Tonga
Tonga, izen osoa Tongako Erresuma[1] (tongeraz: Puleʻanga Fakatuʻi ʻo Tonga), Ozeaniako uhartedi-estatu burujabea da, Polinesian dagoena, Ozeano Barean. 700.000 kilometro koadroko eremuan kokatutako 171 uharte txikiz osaturik dago, baina 36tan bakarrik bizi da jendea.[2] Ozeaniako uharte-nazioetan dagoen monarkia bakarra da. Denera, 650 kilometro koadroko azalera dauka, eta 100.209 biztanle zituen 2021ean.[3] Hiriburua Nuku'alofa da.
Tongako Erresuma | |||
---|---|---|---|
Pule'anga 'o Tonga | |||
Ereserkia: Ko e fasi ʻo e tuʻi ʻo e ʻOtu Tonga | |||
Goiburua: Ko e ʻOtua mo Tonga ko hoku tofiʻa ("Jainkoa eta Tonga dire nire ondarea") | |||
| |||
Geografia | |||
Hiriburua | Nuku'alofa 21°8′3″S 175°12′6″W | ||
Azalera | 748,506563 km² (186.) | ||
Punturik altuena | Kao (en) | ||
Punturik sakonena | Ozeano Barea (0 m) | ||
Kontinentea | Ozeania | ||
Mugakideak | Ameriketako Estatu Batuak | ||
Administrazioa | |||
Tongako monarka | Tupou VI.a | ||
Tongako Lehen Ministroa | Pohiva Tuʻiʻonetoa | ||
Legebiltzarra | Legislative Assembly of Tonga (en) | ||
Harreman diplomatikoak | Ikusi mapa Wikidatan | ||
Zeren kide | ikusi
| ||
Demografia | |||
Biztanleria | 108.020 (2017) (194.) 0 (2017) | ||
Dentsitatea | 144,31 bizt/km² (76.) | ||
Hizkuntza ofizialak | |||
Erabilitako hizkuntzak | |||
Ezkontzeko adina | genero guztiak: 18 | ||
Emankortasun-tasa | 3,722 (2014) | ||
Eskolaratu gabeko umeak | 3.179 (2014) | ||
Bizi-itxaropena | 73,029 (2016) | ||
Giniren koefizientea | 37,6 (2015) | ||
Giza garapen indizea | 0,745 (2021) | ||
Ekonomia | |||
BPG nominala | 426.057.453,06492 $ (2017) 24.495.446,83495 (2016) | ||
BPG per capita | 3.959 $ (2017) 215 (2016) | ||
BPG erosketa botere paritarioa | 644.791.231 nazioarteko dolar (2017) 28.662.877 (2016) | ||
BPG per capita EAPn | 5.969,184 nazioarteko dolar (2017) 217,533 (2016) | ||
BPGaren hazkuntza erreala | 3,5 % (2016) | ||
Erreserbak | 198.522.418 $ (2017) 22.025.118 (2016) | ||
Inflazioa | 2,5 % (2016) 3,6 (2015) | ||
Historia | |||
Sorrera data: 1970 | |||
Bestelako informazioa | |||
Aurrezenbakia | +676 | ||
ISO 3166-1 alpha-2 | TO | ||
ISO 3166-1 alpha-3 | TON | ||
Ordu eremua | ikusi
| ||
Elektrizitatea | 240 V. 50 Hz.AS/NZS 3112 (en) | ||
Internet domeinua | .to | ||
mic.gov.to |
Izena
Tonga hitzak hegoalde esan nahi du tongeraz, Polinesia osoan hegoaldeen dauden uharteak baitira. Beste izen batzuk ere eman zaizkie, adibidez Uharte adiskidetsuak, James Cook kapitainari 1773an egin zioten harrera adiskidetsua zela-eta. Izan ere, 'inasi jaiaren garaian iritsi zen bertara, eta uharteetako monarkari hasikinak oparitzen zaizkion ospakizunera gonbidatu zuten. Beti ere, Willian Mariner idazlearen arabera, uharteetako agintariek Cook erail nahi izan zuten, baina ez zuten adostu nola egin.[4]
Geografia
Kokapena
Tongako uhartedia Ozeano Barean dago, mendebaldeko Polinesian. Iparraldean, Samoa du; ekialdean, Zeelanda Berria; eta mendebaldean, Fiji. 171 uharte nagusiz eta iparralde eta hegoalde urrunean dauden beste uharte txikiago batzuez osatua da. Uharte horietatik guztietatik 36tan bakarrik bizi da jendea. Uharte nagusiak, iparraldetik hegoaldera, 805 kilometro inguruko bi ilara paralelotan daude, hiru multzotan banaturik: Vavau iparraldean, Haapai erdialdean eta Tongatapu hegoaldean. Hiriburua uharterik handienean dago, Tongatapun, hain zuzen ere.
