat izango zen, ezin izan zion ezetzik eman.  »
Julian Ayer, Thomas Orde-Leesen biloba.[3]
« "Chippy" Mc Nishek egunkarian iragarki bat ikusi zuen, bertan Antartikara joateko gizonak eskatzen ziren. Eta bere buruarekiko zera zioen: Beharbada ez nauk itzuliko, kar, kar, kar... dena dela, bera informatzera joan, eta alde egin zuen.  »
Tom Mc Neish, Harry "Chippy" Mc Nishen bilobaren aipamena.[3]

Ernest Shackeltoni gertatzen zitzaion bezala, jende guzti horri ere abentura eta loria itxaropenek beren buruak eskaintzera bultzarazten zituzten:

« 22 urte nituela elurra eta izotzaren eskualdera joango nintzela amets egin nuen eta Lurreko Poloetako batetara ailegatu arte aurrera eta aurrera egingo nuela.  »
Ernest Shackelton[3]

Azkenik, eskifaia 56 gizonetara mugatu zen, 28 espedizioaren zati bakoitzerako. Gizon guzti horien barnean Buenos Aires hirian itsasoratu zen William Bakewell eta Perce Blackborow galestarra zeuden, azken hau Bakewellen adiskidea, eskifaiaren kide izateko bere eskakizunari uko egin zitzaionean, oharkabean Endurance ontzian sartu eta denboraldi oso labur batez ezkutuko bidaiari gisa joan zena. Bestalde, azken unean Australian Ross taldearen barnean joango ziren gizon batzuk ere batu zitzaizkien.

Espedizioa hasteko unean eskifaiaren sentimendu baikor orokorra Huberht Hudson itsasgizonak bere aitari igorritako gutun honetako zati honek ongi adierazten du:

« Aita maitea. Lerro batzuk besterik ez itsasoratu aurretik. Orain arte ongi pasatu dugu eta ongi joango zaigulakoan nago. Hemeretzi hilabete barru etxean egotea espero dut, eta ondoren gerra frontera joango naiz. Zeinen loriatsua den bizi dugun aro hau!  »
Huberht Hudsonek bere aitari bidalitako gutunaren zatia.[3]

Shackletonek bigarren komandante gisa Frank Wild aukeratu zuen, hau jada Shackletonekin batera Discovery espedizioan eta Nimrod espedizioan egona zen eta 1909ko Hego Polora ailegatzeko martxan ere parte hartu zuen. Wild, Mawsonen Australiar Antartika Espediziotik etorri berria zen.

Tom Crean ofizial buruzagia irlandarra, Terra Nova Espedizioko heroia zen,[33] bigarren ofiziala izendatua izan zen, Antartikako beste aditu bat zen Alfred Cheetham ere hirugarren ofiziala bilakatu zen. Nimrod espedizioko beste bi beterano Ross itsasoko taldearen buruzagitzarako izendatuak izan ziren: Aeneas Mackintosh kapitaina, eta Ernest Joyce.[34] Endurance ontzia zuzentzeko, Shackletonek John King Davis kontuan izan zuen, honek Australiar Antartika espedizioan zehar Aurora ontziaren buru izan baitzen, baina Davisek "ekintza hark porrot egingo zuela eta" uko egin zion; horrela bada, Shackletonek kargua Frank Worsleyri eman zion, esan ohi denez, azken hau amets batean ohartu ondoren espedizioan bere izena eman omen zuen.[35] Endurance ontzian zihoan zientzialari taldea Alexander Macklin eta James McIlroy zirujauek; James Wordie geologoek; Robert Clark biologoak; Reginald James fisikariak, eta Leonard Hussey metereologoak osatzen zuten, azken honek Shackletonek bere espedizioari buruz eginiriko narrazioa South liburuan argitaratuko zuen. Frank Hurley argazkilaria eta George Marston artistak espedizioari buruzko informazioa irudi eta argazkietan jarriko zuten.

Azkenean Ross itsasoko taldearen osaketa kritikoa izango zen. Aurora ontzian ontziratzeko helburuz Britainia Handitik Australiara atera ziren batzuk Ross itsasora joateko itsasoratu aurretik bidaiari uko egin zioten, eta eskifaiaren zati handi bat azkeneko minutura arte zalantzan egon zen.[36] Mackintosh eta Joycek aurretik Antartikan esperientziaren bat edo beste izana zuten, aurrenekoaren kasuan oso mugatua.[37]

Shackletonen izaera

Sakontzeko, irakurri: «Ernest Shackleton»
Shackletonen emaztea, Emily Shackleton, eta bien seme-alabak.
« Zientzi espedizio bateko buru gisa nik Scott aukeratuko nuke, raid azkar eta eraginkor batentzako Amundsen; baina zoritxarraren erdi-erdian, irteerarik ikusten ez duzunean, belaunikatu eta otoitz egin Shackleton bidali diezazuten.  »
Raymond Priestley (1886-1974). Geologo eta esploratzailea.[3]

Ernest Shackleton 1874an Irlandan jaio eta familia diruduneko emakume ingeles batekin ezkonduta zegoen, baina senar eta aita axolagabea zen. Pertsona geldiezin edo ipurtarina zen, bere espedizio luzeetan egonez beti gusturago izan ohi zen, behin bere emazteari honela idatzi omen zion:

« Batzuetan urruti eta leku ezezagunetan egotea baino beste gauzarik egiten ez dakidala uste dut.  »
Ernest Shackleton[3]
« Shackleton ez zen ordutegiko gizona, errutina gizona, gizon handi bat izan nahi zuen, handitasuna, sona bilatzen zituen. Eta modu batez, ospea eta fortuna lortzeko ezeren aurrean ez zela geldituko uste dut.  »
Roland Huntford, Poloetako historialaria.[3]

Shackletonen ontziaren izena Endurence zen (euskara "Erresistentzia" edo "Iraunkortasuna"), hau bere familiaren leloan oinarritzen zen: "By endurance we conquer" ("Erresistentziaren bidez, konkistatzen dugu"), Ernest Shackletonen izaera eta barne indarra ederki deskribatzen zituen esaldi borobila zen.

Esploraketekin, Sir Ernest Shackletonek zaldun titulua eta ospea bereganatu zituen, baina oraindik ez zuen bere ametsa egia bilakatu:

Aurretik, birritan egon zen Hego Polora iristeko saiakeretan, eta birritan porrot eginda itzuli zen, eta azkenik Roald Amundsen norvegiarrak aurre hartu zion. Shackletonen abentura berriak britainiarren imajinazioaren jabe egin zen, nahiz eta haietako denak unkituta ez egon. Garai hartan Itsas Armadako ministroa zen Winston Churchillek adibidez, Shackleton esploratzaile handia abenturazale soil bat bezala ikusten zuen, eta bere azken proiektuari ezezkoa eman zion. Hau idatzi zuen:

« Jada balentria antzu honetan nahiko bizitza eta diru xahutu dira. Hego Poloa deskubrituta dago. Zertarako balio du beste espedizio batek?  »
Sir Winston Churchill.[3]

Hala eta guztiz ere, 1914ko abuztuan, zazpi hilabete neketsuko prestaketen ondoren, Shackleton eta bere 27 gizonez osatutako eskifaia itsasoratzeko prest zeuden. Baina bere ontzia itsasoratzera zihoalarik, Shackletonek ezagutzen zuen mundua aldatzen ari zen: Europan Lehen Mundu Gerra piztu zen. Shackletonek bere eskifaia eta ontzia gerrarako Britainia Handiari eskaini zizkion, Britainiar Itsas Armadak eskaintzari hitz batez erantzun eta uko egin zion: Jarraitu aurrera. Honela bada, espedizioari ekin zioten.

Abenduaren hasiera aldera Shackletonek ez zen gehiago zain egon, eta Antartikako uda probestu nahi zuen. Bere diru guztia espedizio honetan inbertitu zuen eta gerran murgildu berria zen Europa atzean utzi berria zuten. Aurretik bere ametsa birritan eskuetatik kendu zioten, ordurako 40 urte zituen, eta hura bere azkeneko aukera izango zela oso argi zeukan.

Hego Polorako aurreko britainiar saiakeretan egindako hutsegiteak ez errepikatzeko asmoz, norvegiarren eredua jarraitu eta 69 kanadiar lera txakur berekin batera eraman zituen, Antartika kontinentean zehar 2.400 kilometroko bidaia burutuko zuten sei gizonentzako ere hornidura biltegiak jarriko ziren.

John Vincent itsasgizon sendoa eta boxeo txapelduna.

Shackletonen izaeraren oinarria baikortasuna zen. Eskifaia guztiak The Boss ezizenez ezagutzen zuen, hots, Buruzagia, berezko liderra zen. Bere gaztarotik abentura bilaketaren ideia erromantikoak bultzatu zuen. 16 urterekin txo modura nabigatu zuen, 24 urterekin Itsas Merkataritza Zerbitzuko kapitain maila jaso zuen, handik gutxira Robert Falcon Scotten bere lehenbiziko Antartikarako espediziorako ofizial gisa aukeratu zuten. Azken espedizio honetan elkarbizitzan leku txikietan zeuden izaera eta maila sozial ezberdinetako gizonen arteko liskar, tentsio une eta eztabaidak ikusi zituen, eta Scotten buruzagitza edo lidertza desegokiaren eraginez eskifaiaren moralak nola gainbehera egiten zuen so egin zuen. Shackletonek bazekien berak hobe egin zezakeela.

Shackletonek bere gizonek eguneroko errutina zorrotz bat eraman zezaten defendatzen zuen eta haien morala eta adorea zehaztasunez kontrolatzen zuen. Taldean zatiketa edo liskarren baten mehatzua agertzen zenean Shackletonek irmoki erantzuten zuen. Behin batez Pisu Astunetako Boxeo txapelduna izandako John Vincent ofiziala itsasgizonak ikaratzen harrapatu zuten, Shackletonek berehala bere gelara deitu zuen: mailaz jaitsita atera zen.

Denek, Buruzagia barne, batera eta edozein betebehar edo lan burutzen zuten. Walter How itsasgizonak honako hau gogortzen zuen:

« Denek lan egiten zuten, zer ziren edo nor ziren berdin zion, euren aurreko lanbide-prestakuntzek ez zuten ezertarako balio.  »
Walter How, itsasgizona.[3]

Adibidez, James Wordie zientzilaria garbiketa talde batean sartu zuten.

