Erresuma Batuko Alderdi Kontserbadorea
Erresuma Batuko Alderdi Kontserbadorea (ingelesez: Conservative and Unionist Party) Erresuma Batuko zentru-eskuineko alderdi politiko handiena da. XVIII. eta XIX. mendeetako Tory Alderditik (Tory Party) sortu zen 1834an, eta gaur egun toriak deitzen zaie informalki. Erresuma Batuko historian alderdi politiko arrakastatsuena da eta XX. mendearen bi herenetan zehar izan ziren gobernuan. Alderdi eskuindarra da baina bere kideen artean korronte eta familia asko aurkitu daitezke. Alderdi kontserbadorearen ildo nagusia euroeszeptikoa da, eta askok Europar Batasuna uzteko 2016ko erreferendumean brexit-aren alde egin zuten.
Erresuma Batuko Alderdi Kontserbadorea | |
---|---|
Datuak | |
Izen ofiziala | Conservative and Unionist Party |
Izen laburra | Con eta المحافظين |
Mota | alderdi politikoa |
Herrialdea | Erresuma Batua |
Ideologia | kontserbatismoa, unionism in the United Kingdom (en) eta Liberalismo ekonomikoa |
Kokapen politikoa | zentro-eskuin |
Jarduera | |
Kidetza | European Conservatives and Reformists Party (en) eta International Democracy Union (en) |
Kide kopurua | 172.437 (2022ko uztaila) |
Eskumendekoak | Conservative and Unionist Central Office (en) |
Erresuma Batuko Komunen Ganbera 349 / 650 Lorden Ganbera 270 / 808 Eskoziako Legebiltzarra 31 / 129 Galesko Biltzar Nazionala 16 / 60 London Assembly 9 / 25 Political make-up of local councils in the United Kingdom <div style="display: inherit; position: absolute; background-color:
5,596 /
| |
Agintea | |
Lehendakaria | Rishi Sunak |
Egoitza nagusi | |
Gazteria | Young Conservatives (en) |
Osatuta | |
Historia | |
Sorrera | 1834ko abenduaren 18a |
Sortzailea | |
Sorlekua | Londres |
Aurrekoak | Tory, Ultra-Tories (en) , Scottish Unionist Party (en) eta Liberal Unionist Party (en) |
Koloreak | |
webgune ofiziala |
1997ko hauteskundetan Tony Blairren aurka galdu zutenetik 13 urtez pasa ziren oposiziora, 2010eko hauteskundeak irabazi zituzten arte, Liberal Demokratekin koalizio gobernua osatuz. Ordutik aurrera gobernuan egon dira.
Antolakuntza
Alderdi Kontserbadorearen egituran oinarrizko hiru elementu daude: Batasun Nazionala, hautagaiak aukeratzen eta hauteskundeetan botoak eskuratzen laguntzen duten Ingalaterra eta Galesko boto emaileen elkarteak; parlamentuko alderdia, britainiar Legebiltzarreko bi ganberetako kideez osatua; eta alderdiko administrazio zentrala, alderdi politikoaren egoitza nagusia, auzoetako bulegoak eta Ikerkuntza Kontserbadoreko Bulegoa hartzen dituena. Bulego Zentralaren ardura nagusia alderdiaren antolakuntza nazionala zaintzea da.
Alderdiko buruzagia bozketa prozesu batean hautatzen da gehiengoz, Legebiltzarreko alderdikideen artean, eta berak hartzen du bere gain politikaren eta izendapenen erantzukizuna. Alderdiak gobernuaren ardura eskuratzen duenean, alderdiko buruzagiak hartzen du Lehen ministro kargua, eta berak hautatzen ditu bere kabineteko ministroak. Oposizioan dagoenean, buruzagiak "itzalpeko kabinetea" deritzona izendatzen du, eta hauteskunde orokorretan garaipena lortuz gero aginpidea hartzeko prest egon behar du. Bozkatzeko eskubidea emakumeei ezagutu zitzaienean, alderdiak emakumeen botoa eskuratzeko organizazioak sortu zituen.