Erliebea
Ekialdeko lerrokoak koral eta kareharrizko uharte lauak dira, eta mendebaldekoak, menditsuagoak, sumendi jatorrikoak, eta oso lur emankorrekoak. Kao mendia (1.033 metro) da uhartediko gailurra. Uharte askok koralezko itsas-hautsiak dituzte inguruan. Mendebaldeko lau uhartetan sumendi aktiboak daude.
Klima eta landaredia
Klima tropikala da, bi urtarorekin: euritsua, azarotik apirilera, eta lehorra, maiatzetik urrira; urtarrila, otsaila eta martxoa dira hilabeterik hezeenak, eta bakoitzean 250 mm euri baino gehiago jasotzen dira.[5] Urteko batez besteko tenperatura 23 °C ingurukoa da hegoaldean eta 27 °C-koa iparraldean.
Landaredia oso ugaria da. Lurra oso emankorra denez, lehen ezezagunak ziren fruitu tropikal asko lantzen dira gaur egun.
Historia
Aztarna arkeologikoek erakusten dute Tongako lehen biztanleak Santa Cruz uharteetatik iritsi zirela itsasoz, lapita izenez ezagutzen den antzinako herri baten lehen migrazioen zati gisa. Gaur egun, Salomon uharteen zati bat da, baina Vanuaturen antzeko espezie bakarreko ekosistema du. Talde haren ondorengo zuzenak melanesiarrak dira. Lapitak Fiji, Tonga eta Samoan banatu ziren K.a. 1500. urtearen inguruan. Beraz, K.a. 1500. eta K.a. 1000. urteen artean iritsi ziren egungo Tongako lurraldera[6].
Lapitak herri aurreratua ziren, arrantzatik eta baratzezaintzatik bizi zirenak; itsasoan aritu, eta zeramikazko piezak egiten zituzten[7]. Herria Tonga, Samoa eta Fiji artxipelagoetan kokatu eta bizi izan zen mila urtez, esploratzaile europarrek Markesa uharteak, Tahiti eta Hego Ozeano Bareko beste uharteak aurkitu aurretik[6]. Horregatik, autore batzuen ustez, Tonga, Samoa eta Fiji «Polinesiako kultura eta zibilizazioaren sehaska» da[8]. XII. mendean, tongarrak interakzio sare bat osatu zuten, abenturazaleek, gerlariek eta nabigatzaileek osatua, Tu'i Tonga bezala ezagutua. Estatu boteretsu bat izan zen eskualdean, eta inguruko Niue eta Tikopia uharte asko konkistatu zituen[7].
XIII. mendean, Tuʻi Tonga Inperioa indar handikoa izan zen, eta Hawaiiko uharteak ere hartu zituen mendean. XVII. mendetik aurrera, lehenbiziko europar itsasgizonak iritsi ziren: Jacob Le Maire (1616) eta Abel Tasman (1643) herbeheretarrak eta, geroago, James Cook ingelesa (1773an eta 1777an). Azken honek uharteekiko harremanak sendotu zituen.
