Torne ibarra azpieskualdea
Torne ibarra (finlandieraz, Torniolaakso; ipar samieraz, Durtnosleagi guovlugielda) Lappi eskualde finlandiarraren mendebaldean dagoen azpieskualdea da. 4.076,3 km²-ko azalera dauka eta Araba baino handiagoa den arren, Lappi osoko azpieskualde txikiena da. Berrogei urtetan erdira jaitsi da biztanleria eta gaur egun, 8.700 bat biztanle baino ez dauzka. Bi udalerrik osatzen dute azpieskualdea, iparraldean dagoen Pellok eta Ylitorniok. Torne ibarra azpieskualdea, hain zuzen, Torne ibarrean dago; Finlandia eta Suedia herrialdeak zatitzen dituen Tornionjoki ibaiak sortzen duen ibarrean. Bitan zatitua dagoen arren, ibarreko bi aldeak batzen dituen kultura aberatsa politika eta ibaia baino sendoagoa da; hala nola, finlandieraren dialekto bat den meänkieliz hitz egiten dute tornetarrek. Gainera, azpieskualdeak, Övertorneå eta Pajala udalerri suediarrekin batera, ibarra sustatzeko turismo-proiektu bat jarri du abian.
- Artikulu hau Finlandiako azpieskualdeari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Torne ibarra».
Torne ibarra | ||
---|---|---|
| ||
Berezko izena | Torniolaakson seutukunta | |
Herrialdea Eskualdea |
Finlandia Lappiko eskualdea | |
Udalerri-kopurua | 2 udalerri (kunta) | |
Lurralde historikoak | Vestrobotnia | |
Azalera - Ur-azalera |
4.077,13 km²[1] 309,81 km² (%7,6) | |
Biztanleria Dentsitatea |
7.663 (2017.08.31)[2] 2,03 bizt/km² | |
Hizkuntza ofiziala | Finlandiera |
Zirkulu Polar paraleloa azpieskualdetik igarotzen da eta honengatik, XVIII. mende erdialdean (zehazki, 1736. urtean), Pierre Louis Maupertuis astronomo, matematikari eta filosofo frantsesa Lurraren tamaiaren inguruko ikerketak egiteko bertara etorri zen. Pelloko Kittisvaara eta Ylitornioko Huitaperi eta 242 metroko Aavasaksa muinoen gailurretatik esan bezala, Lurraren tamainaren inguruko ikerketak egiten saiatu zen. Hain zuzen, Aavasaksa muinotik ikusten den Torne ibarraren paisaia zabala, Finlandiako Paisaia Nazionaletako bat da [3].
Jende gutxi bizi den arren, turista gehien erakartzen dituen herrialdeko guneetako bat dugu; batik bat, naturazaleak, zientzialariak eta arrantzaleak etorri ohi dira Tornionjoki ibaiaren ertz honetara.
Geografia
Torne ibarra Lappi eskualdeko mendebaldean dagoen azpieskualdea da. Rovaniemitik gertu dago eta Tornionjoki ibaiak Suediako Norrbottengo konderritik bereizten du. Hain zuzen, mugakideak Norrbottengo konderria mendebaldean, Tunturien Lappi iparraldean, Rovaniemi hiriburuaren azpieskualdea ekialdean eta Kemi-Tornio Ardatza hegoaldean dira. Azpieskualdeak Torne ibarrari zor dio izena eta Pello eta Ylitornio udalerriek osatzen dute. Lappi eskualde osoko azpieskualde txikiena den arren, guztira, 4.076,3 km²-ko azalera dauka eta 8.700 bat biztanle baino ez dauzka. Torne ibarra azpieskualdeko klima nagusia, klima subartikoa da, eta taiga edo baso borealak azpieskualdeko bazter guztiak betetzen ditu. Honenbestez, bertan hazten diren zuhaizti ohikoenak, haltzadiak, izeidiak, makaldiak, pinudiak, sahastiak eta urkidiak dira. Elurrak bestalde, azpieskualdeko lurra estaltzen du azaro hasieratik maiatzera eta aipatzekoak dira landare-espezie desberdinak aurki daitezkeen inguru zingiratsu eta paduratsuak, herrialde osoko ospetsuenak.
Zirkulu Polar Artikoa, 66º 33' 38" paraleloa, bertatik igarotzen da eta bi udalerriak bi zatitan banatzen ditu, iparraldeko eremu artikoa eta hegoaldeko eremu epela. Gauerdiko eguzki, gau zuri eta gau polar fenomenoak urtero izaten dira. Lehenengo bietan, eguzkia edo eguzkiaren argitasuna azpieskualdeko zeruaren jabe izaten da ekain hasieratik uztailera; gau polarra aldiz, iluntasuna nagusitzen den garaia hain zuzen, egun batean baino ez da izatean, abenduaren 21ean. Gauerdiko eguzkia hegoaldeen ikus daitekeen lekutako bat dugu Aavasaksa muino ospetsua. Lehen esan bezala, azpieskualdeko klima nagusia subartikoa da eta, ondorioz, tenperatura leunak izaten dira udan, baina neguak hotzak eta luzeak izan ohi dira. Hala ere, neguak ez dira Lappi erdialdean bezain hotzak, Ozeano Artikora iristen diren ur-korronte beroek neguak leuntzen dituztelako. Samiek antzinean, eta gaur egun oraindik egiten dituzten egutegietan, Lappiko klima ulertzeko lagungarri diren zortzi urtaro bereizten zituzten: udaberri-negua, udaberria, aitzinuda, uda, aitzinudazkena, udazkena, aitzinegua eta negu iluna. Iparrargiak bestalde, oso ohikoak izaten dira neguko gau ilun eta oskarbietan; irailetik martxora, lau gautatik hirutan ematen den fenomenoa da, urrian eta martxoan bereziki [4].