« Denak edozertan laguntzeko prest zeuden. Baita zorua garbitzean ere. Eta Shackleton berberak ere, bere irlandar jatorria, eta komunikazio eta parte hartzeko gaitasunarekin denak bat zirela sentiaraztea lortu zuela uste dut. Talde bat ziren, ez batzuk besteen aurka.  »
Roland Huntford, Poloetako historialaria.[3]
1907 eta 1909 bitartean burutu zen Nimrod espedizioa. Ezkerretik eskubira: Wild, Shackleton, Marshall eta Adams. 1909ko urtarrilaren 9a.
« Bere gizonei espedizioaren helburua baino aurretik jartzen zituela esan zien. Helburua handia zen, baina beraiek garrantzitsuagoak ziren.  »
Roland Huntford, Poloetako historialaria.[3]

Espedizioko buruzagitzan bigarrena zen Frank Wild 1909ko espedizioan Shackletonekin batera egona zen, une batez Buruzagiak bere gizonak heriotza ziur batetik salbatzeko Hego Poloko helburuari uko egin zion. Wildek Shackleton helmugatik soilik 156 kilometrotara zegoela atzera itzultzen ikusia zuen. Gau batez, bi gizonak gosez hiltzeko zorian zeudela, Shackletonek bere hornidura eskasetatik hartutako opiltxo bat hartu eta Wildi jatera behartu arazi zion. Gerora Wildek gertakari hau honela deskribatu zuen:

« Eman zidan bere eskuzabaltasun eta elkartasunaz munduan inor gehiago ez dela konturatuko suposatzen dut. Ni bai. Jainkoaren izenean, inoiz ahaztuko ez dudala.  »
Frank Wild[3]

Espedizioa

Bidaia izotzean zehar

1914ko abuztuaren 8an Endurance ontzia Plymouth hiriko portutik itsasoratu zen. Buenos Aires hirian geldiune labur bat burutu zuen, han Hurley William Bakewell eta Perce Blackborow galestar gaztea ezkutuko bidaiari gisa ontziratu eta eskifaiari gehitu zirelarik.[38] Hegoaldeko Georgiako Grytviken portuan hilabete bateko geldiune bat burutu zuten. Leku hau handitasun izoztuaren erdian kokatzen zen gizakien azken kokagune aurreratua zen, uharte honetan konpainia ezberdinetako gizonek zuzenduriko baleazale komunitateen bizilekua zen.

Bertako apaiz batek modu erromantiko edo bitxi honetan deskribatu zituen bertako baleazaleak:

« Orain koipea atera eta olioa jasotzen duen antzinako nobleen arraza nabarra eta eroritako beste hainbat izaki dira, haietako asko edo gehienak bizitzarekin muturka dabiltz.[3]  »

Ernest Shackletonek errebelde eta bakarti horiekin zeozer amankomunean bazuen. Aurretik Shackletonek bi saialdietan atzera egin beharra izan zuen, une hartan 40 urte zituen eta hura bere azken aukera izan zitekeen.

Ondoren, Abenduaren 5ean Endurance ontzia Antartikara zuzendu zen. Bi egun beranduago, bankisa 57°26'H latitudean, oso iparraldean zegoela eta, Shackleton lur eta zur utzi zuen,[39], honek ontzia maniobratzera behartu zuelarik. Hurrengo bi egunetan zehar izotz blokeekin talka gehiago izan zituzten, azkenik abenduaren 14an izotz geruza oso lodia bilakatu eta ontzia 24 orduz geldirik egon behar izan zuen arte. Hiru egun geroago, ontzia berriz gelditu zen. Shackletonek honako hau aipatu zuen:

« Weddell itsasoan baldintza latzetarako prestatu nintzen, baina blokeak askoz ere askeagoak izango zirelakoan nengoen. Topatzen ari ginena izotz oso trinkoa zen, eta izaera egoskorra zuena  »
Shackleton, 11. orr.

Alexander Macklin eskoziar doktoreak, zirujaua eta txakurren zaintzaileetako bat zenak, ontziaren kapitaina zen Frank Worsleyren izpiritu bikainari buruz honako hau idatzi zuen:

« Worsley izotz blokeen aurka talka egiten espezializatu zen, eta izotz bloke on bat bitan zatikatzeko asmoz sarritan ibilbidetik desbideratu ohi zelako susmo arina ere badut. Izotzaren aurkako talka, bere hausketa eta berau zeharkatzean sortutako sentsazioaz gozatu egiten zuen.  »
Alexander Macklin[3]
Ontzia askatzeko lanak.

Erronka, izotz bloke multzo horien artean nola edo hala nabigatuz Antartika kontinentera ailegatzea izango zen. Bidai hau aurrerakadak jazo ohi ziren geldiune ugarien ondorioz atzeratuz zihoan, hartara zundek igarobidea ireki eta Endurance ontziak abenduaren 22ra arte gelditu gabe jarraitu zuen arte. Ontzia Weddell itsasoan barneratzen zihoan einean, Hau hurrengo bi asteen erritmoa izango zen. Ondorengo atzerapenek 1915eko lehenbiziko egunetako aurrera egitea moteldu zuten, nahiz eta urtarrilaren 7 eta 10ren arteko hegoalderanzko ibilbide luze batek 30 metroko garaiera zuen horma baten aurrera eraman zituzten, honek 1904ean William Speirs Brucek deskubritutako Coats lurraldeko antartikar kostaldea ezkutatzen zuelarik.[40] Urtarrilaren 15ean Endurance ontzia glaziar handiaren aldamenean zegoen, bere ertzean lehorreratzeko egokia zirudien badia bat zegoelarik. Halere, Vahsel badiatik oraindik nahiko iparraldera zeuden, "berealdiko beharragatik ez beste", aurrerago ikusiko zen bezala, Shackleton damutuko zen erabakia izango zen.[41] Urtarrilaren 17an, 200 kilometroko bidaia luze baten ondoren, ontzia 76°27'H latitudera ailegatu zen; Shackletonek aurrean ikusten zuten lurraldea Caird Coast izenez deitu zuen, euren babesle nagusiena zenaren omenez. Eguraldi txarrak haizebean lehorreratuta aterpean egotera behartu zituen.

Luitpold kostaldetik hurbil zeuden, beren helmuga zen Vashel badiako muturrik hegoaldekoenea. Hurrengo egunean, ontziak 23 kilometro nora ezean mendebalderantz egin zituen, hegoaldera jarraitu eta gero, arinki ipar-mendebaldeko norabidea hartu zuen.

Sei hilabeteko bidaiaren ostean euren helmugatik 160 kilometroatara zeuden. Bapatean itsasontziak oso mantso nabigatzera behartzen zuen izotz gogorraz osatutako eremu batean sartu ziren, Worsley kapitainak zoritxarreko erabakia izango zenaren inguruko aipamen hau burutu zuen:

« Izotzaren ezaugarriak berriz ere aldatu egin dira. Izotz zatiak oso lodiak dira, pasabideak energia handia xahutuz topatzen ditugu, hortaz, ipar-mendebaldeko haize hau moteltzen denerako izotz kapan mantentzea nahiago dugu  »
Frank Worsley[3]

Ondoren bertan behera erabat gelditu zen.[42] Kokapena 76°34'H eta 31°30'M zen. Goizalderako gizonek itsasontzia izotzez erabat inguratuta zegoela frogatu ahal izan zuten. Egunak igaroz zihoan, baina izotzak ez zuen askatzeko itxurarik ematen. Lasterrera, Endurance ontzia euren helmugatik egun batetara zeudela izotzetan harrapaturik gelditu zela argi eta garbi geratu zen.[43] Handik urte batzuetara, ontzi hartako Leonard Hussey metereologoak espedizioaren patua erabat aldatu zuen gertaera modu honetara oroitu zuen:

« 1915eko otsailaren 14an tenperatura bapatean zero azpitik 8 gradutik 28 gradutara jeitsi zen. Itsaso guztia izoztu eta gu ere harekin izoztu ginen.  »
Leonard Hussey[3]

Ustekabean ontzitik 400 metrotara kanal bat ireki eta ur irekietara ailegatzeko aukera eskeini zien.

Ontzia libratzeko saiakera lanak jarraituz joan ziren, eta otsailaren 14ean Shackletonek pasabide bat ireki asmoz bere gizonei zizel, punzoi, zerra eta pikotxez izotza ebaki zezaten agindu zien, betebehar latz horretan 48 orduz jardun zuten, baina alferrikako lana izan zen. Lan neketsu hauek argazkiz irudikatu zituen ontziko Frank Hurley argazkilariak hau aipatu zuen:

« Noski, ez genuen inongo lehergailurik eskura, soilik pikotx eta palak.  »
Frank Hurley[3]
Alexander Macklin eskoziar doktorea.
« Gizon guztiek gauerdirarte lan egin zuten, orduan gelditzen ziren izotz zatiaren bi herenen neurketa burutu zen. Etsipen handiz, gelditzen zen izotz zatia apurtuezina zenez, gainontzeko lana bertan behera utzi genuen.  »
Frank Hurley[3]

Halere, Shackeltonen izaeraren ezaugarri nagusia bere baikortasuna zen. Endurance ontzia izotzetan harrapatuta gelditu zen unean Shackletonek izan zuen jarrerari buruz Macklin doktoreak honela dio:

« Oinazegarria baino gehiago zen, erotzekoa zen. Orduan Shackletonek bere handitasun txinparta horietako bat izan zuen. Ez zen amorratu, ez eta etsipen keinurik kanporatu ere. Lasaitasunez, negua izotzetan iragan beharko genuela besterik ez zigun esan. Inoiz ez zuen bere baikortasuna galdu, eta negurako prestatu ginen.  »
Alexander Macklin doktorea[3]

Shackletonek ez zuen askatzeko itxaropena alde batetara utzi, baina jada "bankisaren gainazal desatsegin eta babesgabean negua igarotzeko aukera" aurreikusia zuen.[44]

Endurance ontzia nora ezean

Shackleton eta Wild izotz bankisaren gandor artean.
Endurance ontziko Ritz gela negu gorriko arratsalde batean. 1915.
Ile mozketa lehiaketa.