Historia
Kontserbadoreen aurrekoak XVII. mendeko cavaliersak eta XVIII-XIX. mendeetako toryak izan ziren. Alderdi Kontserbadorea 1832ko Reform Act delakoaren ondoren Ingalaterran zabaldu ziren elkarte kontserbadore batzuen ekimenez sortu zen. Neurri horrek Legebiltzarrerako aulki gehiago eskaini zizkien industria aldeei, eta botoa murrizteko aukerak mugatu zituen; beraz, hautesle kopurua zabaldu egin zen. Boto emaile berriok erakartzeko, sir Robert Peelek –tory alderdiko orduko buruzagiak– "Kontserbadore" hitza bereganatu zuen eta tory-en programa zabaldu. Librekanbismora konbertitu zenean, Lehen ministro karguaren dimisioa eman zuen (1846) eta alderdia bitan banandu zen.
Benjamin Disraeli estatu politikariak gehiago zehaztu zuen alderdiaren kontserbadurismo liberala, lurralde interesak batuz eta alderdi politikoaren organizazioa handituz, besteak beste. Kontserbadoreen eta Elkarte Konstituzionalen Batasun Nazionala 1867an sortu zen; gero, Kontserbadoreen eta Elkarte Unionisten Batasun Nazionala bihurtu zen. 1872an Disraelik garrantzi handiko papera bete zuen Batasun Nazionalaren eta kontserbadoreen bulego zentralen batasun prozesuan.
Erreforma sozialen programa gorabehera, kontserbadoreek ezin izan zituzten irabazi 1880ko hauteskundeak. 1886an, liberalek, Joseph Chamberlainen gidaritzapean, Irlandarentzat gobernu nazional baten politika baztertu ondoren, bat egin zuten Alderdi kontserbadorearekin, eta Kontserbadoreen eta Elkarte Unionisten Batasun Nazionala bihurtu zen. "Unionista" hitza Ipar Irlandan eta Eskozian erabili izan da. Alderdi Liberala izan zen kontserbadoreen aurkari nagusia 1832tik Lehen Mundu Gerraren bukaera arte (1918).
Gerran eta ondoko depresioan gobernu nazionalak edo koalizio gobernuak eginez liberalek ospea galdu zuten, eta Alderdi Laborista Ingalaterrako bigarren alderdi politiko nagusi bihurtu zen. Bi agintaldi laburren ondoren, laboristek sekulako garaipena lortu zuten 1945eko maiatzean. Inperialismoak jarraitzaileak zituen oraindik Ingalaterrako kontserbadoreen artean Bigarren Mundu Gerra bukatu ondoren, 1945ean. Organizazio politikoaren eta hauteskunde ekinaldiaren estrategiaren azterketa sakona egin ondoren, kontserbadoreek aginpidea eskuratu zuten ostera 1951-1964 bitartean, 1970-1974 bitartean, eta 1979-1997 bitartean.
Enpresa pribatuaren eta merkatu librearen aldeko jarrera sutsua gorabehera, kontserbadoreek, oro har, "ongizate-estatuaren" oinarrizko filosofia onartu zuten, eta beren politika herri iritziaren adostasunaren arabera moldatzeko prest agertu ziren. Hala ere, 1980 ondoko hamarraldian, Lehen ministro Margaret Thatcherren gobernu kontserbadoreak aurreko gobernu laboristek nazionalizatutako industria asko pribatizatu zituen. Thatcherrek indarrez ekion zion merkatu libreko ekonomiari, enpresa libre pribatuari eta estatuaren diru laguntzak murrizteari.
Aldi berean, Estatuaren aginpidea indartu zuen, tokian tokiko agintarien aginpidearen kaltetan, eta loturak estutu zituen Estatu Batuekin. 1990etik aurrera, baina, Thatcherren politika nazionala ospea galduz joan zen; azaroan Thatcherrek dimisioa eman zuen eta haren babespekoak, John Majorrek, ordezkatu zuen. 1992ko apirileko hauteskunde orokorretan garaipena lortu zuen, gainera. 1997ko maiatzean, baina, Alderdi Kontserbadoreak hauteskundeak galdu zituen Alderdi Laboralistaren mesedetan, eta Tony Blairrek hartu zuen gobernuaren ardura, 18 urteko gobernu kontserbadoreen ondoren, Alderdi Kontserbadorea krisi handi baten erdian utzita. John Majorrek dimisioa aurkeztu zuen berehala. William Hague hautatu zuten alderdiko buruzagi berri. Urriko Biltzarrean Haguek aurreko urteetako politikaren autokritika egin zuen, bere alderdia "askatasun ekonomikoagatik bakarrik" kezkatu izanagatik.
