Tornado
Tornadoa indar handiko haize-zurrunbiloa da, kiribilean igotzen dena[1] lurretik kumuloninbo hodei bateraino. Haren haizeek 100 eta 400 km/h arteko abiadura har dezakete, eta erpinak beherantz duen kono edo onil baten itxura du. Fenomeno atmosferiko zikloniko bortitzenetakoa da, baina hedadura txikikoa eta iraupen laburrekoa (segundo gutxitik ordubetera).
Eguraldia |
---|
Tornadoak forma eta tamaina askotakoak dira, eta maiz kondentsazio-onil baten moduan ikusten dira kumuloninbo hodei baten oinarritik datorrena, azpian hondakin eta hauts laino birakari bat duela. Tornado gehienek 65 eta 180 km/h iristen diren haizeak dituzte, gutxi gorabehera 75 m zabal dira eta kilometro gutxiko ibilbidea egiten dute, desagertu aurretik. Handienek 450 km/h haizea izan dezakete, 2 km zabal dira eta 100 km baino gehiagoko ibilbidea egin dute lurraren gainean[2][3][4].
Hainbat eskala daude haien indarra sailkatzeko. Fujita-Pearson eskala kalteen araberakoa da eta zenbait herrialdetan Fujita eskala hobetuak (Enhanced Fujita scale) ordezkatu du, aurrekoaren bertsio eguneratua. F0 edo EF0 tornadoak, kategoria ahulenak, kalte egiten die zuhaitzei, baina ez egiturei. F5 edo EF5 tornadoak, kategoriarik indartsuenak, eraikinak zimenduetatik erauzi eta egitura-deformazio esanguratsuak eragin ditzake etxe-orratzetan[5].
Hitza
Tornado hitza ingelestik dator, eta hori gaztelaniazko tronado hitzetik segur aski (trumoi ekaitza[6]), tornar (biratu) hitzaren eraginez metatesiz eraldatua[7].
Ezaugarriak
Bitarteko latitudeetan oso kontuan hartzekoak dira tornadoak, gertaera indar handikoak eta aski arriskutsuak baitira; meteorologiako gertaera guztietatik tornadoak dira hondamen handienak eragiten dituztenak.
Tornadoak depresio txikiak dira, zikloien norabidean (erloju orratzen kontra ipar hemisferioan eta erloju orratzen arabera hego hemisferioan) lastertasun handiz biratzen diren haize-lasterrez osatuak. Onil erraldoi baten forma duen hodei bat izaten da, kumuloninbo baten azpian eratua eta lurreraino iristen dena, beso luze eta estu baten bidez; kolore iluna edo beltza du, hezetasunaren, hautsaren eta goranzko aire korronteek lurretik altxatzen dituzten zatikien ondorioz. Indar handiko euri-jasak eta kazkabarra botatzen dituzte, gune jakin batetik igaro baino lehen. 100 metrotik beherako diametroa izaten dute, eta haizearen lastertasuna 400 km/h izatera irits daiteke.
Bestalde, erdiguneko presioa inguruko eguratsarenarena baino askoz ere txikiagoa da, eta, horrenbestez, eraikin itxiak lehertu egiten dira tornadoen eraginez, etxearen barnealdearen eta kanpoaldearen artean dagoen alde barikoa (presioaren aldea alegia) dela eta.
Atalak
Tornado batek hiru atal ditu:
- Ama hodeia: nondik tornadoa eskegita dagoen.
- Onila: ama hodeitik lurrerantz doana.
- Zurrunbiloa: onilaren beheko atala, lurra ukitzen duena.
Eraketa
Tornadoak hara-hona mugitzen dira sigi-sagan. Baina ez dago zehatz jakiterik tornadoa nola eratzen den. Gehienak ekaitzekin batera eratzen dira. Tornado bat eratzeko bi baldintza nagusi behar dira: aire-masa bero eta hezea, lurrazaletik hurbil, eta beste aire-masa hotz eta lehorra, troposferatik hurbil. Bi aire-masa horiek elkartzen direnean, superzelula izeneko ekaitz bortitz bat sortzen da. Aire hotzak behera egiten du eta aire beroak gora, presio atmosferiko desberdinagatik eta nahasketa horretan aire biraketa indartsua sortzen da, Coriolis indarraren eraginez.
Teorian, badago esatea kumuloninbo baten bilakaeran –haize hezea hodeiaren azpialdera jaisten denean– energia zinetikoa kontzentratu izanaren azken aldia dela, eta zikloi baten bira edo mugimendua dela orobat; goranzko aire hezea hodeiaren azpialderantz mugitzen denean, eta gorantz bizkor berriz igotzen delarik eta kondentsazio handia duelarik, orduan bero latentea askatzen du aire heze horrek, eta horrekin batera energia zinetiko handia sortzen du.