Udaberrirarte isolatuta egon ziren, gertakari latz hartatik zazpi hilabetera, sarritan munduarekin zuten irrati harremana galtzera ere iritsi ziren. Otsailaren 21ean Endurance itsasontzia aurrerantz arin zihoan, bere latitude hegoaldekoarena ailegatu zelarik, 76°58'H, eta ondoren modu jarraian eta izotz bankisarekin batera iparralderuntz mugituz hasi zen.[45] Otsailaren 24ean Shackleton neguan zehar arriskuan egongo zirela ohatu zen, hortaz ontzi barruko errutina uzteko agindua eman zuen. Txakurrak ontzitik atera eta dogloos izeneko izotzezko txakurtegietan jarri zituzten, bienbitartean ontziaren barnealdea eskifaiaren talde ezberdinentzako egoitza egokituak bilakatu ziren: ofizialak, zientzialariak, ingeniariak eta itsasgizonak. Irrati-tresneria doitu zen, baina seinaleak jaso edota bidaltzeko oraindik zail zuten.[46]

Eskifaia urduri eta ezinegonean zegoen. Biltegizaina eta motorretan aditua zen Thomas Orde-Lees kolonelak bere uste handiarekin gizon guztiak haserraztaen zituen. Bere egutegiko ohiko aipamen batean hau idatzi zuen:

« Laugarren ofiziala eta arotzaren mahai berberan esertzen saiatu naiz, azken hau zentzu guztietan txerri hutsa da. Baina hau nireak bezain finak ez diren ideia eta jokamoldeetara egokitzeko egin dut.  »
Thomas Orde-Lees[3]

Beste batzuk gizarte maila ezberdinetako jende nahasketaren ondorioz zuten bere nahigabearekin ados zeuden. Mingain zorrotzeko Harry Chippy MacNish eskoziar arotzak iritzi argi eta adierazkor hau zuen Thomas Orde-Lees kolonela eta motor adituari buruz:

« Orde-Lees bizkar uzkurdura baten ondorioz ohean dago. Atzo elurra kentzen egon zen. Londres hiritik atera ginenetik burutu duen lehenbiziko lana.  »
Harry McNish.[3]

Izotzetik askatzeko aukerari zegokionez, Shackletonek berriki jazo zen Wilhelm Filchner-en Deutschland ontziaren adibidea kontutan hartu zuen, ontzi hau hiru urte lehenagotik izotzetan harrapatuta gelditu baitzen. Vahsel badian lur lehorrean base bat ezartzeko Filchnerren saiakerek huts egin ondoren, 1912ko martxoaren 6an Coats Land kostaldetik 320 kilometrotara zegoela bere itsasontzia harrapatuta gelditu zen. Sei hilabete beranduago, 63°37 latitudean, ontzia aske gelditu eta Hego Georgiara zuzendu zen. Antzeko eskarmentu batek ere zetorren udaberri antartikoan Endurance ontzia Vahsel badiara iristeko bigarren saiakera baten oinarria izan ziteken.

Otsaila eta martxoaren artean izotzaren noraezearen abiadura oso baxua izan zen. Martxoaren amaieran Shackletonek urtarrilaren 19tik 155 kilometro bidaiatu izan zuela kalkulatu zuen.[47] Halere, negua ailegatzean abiadura areagotu eta inguruko izotzaren baldintzak aldatuz joan ziren. Apirilaren 14an Shackletonek aldameneko izotz blokea erregistratu zuen, hau "pilatu eta izotz masen aurka zihoan"; ontzia asaldatze honetan harrapaturik gelditu ezkero "arraultz oskol baten gisara kraskatuko zen".[48] Maiatzean, neguko hilabeteak amaitu ostean, ontzia 75°23'H, 42°14'M, kokapenean zegoen, eta dena noraezean zihoan, orokorrean iparralderuntz. Modu honetan gutxienez lau hilabetez egon zen, azkenik udaberriak izotzetan irtenbide bat irekitzeko aukera eskeini zuenean, honela Endurance ontzia Vahsel badiara bidaiatzekoo denborarik gabe gelditu zitekelarik.[49] Leku honetara ailegatzea posiblea balitz, Shackletonek Weddell itsasoko mendebaldeko kostaldean lehorreratze gune alternatibo bat topatzeko aukera hausnartzen ari zen. "Bienbitartean, itxaron egingo dugu", idatzi zuen.[50]

Maiatza, ekaina eta uztaileko neguko hilabeteak erlatiboki lasaiak izan ziren eta Shackletonen betebehar nagusia eskifaiaren sasoi fisikoa landu, entrenatu eta kemena mantentzea izan zen, betebehar hau, dirudienez, maisutasun handiz bete ohi zuen:

« Futbolera jokatu, izotzetan txakur lasterketak egin eta gauez antzerkiak antzeztu ohi zituzten.[51]  »

McNish arotzak zera idatzi zuen:

« Presoak dirudigu, eta oraintxe bertan bizimodu hortatik ez gaude oso aparte, baina oraindik egunen batean zibilizaziora itzultzeko itxaropena dugu.  »
Harry Chippy McNish[3]

Izotzaren hausketaren lehen zantzuak uztailaren 22 eta abuztuaren 1a artean eman ziren, hego-mendebaldetik zetorren elur pisuz lagunduriko haizete batean zehar. Endurance ontzia 72°26'H, 48°10'M kokapenean zegoen eta izotz bankisa ontziaren inguruan hausten hasi zen, baina presioak brankaren azpiko izotz masak indarrez behartzen zituen eta honek ababor alderako okertze bat sortzen zuen. Posizioa arriskutsua zenbarco; Shackletonek zera idatzi zuen:

Txakurrak noraezearen azken zatian Endurance ontziari begira, Weddell itsasoan hondoratu baino une batzuk lehenago.
« Gure inguruko presioaren efektua ikaragarria zen. Neurrigabeko izotz blokeak [...] astiro altxatu eta hatzen artean birrindutako gerizen hezurren gisa jauzi egiten zuten [...] behinola ontzi bat irmoki harrapatuta gelditu ezkero, bere patua jada idatzia egonen zen.[52]  »

Irailaren hasieran noibehinka jarraitu zuten itsas enbata latzak berragertu ziren. Irailaren 30ean Worsleyk honako hau deskribatu zuen: ontzia "dozena bat aldiz edo, alde batetik bestera astindu gintuen presio izugarria" jasan behar izan zuen.[53] Shackletonek aurretik Worsleyri Endurance ontzia izotzetik askatzean suntsitua izango zelako bere irudipena jakinarazi zion.[54] Bienbitartean Shackleton eta Frank Worsley kapitainak sarritan ontzi kroskoaren egoerari so egin ohi zioten. Honi buruz hau aipatu zuen Thomas Orde-Lees kolonelak:

« Azken aldi honetan Shackletonek sekulako ezinegona jasango zuelakoan nago. Baina hain ikertezina zenez, bere jokamoldean inork ezingo luke ezer igerri. Ziurtasunez badakit, hiru egunetan behin ere ez zela oheratu, eta hamar egunez erropak ez dituela erantzi ere uste dut.  »
Thomas Orde-Lees[3]

Ernest Shackletonek bere gelan kezkaturik handik honata zebilen, gerora Frank Worsley kapitainak hitz hauek zuzendu zizkiola oroitu zen:

« Zera esan zidan: Ontziak ezin du hemen biziraun, kapitaina. Denbora gauza besterik ez da. Izotzak harrapatzen duena berarekin darama.  »
Sir Ernest Shackletonen hitzak Frank Worsley kapitainari.[3]

Handik 40 urtera Walter How itsasgizonari eginiriko elkarrizketa batean une hura honela oroitu zuen:

« Izotzak istribor aldea estali zuen eta ontzia erabat altxatu eta ababor aldera asko makurtu zuen. eta egurra karraskatuz hasi zen. - Izotza areagotzen zioan einean egurra karraskatzen asko entzuten al zenuten? (elkarrizketatzailea) - Nahitaezkoa zen. Su artifizialak edo kanoi tiroak bezalakoak ziren.  »
Walter How[3]

Gizonek oraindik ontzia askatu nahian gogor lan egin zuten. McNish arotz estoikoak berak ere hau idaztera iritsi zen:

« Ontziak hura jasan ezin zuela uste genuen uneak ere bazeuden, denek erropa pilo bat egin dugu, nik maite ditudanen argazkiak biblia baten barnean sartu ditut.  »
Harry Chippy McNish arotza[3]
« Ontzia alde batetik bestera balantzan doa, leihoek karraska egiten dute, eta taulak arrailatu eta okertu egiten dira. Indar sakon eta erraldoi hauen erdian, gu ezdeus babesgabearen pertsonifikazioa gara.  »
Harry Chippy McNish arotza[3]

Nahiz eta Endurance ontziak presio izugarriak jasan izateko ahalmena erakutsi izan, une hartako ontziaren egoera lazgarria zen, eta urriaren 24ean istriborreko aldeak izotz zati handi baten aurka talka egin zuen. Izotzaren presioa ontziaren alde hartan areagotuz zihoan, azkenean ontzi-kroskoa biratuz eta pitzatuz hasi zen arte; orduan ontzian ura sartzen hasi zen. "Ontzi barneko hagak puskatu zirenean soinu izugarria entzun zen", urte batzuk beranduago itsasgizon haiek soinu hau "su artifizial edota armen leherketa" bezala deskribatu zuten.[55]

Eskifaiak ontzi-kroskoa sendotu eta bertara sartutako ura ponpatzeko saiakeretan zeudelarik izotzera hornigaiak eta hiru erreskate txalupa jeitsi zituzten, baina egun batzuk iragan ondoren, 1915eko urriaren 27an eta -25 °C tenperatura zutela, izotzetan harrapatuta hamar hilabete zeramazkitela, Shackletonek ontzia uzteko agindua eman zuen. Ontziaren abandonatze eguneko kokapena 69°05'H eta 51°30'M-koa zen.[56] Jada galdutzat emandako ontzia hainbat astez ur gainean mantendu zen, aste horietan zehar eskifaiak hornigaiak eta materiala erreskatatu zituen, horien barnean Hurley-ren argazki makina eta argazkiak zeudelarik, hauek hasiera batean barnean gelditu baitziren. Kristalezko plaketan zeuden ia 550 argazkietatik, Hurleyk 150 hoberenak aukeratu zituen, eraman zitzazken gehienezko kopurua, eta gainontzekoak suntsitu egin zituen.[57]

Walter How itsasgizonak une gogor hura honela deskribatu zuen:

« Shackletonek Frank Wild bidali zigun eta honek ontzia utzi behar genuela azaldu zigun. Aurretik, ziurrenik Sir Ernestek argi gorria ikusi zuen, eta trineoak hornigaiez gainezka zeuden.  »
Walter How[3]
« Itsasgizon batentzat bere ontzia bere etxebizitza dela oroitu behar da, eta behin ontzia utzi ezkero, galdua da. Espedizio honetako abenturazaleak, hemen gelditzea espero zutenek, zeri aurre egin behar zioten zekitenek: Tom Cream bezala, Worsley, Shackleton bera, Wild... zeozer errazago egokitu ziren. Baina latza zen.  »
Walter How[3]

Kanpalekua izotzetan

Hurley eta Shackleton izotz gaineko akanpalekuan.
Tom Crean eta Cheetham.