Blairren garaipenaren ondoren kontserbadoreek 13 urte behar izan zituzten boterea berreskuratzeko. 2005ean David Cameronek eskuratu zuen torien buruzagitza, eta alderdia eraldatzeko eta berrantolatzeko nahia adierazi zuen, ideologikoki zentrora eramanez hautesle liberalak erakartzearren. Cameron buruzagitza irabazi zuenetik inkestek kontserbadoreen sostenguan gorakada bat adierazten zuten, baina gorakada hori ez zen nahiko izan gehiengo osoa lortzeko, eta 2010eko hauteskundeetan Laboristak garaitu zituzten arren, gehiengo osotik 20 eserlekutara geratu ziren, eta Liberal Demokratekin batu behar izan ziren gobernatzeko, 2. Mundu Gerratik lehenengo aldiz koalizio gobernu bat osatuz.
2014ko Europako Parlamenturako hauteskundeetan Alderdi Kontserbadorea hirugarren geratu zen, UKIP alderdi euroeszeptikoaren eta Laboristen atzetik. Horren ondorioz, 2015eko hauteskunde orokorretako kanpainan kontserbadoreek Europar Batasunetik ateratzeko erreferendum bat ospatuko zutela zin egin zuten, UKIP alderdiaren mesedeetan galdutako hautesleak berreskuratzeko nahian. Hauteskunde horietan kontserbadoreek gehiengo osoa lortu zuten, 1992tik lehen aldiz, eta UKIP hirugarren geratu zen, eserleku bakar bat eskuratuz.
2016an gobernu kontserbadoreak brexit-aren erreferenduma antolatu zuten, kanpainan hitzeman zuen moduan, eta Cameronen gobernua Europar Batasunean geratzearen alde egin zuen arren, Batasunetik ateratzearen aldeko baiezkoak irabazi zuen, eta ondorioz David Cameronek alderdiaren buruzagi gisa dimititu zuen. Urte bereko alderdi barneko hauteskundeetan Theresa Mayk irabazi zuen, eta lehen ministro berria bihurtu zen. Hurrengo urtean gobernuak hauteskunde berriak ospatzea erabaki zuen, gehiengo parlamentarioa handitzeko eta Mayren zilegitasuna indartzeko helburuarekin. Hala ere, inkestek zioten kontrara, 2017ko hauteskundeetan gobernu berriak ez zuen gehiengo osoa eskuratu, eta hura lortzeko DUP ipar-irlandar alderdi unionistarekin akordio batera ailegatu behar izan zen.
Hurrengo urteetan Europar Batasuna uzteko negoziazioak izan ziren nagusi Erresuma Batuaren eguneroko politikan, eta negoziazio luze eta gogor baten ondoren Theresa Mayk akordio bat lortu zuen Europar Batasunarekin, baina ez zuen lortu Komunen Ganberak hura onartzea, eta azkenean 2019an alderdiaren buruzagitza uztea erabaki zuen, alderdikide ugari haren lidergoaren aurka zeudela ikusita. Hala ere, buruzagi gisa jarraitu zuen bere ondorengoa hautatu arte, eta 2019ko uztailean Boris Johnsonek alderdiaren primarioak irabazi zituenean haren esku utzi zituen alderdiaren eta gobernuaren lidergoa.
Johnsonek alderdiaren ildorik euroeszeptikoena ordezkatzen zuen, eta Alderdi Kontzerbadorea brexit-aren alderdia bihurtu zuen. Alderdi barruan zenbait kide ez zeuden ados alderdiaren norabidearekin, eta ondorioz irailean gobernuak gehiengoa galdu zuen parlamentuan, zenbait parlamentarik alderdia utzita. Johnsonek herrialdea Europar Batasunetik urte horretan bertan atera nahi zuen, akordioarekin edo akordiorik gabe, baina alderdikide batzuk akordiorik gabeko brexit baten aurka zeudenez, 21 parlamentari kontserbadorek oposizioaren alde egin zuten Parlamentuaren kontrola gobernuari kenduz, eta horrela oposizioak brexita gauzatzeko epea luzatzera behartu zuen gobernua.