Pello | ||||||||||||||
---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|
Klima subartikoa | Urt | Ots | Mar | Api | Mai | Eka | Uzt | Abu | Ira | Urr | Aza | Abe | Guztira | |
Maximoa ºC | 4,2 | -0,5 | 5,3 | 13,2 | 26,6 | 26 | 25,2 | 28,2 | 19,4 | 5,9 | 4,3 | 1,4 | 13,2 | |
Batez besteko maximoa ºC | -6,1 | -8,1 | -1,2 | 5,1 | 15,1 | 17,3 | 19,7 | 19,9 | 13,9 | 1,1 | 0,5 | -7,1 | 5,8 | |
Batez bestekoa ºC | -10,9 | -12,4 | -5,3 | -0,1 | 9,4 | 12,4 | 14,9 | 14,3 | 9,2 | -2,3 | -1,3 | -10,9 | 1,4 | |
Batez besteko minimoa ºC | -15,5 | -17,6 | -10,5 | -6,6 | 3,2 | 6,8 | 9,8 | 8,4 | 4,1 | -5,9 | -3,6 | -15,2 | -3,5 | |
Minimoa ºC | -30 | -28,4 | -25,8 | -19,1 | -2,8 | 1,7 | 5,2 | -0,5 | -4,6 | -13,9 | -11 | -27,1 | -13 | |
Prezipitazio-egunak | 25 | 26 | 23 | 15 | 16 | 16 | 21 | 17 | 18 | 21 | 28 | 29 | 235 |
Lehen esan bezala, Zirkulu Polar paraleloa azpieskualdetik igarotzen da. Honengatik, XVIII. mende erdialdean, 1736. urtean zehazki, Pierre Louis Maupertuis astronomo, matematikari eta filosofo frantsesa Lurraren tamaiaren inguruko ikerketak egiteko bertara etorri zen. Pelloko Kittisvaara eta Ylitornioko Huitaperi eta 242 metroko Aavasaksa muinoen gailurretatik esan bezala, Lurraren tamainaren inguruko ikerketak egiten saiatu zen. Hain zuzen, Aavasaksa muinotik ikusten den Torne ibarraren paisaia zabala, Finlandiako Paisaia Nazionaletako bat da [3].
Azpieskualdea guztiz laua da, 300 metroak igarotzen dituen lekurik ez dagoelako; aipatutako Pierre Louis Maupertuisek haren ikerkuntzarako erabili zituen muino txikien artean daude Tornionjoki ibaiaren ertzetik gertu dauden Kittisvaara, Huitaperi eta Aavasaksa muinoak. Ur-azalera bestalde, %7,58koa baino ez da, 309,3 km²; dena den, hainbat aintzira eta ibai daude azpieskualdean zehar. Hala nola, aipatzekoak dira Torne ibarraren ikur nagusia eta ibai mugakidea den Tornionjoki eta Tengeliönjoki, eta bi udalerrien mugan dauden Alainen Alposjärvi, Iso Lohijärvi, Iso Vietonen, Miekojärvi, Raanujärvi eta Törmäsjärvi eta Väha Vietonen aintzirak. Bertako ur-korronte indartsu, emaritsu eta harroetan dauden izokina, amuarrain marroia eta laponiako amuarraina bezalako ur gezatako arrainek arrantzale ugari erakartzen dituzte. Arrantzale hauek, Konttaköngäs ur-jauzi txikitik hurbil jarri ohi dira arrain nahasiak harrapatzen errazagoak direlako. Dena den, ur-eremuetan ikus daitezkeen animalia handiena, herrialdeko igaraba ospetsuak dira.
Babestutako eremurik ez dagoen arren, azpieskualdeko natura oso aberatsa da. Basoak ia muga gabe zabaltzen dira azalera guztian, izeidiak, urkidiak eta pinudiak, batez ere. Baso hauen muga bakarrak, nagusi diren eremu paduratsuak eta ibaiak dira. Oihan hauetan babesten diren hegazti ugari dago; hala nola, azpieskualdean, negu osoa hegoaldean pasa ostean iristen diren antzandobi handiak, antzara hankahori eta nanoak, arrano arrantzaleak, arrano beltzak, basoilarrak, belatz gorri, handi eta txikiak, bernagorri ilunak, birigarro arrunt eta txikiak, borrokalariak, elur-berdantzak, elur-hontzak, ipar belatzak, bele eta gailupak, istingor arrunt eta txikiak, kuliska gorri, pikart eta txikiak, kurlinta bekaindunak, larre buztanikarak, murgilari handi eta mottodunak, negu txirtak, negu txontak, txinbo artikoak, txio horiak, ur-zozoak, urre txirri arruntak, zapelatz galtzadunak, zerra ertainak, zingira berdantzak eta zozo paparzuriak. Izan ere, uda bitartean, 150 hegazti-espezie desberdin jasotzen ditu azpieskualdeak, baina negurako gutxi batzuk baino ez dira gelditzen; haien artean, eper zuriak, eskinosoak, mokokerrak eta kaskabeltz handiak. Ugaztun haragijaleen artean, hartz arreak, erbinude zuri eta arruntak, ipar-katamotzak eta jatunak dira nagusi; aspaldian ehizatzen ziren arren, azkeneko hauen kopurua haziz doa babes-legeei esker. Ipar otsoak aldiz, nahiko arraroak dira, baina noizbehinka azaldu ohi dira inguruetan. Altzeak eta elur-oreinak bestalde, animalia belarjale handi ospetsuenak dira [6].
Finlandia Inperio barneko Dukerri Handi bihurtu zenean eta Suedia eta honen arteko Muonionjoki eta Tornionjoki ibaietako muga berriak ezarri zirenean, bakarra izandako udalerria eta herriak bitan zatitu ziren. Hau da, ibaiaren bi ertzetan zegoen udalerria, bitan zatitu zuten eta Ylitornio, Pello, eta Övertorneå udalerriak sortu ziren. Dena den, bi herrialdeen artean dauden arrean, bi aldeak bereizten dituen ibaian mugarik ez dagoela dirudi gaur egun.
Historia
Torne ibarrera iritsi zen lehen gizarte antolatua, Izotz Aroaren ondoren, iparraldeko klima leuntzen eta glaziarrak urtzen hasi zirenean iritsi zela uste da, k.a. 6000. urte inguruan. Mendeetan eratu zen kulturari Komsa edo Gorravárri izena ematen zaio eta Ozeano Artikoko kostaldean ezarri zirenez gehienbat, Ipar Itsasoko lehen Fonsa kulturako tribuekin harreman estuak izan zituzten. Nahiz eta oraindik lurralde honen jatorrizko biztanleen, samien jatorria ezezaguna den, badirudi tribu hauen eta beranduago (Harri Aroan) Eskandinaviara ekialdetik sartu ziren herri uraldarren nahasketaren ondorioa direla. Hasiera batean, euren lurraldea Ozeano Artikotik Finlandia, Norvegia eta Suedia erdialderaino zihoan eta, gehienbat, ehizatik, fruitu-bilketatik eta arrantzatik bizi ziren; hau da, ehizakiaren atzetik ibiltzen ziren, nomadak ziren. Azpieskualdean aurkitu diren lehenbiziko biztanle hauen aztarnak, k.a. 4500. urtekoak dira. Hain zuzen, guztira, garai honetako berrogeita hamar objektu aurkitu dira; hauen artean, ehiza-tresnak, harribitxizko apaingarriak, margolanak eta hainbat hilobi [7].