Zero azpitik 28 gradutara zeuden, ontzia galduta, hiru txalupa eta hasierako hornigaien zati txiki bat besterik ez zuten. Leonard Husseyri bere banjoa eramaten utzi zitzaion, Shackletonek banjo honi berebiziko sendagai mentala deitzen zion, gizonen adorea berpizteko balio baitzuen. Halere, Shackletonen aginduz, hiru txakurkume eta ontziko maskota zen Mrs. Chippy katua sakrifikatuak izan ziren. Arropa nahikoa bazuten, baina ez behar adina itsas txakur larruzko lozakurik. Behinola, William Bakewell estatubatuar itsasgizonak Shackletonek antolatutako zozketa oroitu zuen:

« Zozketan txartelak ateratzerakoan trikimailuren bat egona zen. Sir Ernest, Wild eta beste hainbat ofiziali artilezko lozakuak suertatu zitzaizkien bitartean, larruzko lozaku on beroak euren agindura zeuden gizonei suertatu zitzaizkien.  »
William Bakewell[3]

Goiz hotz batez, Shackletonek bere eskifaia osoa bildu eta une hartako egoera argi eta garbi azaldu zien. Alexander Macklin doktoreak gertakari hura honela oroitu zuen:

« Berarekin beti gertatu ohi zen gisan, pasatutakoa pasatuta zegoen. Emozio, melodrama edo imintziorik gabe, zera esan zuen: Ontziak eta hornidurak galdu ditugu, hortaz, bagoaz etxera.  »
Alexander Macklin doktorea[3]

Shackletonen itxura lasai hark, izotzetan bueltaka bakarrik igaro zuen aurreko gaua eskutatzen zuen:

« Iluntasunean nire gogora etortzen ziren pentsamenduak ez ziren alaiak. Misioa orain gizonen segurtasuna bermatzea zen, eta horretarako Antartikan nireganatu dudan eskarmentuak eskeintzen dizkidan baliabide guztiak erabili beharko ditut.  »
Sir Ernest Shackleton[3]
« Ezerk ezin dezake gizon bat lur jotago utzi, bere ametsak zapuztuta ikustea baino. Baina bestaldetik, helmuga bat desagertu baldin bazen, beste bat zuela konturatu zen. Eta zera pentsatu zuen: kontinentea zeharkatu ezin baldin badezaket, nire gizonak bizirik itzul daitezen saiatuko naiz. Esploraketa Polarrak hildakoz beterik zeudela ez da ahaztu behar. Irriki hura, bere gizonekin bizirik itzultzeko irriki fanatikoa zen, hura indar eragile nagusia bilakatu zen. Axola zitzaion gauza bakarra zen. Aurrez zure buruari proposatutako zeozer lortzeko saiakeratik hasi eta porrot batetik suspertzeko burututako gehiegizko ahalegina arte, gizon ugari hondatu izan duen ahalegina da, baina ez zuen Shackleton hondatzea lortu.  »
Roland Huntford, Poloetako historialaria[3]

Jada ontzia galdua zegoela, bidaia transkontinentala burutzeko asmoa alde batetara utzi behar izan zuten, orain espedizioaren biziraupena ezinbesteko helburua bilakatu zen. Helburu honetarako Shackletonek bere eskifaia Snow Hill uhartera eraman nahi zuen, bertan 1902-1904 artean ezarria egon zen Otto Nordenskiöld-en suediar espedizioko kokalekua baitzegoen,[58] han larrialdietako hornidurak topatzeko itxaropena baitzuten; beste irtenbidea Paulet uhartera joatea zen, Shackletonek bai bazekien han elikagai biltegi garrantzitsu bat zegoela,[59], hirugarren aukera Robertson uhartera joatea zen.[60] Shackletonek uharte haietatik abiatuz Graham lurraldea zeharkatu eta Wilhelmina badiako baleazale postu aurreratuetako batera ailegatuko zirenaren ustea zuen. Worsleyren kalkuluen arabera, Snow Hill uhartetik ontziaren ondoratze kokalekura zegoen distantzia 500 kilometro ingurukoa zen, horri Wilhelmina badiara joateko zeuden 190 kilometro baino gehiago gehitu behar zitzaizkion.[61] Eurekin batera elikagaiak, erregaia, biziraupen ekipamendua eta hiru erreskate txalupa astun eraman beharko zituztela aurreikusi zuten. Shackletonek honela idatzi zuen:

« Zuzena oinezko ibilaldiari ekitea dela uste dut. Egunero hamar-hamabi kilometro egin ezkero, babesleku bat aurkitzeko aukerak asko handituko dira. Gizonentzat lur lehorraren norantzan doazela sentitzea, eseri eta itxarotea baino hobekiago izango da.  »
Sir Ernest Shackleton[3]

Ibilaldia martxoaren 30ean hasi zen, baina arazoak berehala agertu ziren: hiru eguneko ibilaldi gogor baten ondoren, itsasontzia oraindik begibistan zuten. Inguratzen zituzten izotzaren egoerak bidaiatzea ia ezinezkoa egiten zuen. Presio horizontala areagotuz zihoanez, izotza tolestatu eta altxatu egiten zen, honela hiru metrotako garaierara ailegatzen ziren presio kateak sortuz. Azalera honen gainaldean, bi egunetan zehar, eskifaiak hiruren bat kilometro aurreratzea besterik ez zuen lortu. Azaroaren 1ean Shackletonek, Wild eta Worsleyrekin batera, ibilaldia uztea erabaki zuen, kanpatu eta izotza hautsi zedin itxaron zuen.[62] Bere ibilaldia bertan behera laga zuten izotz bloke lau eta egonkorrari "Ozeano kokalekua" deitu zioten. Endurance ontzia bisitatuz jarraitu zuten, hau oraindik zeuden lekutik distantzia gutxira ondoratuz jarraitzen zuen. Bertan utzitako hornidura ugari 1915eko azaroaren 21a arte berreskuratzen jarraitu zuten, egun honetan bertan ontzia behin betiko izozpean ondoratu zen arte.[63] Azaroaren 1etik aurrera noraezeren abiadura handituz hasi eta azaroaren 7an jada eguneko bost kilometrotakoa zen. Abenduaren 5a baino lehen jada 68°H koordenatua iragana zuten, baina euren norantza ekialdetik iparraldera biratzen zihoan. Honek Snow Hill uhartera joateko zaila edo ezinezkoa izango zen kokaleku batetara zeramatzan. Halere, norantza berri honek Paulet uhartea ezinbesteko helburu bilakatu zuen.[64] Uhartea 400 kilometro ingurura zegoen eta Shackleton uharte hartara ailegatzeko erreskate txalupekin burutu beharreko ibilbidearen distantzia murrizteko moduaz arduratuta zegoen. Hau zela eta, abenduaren 21ean, abenduaren 23an hasiko zen ibilaldi berri bat iragarri zuen.[65]

Halere, eguraldi baldintzak ez ziren aurreko saikeratik askorik hobetu. Tenperatura handiagotu eta modu ez eroso batean beroa zen. Itsasontziak garraiatzen zioazelarik, oinez zihoazela hankak elur biguinean belaunetaraino sartzen zitzaizkien. abenduaren 17an, Harry "Chippy" McNish ontziko eskoziar arotza matxinatu eta lanean jarraitzeari uko egin zion. Honek argudiatzen zuenez, Endurance ontzia behin ondoratu ondoren, jada almirantego legeak jada indargabe gelditu ziren, hortaz, ez zegoen Shackletonen aginduak betezera derrigortua. Shackletonen erantzun irmoak arotzak bere jokamoldea berriz pentsa zezan eragin zuen, baina gertakari hau ez zen behin ere ahaztua izan.[66] Gerora, McNishek talde osoaren erreskate lanetan bere betebeharra burutu zuen, hala eta guztiz ere, Domina Polarra ukatu zitzaien eskifaiako lau kideetako bat izan zen.[67][68] Bi egun beranduago, zazpi egunez hamabi kilometro aurreratzea besterik lortu ez zenean, Shackletonek geldiune bat agindu zuen, honi erreparatuz: "Lur lehorrera ailegatzeko hirurehunen bat egun beharko genituzke".[69] Taldeak kanpa dendak berriz ere ipini eta Shackletonek "Pazientzia zelaia" deitu zuen lekuan ezarri ziren, hau hiru hilabetez beren bizilekua izango zelarik. Hornigaiak urritzen hasi ziren. Hurley eta Macklinek aurretik pisuz arintzeko atzean utzi zituzten elikagaien zati bat berreskuratzeko asmoz "Ozenao zelaira" itzuli ziren. 1916ko otsailaren 2an Shackletonek taldearen zati bat hirugarren erreskate txalupa berreskuratu zezaten taldeko zati bati itzul zedin agindu zion. Asteak aurreruntz zihoaztela, elikagaien urritasuna kritikoa bilakatzen hasi zen. Shackletonek enpaketatutako gainontzeko anoak gordetzen saiatu zenean, ordurarte euren dietari gehitu zitzaion itsas-txakur haragia lehen beharretarako gaia bihurtu zen.

Lau txakurkume jaio berriak, eta euren aitabitxi izendatu berri zuten Tom Crean itsasgizona.
"Shakespeare", txakur talde guztiko liderra (Hurleyren argazkia).

Gizonek lanak burutzeko txakurren laguntza erabili zuten, lasterrera ezinbesteko laguntzaile bilakatu zirelarik. Hurleyk honela idatzi zuen:

« Hitz batzuk nire txakurrei buruz: Shakespeare, ezizenez Tuchko, Holy Hound eta Backwiskers, animalia bikaina da. Modu batera, artzain txakur ingelesa dirudi. Izaki zintzoa da, ibilera dotorekoa, borroka taldeko maisu eta txakur buruargitasunean liderra. Lider on batek eremu malkartsu eta gogorrean ibilbide onena topatu ohi du, taldean borrokarik ez du onartzen, ezta xelebrekeri apetatsuekin denbora pasatu ere. Bederatzi txakurrez osatutako talde batek 500 kilo eraman ditzazke. Nire taldea onenetakoa da.  »
Frank Hurley

Lau txakurkumeen jaiotzak gizon guztien bihotzak xamurtu zituen. Itsasgizon gogor eta lerdena zen Tom Crean irlandarra euren aitabitxi izendatu zuten.

Azken hilabeteetan zehar txakurren artean istripu edo gaixotasunen ondorioz galera asko egon ziren. Urtarrilan, gainontzeko txakur guztiak, bi talde ez ezik, itsas-txakur ano gehiego jaten zituztela eta, Shackletonen aginduz tiro batez sakrifikatuak izan ziren.[70] Gainontzeko beste bi txakur taldeak apirilaren 2an sakrifikatuak izan ziren, une hartan euren haragia gainontzeko elikagai gehitu eta eskifaiaren artean ongietorria izan zen. Ordurarte itsasontziko maskota izan zen Mrs. Chippy katua ere sakrifikatua izan zen. Bienbitartean noraezearen joera harat-honatakoa bilakatu zen; zenbait astetaan zehar 67° inguruan ibili ostean, urtarrilaren amaierarako ipar-ekialderako mugimendu sail bat egon ziren, martxoaren 17a baino lehen, Pazientzia zelaia Paulet uharteko latitudera eramanarazi zuen, baina berez behar lukeena baino 100 kilometro ekialderago.