XVIII. mendearen hasieran iritsi ziren lehenbiziko misiolariak, eta Tongako erregea, Tupou I.a, metodismoaren jarraitzaile egin zen. Erregeak uharte guztietara zabaldu zuen bere aginpidea. 1862an, legedi bat egin zuen, eta 1875ean, konstituzio demokratikoa onartu zuen. XIX. mendearen bukaeran, Alemaniak, Britainia Handiak eta Estatu Batuek Tongaren burujabetasuna ezagutu zuten baina, hala ere, laguntza premiagatik, 1905az gero britainiarren babesean egon zen. 1970ean, Tongak burujabetasun osoa eskuratu zuen, Commonwealth erakundearen barruan.
1987ko hauteskundeetan, herritarrek legebiltzarrean dituzten ordezkariek ordezkaritza zabalagoa izan zedin zenbait berrikuntza egiten saiatu ziren, baina Tāufaʻāhau Tupou IV.a erregeak, kontserbadoreekin bat eginik, bertan behera utzi zituen neurri haiek. Hala ere, 1990eko hauteskundeetan erreformazaleak nagusitu ziren. 1992an, oposizioko taldeek Demokraziaren Aldeko Mugimendua osatu zuten, eta legebiltzarreko gehiengoa lortu zuten 1993ko hauteskundeetan; 1994an, Tongako Alderdi Demokratikoa izena hartu zuen alderdi hark.
1996ko legebiltzarrerako hauteskundeetan Herriaren Alderdiak irabazi zituen sei ordezkariak. Erregeak alderdi politikoak onartuko zituela eta erreformak egingo zituela agintzen jarraitu zuen, baina erregimenaren jarduera ezer gutxi aldatu zen, eta 1997an, esaterako, liberalizazio politikoa eskatzen zuten zenbait buruzagi eta kazetari atxilotu zituzten.
Tāufaʻāhau Tupou IV.a erregea 2006an hil zen, eta George Tupou V.a izan zen ondorengoa. Urte eta erdi atzeratu zen errege berria koroatzeko ekitaldia, 2006 bukaeran istilu latzak izan baitziren hiriburuan demokraziaren aldekoek bultzatutako protestetan: 8 lagun hil ziren eta hainbat eraikin sutan kiskali ziren. Gero eta handiagoa zen demokrazia ezartzeko eskaria, eta gobernuak erreforma prozesu bat iragarri zuen 2010. urtean hauteskundeak egin ahal izan zitezen.
2022ko urtarrilean, Hunga Tonga–Hunga Haʻapai ur-azpiko sumendiak eztanda egin eta ondorioz tsunami bat eragin zuen. Erupzioak komunikazio azpiegiturak kaltetu zituen, eta bost pertsona hil.[9]
Gobernua eta administrazioa
Politika
Tongako Erresuma monarkia konstituzionala da, eta errege titulua herentziaz jasotzen da. Erregea da estatuburua eta gobernuburua, eta kontseilu pribatu baten laguntzarekin agintzen du. Kontseilu horretako kideak dira lehen ministroa eta beste zortzi ministro, erregeak izendatuak eta hil arteko kargudunak. Aginpide legegilea ganbera bakarraz osaturiko legebiltzarraren esku dago; legebiltzarra osatzen duten kideak erregea, kontseilu pribatuko ministroak, herritarren ordezkariak eta nobleak dira. Egungo konstituzioa 1875ean berretsi zuen George Tupou I.a erregeak.