Erdi Aro Klasikoan suediarren eragina nabarmentzen hasi zen eta lurraldea, Suediar Erresumako antzinako Vestrobotnia probintziaren barruan egokitu zuten hegoaldeko Torne ibar guztiarekin batera. Honela, kristautasuna suediarren eskutik hedatzen hasi zen XI. menderako eta lehen finlandiarrak Torne ibarrera iristen hasi ziren; finn hauek, lehen samien bizileku ziren Tornionjoki ibaiko urertz emankorrak bereganatzen hasi ziren.
Suediarren eragina bizitu egin zen XIV. mendetik aurrera eta 1531. urtean, orduan Suediar Erresumako errege zen Gustavo Vasak Torneå hiria sortzeko eta Tornionjokiren arroa merkataritza erdigune bilakatzeko lehen saiakera egin zuen. Hala ere, lurralde haietan bizi ziren birkarleek biztanleen eta merkataritzaren joan-etorrien kontrola zutenez, bai saiakera honek eta bai Joan III.ak 1585. urtean egin zuen saiakerak ere, ez zuten inolako arrakastarik izan. Nahiz eta, birkarle hauek hasiera batean suediarren aliatuak izan, ez zituzten euren pribilegioak alde batera utzi nahi eta Laponiaren eta Torne ibar osoaren garapena oztopatu zuten hein handi batean.
Birkarleek lurralde honetan zuten boterea gutxitzeko eta Suediar Erresumaren boterea indartzeko asmoz, 1606. urtean Torne ibarra bitan zatitu zuten suediarrek: Torne Beherea eta Torne Garaia (finlandieraz, Alatornio eta Ylitornio). Azkenean, 1620. urtean, birkarleak garaituak izan ziren eta Suediar Erresumak Umeå, Piteå, Luleå eta Torneå hiriak sortu zituen; merkataritza Botniako Golkoko iparraldera eta ibarrera iritsi zen. Torneå, Suediar Erresuma osoko iparren zegoen hiria bihurtu zen eta hiri honen garapenarekin batera, Torne Garaia izeneko eskualdea osatzen zuten herriak ere aberastuz hasi ziren. Hala nola, ibarrean ekoiztutako gurin, arrantzatutako izokin eta larruak, Erresuma osoan preziatuak ziren salgaiak ziren; ordainetan, Suedia eta Itsaso Baltiko osoko produktuak iristen ziren. Garai honetan, azpieskualdean gelditzen ziren sami bakanak iparraldera jo edo gutxinaka, finnen kultura bereganatu zuten. Erresumak iparraldeko lurraldeak kolonizatzeagatik eskainitako onura ekonomiko eta lursailen jabetzen eskutik Karelia, Savonia eta Tavastiako biztanleak bertara iristen hasi ziren. Torne ibarreko gaur egungo kultura eratzen hasi zen [8].
XVIII. mende erdialdean bestalde, gainbehera iritsi zen. Iparraldeko Gerra Handiaren ondorioz merkataritza gelditu egin zen eta Tornioren inguruan eratu zen ontzigintza industriak erakarrita, tornetar asko hirira mugitu zen. Gainbehera, 1715. urtean izan zen, Errusiar Inperioak Tornio menperatu eta suntsitu zuenean [9].
Zirkulu Polar paraleloa azpieskualdetik igarotzen da; honengatik, XVIII. mende erdialdean, 1736. urtean zehazki, Pierre Louis Maupertuis astronomo, matematikari eta filosofo frantsesa Lurraren tamaiaren inguruko ikerketak egiteko bertara etorri zen. Aavasaksa muinoaren gailurretik, Lurraren tamainaren inguruko ikerketak egiten saiatu zen. Honi esker, Aavasaksa muinotik ikusten den Torne ibarraren ikuspegia, Finlandiako Paisaia Nazional izendatu zuten. XVIII. mendearen bukaeran ere, Giuseppe Acerbi italiar esploratzailea Tornionjoki ibaiaren inguruan izan zen eta bertan, ahozko tradiziozko hainbat melodia bildu zituen [10].
XIX. mendearen hasieran, Finlandiaren kontrola izateko Suediar eta Errusiar Inperioen arteko guduak izan ziren Finlandia eta Europa osoan; azkenean, Finlandiar Gerran, Errusiar Inperioak herrialdea bereganatu zuen finlandiar nazionalismoaren laguntzaz. Finlandia Inperio barneko Dukerri Handi bihurtu zen eta Muonionjoki eta Tornionjoki ibaietako muga berriak ezarri ziren Suedia eta honen artean. Honela ibaiaren bi ertzetan zegoen udalerria, bitan zatitu zuten eta finlandiar edo errusiar aldean gelditu ziren herritar askok muga igaro zuten. Dena den, 1809. urteko bereizketarekin batera, Ylitorniok eta Övertorneåk, bakoitzak bere udalerri propioa sortu zuten. Pello aldiz, Errusiar Inperioak emandako erraztasunez baliatuta, 1867. urtean Ylitorniotiki bereizi eta Turtola izeneko udalerria sortu zuen.
Muga berri honen ostean, Tornio hiriak ere bere garrantzia, nagusitasuna eta merkatalgoan lan egiten zuen biztanle-kopuru handia galdu zituen eta merkatal-hiriaren tituluari uko egin zion Kemiren mesedetan. Honekin, Tornioren itzal emankorra amaitu eta azpieskualdea krisi sakonean murgildu zen. Hala ere, 1862. urtean, industrializazioarekin batera, trenbide garraioa iritsi zen eta honek, ibarreko ekonomia berriz, goranzko bidean jarri zuen.