Paradojikoki, lur lehorra denbora guztian begi bistara egon zen. James Ross uhartean dagoen Haddington mendia astiro zihoan taldearen begi bistan izan zen. Orain Snow Hill uhartea eta Paulet uharterako sarbidea ezinezkoa zelarik, martxoaren 25ean Shackletonek bere itxaropenak Graham lurraldearen iparraldean dauden bi uhartetxoetan ezarririk zeudela idatzi zuen: une hartako euren kokalekutik 160 kilometro iparraldera zeuden Clarence uhartea eta Elefante uhartea.[71] Dena dela, Dezepzio uhartea helburu egokiena izango zela pentsatu eta erabaki zuen. Urruti zeuden, mendebalderantz aldera, Hego Shetland uharteak osatzen zituzten mendikatearen amaieran., baina Shackletonen ideia uhartez uharte iraganez biziraupenaren helburua lortzea zen. aukera honen abantaila sarritan inguru haiek baleazaleek bisitatzen zituztela eta bertan hornigaiak egoteko abagunean zetzan.[72] Helmuga guzti hauek, behin harrapatuta zeuden izotz blokea hausti ondoren, erreskate txalupa batean burutu beharreko bidai arriskutsua eskatzen zuten. Bidai honi ekin aurretik, erreskate txalupak espedizio hartako diru laguntzaile nagusienen izenekin bataiatuak izan ziren: James Caird, Dudley Docker eta Stancomb Wills.

Elefante uharterako bidaia txalupaz

Elefante uhartea. Iparraldeko kostaldean Point Wild lurmuturra ikus daiteke.

Pazientzia zelaiaren amaiera apirilaren 8ko gauan iritsi zen, izotz blokea bapatean hautsi zenean. Orain zelaia hiruki itxurako izotz puska baten zegoen; haustura berri batek hondamendia suposatuko zukeen, eta bapatean handik joan beharra suertatuko balitz, Shackletonek erreskate txalupak prest zituen.[73] Ahal bazen, irlandar buruzagiak urruti zegoen Etsipen uhartera joateko saialdia burutzea erabaki zuen, bertan, esan ohi zenez, balezaleek altzatutako eliza txiki bat ba omen zen eta. Horrek txalupa bat eraikitzeko egur-iturri batez hornitu zitzazkeen. Apirilaren 9ko arratsaldeko ordu batak aldera Dudley Docker txalupa itsasoratu zuten, eta ordu bat beranduago jada hiru txalupak itsasoan zeuden. Shackletonek James Caird txalupa zuzentzen zuen, Worsleyk Dudley Docker txalupa, eta Huberht Hudson ofiziala berriz, Stancomb Wills txaluparen agintean zegoen, halere, bere egoera mental eskasaren ondorioz, azken txaluparen benetako agintea Tom Creanen esku zegoen.[74] Ondorengo egunak oso estu eta erabateko larriak izan ziren. Txalupak noraezean eta modu arriskutsuan izotz artean irekitzen zihoazen ur pasabideetan zehar zihoazen. Txalupak sarritan izotz blokeetan hondartu ohi ziren, edota haietan herrestatzen ziren, bitartean gizonek izotz blokeetan akanpatu eta eguraldiaren baldintzat ondu zitezen itxaroten zuten. Shackletonek berriz ere ustezko helmuga ezberdinen artean hautzatzeko zalantza zuen, eta apirilaren 12an uharteen aukerari uko egin eta Itxaropen badiara joateko erabakia hatu zuen, hau Graham Land lurmuturran kokatzen zen.[75] Halere, txalupen baldintza kaxkarrek, zero azpitik 30 graduko tenperaturek, janari eskasiak eta inguruko ur glaziarrrek, gizonak fisiko eta mentalki ahultzen ari zituen,[76] eta orain Shackletonek eurengandik hurbilen zegoen eta ustezko aterpea izan zitekeen Elefante uhartea aukera zela hausnartu zuen.

Apirilaren 14an txalupak Elefante uharteko hego-ekialdeko kostaldean kokatu ziren, baina ez zegoen itsasoratzeko inongo aukerarik, kostaldeak harkaitz eta glaziarrez osatutako itsaslabar elkarzut bat baitzen. Urrengo egunean James Caird txalupak iparraldeko kostaldera iritsi asmoz uhartearen ekialdeko muturra inguratu zuen, han azkenik harkoskoz osatutako hondartza estu bat topatu zuten, Shackletonek bertan lurrartzea erabaki zuen. Aurreko gauean banandu ziren hiru txalupak lehorreratze puntuan berrelkartu ziren.

Frank Hurleyk hatzak izoztuta zituela bere egunerokoan gizonen lehorreratzea honela deskribatu zuen:

« Gizon asko nekea, abaildura eta izotzaren ondorioz ziplo eginak zeuden. Askok aldi bateko eroaldia zuten, beste batzuk perlesia balute bezala dardar egiten zuten.  »
Frank Hurley[3]

Gizonak mozkorren gisa hondartzan zehar balantza zebiltzan. Batzuk, euren aurpegiak harri artean lurperatzen zituzten. James Wordiek oraindik beldurgarriagoak ziren jokaerak oroitu zituen:

« Gizon batzuk erdi erotuta zeuden. Batek aizkora bat hartu eta hamarren bat itsas txakur hil arte ez zen gelditu.  »
James Wordie[3]

Shackletonek afaria prestatzeko agindua eman zuen. Hiru egunetan jan zuten lehendabiziko gauza izan zen. Hurleyk uhartean igaro zuten lehenbiziko gaua deskribatu zuen:

« Dendak arin muntatu genituen, haietan sartu, eta ia berehala berean sakon lo hartu genuen. Zeinen zoragarria, esnatu eta pinguinoen urubiak itsasoaren soinuarekin nahastuta entzutea. Lo egin, berriz ere esnatu, eta benetakoa dela sentitzea. Lur lehorrera iritsi gara.  »
Frank Hurley[3]

Itsasgora markei so eginez, hondartza hark akanpatzeko balio ez zuela ikusi zuten.[77] Hurrengo egunean, Wild eta Stancomb Wills txalupako eskifaiak leku hobe baten bila kostaldea esploratu zuten. Mendebalderago akanpatzeko egokia zirudien eta hamaika kilometro luze zituen lur eremu bat zegoelako berriarekin itzuli ziren. Denborarik galdu gabe, gizonak txaluperata itzuli eta kokapen berrira zuzendu ziren, gerora Frank Wilden omenez Point Wild lurmuturra gisa bataiatu zuten.[78] Itsagizonentzat Wild lurmutur madarikatua zen.[3]

Txalupak Wild lurmuturrera enbata baten erdian ailegatu ziren. Gauez, ekaitzak denda bat suntsitu eta material ugari itsasora bota zuen. Gizonak txalupen azpian babes bila sartu, eta euren gainean ziharduen elur eta haizearen mende berokien azpian dadar egiten zuten. Haizealdiak bost egun iraun zituen.

« Goizalde honetan nire bizi osoko unerik zorigaiztokoena bizi izan dudala uste dut. Saiakera guztiak antzuak ziruditen eta patuak gu hondatzeko erabakia hartuata zuela zirudien. Gizonek madarikazioak ahoskatzen zituzten, ez ohiuka, baina bai intentsitate osoz, babes bila etorri ginen uharte honengatik.  »
Frank Hurley[3]

James Caird txaluparen bidaia

Sakontzeko, irakurri: «James Caird txaluparen bidaia»
Erreskate txalupek Elefante uhartera burututako bidaiaren krokisa (orlegiz), eta James Caird txaluparen bidaia Elefante uhartetik Hegoaldeko Georgia uhartera (gorriz).

Elefante uhartea oso urruti, biztanlerik gabea eta baleazale edo beste ontziek oso urri bisitatzen zuten lekua zen. Espedizioak zibilizaziora itzuli nahi baldin bazuen, laguntza bilatzea beharrezkoa zen. Hau gauzatzeko modurik errealistena Hego ozeanoan zehar 1.300 kilometro zehakartuz Hegoaldeko Georgiara iritsiko asmoz txalupa bat egokitzea zen. Shackletonek eskifaia Etsipen uhartera emateko ideia alboratua zuen ("askoz ere arrisku gutxiagoko bidaia"),[79], ziurrenik jendearen baldintza fisikoek neguko itsas oldakorran nabigatzea galerazten baitzuten. Suaren Lurraldea eta Falkland uharteak Hegoaldeko Georgia baino askoz ere hurbilago zeuden, baina haize bortitzen aurka nabigatzea eskatzen zuten.

James Caird txalupa Elefante uhartetik itsasoratzeko unean.

Shackletonek bere eskifaia hautatu zuen: Shackleton berbera, Worsley nabigatzaile gisa, Crean, McNish, John Vincent eta Timothy McCarthy. Shackletonek McNish arotzari James Caird txalupa egokitzeko azalpenak eman zizkion, eta azken honek trebezia handiz, egur eta ohialez itsasontziari bizkar bat gehitu eta gila txalupa bateko masta batez indartu zuen.[80] Shackleton itzuliko ez balitz, Frank Wildek hurrengo udaberrian Etsipen uhartera joateko jarraibideak jaso eta Elefante uharteko taldearen buruzagi gisa gelditu zen. Shackletonek soilik lau hilabetetarako hornidurak hartu zituen, denbora epe hartan lur lehorrera iritsiko ez balitz itsasontzia galduta legokela jakinda.[81]

James Caird txalupak 6,85 metro besterik ez zituen, itsas bidai hura 1916ko apirilaren 24an hasi zuelarik. Lord Hunt-ek itsasoratzera zihoan txalupa ireki haren bidaia deskribatzeko erabili zituen hitzak "harrigarria" eta "sinistezina" izan ziren.[82]

James Caird Elefante uhartean gelditzen zirenen agur eta oihuen artean itsasoratu zen, txalupan uhartean gelditzen zen adiskideei begira zihoala Frank Worsleyk gogoeta hau egin zuen:

« Uhartean gelditu ziren gizonak talde patetiko bat osatzen zuten, ikusten genituela uste zuten bitartean kemen eta baikortasun itxura bat matendu zuten.  »
Frank Worsley[3]

Dena Worsley trebearen nabigatzeko zehaztasunaren esku zegoen, gaitasun hau baldintza latzenetan zehar burututako ikusketetan oinarritzen zelarik.[83] Zorionez, ipar-mendebaldeko haizea nagusi zen, baina itsaso bortitzaren baldintzek laister txalupa osoa ur glaziarrez busti zuten. Laister izotzak txalupan geruza lodi bat osatu zuen, honela nabigazioaren abiadura mantsotuz. Maiatzaren 5ean ipar-mendebaldeko haize pufada batek ia txalupa suntsitzekotan egon zen. Shackletonek "itsasoan hogeitasei urtez ikusi nituen olatu handienak" bezala deskribatu zituen.[84] Maiatzaren 8an, Worsleyren nabigazioari esker Hego Georgia ikusi zuten, aurretik itsas elementuen aurka hamalau egun borrokatuz eta txalupako gizonen erresistentzia muga muturreraino eramanik ibili zirelarik.[85] Bi egun beranduago, itsaso bortitza eta uhartearen hegoaldean haize indartsuekin etengabe borrokatu ostean, eskifaia, nekaturik, Haakon Erregearen badiara iritsi zen.