Udaberrian eta uda hasieran izaten dira tornadoak eratzeko egurats baldintza egokienak, batez ere martxo eta uztail artean[8].
Kokapena
Tornadoak kontinente guztietan jazo dira, Antartikan izan ezik. Gehienak, hala ere, Ameriketako Estatu Batuetako hegoaldeko Ordoki Handietan sortzen dira, bereziki Tornado Alley izeneko eremuan.
Latitude horietan jartzen dira elkarren alboan Mexikoko golkotik iritsitako tropiko aldeko haize-laster hezeak eta hego-mendebaldeko basamortuko aire lehorreko haize-lasterrak, eta gorabehera handiak sortzen dira haize-laster baten eta bestearen tenperaturaren, hezetasunaren eta haizeen artean. 1915 eta 1950 bitartean bi mila lagunetik gora hil ziren tornadoen eraginez, eta ekonomian ere kalte eta galera handiak ekartzen dituzte.
Euskal Herritik gertu ere badaude, batez ere Mediterraneo aldean. Bestetik, Euskal Herriko kostaldetan bere itxura duten tragarroiak edo traganarruak daude, hau da, haize-zurrunbilo gehienetan indartsua, hodei zutabe gisa azaltzen dena eta behealdean itsasotik jasotako ur-tantak edo lurretik jasotako hautsa, harea eta zaborra izan ohi dituena[9].
Neurketa
EFU | Ezezaguna | - Kalte neurgaitza |
---|---|---|
EF0 | 105–137 km/h | - Kalte arina |
EF1 | 138–178 km/h | - Kalte neurritsua |
EF2 | 179–218 km/h | - Kalte nabarmena |
EF3 | 219–266 km/h | - Kalte larria |
EF4 | 267–322 km/h | - Kalte suntsitzailea |
EF5 | >322 km/h | - Kalte sinestezina |
Hainbat eskala daude haien indarra sailkatzeko. Fujita-Pearson eskalak (edo soilik Fujita eskala) kalteen araberakoa da. 2007ko udan, eguneratu egin zen, kalteak hobetu deskribatuz eta haizearen lastertasuna hobeto balioetsiz: horri Fujita eskala hobetua (Enhanced Fujita scale) deritzo. Hala ere, aurrekoaren balio eta maila berak mantendu ziren. Horrela, bi-biek 6 maila dituzte: F0 edo EF0 ahulena da eta F5 edo EF5, bortitzena.
- EF5 batek eginiko kalteak (2003)
- EF4 batek eginiko kalteak (2013)
- EF3 batek eginiko kalteak
- EF2 batek eginiko kalteak (2011)
TORRO eskala antzekoa da, baina 12 mailarekin: T0 ahulena da eta T11, bortitzena. Tornadoen intentsitatea definitzeko eta haiek sailkatzeko beste ezaugarri batzuk ere aztertzen dira, hala nola Doppler radarreko datuak, fotogrametria edo lurreko zurrunbilo-ereduak (marka zikloidalak)[10][11].
Tornadoak eta gizakia
Zinema eta literatura
Hainbat film eta eleberritan agertzen dira tornadoak, bai argumentu nagusiaren oinarrian, bai pasarte batean. Horien artean daude:
- OZeko aztia: (The Wonderful Wizard of Oz) Lyman Frank Baum idazlearen eleberria (1900)
- The Wizard of Oz: 1939ko filma
- Twister: 1996ko filma
- The Day After Tomorrow: 2004ko filma
- Desperate Housewives, 2007, 9 atala, 4 denboraldia
- Smallville, 2002
- Man of Steel, 2013
Tornado ehiztariak
Bada jendea tornado eta bestelako ekaitzen atzetik bila dabiltzana, aztertzeko, argazkiak ateratzeko edo, soilki, esperientzia zirraragarriak bizitzeko. Tornado-ehiztari esaten zaie eta herrialde askotan daude. Hala ere, mugimendua Estatu Batuetako Ordoki Handietatik dator, eta han dago hedatuen. Lehen tornado-ehiztari ezaguna Roger Jensen izan zen (1933-2001), Fargokoa, 1951an Lake Parke eskualdean (Minnesota) ekaitzei jarraitu ziena[12],[13]. Arlo horretako aitzindariek argibide baliotsuak eman dizkiete meteorologia ikertzaileei.
1972an, University of Oklahoma-k eta National Severe Storms Laboratory-k Tornado Intercept Project proiektuari ekin zioten. Tornadoei buruzko informazioa in situ lortzeko lehen hedapen koordinatua zen. Proiektu horrek tornado-ehiztari talde handi bat sortu zuen, eta gero aurrera jarraitu zuen, Stormtrack aldizkaria argitaratuz. Geroago, hainbat tresna hedatu ziren ehizaldi horietan, tartean radar meteorologiko eramangarriak.