Finlandiak 1917ko Gerra Zibilean independentzia lortu ostean, eta prozesu hau oraindik egonkortu gabe zegoenean, Bigarren Mundu Gerrak eztanda egin zuen kontinente zaharrean. Herrialdeak bere independiente estatusa mantendu nahian eta SESB bere lurraldetik urruntzeko helburuarekin, Alemania naziarekin bat egin zuen. Norvegiatik iritsitako tropa alemaniarrak herrixketan egokitu ziren eta Ozeano Artikoaren defentsa antolatzeari ekin zioten. Gerra hurbil zegoenez, Finlandiar Gobernu hasiberriak, herritarrak Suediara ebakuatzeko agindua eman zuen. Hainbat guden ondoren (Neguko Gerra, Jarraipenaren Gerra), Finlandiak SESBekin bake-akordio bat sinatu zuen, eta horrek, alemaniarrak Finlandiar lurretatik botatzea eskatzen zuen. Finlandiak orduan, naziak jazartzeari ekin zion. Hauek, bizilagun den Norvegiara, euren herrialde satelitera alde egitea pentsatu zuten, baina ihes egin baino lehen, hauen atzeraldia eragozteko, finlandiarrak, Pello, Ylitornio eta gainontzeko mugako herrietan kokatu ziren. Laponiako Gerra hasi zen. Tornion gerrako gudu garrantzitsuenetako bat bizi izan zen, Tornioko gudua hain zuzen; gudua 1944ko urriaren 1ean hasi zen eta astebete iraun zuen. Leku estratetiko portuduna zenez, finlandiarrek Tornion defentsa zorrotz bat atondu zuten eta alemaniarrak hiritik igarotzerakoan gerrak eztanda egin zuen. Indar eta efektibo gutxiago izan arren, finlandiarrek etsai guztiak hil zituzten eta gizon askoren erretirada eragoztea lortu zuten. Honela, Ylitorniok eta Torne ibar hegoaldeko gainontzeko udalerriek, Lappiko gainontzeko udalerriek lortutako amaiera beldurgarria eta etsia jasotzeaz libratu ziren. Pellok aldiz, ondorio garratzak pairatu zituen, alemaniarrek herrixka eta eraikin guztiak, Konttajärvi izan ezik, erre eta suntsitu baitzituzten -haien artean, Turtola, eliza zaharra eta Pello-. Finlandiarren garaipenak behintzat, hauen berreraikitzea arindu zuen.
Bigarren Mundu Gerra osteko urteetan, Finlandiak ekonomikoki izugarrizko hazkuntza izan zuen eta gizarte eta politika egonkortasuna lortu zuen. Gerra osteko herrialde pobre bat izateari utzi, Gerra Hotzean neutral aldarrikatu, NBEk ezarritako isuna ordaindu eta 40 urtetan, teknologikoki munduko estatu garatu eta jakintsuena bihurtu zen, merkatuko izugarrizko botere ekonomikoarekin eta bizi maila altuarekin. Hasiera batean, industriak Tornio eta ondoko herrietan sustraiak errotu zituenez, hazkunde guzti hau ona izan zen azpieskualdearentzat; honek ia 18.000 biztanleko muga igaro zuen. Dena den, Lappiko ekonomiaren zentralizazioaren eta Kemi-Tornio Ardatzaren nagusitasunaren ondorioz, azpieskualdea gaur egun dirauen krisi garai luze batean sartu zen.
Gaur egun gero eta egitura garatuagoak iristen diren arren, azpieskualdeak Tornio eta ondoko hirien eraginpean jarraitzen du oraindik. Övertorneå eta Pajala udalerriekin batera sortutako turismo eskaintzak behintzat, langabeziaren ehunekoa jaitsi dute. Urtez urte biztanleria azkarren galtzen duan Lappiko azpieskualdetako bat da [11].
Administrazioa
Azpiegiturak
Azpieskualdean zehar mugitzea ez da erraza autoz ez bada. Finlandiako Gobernuarena den VR-Yhtymä garraio-konpainiaren trenak Ylitorniotik eta Pellotik igarotzen dira Kolarirako bidean. Trenbide honek Torniotik iparrerako bidea egiten du eta azpieskualdean, bidaiarientzako hiru geltoki daude: Ylitorniokoa, Aavasaksakoa eta Pellokoa. Trenbidea azpieskualdera 1966ean iritsi zen lehenbizikoz, eta ordutik, trenbide honen bidez, beste linea batzuk hartu eta Finlandia guztitik bidaiatzeko aukera dago [12].
Lappiko gainontzeko udalerrietan zehar edo azpieskualdeko herrien artean bidaiatzeko bestalde, autoa edo autobusa hartu beharra dago. Iparretik hegora zeharkatzen duen autobidea Valtatie 21a da; autobide hau Tornion hasi eta Enontekiöko Kilpisjärvi herriraino doa, Finlandia ipar-mendebaldeko muturreraino. Pekanpää, Kainuunkylä, Armassaari, Nuotioranta, Ylitornio, Alkkula, Kuivakangas, Kaulinranta, Aavasaksa, Juoksenki, Orajärvi, Turtola eta Pello herriak zeharkatzen ditu autobideak; Botniako Golkotik iparreraino, autobideak 459 km-ko luzera dauka. Gainera, azpieskualdea Rovaniemi hiriburuarekin lotzen duen beste errepide bat ere badago, Kantatie 83 errepidea. Honek, guztira, 77 km dauzka, eta Rovaniemiko hirigunetik Valtatie 21 autobidearekin bat egiten duen eta Pello herritik pare bat km-tara dagoen Keskustaajama izeneko guneraino doa. Suediara igarotzeko errepidezko bi muga nagusi daude: Pellotik suediar Pellora eta Aavasaksa zubitik Övertorneåra doazenak [13][14].
Mugakide dituen udalerritako aireportuak, Kemi-Tornio, Pajala eta Rovaniemi aireportuak, azpieskualdearen sarrera eta irteteko ateak dira. Kemiko portua ere, Tornionjoki inguruko ekonomia suspertzeko balio izan duen azpiegitura garrantzitsua da.
Banaketa
Araba baino handiagoa den arren, Lappiko azpieskualde txikiena eta biztanle gutxien dituena da. Bi udalerritan banatua dago: iparraldean dagoen Pello eta Ylitornio. Bigarrena betidanik udalerri handi eta nagusiena izan den arren, azken urteotan bi udalerrien garrantzia parekatzen ari da; batik bat, Ylitornioren biztanleria jaitsieragatik. Mugakideak, Norrbottengo konderria mendebaldean, Tunturien Lappi iparraldean, Rovaniemi hiriburuaren azpieskualdea ekialdean eta Kemi-Tornio Ardatza hegoaldean dira. Bi udalerriak nahiko zabalak diren, herrixka askotan banatuak daude; aipatzekoak dira, hala nola, Tornionjoki ibaiaren bi aldetan dauden Pello, Juoksenki eta Turtola, eta Ylitornioko elizatea, Aavasaksa eta Raanujärvi.