Hegoaldeko Georgia zeharkatuz

Hego Georgia uhartearen mapa. Peggotty Camp kokalekua "Príncep Olav Harbour" izeneko hego-mendebaldeko badia sakonean zegoen.
Hegoaldeko Georgia uharteko barnealdea, Frank Hurleyk ibilaldia burtu eta handik urte batera argazkiz irudikatua.

James Caird txaluparen Haakon Erregea badiarako ailegatzeari atseden eta indarberritze denboraldi batek jarraitu zion, bitartean Shackletonek hurrengo urratsaren inguruko hausnarketa burutu zuen. Hegoaldeko Georgiako populatutako balezaleen kokalekua iparraldeko kostaldean zegoen. Hara iristeak uhartea ingurtuko zuen txalupaz butututako bidaia edota esploratu gabeko uhartearen barnealdeko lurraldean zehar ibilaldi luze bat gauzatzea suposatzen zuen. James Caird txaluparen baldintzek eta eskifaiaren egoera fisikoak, bereziki Vincent eta McNish-ena, bi aukera horietako bigarrena bakarrik bideragarria egiten zuen.[86] Bost egunen ondoren, eskifaia txalupaz ekialderuntz distantzia motz batez mugitu zen, ibilbide haren hasiera izango zen lurmutur batetara iritsi ziren arte. Shackleton, Worsley eta Creanek lurrez eginiriko ibilaldiari ekingo zioten, eta besteak Peggotty Camp izenez bataiatu zuten kokalekuan gelditu ziren,[87] handik beranduago itsasontzi batez erreskatatuak izanen ziren. Maiatzaren 18an, abiatzea atzeratu egin zen, baina hurrengo goizaldeko ordu biak puntuan eguraldia argia eta lasaia zenez, ordu bat igaro ondoren, taldeak ibilaldi harrigarri hari ekin zion.

Maparaik gabe, taldeak aukeratu zuen ibilbidea aieru bat izan zen. Egunsentia baino lehen 910 metroko garaierara igo eta jada iparraldeko kostalde so egin zuten. Possession badiaren gainaldean zeuden, honek lar mendebaldera zeudela esan nahi zuen, eta euren amaierako helburua zen Stromness baleazaleen postura ailegatzeko ekialderago mugitu beharra zuten. Honek bidai hura luzatu eta gizon haiek etsituko zituzten hainbat itzulbiretan lehenbizikoa burutzea suposatu zuen. Lehendabiziko egun haren amaieran, gaua iritsi baino lehenagotik euren azpialdean zegoen haranera jeistera derrigortuak zeuden, eta soka batez eginiriko trineo batean maldan behera labanduz euren buruak arriskatu zituzten.[88] Atsedenik hartzea ere ez zuten pentsatu -ilargiaren argiaz lagundurik bidaiatzen zuten, goruntz mugituaz, hurrengo mendikate hurbilenera zuzenduaz. Hurrengo eguneko egunsentian, Husvik Harbour badia euren azpialdean ikusiz, bazekiten bide onetik zihoazela. Goizeko zazpirak puntuan balezale kokalekuko baporeontziaren txistu hotsa entzun zuten, euren hitzetan "1914ko abenduan Stromness badiatik abiatu ginenetik gure belarriek entzun zuten kanpoko gizaki batek sorturiko lehenbiziko hotsa" izan zen.[89] Izoztutako ur-jauzi bat jeistea suposatu zuen jeitsiera zail baten ondoren, azkenik taldea babesleku edo leku segurura ailegatu zen.[90]

Shackleton, gizon erlijiotsua izaki, gerora honela idatziko zuen: "Probidentziak gidatu gaituela zalantzarik ez dut... Ibilbide luze hartan eta izenik gabeko mendi eta glaziar haien gain burututako hogeitamasei orduko martxa hartan, hiru ez, baina lau ginela badakit".[91] Laugarren bidai lagun honen irudia -Worsley eta Creanek ere aipatu eta errepikatutakoa- T. S. Eliot olerkariak bere Lur Idorra olerkian jaso zuen.[92]

Erreskatea

Stromness baleazaleen portura iristean Shackletonen lehenbiziko betebeharra Peggoty Camp kokalekuan zeuden bere hiru kideak jaso zitzaten eskatzea izan zen. Wosley gidari gisa zeramala eta uhartea inguratuz baleontzi bat bidali zuten, eta maiatzaren 21eko gauerako James Caird txalupako eskifaiako sei kideak leku seguruan zeuden.[93]

Hasiera batean Shackletonen Elefante uharterako itzulera zenaren argazkia, gerora aldiz, James Caird ontziaren Elefante uharteko irteera zela frogatu zen.

Shackleton Elefante uhartean zegoen taldea erreskatatzeko uharte hartara itzultzeko lau saiakera burutu behar izan ziren. Aurreneko saiakera, Hegoaldeko Gorgiara ailegatu eta Husvik Harbour portuan zegoen The Southern Sky baleontzi handia erabiltzeko ziurtasuna izan zuenean burutu zuen. Maiatzaren 22an Shackletonek nabigatzeko prest zegoen boluntario eskifaia bat elkartu zuen. Itsasontzia Elefante uhartera hurbiltzen ari zela, bertan 110 kilometro luzerako izotzezko harresi igaroezin bat topatu zuten. The Southern Sky ez zen izotzausteko ontzia, hortaz Falkland uharteetan dagoen Puerto Stanley portura itzuli zen.[94] Puerto Stanleyra iristean, Shackleton Londresi zein lekutan zeuden berri eman zion, eta erreskate operazioa burutzeko ontzi egoki bat bidali ziezaioten eskatu zuen. Almirantegoak urria baino lehen ontzi eskuragarririk ez zela egongo berri eman zion, hau Shackletonen iritziz beranduegi litzateke. Orduan, Montevideo hirian zegoen britainiar enbaxadaren laguntzaz, Shackletonek Uruguayko gobernuak Instituto de Pesca Nº. 1 arrasteontzia mailegatu ziezaion lortu zuen, honekin ekainaren 10ean itsasoratu zelarik. Oraingoan ere izotzak bere planak zapuztu zituen. Beste ontzi baten bila zebiltzala, Shackleton, Worsley eta Crean Chileko Punta Arenas portura bidaiatu zuten], bertan Emma izeneko goletaren nagusia zen Allan MacDonald britainiarra topatu zutelarik. McDonaldek bere ontzia erreskate batetarako egokitu eta uztailaren 12an itsasoratu ziren, baina lehengo emaitza ezkorrak errepikatu ziren -izotz harresiak igarotzea berriz ere eragotzi zien.[95][96] Jada abuztuaren erdialdean zeuden eta Shackleton txiletar gobernuari Yelcho ontzia utz ziezaion erregutu zion, hau baporeontzi txiki baino oso sendo bat zen, aurreko saiakeran Emma ontziaren laguntzen jardundakoa zen. Txiletar gobernuak baiezkoa eman eta abuztuaren 25ean Yelcho ontzia, berarekin bat Luis Pardo Villalón kapitaina zihoala, Elefante uhartera zuzendu zen.

Oraingo honetan, Shackletonek idatzi zuen bezala, probidentziak euren alde jokatu zuen. Itsasoa irekia zegoenez, ontzia laino lodi batean zehar igaroz uharte hartako kostaldera iritsi ahal izan zen. Abuztuaren 30eko 11:40etan lainoa deseginez joan zen einean akanpalekua agertzen hasi zen, orduan Punta Arenas portura itzultzeko bideari ekin zioten. Elefante uhartean denboraldi luze hartan zain egon ziren 22 gizonak, hots, eskifaia osoa biziraun eta salbatu zen.[97]

Elefante uharteko taldea

James Caird txalupa Elefante uhartetik atera ondoren bertan gelditu zen gizon taldearen argazkia (ezkerraldetik eskuinera): (atzealdeko lerroan) Greenstreet, McIlroy, Marston, Wordie, James, Holness, Hudson, Stephenson, McLeod, Clark, Orde-Lees, Kerr eta Macklin; (bigarren lerroan) Green, Wild, How, Cheetham, Hussey eta Bakewell; (aurrealdean) Rickinson. Argazkian agertzen ez direnak: Hurley eta Blackborow

Shackleton eta beste lau gizonak James Caird txalupan joan zirenetik, Frank Wildek Elefante uharteko taldea bere kargu hartzeko esker txarreko zeregina hartu zuen, talde honetako gizon ugari egoera fisiko eta mental oso kaskarretan zegoen.[98] Talde honetako lehen premia arin hurbilduz zihoan negurako aterpe iraunkor bat zen. Marston eta Lionel Greenstreetek iradokita, Snuggery ezizena zeraman etxola bat eraiki zen, hau bi txalupa makurtuz eta hauek euren barnean zutik egoteko lekua egon zedin harrizko horma batzuetan finkatu ziren. Olan eta beste material batzuen bidez apur bat iraztezina bilakatzea lortu zen. Aterpe gogorra baina egokia zen.[99]

Inork ez zekien erreskatearen zain zenbat denbora egon beharko zuten. Wild, oso baikorra zen, hasieran hilabete inguru itxoin beharko zutela aurreikusi zuen, eta denboraldi luzerako itsas txakur edo pinguino okela biltegiratzearen aurka zegoen, bere iritziz, hori jarrera ezkorra baitzen.[100] Bere jarrera honek Thomas Orde-Lees motor adituarekin desadostasunak edukitzera zeraman. Orde-Lees ez zen oso gizon estimatua, eta bere presentziak ez zuen bere adiskideen adorea hobetzeko onik egiten,[101] aldiz, haien txantxa eta adar jotzeen jomuga zen.