Banaketa administratiboa
Herrialdea bost eskualde administratibotan banaturik dago:[2]
Izena | Hiriburua | Eremua[3] (km2) | Biztanleria 2021eko errolda[3] | Dentsitatea (bizt/km2) |
---|---|---|---|---|
Tongatapu | Nuku'alofa | 260 | 74.454 | 286,4 |
Vavaʻu | Neiafu | 121 | 14.283 | 118,0 |
Haʻapai | Pangai | 109 | 5.419 | 49,7 |
ʻEua | 'Ohonua | 87 | 4.903 | 56,4 |
Ongo Niua | Hihifo | 72 | 1.150 | 16,0 |
Tonga | Nuku'alofa | 650 | 100.209 | 154,2 |
Demografia
Biztanleria
100.209 biztanle zituen 2021ean.[3] Adineka, honela dago banaturik biztanleria: 0-14 urte bitartekoak % 32 dira, 15-24 urte bitartekoak % 19,7, 25-54 urte bitartekoak % 35,3, 55-64 urte bitartekoak % 6,2 eta 65 urtetik gorakoak % 6,8. Bizi itxaropena 77,5 urtekoa da; 75,9 urtekoa gizonezkoena eta 79,2 urtekoa emakumezkoena (2022ko zenbatespenak).[2] Jende gehiena Tongatapun bizi da.
Banaketa etnikoa
Biztanleen % 97 tongar etniakoak dira, polinesiarrak alegia.[2] Gainerakoak europarrak, europarren eta polinesiarren mestizoak eta Ozeano Bareko beste uharteetakoak dira. Ehunka txinatar ere daude, baina kopurua jaitsi egin da XXI. mendean. Izan ere, 2001ean 3.000 to 4.000 txinatar bizi zirela uste da, biztanleriaren % 3.5 inguru; baina 2006an txinatarren denden kontrako erasoak gertatu ziren Nukuʻalofan eta, horren ondorioz, askok alde egin zuten.[10]
Hizkuntzak
Tongera da herrialdeko hizkuntza ofiziala, ingelesarekin batera. Malayo-polinesiar hizkuntza da, maoriera, niuera, hawaiiera edota samoeraren ahaidea.
Erlijioa
Tongarren gehiengoa, % 64,1, protestanteaa, metodista batez ere;[11] Mormoiak % 18,6 dira, eta katolikoak % 14,2.[2] Konstituzioak kultu askatasuna babesten badu ere, kristautasunak, polinesiar ohiturekin batera, eragin handia du eguneroko bizitzan. Adibidez, saltoki guztiak itxirik egoten dira larunbat gauerditik igande gauerdira arte, eta Konstituzioak berak dio larunbata eta igandea egun santuak direla.
Hezkuntza
Lehen hezkuntza derrigorrezkoa eta doakoa da 6 eta 14 urte bitartean. Misioen eskolek lehen hezkuntzaren % 8 eta bigarren hekzuntzaren % 90 ematen dute. Eskola publikoek gainontzekoa betetzen dute. Goi-mailako hezkuntzari dagokionez, irakasle, medikuntza, nekazaritza eta negozioetarako eskolak daude. Beste guztia herrialdetik kanpo ikasi behar izaten dute, Australian, Zeelanda Berrian eta Japonian batez ere.
Ekonomia
Nekazaritza da ekonomiaren oinarria: 2017an barne produktu gordinaren % 19,9 hartu zuen.[2] Kokoa, banana eta banilla dira gai nagusiak, eta esportazio guztien bi heren hartzen ditu nekazaritzako gaien esportazioak. Arrantzatik ateratakoa ere garrantzi handikoa da, baina zenbait elikagai inportatu behar izaten ditu, Zeelanda Berritik nagusiki. Industriak barne produktu gordinaren % 20,3 betetzen du; elikagai industria, eskulanak, altzariak. Turismoak garrantzi handia du (barne produktu gordinaren % 59 inguru) eta bera da kanpoko diru sarrera nagusia.