Udalerriak Finlandiako Dukerri Handiaren garaian eraiki ziren eliza berrien ondorengo zuzenak dira. Eliza berri hauek, gaineko elizbarrutitik banandu eta udalerri berriak sortzeko balio izan zuten XIX. mendearen bukaeran. Sortu zen lehen udalerria Ylitornio izan zen, 1809. urtean Finlandiako Dukerri Handia Suediar Erresumatik bereizi zenean; Pello aldiz, Turtola herrian eraikitako elizaren bitartez banandu zen Ylitorniotik 1867. urtean.
Armarria | Izendapen ofiziala | Azalera | Biztanleria |
---|---|---|---|
Pello | 1.863,66 km² | 3.989 | |
Ylitornio | 2.212,64 km² | 4.740 |
Lappiko Kontseilua
Lappiko batzar nagusiko ordezkariak eskualdea osatzen duten 21 udalerrietako udalbatzek aukeratzen dituzte. Hala, biztanle kopuruaren arabera, udalerri bakoitzak hainbat batzarkide hautatzeko aukera du; kasu honetan, Pellok bi eta Ylitorniok bina ordezkari izendatzen dituzte.
Ondorengoa da Torne ibarreko udalerriek 2013-2016 aldirako Lappiko Kontseilura bidalitako ordezkaritza [15]:
Batzarkidea | Alderdia | Udalerria | Batzarkidea | Alderdia | Udalerria | ||
---|---|---|---|---|---|---|---|
-- | Antti Mäkituomas | Zentroko Alderdia | Pello | -- | Eugen Parviainen | Ezker Elkartasuna | Ylitornio |
-- | Jouni Ollikkala | Zentroko Alderdia | Ylitornio | -- | Janne Ranta | Benetako Finlandiarrak | Pello |
Demografia
Biztanle gehien duten herriak | ||||
---|---|---|---|---|
Z. | Herria | Biztanleria | Udalerria(k) | |
1 | Ylitornio | 3.000 | Ylitornio | |
2 | Pello | 2.200 (2.000) | Pello / Övertorneå | |
3 | Juoksenki | 700 (300) | Pello / Övertorneå | |
4 | Turtola | 600 (350) | Pello / Övertorneå | |
5 | Lempeä | 275 | Pello | |
6 | Lankojärvi | 250 | Pello | |
7 | - | ~ | Ylitornio |
Biztanleria
Europar Batasuneko herrialdeekin eta Finlandiako gainontzeko azpieskualdeekin alderatuta, Torne ibarra azpieskualdean, 15 urte baino gutxiagoko biztanleriaren ehunekoa oso baxua da, %11,6koa, eta 65 urte baino gehiagokoa aldiz, oso altua, %26,3koa. Erlijioari dagokionez, gehienak sinesgabeak edo luteranoak dira, bereziki laestadianismo mugimendu kontserbadorekoak. Udalerriko hizkuntza ofizial bakarra finlandiera da; izan ere, biztanleria osoaren %99,4aren ama hizkuntza da. Zehazki, Torne ibarrean hitz egiten den finlandieraren aldaera bitxi batean hitz egiten dute herritarrek, meänkieli deritzoten dialektoan. Bigarren mailako hizkuntzak iparraldeko samiek hitz egiten duten ipar samiera eta suediera dira. Udalerri honetako jatorrizko biztanleak samiak dira; hala ere, XVI. mendetik aurrera, finlandiarren (gehienak, savoniarrak eta tavastiarrak) kopuruak izugarri egin zuen gora eta, apurka, samiek finlandiarren ohiturak bereganatu zituzten [16].
Atzerritarrak (2010) [17] | |||
---|---|---|---|
Z. | Jaioterria | Biztanleak | |
1 | Suedia | 44 | |
2 | Errusia | 14 | |
3 | Turkia | 6 | |
4 | Estonia | 5 | |
5 | Erresuma Batua | 5 |
8.700 biztanle pasatxo dituen azpieskualde hau, biztanle gutxien duen Lappiko azpieskualdea da. 70eko hamarkadaz geroztik, urtez urte biztanleria jaisten doa, Finlandiako ekonomia krisialdiaren ondorioz batik bat; izan ere, industria hitza bertan ezezaguna denez eta ekonomia Tornio hiriaren esku dagoenez, krisialdiak gogor astindu zuen lehen sektoreko azpieskualdea eta hainbat herritarrek lan bila kanpora jo behar izan zuten -batez ere, Helsinki, Rovaniemi eta Tornio hirietara-. Gaur egun bi udalerriek biztanleak galtzen dituzte; Pelloren biztanleria hogeita hamar urtetan %36a jaitsi da eta Ylitorniorena aldiz, %42,5a.
1970 | 1975 | 1980 | 1985 | 1990 | 1995 | 1998 | 2000 | 2002 | 2004 | 2006 | 2008 | Orain |
---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|
14.472 | 13.130 | 12.416 | 12.503 | 11.923 | 11.449 | 10.866 | 10.365 | 9.955 | 9.799 | 9.456 | 8.961 | 8.729 |
Nazioartean ospetsuenak diren azpieskualdeko herritarren artean, Eero Mäntyranta iraupen eskiatzailea dago; finlandiar eskiatzaile ospetsuenen artean dagoen honek, guztira, hiru urrezko, bi zilarrezko eta bi brontzezko domina olinpiko irabazi zituen 1960ko, 1964ko eta 1968ko neguko olinpiar jokoetan; gainera, 30 km-ko lasterketan munduko txapeldun izan zen zortzi urtez. Innsbrucken ospatu ziren 1964ko Olinpiar Jokoak eskiatzaile honen gailur profesionala izan ziren; bertan bilakatu zen finlandiar kirolari arrakastatsuenetako bat eta "Mister Seefeld" izengoitia irabazi zuen.