Wildek errutina eta ekintzak mantentzeko, nahiz gogaitasuna arintzeko ahal zuena egiten zuen, bitartean asteak igaro eta itxaronaldia bere aurreikuspen baikorretik haratago luzatuz zihoan. Erreskate ontziaren ustezko ailegatzerako zaintza bat, sukalde eta garbiketarako txandak, eta itsas txakurrak eta pinguinoak ehizatzeko irteerak burutzen zituzten.[102] Larunbatetan musika emanaldiak antolatu eta urtebetetzeak ospatzen ziren, baina erreskate ontziaren arrastorik gabe hilabeteak aurreruntz zihoazen einean ezerk ezin zezakeen abaildura edo gainbehera sentsazio hori gediarazi. Izozketaren ondorioz, Blackborowen ezker oineko behatzak izoztu egin ziren, eta ekainaren 15ean Macklin eta James McIlroy zirujauek kandelez argiztatutako etxola batean behatzak ebaki beharra izan zizkioten. Medikuntza hornigaietatik gelditzen ziren kloroformo apurrak erabiliz, ebakuntzak 55 minutu inguru iraun eta erabateko arrakasta izan zen.[103] Abuztuaren 23an, Wildek elikagaien inguruan hartutako erabakiak okerrak izan zirela egiaztatu zen. Inguruko itsasoa nahasia zegoen, edozein erreskate ontzi geldituko luketeen izotz zatiz betea; elikagai hornidurak amaituz zihoazen eta jada pinguinoak ez ziren lur lehorrera inguratzen. Orde-Leesek honela idatzi zuen:

« Hiltzen den lehenbizikoa jan beharko diagu [...] egitan zioat.  »
Thomas Orde-Leesek eskifaiari aipatutako txantxa.[104]

1916ko abuztuaren 30an Wilden gogoetak Etsipen uhartera burutzeko bidai baten aukeran serioski bideratzen zihoazen (urriaren 5an baleontzi batekin topo egiteko asmoz itsasoratzea ere hausnartu zuen), honela zeudela, bapatean erreskate ontzia agertu eta euren sufrimendua zirt-zart batean amaitu zen.[105]

Ross itsasoko taldea

Sakontzeko, irakurri: «Ross itsasoko taldea»
Aurora ontzia Zeelanda Berrian 1916an.
Arnold Spencer-Smith, Ross itsasoko eskifaiako kapilaua, 1916ko martxoan burututako biltegiaren instalakuntza bidaian zehar hil zen.

1914ko abenduaren 24an Australian finantza eta antolakuntza arazoak izan eta atzerapena jasan ondoren, Aurora ontziak Hobart portua utzi eta itsasoratu egin zen. 1915eko urtarrilaren 15eko McMurdo lurmuturrerako bere ailegatzea aurretik planeatutakoa baino beranduago gertatu zen, baina ontziko Aeneas Mackintosh komandateak, berehala Ross izotz harresian biltegi bat uzteko bidaia antolatu zuen, une hartan Shackleton esploratzailea aurretik planeatutako Weddell itsasoa zeharkatzeko ibilbidea burutzen egongo zela pentsatuz.[106] Ez gizonak, ezta txakurrak ere ez ziren behar bezala girotu, orokorrean, izotz baldintzetan jarduteko eskarmentu gabeak ziren.[107] Izotzerako lehenbiziko bidaia honek hemezortzi txakurren galera ekarri, bete gabeko biltegi bat utzi, eta lur lehorreko taldea nahiko lur jota utzi zuen.

Okerrena maiatzean etorri zen, enbata baten ondoren Evans lurmuturran ainguratuta zegoen Aurora ontzia itsaso barnera bultzatua izan zen eta izotz bloke batek harrapatu zuenez ezin izan zuen itzuli izan. Izotzarekin batera aurreruntz joan zen, azkenik, 1916ko otsailaren 12an, askatu aurretik 2.600 kilometro egin eta egoera txarrean Zeelanda Berrira ailegatu zen arte. Ontziak kostaldeko eskifaiak behar zuen erregai gehiena, jana, arropa eta hornigaiak berarekin zeramatzan. Halere, bere misioarekin jarraitzeko kostaldean gelditu zen taldeko kideek aurreko espedizioetako, bereziki Robert Falcon Scotten Terra Nova espedizioa, hondakinekin euren buruak hornitu zituzten. Eskifaiaren bat-bateko jardunen bidez, bidarren denboraldirako biltegia, aurretik 1915eko irailerako aurreikusita zegoen bezala prest gelditu zen.[108]

Hurrengo hilabeteetan zehar eta sekulako ahalegina burutuz, aurreikusitako biltegiak Ross izotz hesita eta Beardmore glaziarrrean zehar instalatu ziren. Itzulerako bidaian talde osoak eskorbutoa pairatu zuen. Arnold Spencer-Smith basera iristeko borrokaldian, espedizioko kapilaua eta argazkilaria zena izotzetan hilik erori zen. Gainontzeko taldeko kideak punto de Cabañas kokalekuko aldi baterako eraikitako aterpera bizirik iristea lortu eta bertan berrindartu ziren. 1916ko maiatzaren 8an Mackintosh eta Hayward kideek izotzezko itsasoko ezegonkorran zehar Evans lumuturrera oinez abiatzea erabaki zuten, baina zoritxarrez elur ekaitza batek irentsi eta ordutik aurrera inork ez zituen gehiago bizirik ikusi ahal izan. Bizirik jarraitzen zuten zazpi kideek zortzi hilabetez izugarrizko zailtasunak iragan behar izan zituzten, azkenik 1917ko urtarrilaren 10ean, aurretik Zeelanda Berrian konpondu zuten Aurora ontzia iritsi eta zibilizaziora itzuli ziren arte.

Shackletonek Aurora ontzia ofizial arrunt baten moduan lagundu zuen, batik-bat erreskatea antolatu zuten Zeelanda Berria, Australia eta Erresuma Batuko gobernuek agintea ukatu baitzioten. Honela bada, Shackletonek espedizioko bi taldeen erreskatean parte hartu zuen, baina Ross itsasoko taldea erreskatatzeko hasierako prestaketak burutzean erakutsitako jokamolde apetatsua bere kaltetarako izan zen. Nahiz eta hasiera kaotikoa, desantolaketa, Aurora ontziaren galera eta hiru heriotz jasan izan, Ross itsasoko taldea espedizioko jatorrizko helburua bete zuen talde bakarra izan zen, halere Weddell itsasoko taldearen porrotaren ondorioz, Ross itsasoko taldeak burututako lan guztia alferrikakoa izan zen.[109]

Zibilizaziorako itzulera

Erreskatatutako eskifaiak zibilizazioarekin izandako azken kontaktua 1914. urtean izan zen, Lehen Mundu Gerraren bilakaeraren inguruan erabat ezjakituna zen. 1916ko ekainaren 2an Shackletonen Falkland uharteetarako ailegatzeak britainiar egunkarien gerra albisteei laburki itzal egin zien.[110]. Espedizioa bere aberrira piskanaka itzuliz zihoan, gerraren une kritiko batean, ohikoak ziren ohore edo hiritarren ongi etorri harrerarik gabe. Azkenik 1917ko maiatzaren 29an Shackleton bera Amerikan zehar hitzaldi bira labur bat burutu ondoren Ingalaterrara iritsi zen, halere bere itzulera ia oharkabean iragan zen.[111] Berehala espedizio hartako kide gehienak militar aktibo gisa izena eman edota itsas gudarostean sartu ziren. Gerra hura amaitu aurretik bi kide -Timo McCarthy eta Alfred Cheetham itsasgizon beteranoa- gerra ekintzan zeudela hil ziren, eta Ross itsasoko taldeko kidea zen Ernest Wild Mediterraneoan tifoidea sukarraren ondorioz zendu zen. Beste kide batzuk larriki zaurituak izan ziren, eta askok euren kuraia eta ausardiaren ondorioz gerra dominak bereganatu zituzten.[112] Gerraren azken asteetan zehar Buenos Aires hirian burututako propaganda misio baten ondoren, Shackleton, Múrmansk hiriko zerbitzu berezian komandante karguan egon zen.[113] Postu horretan 1919ko martxorarte egon zen. Ondoren bere antartikako azken espedizioa antolatu zuen, Shackleton–Rowett Espedizioa, honetan 1921eko irailaren 17an Londres hiritik Quest ontzian itsasoratu zen. 1922ko urtarrilaren 5ean Quest ontzia Hegoaldeko Georgian ainguratuta zegoela, Shackletonek bihotzekoa jasan eta bertan hil zen.

Endurance ontziko Wild, Worsley, Macklin, McIlroy, Hussey Alexander Kerr, Thomas McLeod eta Charles Green sukaldaria Quest ontzian zihoazten. Behin Shackleton hilda, Enderby Land lurraldeko esploraketan oinarritzen zen jatorrizko proiektua bertan behera laga zen[114]. Wildek Elefante uhartera hurbiltzeko asmoz itsas bidai labur bat gauzatu zuen, ontziak Wild lurmuturraren aurrealdean ainguratu eta bertatik beren egonaldiaren haztarna zaharrak ikusi ahal ian zituzten, baina itsasoko baldintzek lurrartzea eragotzi zieten.[115]

Antartika zeharkatuko zuen ibilaldia egia bilakatzeko berrogei urte iragan behar izan ziren, balentria hau 1955-1958 bitartean Commonwealth Trans-Antartika Espedizioak lortu zuen. Espedizio honek bere ibilaldia Vahsel badian hasi eta Beardmore glaziarra ekiditen zuen ibilbide bat aukeratu zuen. Ross izotz harresia kanpoaldetik iragan eta Skelton glaziarraren jeitsiera burutu ondoren McMurdo itsasartera ailegatu zen. Bidai osoak larogeitamezortzi egun iraun zituen.[116]

Kronologia

Endurance ontzia

 DataLondresetik atera ondoren iragandako denbora[117]Deskribapena
1914ko abenduaren 5a3 hilabete eta 27 egunGrytviken kokalekutik atera, Hegoaldeko Georgia
1914ko abenduaren 7a3 hilabete eta 29 egunIzotz blokerako sarrera
1915eko urtarrilaren 19a5 hilabete eta 10 egunEndurance ontzia izotzetan harrapaturik gelditzen da
1915eko urriaren 27a14 hilabete eta 19 egunEskifaiak Endurance ontzia utzi zuen
1915eko azaroaren 21a15 hilabete eta 13 egunEndurance ontzia hondoratu zen
1916ko apirilaren 9a20 hilabete eta egun batTxalupak itsasoratu ziren
1916ko apirilaren 14a-Elefante uhartera ailegatu ziren
1916ko apirilaren 24a-James Caird txaluparen irteera. Gainontzeko 22 gizonak Elefante uhartean kanpatu zuten
1916ko maiatzaren 10a-Hegoaldeko Georgiara ailegatu ziren
1916ko maiatzaren 20a21 hilabete eta 12 egunStromness kokalekura iritsi ziren
1916ko abuztuaren 30a24 hilabete eta 22 egunYelcho ontziko eskifaia Elefante uhartera ailegatu zen