Gobernuaren ahultasuna zela eta, Johnsonek hauteskundeak antolatzea erabaki zuen, eta abenduaren 12an ospatu ziren. Hauteskunde horien kanpainan oposizioko ia alderdi guztiak bigarren brexit erreferendum baten alde egin zuten, eta kontserbadoreek Johnsonen EB uzteko akordio berriaren alde egin zuten. Oraingoan, Johnsonek 80 eserlekuko gehiengo osoa lortu zuen kontserbadoreentzat, Thatcherren garaitik emaitzarik hoberena lortuz, eta ordura arte inoiz irabazi ez zituzten barrutiak eskuratuz.
Hauteskundeen emaitzak
Urtea | Botoen %a | Eserlekuak | Gobernua |
---|---|---|---|
1970 | %46,4 | 330/630 |
Kontserbadorea |
1974ko otsaila | %37,9 | 297/635 |
Gutxiengo laborista |
1974ko urria | %35,8 | 277/635 |
Laborista |
1979 | %43,9 | 339/635 |
Kontserbadorea |
1983 | %42,4 | 397/650 |
Kontserbadorea |
1987 | %42,2 | 376/650 |
Kontserbadorea |
1992 | %41,9 | 336/651 |
Kontserbadorea |
1997 | %30,7 | 165/659 |
Laborista |
2001 | %31,7 | 166/659 |
Laborista |
2005 | %32,4 | 198/645 |
Laborista |
2010 | %36,1 | 306/650 |
Kontserbadorea+Liberal Demokratak |
2015 | %36,9 | 331/650 |
Kontserbadorea |
2017 | %42,3 | 317/650 |
Gutxiengo kontserbadorea |
2019 | %43,6 | 365/650 |
Kontserbadorea |
Urtea | Taldea | Botoen %a | Eserlekuak |
---|---|---|---|
1979 | ED | %48,4 | 60/81 |
1984 | EPP | %38,8 | 45/81 |
1989 | %34,7 | 32/81 | |
1994 | %26,8 | 18/87 | |
1999 | EPP-ED | %35,8 | 36/87 |
2004 | %26,7 | 27/78 | |
2009 | ECR | %27,7 | 26/72 |
2014 | %23,1 | 19/73 | |
2019 | %8,8 | 4/73 |
Urtea | Barrutien botoen % |
Eskualdeen botoen %[oh 1] |
Eserlekuak | Gobernua |
---|---|---|---|---|
1999 | %15,6 | %15,4 | 18/129 |
Laborista+Liberal Demokratak |
2003 | %16,6 | %15,6 | 18/129 |
Laborista+Liberal Demokratak |
2007 | %16,6 | %13,9 | 17/129 |
SNP gutxiengoan |
2011 | %13,9 | %12,4 | 15/129 |
SNP |
2016 | %22,0 | %22,9 | 31/129 |
SNP gutxiengoan |
Urtea | Barrutien botoen % |
Eskualdeen botoen %[oh 1] |
Eserlekuak | Gobernua |
---|---|---|---|---|
1999 | %15,8 | %16,5 | 9/60 |
Laborista+Liberal Demokratak |
2003 | %19,9 | %19,2 | 11/60 |
Laborista |
2007 | %22,4 | %21,4 | 12/60 |
Laborista+Plaid Cymru |
2011 | %25,0 | %22,5 | 14/60 |
Laborista |
2016 | %21,1 | %18,8 | 11/60 |
Laboristak gutxiengoan |
Oharrak
- Eskoziako eta Galesko legebiltzarretarako hauteskundeek bi hauteskunde-sistemen nahastea erabiltzen dute: herrialdea barrutietan banatzen da, eta barruti bakoitzak ordezkari bat dauka, baina horretaz gain herrialdea eskualdetan dago zatituta, eta eskualde bakoitzak 7 (Eskozian) edo 4 (Galesen) ordezkari hautatzen ditu proportzionalki.
Erreferentziak
- (Ingelesez) «Political data from 1945 to the present» UK Political Info (Noiz kontsultatua: 2020ko martxoak 30).
- (Ingelesez) «European Union—political news headlines and media resources» UK Political Info (Noiz kontsultatua: 2020ko martxoak 30).
- (Ingelesez) «Regional distribution of seats» UK Political Info (Noiz kontsultatua: 2020ko martxoak 30).
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2016-07-01 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
Kanpo estekak
- (Ingelesez) Webgune ofiziala
- (Ingelesez) Kontserbadoreak Eskozian
- (Ingelesez) Kontserbadoreak Galesen
- (Ingelesez) Kontserbadoreak Ipar Irlandan