Etorkizun handiko beste kirolari batzuk, Et-Po -72 izotz-hockey taldean hezitako jokalari gazteak dira; hala nola, gaur egun Frölunda HC izotz-hockey talde suediarrean jokatzen duen Toni Koivisto ospetsua, eta aurtengo denboraldian Raumako Lukko taldean jokatuko duen Jarkko Kauvosaari jokalaria. Olli-Markus Taivainen pellotarra ere aipatzekoa da, hogei urtekin, iaz eski orientazioko distantzia ertaineko munduko txapelduna bihurtu zena. Kirolariekin bukatzeko, Sami Jauhojärvi iraupen eskiatzailea aipatu beharra dago; ylitornioar honek, brontzezko bi domina irabazi zituen Liberecen ospatu zen 2009ko Iraupen Eskiko Munduko Txapelketan, zehazki, 4x10 km-ko lasterketa eta talde esprint probetan [19][20].
Dena den, herrialdean ezagunenak diren udalerriko biztanleen artean, bi lehen ministroak aipatu behar dira; 1919. urtean Finlandiako lehen ministro izandako Kaarlo Castrén, eta 1995etik 2003ra izandako Paavo Lipponen sozial-demokrata. Azkenik, kirolarekin eta politikarekin zerikusi gutxi duen Rosa Liksom artista dugu. Iparraldetik iritsitako bere ipuin laburrek arrakasta handia izan dute herrialde guztian [21][22].
Tornetarrak
Tornetarrak Torne ibarreko biztanleak dira, bai finlandiarrak, bai suediarrak. Hauek, XVI. eta XVII. mendeetan iparraldera iritsitako finlandiarren ondorengo zuzenak dira, denboraren poderioz ibarrean egokitu zirenak. Moskuko Printzerri Handiaren erasoetatik ihesi eta Suediar Erresumak eskainitako onuren bila zetozen finlandiarrak ziren, batez ere, Karelia, Savonia eta Tavastia antzinako probintzietatik iritsiak. Hauek iristean, samiek iparralderantz jo zuten eta, horregatik, Torne ibar osoko sami bakarrak iparrerago aurki daitezke, Enontekiö udalerrian hain zuzen [23].
1809. urtean Torne ibarra, eta Övertorneå udalerria bitan zatituak izan ziren; nahiz eta Finlandiako Dukerri Handiak eta Errusiar Inperioak ibar osoa eskatu zuten, Suediako Erresumak ez zuen atzera egin eta bi herrialdeen arteko muga Muonionjoki eta Tornionjoki ibaietan ezarri zen. Gaur egun arte legez jarraitzen duen muga da hori. Modernizazioarekin bat, muga handitu egin zen eta suediar aldeak "suediartze" bat jasan zuen 1850 eta 1950 urte bitartean. Hala ere, gaur egun anaitasun handia dago bi aldeen artean eta egundaino tornetarren kultura eta hizkuntza, finlandieraren dialekto bat den meänkieli mantentzea lortu dute tornetarrek.
Hezkuntza eta Osasuna
Lehen Hezkuntzako hamar eskola daude guztira azpieskualdean, bosna udalerriko. Eskola hauek, Ylitornioko Ainiovaaran, Kaulirantan, Mellakoskin, Raanujärvin eta Nuotioranta auzoan, eta Pelloko Lankojärvin, Lempeän, elizatean, Ruuhijärvin eta Turtolan daude. Bigarren Hezkuntzako instutuak aldiz, Ylitornio eta Pello elizateetan baino ez daude, Ylitornion Lukio eta Pellon Lukio izenekoak [24][25].
Osasunak azpieskualdea bitan banatzen du. Ylitornio Länsi-Pohja Ospitale Barrutian dago eta bertako ospitale bakarra Kemiko Länsi-Pohjako Ospitalea da, Ylitornio herrigunetik 100 bat km-ra. Dena den, Tornion beste ospitale txiki bat dago eta Ylitornioudalerrian eritasun arinak sendatzeko bi eskualde-erietxe daude. Pello aldiz, Lappi Ospitale Barrutian dago eta bertako ospitale bakarra Rovaniemiko Lappiko Ospitalea da, Pello herrigunetik 100 bat km-ra. Dena den, eritasun arinak sendatzeko bi eskualde-erietxe daude Turtola eta Pello herrietan [26][27].
Kultura
Armarriak
Azpieskualdeko bi armarriek Pierre Louis Maupertuis zientzialariak eginiko bidaiarekin zerikusia dute.
Pelloko armarrian gau polarretan zerua argitzen duten iparraldeko izarrak daude, atzealde urdin ilun baten aurrean. Honek, Pierre Louis Maupertuis astronomo, matematikari eta filosofo frantsesaren ikerkuntza irudikatzen du. Izan ere, Lurraren forma arakatzeko, udalerriko hiru muinoen gailurretara igo zen 1736 eta 37 urten artean; Horilankero, Kittisvaara eta Niemivaara muinoen gailurretara hain zuzen. Eta esan bezala, muino hauetan ikerlariak arakatzen zituen izarrak azaltzen dira armarrian, gau polarretan zerua argitzen duten ipar izarrak. Armarria Olof Eriksson margolari helsinkiarrak sortu zuen [28].
Ylitornioko armarrian aldiz, zilarrezko atzealdearen gainean, hiru tontorreko mendi eta eguzki gorri bana daude. Hiru tontor hauek Ylitornioko Aavasaksa mendixka ospetsua irudikatzen dute, eta eguzki honek aldiz, gauerdiko eguzkia. Izan ere, Zirkulu Polar Artikoa udalerritik igarotzen da eta hain zuzen, gauerdiko eguzkia hegoaldeen ikus daitekeen lekua dugu Aavasaksa. Jaakko Hänninen artistak armarria sortzerakoan, udalerriaren ikur nagusiak margotu nahi izan zituen eta hauen inguruan eginiko ikerketek bertan izan duten eragina [29].
Leku aipagarriak
Etnografiarekin eta artearekin zerikusia duten bi leku daude Pellon. Lehena, Etnografinen museo edo Etnografia museoa, Pello herrian dagoen zurezko eraikin bat da; bertan, udalerriaren historia eta Torne ibarreko biztanleen jatorria aztertzen dira. Museo honek, ibarreko puntako museo izatea lortu du azkeneko urtetan egin diren eraberritze lanei esker. Bigarrena, Lapin Keramiikka/ Lapin Savi izeneko gunea da; hemen aldiz, Lappi eskualdean bertan sortutako zeramika ospetsuaren erakusketa eta denda bat daude. Ylitornio udalerrian aldiz, historiarekin zerikusia duten zenbait museo daude, hala nola, Iikan Tupa eta Katajan Pirtti Museoa. Nuotioranta auzoan dagoen museo honetan, Lappi eskualdeko antzinako etxe eta egiturak daude erakusgai; esaterako, XIX. mendeko egongela eta logela bana ikus daitezke. Beste gune ezagun bat, Alkkulan dagoen Eskola Museoa da, finlandieraz Koulumuseo. Hemen, Ylitornio herriko aspaldiko eskolako material eta objektu ugari daude erakusgai, XX. mende hasierakoak denak [30][31][32].