Aurora ontzia

 DataDeskribapena
1914ko abenduaren 24aHobart kokalekutik atera
1915eko urtarrilaren 16aEvans lurmuturran egonaldia
1915eko urtarrilaren 24aIzotzetan lur hartu eta lehenbiziko hornidura biltegiak ezarri
1915eko otsailaren 28aKanpaleku nagusirako itzulera
1915eko martxoaren 25aHut Point kokalekurako ailegatzea eta itxaronaldia
1915eko maiatzaren 7aAurora ontziaren loturak hautsi eta nora ezean doa
1915eko irailaren hasieraHornigai biltegien kanpaina berriaren hastapena Evans kaboarekin
1916ko urtarrilaren 18a82°H latitudean hornidura biltegia ezartzen da
1916ko urtarrilaren 27a83°30'H latitudera ailegatzea eta kanpaleku nagusirako itzulera
1916ko martxoaren 9aSpencer-Smithen heriotza
1916ko martxoaren 11aHut point kokalekurako aldi baterako itzulera
1916ko martxoaren 18aHut point kokalekuan bost gizon jartzen dira
1916ko maiatzaren 8aMackintosh eta Haywarden desagerketa
1916ko uztailaren 15aEvans lurmuturrerako itzulera eta itxaronaldia
1917ko urtarrilaren 10aLaguntza iritsi zen

Endurance ontziaren aurkikuntza

2022ko martxoan Endurance 22 izeneko espedizioak Endurance ontzia aurkitu zuen, Weddel itsasoan 3.008 metroko sakoneran. Mensun Bound itsas arkeologoa izan zen espedizio buru eta, bere esanetan, ontzia osorik eta oso egoera onean topatu zen.[2]

Erreferentziak

  1. Shackleton,' 'Hitzaurrea Hegoaldean, 11. orr.
  2. Goikoetxea, Jakes. «Ernest Shackletonen 'Endurance' ontzia aurkitu dute Antartikan» Berria (Noiz kontsultatua: 2022-03-09).
  3. "Izotzetan Harrapatuak. Endurance." dokumentalaren MP3 bertsioa osorik entzungai. 134:34 minutu.
  4. Huntford, 348. orr.
  5. Huntford, 50. orr.
  6. Huntford, 350. orr.
  7. Murphy, 87-102.
  8. Shackleton, orr. 2.
  9. Huntford, 356-357. orr.
  10. Huntford, 367. orr.
  11. Britainiar Gobernuaren 10.000£-ko diru laguntza jasotzeko konpromisoa jaso zuen
  12. Huntford, 362. orr.
  13. Huntforden arabera, 401. orr., kontinentean zeharreko taldea Shackleton, Hurley, Macklin, Wild, Marston y Crean.
  14. "Shackleton_South_preface"
  15. Tyler-Lewis, 216. orr.
  16. Fisher 306-07. Fisher, orr. 306.
  17. Huntford, 355. orr.
  18. Huntford, 356-358. orr.
  19. Nimrod espedizioa finantzatzeko Ingalaterran lortutako diruaren zati handiena mailegu itzulgarrien bidez lortua izan zen. Shackletonek ez zuen behar horiek ordaintzeko behar adina funtsik, hortik gobernuaren diru laguntza. Huntford, 313-314. orr.
  20. Huntford, 369. orr.
  21. Sir Bernard Dockerren aita zena eta 1950 eta 1960eko hamarkadetan mundu mailako ospea bereganatu zuena
  22. Huntford, 375-377. orr.
  23. Fisherrek, 306. orr., 14.000 liberatako kostua zenbatu zuen
  24. Huntford, 370. orr.
  25. Fisher, 306. orr.
  26. 1920an Daily Mail egunkariak zioenez, espedizioaren kostua 80.000 libera izan ziren; Fisher, 306. orr.
  27. Tyler-Lewis, 34-35. orr.
  28. Tyler-Lewis, 41-48. orr.
  29. Tyler-Lewis, 222-227. orr.
  30. Alexander, 10. orr.
  31. Shackletonek, James Caird txalupan Hegoaldeko Georgiara joan zenean, bera itzuliko ez zen kasurako Frank Wildi argibideak eman zizkion. Alexander, 140-141. orr.
  32. Fisher, 308.orr, orrialdearen behealdeko oharra. Irudia Scott Polar Research Institute erakundeko webgunean dago
  33. Evans tenientea salbatzeagatik Albert domina jaso zuen.
  34. Shackletonek Aurora ontzia itsasgizonez osaturiko eskifaia batek maneiatu zezan itxaroten zuen, eta Itsas Agintaritzari horrelaxe eskatu zion, baina honek bere eskaerari uko egin zion. Itxuraz ofizial eta eskifaiaz eskas zebiltzan, eta Alemaniaren aurkako gerra berehalakoa zirudien. Huntford, 370-371 orr.
  35. Huntford, 364-365. orr.
  36. Tyler-Lewis, 48-53. orr.
  37. Mackintoshek Nimrod espedizioan zehar gertatuko istripu baten ondorioz begi bat galdu zuen eta 1909ko urtarrilean denbora bete aurretik etxera itzuli zen.
  38. Worsleyk aipatutako eskifaiako kide batzuk Ingalaterratik atera ondorengo bidai aldian zehar geldiune honetako erregistrotik desagertu ziren. Ustez, Argentinan lehorreratu omen ziren. Alexander, 15. orr.
  39. Shackleton, 5. orr.
  40. Eskoziar Antartika Espedizio Nazionalan zehar, Acotia ontziarekin bat.
  41. Shackleton, 27. orr.
  42. Shackleton, 29. orr.
  43. Shackleton, 31. orr.
  44. Shackleton, 34. orr.
  45. Huntford, 418. orr.
  46. Shackleton, 35-40 orr.
  47. Shackleton, 43. orr.
  48. Shackleton, 45. orr.
  49. Huntford, 421. orr.
  50. Shackleton, 47. orr.
  51. Huntford, 426. orr.
  52. Shackleton, pág. 58
  53. Shackletonek 65. orr. aipatua
  54. Worsley, 20. orr.
  55. Shackleton bere South liburuan (72-73. orr.) nahiz Walter How itsasgizonak elkarrizketa batean deskribatua, elkarrizketa hau Endurance (2000) filma dokumentalari gehitu zitzaion.
  56. Shackleton, 74-77. orr.
  57. Huntford, 461. orr.
  58. Fisher, 358. orr.
  59. Shackleton hura bazekien, hamabi urte aurretik, Nordenskiöld-en espedizioarentzako laguntza antolatzen ari zen bitartean, berorrek prestatzea agindu baitzuen. Shackleton, 75. orr.
  60. Alexander, 95. orr.
  61. Huntford, 456-57. orr.
  62. Huntford, 459. orr.
  63. Shackletonek ez zituen ontziaren ondoratze lekuko koordenatu zehatzak erregistratu. Ondorengo mapetan agertzen den kokapena 67°H da, 25 egun aurretik ontzia utzi zuten kokalekua, hain zuzen ere.
  64. Huntford, 468-469. orr.
  65. Huntford, 473. orr.
  66. Huntford, 473-476 orr.
  67. Huntford, 656. orr.
  68. Domina hura ukatu zitzaien beste hiru gizonak William Stevenson, Ernest Holness eta John Vincent izan ziren.
  69. Shackleton, 106. orr.
  70. Shackleton, 108. orr.
  71. Shackleton, orr. 116
  72. Shackleton, 119. orr.
  73. Shackleton, orr. 121.
  74. Huntford, 506. orr.
  75. Huntford, 509-510. orr.
  76. Huntford, 512-513. orr.
  77. Shackleton, 144-145. orr.
  78. Shackleton, 151. orr. Point Wild kokapena "Wild lurmuturra" ere deitzen zuten
  79. Fisher, 371. orr.
  80. Shackleton, 158-159- orr.
  81. Shackleton, 162. orr., horniduren zerrenda.
  82. Century Publishing argitaletxean argitaratutako South liburuko Lord Hunt-en hitzaurrea
  83. Huntford, 563. orr.
  84. Fisher, 378-381. orr.
  85. Vincent erabat nekatuta zegoen. Shackletonek honela idatzi zuen: "Fisikoki ontziko gizonik indartsuenetakoa zen. Gizon gaztea zen, Iparraldeko Itsasoko hainbat arraste-ontzitan zerbitzatutakoa zen, eta zailtasunak McCarthyk baino hobekiago jasan beharko lituzke, azken hau hain indartsua ez izanik ere, beti alai zegoen". Shackleton, 175. orr.
  86. Fisher, 383. orr.
  87. David Copperfield eleberrian Daniel Peggotty pertsonaiaren etxea zen etzandako txalupari eginiriko erreferentzia bat zen.
  88. Fisher, 384. orr.
  89. Shackleton, Fisherrek aipatua, 385. orr.
  90. Fisher, 386. orr.
  91. Shackleton, South, 209. orr.
  92. Huntford, 696-697. orr.
  93. Shackleton, 208-209. orr.
  94. Shackleton, 210-213. orr.
  95. Shackleton, 214-218. orr.
  96. Gerora, Shackletonek Weddell itsasoan dagoen Brunt izotz harresiko glaziar bati McDonald izena ipini zion. Glaziar hau identifika gaitza bilakatu zenean, bertatik hurbil zegoen izotz muino bat McDonald glaziarra izenez berrzendatu zen.
  97. Shackleton, 218-219. orr.
  98. Lewis Rickinsonek bihotzeko susmagarri bat jasan zuen; Blackborowk oinak izoztuta zituenez oinez ibiltzeko gai ez zela gelditu zen; Hudson erabat lurjota eta deprimituta zegoen. Huntford, 533. orr.
  99. Mills, orr. 239-240. orr.
  100. Mills, 241. orr.
  101. Mills, 242-250. orr.
  102. Mills, 250-252. orr.
  103. Huntford, 532-533. orr.
  104. Huntford, 541. orr.
  105. Mills, pág. 261
  106. Gorago azaltzen denez, Shackletonen aurkako azalpenik ez zuen jaso izan. South liburuan, Shackletonek Endurance ontzia izotzetan harrapatuta gelditu zen arte lehenengo denboraldian ibilbide bat burutzeko aukera bazegoela mantendu zuen.
  107. Eskifaia guztitik, aurretik Antartikan Mackintosh eta Ernest Joyce egonak ziren.
  108. Terra Nova espedizioak nahiko hornigai ezarriak zituen, honela Ross itsasoko taldeak behar adina probestu zituen.
  109. Atal honetarako erabili den informazioa Gizon galduak (Kelly Tyler-Lewis) liburukoa da.
  110. Huntford, 605-606. orr.
  111. Huntford, 647. orr.
  112. Shackleton, 339-341. orr.
  113. Fisher, 432. orr.
  114. Mills, 289. orr.
  115. Mills, 304-305. orr.
  116. Fuchs y Hillary, 293. orr.
  117. Ernest Shackleton, Endurance Voyage, time line and map. Ingeleraz., Coolantartica.com

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.