Dena dela, Tongako ekonomia kanpoko laguntzen mende dago, eta arazo larria du merkataritzako defizitari eta langabeziari aurre egitea. Gobernua inbertsioak areagotzeko eta alor pribatua suspertzeko ahaleginak egiten ari da. 16 urtetik gorako gizonezko orori lur sail bat dagokionez, biztanle hazkundearen eraginez gero eta lur gutxiago eskuratzen dute bertako biztanleek, eta horren eta langabezia tasa handiaren eraginez, jende asko ari da emigratzen. Tarteka zikloiek eta sumendi erupzioek erasotzen dute; 1993ko zikloiaren ondoren, esaterako, uzta hondatu zen eta herrialdeko olio lantegi bakarra itxi egin behar izan zen; horren ondorioz, Tongak onartu egin behar izan zuen Estatu Batuetako hondakin pozoitsuak isurtzea bertako uretan, diru laguntzen truke.
Kultura
Tongako jantzi tradizionalari taʻovala deritzo, eta pandano ostoekin egina dago; gizonezkoek eta emakumezkoek janzten dute.
Zeremoniazko dantzek garrantzi handia dute Tongako kulturan. Ezagunena lakalaka izenekoa da. Zeremonia inportanteen hasieran dantzatzen da, hala nola erregetza hartzeko ospakizunetan eta konstituzioaren urtemugetan. Unescok gizateriaren ondare immaterial izendatu zuen.[12]
Tongako literatura ahozko tradiziozkoa da. 1960tik aurrera, idazle gutxi batzuk daude. Horien artean nabarmentzen dira:
- Epeli Hauʻofa (1939-2009, eleberriak, saiakera, antropologia).
- Konai Helu Thaman (1946an jaioa, poesia).
Hamabosteko errugbia da herrialdeko kirol nagusia, eta Tongako errugbi selekzioa maila handikoa da. Tongatar jatorriko jokalari ugarik (Jonah Lomuk, Israel Folauk, Malakai Fekitoak, Frank Halaik, Sitaleki Timanik, Mark Gerrardek, Doug Howlettek...) jokatu dute Zeelanda Berriko edo Australiako selekzioetan.
Erreferentziak
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2022/10/12 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- Euskaltzaindia. 38. araua: Munduko estatu-izenak, herritarren izenak, hizkuntza ofizialak eta hiriburuak. .
- Tonga. The World Factbook (Noiz kontsultatua: 2022-10-11).
- Tonga. citypopulation.de (Noiz kontsultatua: 2022-10-11).
- Mariner, William eta Martin, John. An account of the natives of the Tonga islands in the south Pacific Ocean: With an original grammar and vocabulary of their language. Compiled and arranged from the extensive communications of Mr. William Mariner, several years' resident in those islands. Volume 2, pp. 64–65, web.archive.org (Noiz kontsultatua: 2022-10-12).
- The Kingdom of Tonga’s Initial National Communication. unfccc.int (Noiz kontsultatua: 2022-10-12).
- {{En}The Lapita Peoples (18 edición). Nueva York: Editora Newspapeer's. 1997
- (Gaztelaniaz) «Fuentes de libros - Wikipedia, la enciclopedia libre» es.wikipedia.org (Noiz kontsultatua: 2023-02-07).
- (Portugesez) admin. (2016-06-21). «Tonga» Portal São Francisco (Noiz kontsultatua: 2023-02-07).
- Bi hildako Tongan asteburuan izandako tsunamiarengatik. Berria, 2022ko urtarrilak 19, CC BY-SA 4.0, berria.eus (Noiz kontsultatua: 2022-10-16).
- (Ingelesez) «Flight chartered to evacuate Chinese in Tonga» ABC News 2006-11-22 (Noiz kontsultatua: 2022-03-25).
- (cf. Ernst, Manfred/ Winds of Change. Suva: PCC, 1994, p. 146)
- Unknown. (2016-08-17). «Geografía Cultural de Oceanía: Danzas» Geografía Cultural de Oceanía (Noiz kontsultatua: 2022-03-25).
Kanpo estekak
- (Ingelesez) CIA - World Factbook Geografia, biztanleria, politika eta ekonomia datuak.
- (Ingelesez) Tongako gobernuaren wengunea, gov.to