Bertako eraikinen aspaldiko egiturei eta balio historikoari esker, Ratasjärvi, Meltosjärvi eta Raanujärvi herrixkak eta Aavasaksa eta Kittisvaara muinoak monumentu izendatuak izan ziren 1993. urtean [33].
Denen artean, hauek dira azpieskualdeko eraikin eta oroitarri ezagunenak:
- Aavasaksa zubia: Tornionjoki ibaia zeharkatzen duen zubi hau, Torne ibarreko zubi ospetsuena da. Guztira, 471 metroko luzera eta 9 metroko altuera dauzka eta 1965. urtean eraikia izan zen. Aavasaksa gune turistikotik pare bat km-ra dagoen zubiak Finlandia eta Suedia herrialdeak batzen ditu eta tornetar kulturaren ikur nagusienetako bat da [34].
- Annikki Kariniemiren Estatua: Annikki Kariniemiren oroimenez eginiko estatua Ylitornioko oroitarririk ezagunenetako bat da. Ensio Seppänenek egin zuen 1990. urtean eta hasiera batean herrigunean egoteko eraikia izan zen arren, gaur egun, Aavasaksa muinoan dago. Annikki, Laponiako lehen emakumezko idazle arrakastatsua izan zen eta bere ipuinek herrialde guztian zehar bidaiatu zuten. Estatuaren helburua, Lappin, eta orokorrean sami kulturan, emakumeei dieten errespetua irudikatzea izan zen autorearen hitzetan [35].
- Eeroren Estatua: Eero Mäntyranta eskiatzailearen omenez eginiko estatua hau, Pello herrian eraiki zen 1967. urtean. Izan ere, finlandiar eskiatzaile ospetsuenen artean dagoen pellotar honek, guztira, hiru urrezko, bi zilarrezko eta bi brontzezko domina olinpiko irabazi zituen 1960ko, 1964ko eta 1968ko neguko olinpiar jokoetan; gainera, 30 km-ko lasterketan munduko txapeldun izan zen zortzi urtez. Innsbrucken ospatu ziren 1964ko Olinpiar Jokoak eskiatzaile honen gailur profesionala izan ziren; bertan bilakatu zen finlandiar kirolari arrakastatsuenetako bat eta "Mister Seefeld" izengoitia irabazi zuen [36].
- Maupertuisen oroitarria: Pierre Louis Maupertuis zientzialariaren omenez Aavasaksa muinoaren gailurrean dagoen oroitarria da; izan ere, zientzialariak XVIII. mendean eginiko ikerketak, mendixkako ikuspegiak, Ylitornio eta Pello udalerriak eta Torne ibarra munduan zehar zabaldu zituen. Maupertuis beraz, ibarrean oso maitatua den pertsonaia historikoa da eta honen omenez, herritarren diru-laguntzari esker oroitarri hau eraikitzea lortu zen.
- Pelloko eliza: herrigunean dagoen eliza da Pelloko eraikinik garrantzitsuena; zurezko eliza luterano hau, 1953. urtean zabaldu zuten amerikar luteranoen diru-laguntzari esker, II. Mundu Gerra eta Laponiako Gerren ostean. Guztira, 350 fededunentzako eserlekua dago eta eraikin nagusiaz gain, pare bat metrora ezkila-dorrea ospetsua dago. Pelloko eraikin zaharrena ez den arren, udalerriak izena zor dion eraikina da [37].
- Turtolako eliza: Turtola herrian dagoen eliza luteranoa da. Laponiako Gerran suntsitua izan zen antzinako elizaren errautsen gainean eraiki zen hau. 1953. urtean zabaldu zen eta hau ere, amerikar kristauen diru-laguntzari esker eraiki zen. Guztira, 220 sinesdunentzako eserlekua dago [38].
- Ylitornioko eliza edo Andreen eliza: azpieskualdeko eraikin garrantzitsuena da Pelloko elizarekin batera eta XX. mendean eraiki zen herrigunean. Harrizko eliza hau 1939. urtean eraikitzen hasi ziren, baina Neguko Gerrak eraikuntza-lan hauek eten egin zituen. Udalerriko gizonak finlandiar gudarosterakin bat egin zuten bitartean, emakumeak eliza eraikitzeaz arduratu ziren; ondorioz, Naisten kirkoksi izenaz ezaguna da eliza, gutxi gorabehera euskaraz Andreen eliza esan nahi duena. Elizak 550 fededunentzako eserlekua dauka eta bere hilerrian, Bigarren Mundu Gerran hil ziren 222 ylitornioarren hilobiak daude. 1818an eraikitako zurezko ezkila-dorrea antzinako elizatik gorde den egitura bakarra da eta udalerriko estruktura zaharrena da [39].
Kirola
Azpieskualdean bi kirol talde ospetsu daude. Lehena, Pellon Ponsi edo PePo taldea, Pelloko kirol talde ezagunena da. Taldeak parte hartzen duen kirolak iraupen eskia, orientazioa eta atletismoa dira. Taldekide ospetsuenen artean, Eero Mäntyranta, Olli-Markus Taivainen eta Sari Keskitalo daude. Lehena, finlandiar eskiatzaile ospetsuenen artean dago eta guztira, hiru urrezko, bi zilarrezko eta bi brontzezko domina olinpiko irabazi zituen 1960ko, 1964ko eta 1968ko neguko olinpiar jokoetan; gainera, 30 km-ko lasterketan munduko txapeldun izan zen zortzi urtez. Innsbrucken ospatu ziren 1964ko Olinpiar Jokoak eskiatzaile honen gailur profesionala izan ziren; bertan bilakatu zen finlandiar kirolari arrakastatsuenetako bat eta "Mister Seefeld" izengoitia irabazi zuen. Bigarrena, hogei urtekin eski orientazioko distantzia ertaineko munduko txapelduna da. Sari Keskitalo tornioarra berriz, finlandiar sprinter onena dugu, 2006tik herrialdeko sprint txapelketa gehien irabazi dituen emakumea [40]
Beste taldea, izotz-hockey talde ospetsua, Suomi-sarja Finlandiako hirugarren mailan jokatzen duen Et-Po -72 da; 2009-10eko denboraldian lehenengo taldeko laugarren postuan gelditu zen. Taldeak, Portimojärvi aintzirari zor dio izena eta 1972. urtean sortu zen. Seiehun bat pertsonentzako eserlekua duen Plussa-areena izotz-zelaian jokatzen ditu partiduak eta hauek, Ylitornioko ikuskizun jendetsuenak izan ohi dira. Taldean hazi eta hezi diren jokalari ospetsuenak, Konstantin Astrakhantsev errusiarra eta, Raumako Lukkon eta Frölundan jokatzen duten Jarkko Kauvosaari eta Toni Koivisto ylitornioarrak dira [41].