Fenomeno honek indarra hartu zuen, internet eta bestelako hedabideak direla-eta, eta 1990eko hamarkadan neofito asko ekaitzak ehizatzen hasi ziren bizipen kitzikagarriak bilatzeko. Orain, bidaia-agentziek tornado-ehiza proposatzen dute, Afrikako argazki-safarien ereduari jarraituz. Horregatik, Mendebalde Ertaineko bideetan jendetza inguratu ohi da ekaitza denean, eta horien artean benetako ikertzaileak portzentaje txiki bat baino ez dira.
Sineskeriak
Tornadoen inguruan sineskeria eta uste oker ugari garatu dira, hainbat iturrik barreiatuak, horien artean esamesak, herri-kontakizunak eta tornadoen fisika ezagutzen ez dutenek egindako erreportajeak. Beste iturri batzuk dira zenbait hedabidetan aurkitzen den sentsazionalismoa eta filmetako informazio okerrak. Sineskeria horiek maila askotan ageri dira: hartu beharreko neurriei buruzko ideiak, eragindako kalteen minimizazioa eta fenomenoaren tamaina, forma, ahalmen eta ibilbideari buruzko hipotesi faltsuak.
Adibidez, uste batek dio tornado baten aurretik etxeko leihoak irekitzeak ekaitzak eragindako kalteak murrizten dituela, kanpo eta barne presioa orekatzen baititu, baina ez da egia[14]. Beste baten arabera, ibilgailu baten barruan geratzea oso arriskutsua da, haizeak erraz jo baitezake, baina irteteak arriskua areagotu lezake, aterpe hoberik ez badago[14].
Beste uste oker ugari dago: tornadoek etxeen gainetik salto egin dezaketela, ibilbide ezagunean mugitzen direla, intentsitatea zabaleraren araberakoa dela, Ipar Amerikan bakarrik gertatzen direla, ez direla neguan gertatzen, etxe mugikorren eremuek erakartzen dituztela edo kokaleku batzuek (ibaiek, mendiek, haranek, eraikin handiek) tornadoetatik babesten dtutela[14].
Irudiak
- Tornado baten bizi-zikloaren time-lapsea, Prospect Valley, Colorado, 2018-6-19
- Tornadoa, 1979ko apirila, Seymour (Texas)
- F4 tornado bat, Roanoke (Illinois), 2004-7-13
- Tornado garatua, Union City (Oklahoma), 1973-5-24
- Super-zelula baten radar irudia, Oklahoma City (Oklahoma) 1999-5-3
- EF4 tornado bat, Marquette (Kansas), 2012-4-14
- F0 tornado bat desagertzen, Ipar Itsasotik hurbil, Vrångö (Suedia) 2011-7-17
Erreferentziak
- Tornado Euskaltzaindiaren hiztegian (kontsulta: 2021-2-18)
- (Ingelesez) Wurman, Joshua. (2008-08-29). Doppler on Wheels. Center for Severe Weather Research jatorrizkotik artxibatua (artxibatze data: 2007-02-05).
- (Ingelesez) «Hallam Nebraska Tornado» National Weather Service (National Oceanic and Atmospheric Administration) 2005-10-02 (Noiz kontsultatua: 2009-11-15).
- (Ingelesez) Roger Edwards. (2006-04-04). «The Online Tornado FAQ» Storm Prediction Center (National Oceanic and Atmospheric Administration) jatorrizkotik artxibatua (artxibatze data: 2006-09-29) (Noiz kontsultatua: 2006-09-08).
- (Ingelesez) (Noiz kontsultatua: 2010-06-14).
- Tronada Real Academia Española hiztegian (kontsulta: 2021-02-20)
- (Ingelesez) Harper, Douglas. (2001). Tornado. Online Etimology Dictionary (Noiz kontsultatua: 2009-8-31).
- Tornadoak Norteko ferrokarrilla irratsaioan, Zientzia.eus webgunean (2014/06/23)
- Traganarru Harluxet hiztegiaren definizio]
- (Ingelesez) «Goshen County Tornado Given Official Rating of EF2» National Weather Service.
- (Ingelesez) Lewellen, David C.; Zimmerman, M.I.. (2008-10-28). (PDF) Using Simulated Tornado Surface Marks to Decipher Near-Ground Winds. .
- (Ingelesez) Roger Jensen a storm chasing pioneer Gune ofiziala.
- (Ingelesez) The Loss of Chasing Pioneer Roger Jensen, Stormtrack aldizkarian.
- (Ingelesez) Roger Edwards. Tornado Safety. NOAA.
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik hartu da. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
Ikus, gainera
Kanpo estekak
- Tornadoak Norteko ferrokarrilla irratsaioan, Zientzia.eus webgunean (2014/06/23)
- Espazioko tornado erraldoiak Elhuyar aldizkarian (1997/06/01)
- (Ingelesez) AEBtako gobernuaren tornadoen aurkako oharrak