Tortolosak

Tortolosak, kurkuluxak edo txokoak arkumeen hanketako tortolos hezur txikiekin egiten den Euskal Herriko haur-jolas tradizional bat da, munduan zehar ere zabaldua, hezurrak bota eta suertatzen diren aldeak zein diren, jaurtitzaileak irabazi edo galdu egiten duena. Aldaera batzuetan tortolosak orden jakin batean jasotzea, edo gero eta kopuru handiagoak biltzea da helburua.[1]

Tortolosak

Aldaera anitz dituen jolasa eta Euskal Herrian ere herriz herri izendapen ezberdinak dituena: kaloka Donostian, sakaponak Zestoan eta asakaponak Zumaian[2]. Hezurraren lau alde posibleek ere izen ezberdinak jasotzen dituzte[3]:

Tortolosen lau aldeak. Azpian lepo eta zulo aldeak. Gainean belarri eta koxk aldeak.
  • Lepo: kanporantz borobildua den aldea.
  • Zulo: sakonune nabarmena duen aldea.
  • Belarri: belarri itxura duena.
  • Koxk: alde leunena.

Tokika bestelako izenak ere badaude. Bestalde, gazteleratik eratorritako pone, sake, karne, kulo ere erabiltzen dira.

Antzinako Grezian, astragaloi izenez, eta Erroman, tali izenez, sarri jolasten zen tortolosetan eta dadoen aurrekariak izan ziren. Tortolosetan, ordea, aldeek suertatzeko probabilitate ezberdinak dituzte, aldeko eta aurkako konbinazioak sortuz horrela. Adibidez, Erroman Venus izeneko konbinazioak lau tali edo tortolos alde ezberdinak suertatzea adierazten zuen.

Tortolox jolasa

Jolas hau Juan Garmendia Larrañaga etnografoak Berrobin, Gipuzkoan, jaso zuen jokoaren inguruko informazioa.[4] Lau tortolox edo kurkulux erabiltzen ziren batez ere neskak ibiltzen ziren jolas honetan, eta mahai gainera bota eta bere horretan uzten ziren. Banaka egin beharreko jolasa zen. Hezurren lau alderdiei izen hauek ematen zitzaizkien: saka, pon, kulo, karne. Esku batez pilota airera bota eta esku berberaz hartu aurretik "saka" gora begira jarri behar zen. Gauza bera egiten zen beste hiru tortoloxekin,"saka" gainaldera zutela berdin utzi arte. Ondoren lau tortoloxak berriro hartu eta mahai gainera botatzen zituzten; eta gauza bera eginez laurak banan-banan "pon" gora begira zutela jartzen zituzten. Jolasari jarraipena emanez berdin jokatzen zen "kulo" eta "karne" aldeekin. Gero lau tortoloxak mahai gainean uzten zituzten; pilota lau aldiz airera bota, eta berriro esku batez jaso aurretik, aldiko tortolox artean hatz bat jarri eta kendu behar zen, honako hau esanez: "La partida bien cumplida, gracias a Dios y a la Virgen Maria". Hitz horiek esan ostean, berriz pilota airera bota eta jaso aurretik lau tabak baztertu egiten zituzten. Egin beharrekoetan hutsik eginez gero, jokoz kanpo gelditzen zen eta beste jokalari bati ematen zitzaion txanda.[5]

Izen desberdinak

Herrien arabera izen desberdinak topatu zituen Juan Garmendia Larrañagak:[6]

Erreferentziak

  1. Angulo Martin, Patxi. (1997). «Mundu zabaleko jokoak. Jokoen mundu zabala» www.elhuyar.eus (Elhuyar) ISBN 978-84-92457-60-1. (Noiz kontsultatua: 2021-12-19).
  2. «Zumaiako hitz bereziak: Asakapon -» Baleike.eus (Noiz kontsultatua: 2022-08-25).
  3. «Tortolosetan; tortolosaren aldeak - Ahotsak.eus» ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2023-07-08).
  4. Juan Garmendia Larrañaga - Xabier Mendiguren Bereziartu: Juan Garmendia Larrañagaren hiztegi etnografikoa. Donostia: Ikastolen Elkartea, 2003. 177.or.
  5. https://aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus/fr/tortolox/ar-151654/
  6. Ibidem.

Ikus, gainera

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.