Ospakizun bereziak
Udako solstizio gauean, San Joan egunean, Finlandian oso ospetsua den festa bat antolatzen da Aavasaksan. Izan ere, Aavasaksa muinoaren gailurretik ekainaren 24ean baino ezin daiteke ikusi eta bertan, udalak eta Torne ibarreko erakunde turistikoak, ekitaldi eta kontzertuak antolatzen dituzte. Herrialdean egun honetan pizten dituzten su handienetako bat ere muino honetan egon ohi da [42].
Oranki herrixkan bestalde, ekainero, arte lehiaketa bat antolatzen da. Herrixkatik pare bat km-tara dagoen baso batean hain zuzen, artistek beren obrak erakusten dituzte eta 2001etik berrogeita hamar bat artelaneko baso-hilerri bat bilakatu da gune hori. Ospe handia lortu duen txapelketa da eta urtero, gutxi gorabehera hamar bat eskultura iristen dira herrixka txiki honetara [43].
Ekonomia
Azpieskualdeko egitura ekonomikoaren arabera, biztanleria langilearen %78ak zerbitzuetan egiten du lan; bai zerbitzu publikoetan, bai baso-zaintzan, bai turismoan. Gainontzekoak, nekazaritzan, Tornioko industrialdean, (egoera klimatikoak baldintzatuta) eta elur-orein zaintzan egiten du lan gehienbat. Torne ibarrean industria ia garatu gabe dagoenez, Tornion izan ezik, langabetuen kopurua ia Finlandiako udalerri guztietako altuena da, baina herriko landa-bizimodua dela-eta, datu hauek ez dira larriak.
70eko hamarkadaz geroztik, eta batez ere 90eko hamarkadan, urtez urte biztanleria jaisten doa Finlandiako ekonomia krisialdiaren ondorioz batik bat. Lehen esan bezala industria hitza ezezaguna da bertan eta krisialdiak gogor astindu zuen lehen sektoreko azpieskualdea; ondorioz, herritar askok lan bila kanpora jo behar izan zuen -batez ere, Tornio eta Rovaniemi hirietara-. Hala ere, gaur egun Finlandiako ekonomia gailurrean dagoenez, biztanleek euren landa-munduan dihardute inongo arazorik gabe. Azkenik, aipatzekoa da azken urteotan basogintza industriak ere garrantzia hartu duela azpieskualdeko diru-sarreretan.
Dena den, zerbitzuak eta turismoa dira lanpostu gehien dituzten jarduerak. Hain zuzen, Torne ibarreko Övertorneå eta Pajala udalerriekin batera sortutako turismo eskaintzak behintzat, langabeziaren ehunekoa jaistea lortu du. Pierre Louis Maupertuis ikerlariaren ibilbideak, Zirkulu Polar Artikoak, Tornionjoki ibaiaren inguruko jarduerek, eta batez ere, Aavasaksa muino-turistikoak bisitari asko erakartzen dituzte; batik bat, naturazale eta arrantzaleak [44].
Iruditegia
- Aavasaksako geltokia
- Enperadorearen Etxea
- Iso-Vietonen elurpean
- Jarkko Kauvosaari
- Kattilankoski ur-lasterrak
- Kristau eskola zaharra
- Maupertuisen oroitarria
- Paamajärvi aintzira
- Paamajoki ibaiko zubia
- Pelloko tren-geltokia
- Taivanen gaztea
- Tornionjoki ibaia udaran
- Torne ibar elurtua
- Turtolako zelaia
Erreferentziak
- Pinta-alat kunnittain (Excel) 1.1.2017 Maanmittauslaitos. 2017.07.02
- Ennakkoväkiluku sukupuolen mukaan alueittain, elokuu 2017 Tilastokeskus. 2017.10.07
- Expedition monuments
- Revontulten
- Pellon ilmasto
- Ylitornion kunta
- Torniolaakson esihistoria
- Tornionlaakso
- Tornion historia
- Maupertuis
- Tornionlaakson matkailu
- Suomen rautateistä
- Valtatie 21
- Kantatie 83
- Lapin liitto 2013.11.15
- Torniolaakson tilastotiede
- Väestö kansalaisuuden mukaan Lapin seutukunnissa 2010.12.31
- Tilastokeskus (Suomen tilastotiede)
- Eero Mäntyranta
- Orienteering
- Sami Jauhojärvi
- Rosa Liksom
- Tornionlaakso
- Ylitornion Lukio
- Pellon Lukio
- Lapin sairaanhoitopiiri
- Länsi-Pohjan sairaanhoitopiiri
- Suomen vaakunat
- Suomen vaakunat
- Pellon etnografinen museo
- Lapin Keramiikka/ Lapin Savi
- Koulumuseo
- 1993: Säilyttäminen lista Meltosjärven kylä, Ratasjärven kylä, Kittisvaara, Raanujärven kylä, Aavasaksan kruununpuisto
- Aavasaksan silta
- Annikki Kariniemen patsas
- Eero Mäntyrannan
- Pellon kirkko
- Turtolan kirkko
- Ylitornion kirkko
- Pellon Ponsi
- Etelä-Portimo -72
- Päivä
- Oranki Art
- Tornionlaakson matkailu
Ikus, gainera
Norrbotten | Tunturien Lappi | Rovaniemi |
Norrbotten | Rovaniemi | |
Norrbotten | Kemi-Tornio | Kemi-Tornio |
Kanpo estekak
- Aavasaksa (Ingelesez)
- Etelä-Portimo -72 (Finlandieraz)
- Pellon Ponsi (Finlandieraz)
- Orajärvi (Finlandieraz)
- Oranki Art (Ingelesez)
- Torne ibarra (Ingelesez) (Frantsesez)
- Tornionlaakso (Ingelesez)