Tom Waits
Thomas Alan Waits 1949ko abenduaren 7an Ameriketako Estatu Batuetan jaiotako abeslari, musikagile eta aktorea da. Ahots lakar samarreko kantaria da Waits, estilo berezia atondu duena. Diskoetarako kantak sortzeaz gain, filmetarako musika ere konposatu du eta aktore jardun du hainbat pelikulatan (The Fisher King, Bram Stoker's Dracula, ...).
Tom Waits | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotzako izen-deiturak | Thomas Alan Waits |
Jaiotza | Pomona, 1949ko abenduaren 7a (74 urte) |
Herrialdea | Ameriketako Estatu Batuak |
Lehen hizkuntza | ingelesa |
Familia | |
Ezkontidea(k) | Kathleen Brennan (en) |
Hezkuntza | |
Heziketa | Hilltop High School (en) O'Farrell Community School (en) Southwestern College (en) |
Hizkuntzak | ingelesa |
Jarduerak | |
Jarduerak | egile abeslaria, abeslaria, aktorea, musikagilea, jazz pianist (en) , idazlea eta jazz guitarist (en) |
Jasotako sariak | ikusi
|
Genero artistikoa | rock |
Ahots mota | baritonoa |
Musika instrumentua | pianoa ahotsa gitarra Zelesta |
Diskoetxea | Asylum Records Epitaph Records Island Records Anti- (en) |
tomwaits.com | |
|
Leku ilun, pertsonaia goibel eta giro etsigarriak Waitsen kanta askoren ezaugarri badira ere, balada eta abesti ederren sortzaile izan da eta sarri horietako asko beste abeslari batzuek gerora egindako bertsioak entzunda egin dira ezagunak. Hor dira, adibiderako, Bruce Springsteenek bertsionatutako Jersey Girl edota Rod Stewartek abestutako Downtown train, biak ala biak Waitsen kantak.
Waits Sonoma Countyn, Kalifornian, bizi da egun, emazte eta hiru seme-alabekin.
Bizitza eta musika-lanak
Hastapenak
Tom Waits Pomonan, Kalifornian, jaio zen 1949ko abenduaren 7an. Gurasoak irakasleak ziren, aita eskoziar jatorrikoa eta ama norvegiarrekoa[1]. Tomek hamar urte zituenean, 1960an, gurasoak banandu egn ziren, eta amarekin National Cityra (Kalifornia) joan zen bizitzera, Mexikoko mugatik gertu[2]. Itxura baten auzoko baten etxean ikasi zuen bere kabuz pianoa jotzen, eta musikarako zaletasuna aitarekin Mexikora eginiko txangoetan ernatu zitzaion, autoko irratian entzundako hango doinuek azkartuta[3]
1965ean Tom The System deituriko banda batean jotzen hasi zen, soul estilokoa; bitartean ikastetxean ziharduen eta pizzeria batean lanean hasia zen San Diegon. Sasoi hartako musika-eraginez honakoa aitortu zuen behin: "Blue Cheerrek ez ninduen liluratzen, hurbilagokoa nuen Bing Crosby"[4].
Atezain lanetan zebilen gauez San Diegoko klub batean, eszenatokira igotzeko lehen aukera izan zuenean. 1970 zen eta bere ikuskizunaren ezaugarriak hauexek ziren: kanta-saioa eta berbaldi luzeak; hori guztia, sasoi hartan eragin zioten musikari eta idazleen nabardurez josia: Frank Sinatra, Bob Dylan, Lord Buckley, Hoagy Carmichael, Marty Robbins, Raymond Chandler, edo eta Stephen Foster. Aldi labur bat Amerikako Estatu Batuetako kostazainen artean eman bazuen ere, aurki izango zen Los Angelesen, Echo Park auzoan hain zuzen ere. Bertan bizi ziren garai hartan Eagles taldeko Glen Frey eta J.D. Souther, Jackson Browne, edo Frank Zappa. Herb Cohen musika ekoizlearekin sinatu zuen hainbat saio grabatzeko ausazko disko baterako (Bizarre Records zen diskoetxea). Hogetaka urte geroxeago ikusiko zuten argia grabaketa horiek, artean lan horietan gerora ezagun egingo zituen kanta asko biltzen baziren ere (The Early Years, Volume One eta Volume Two).
1970eko hamarkada: The Asylum Years
Waitsek Asylum Records diskoetxearekin sinatu zuen 1972an[5], eta zenbait saioren ondoren Closing Time diskoa atera zuten, jazz eta folk ukituak dituen lana. Lovin' Spoonful taldeko Jerry Yester musikariak ekoiztu zuen diskoa, eta, egia esan, harrera ona izan zuen, baina benetan ezaguna egin zen zenbait musikari dagoeneko ospetsuk lan horretako kanten bertsioak egin zituztenean. Estrainekoa Tim Buckley izan zen, Martha abestia bere egin zuena; 1974 Eagles taldeak Ol' 55 kanta bertsionatu zuen On the Border diskoan.
Charlie Rich, Martha and the Vandellas eta Frank Zappa artistekin ekin zion Waitsek jiratzeari eta zuzenean jotzeari. Bai kritikak, bai zaleek harrera ona egin zioten Waitsen 1974ko diskoari: The Heart Of Saturday Night. Berorri eginiko prentsa-oharrean Waitsek berak honako eraginak aipatu zituen bere musikarekiko: Mose Allison, Thelonious Monk, Randy Newman, George Gershwin, Irving Berlin, Ray Charles, Stephen Foster, eta Frank Sinatra[6].
1975ean motel batean ostatu hartu, eta disko bikoitza gorpuztu zuen: Nighthawks at the Diner du izena[7]. Zuzeneko tankera eman zion grabaketari, kanten artean zati mintzatuak ezarriz, eta ahotsa hurrengo lanetan ezaugarri izan zuen tonua hartzen hasi zen. Urte berean Bonnie Raitt abeslariaren Home Plate lanean parte hartu zuen.
Errepidea, hotelak, kontzertuak. Sasoi hura gogora ekartzean Waitsek aitortu du lar edaten zuela: "Bizitzeko halako moldea zu ailegatu aurretik asmatua dago eta bertan egokitu besterik ez daukazu. Ez dago beste aukerarik."[8]
Small Change diskoak alkohola du eragin eta isla. The piano has been drinking edo Bad Liver and a Broken heart kantek zurrutaren kronikak dira. "Sinisten hasia nengoen mozkor izatea ez zela gauza txarra, bazuela halako zirrara bat. Baina aldi berean laga nahi nion edateari."[9] Testuek Raymond Chandler eta Charles Bukowski idazleen eragina azaltzen dute, eta Tomen ahotsak badu Louis Armstrong-en ukitua. Album honetan abeslariaren kantuetako ezagunetakoa topa dezakegu: Tom Traubert's Blues.
Foreign Affairs (1977) eta Blue Valentine (1978) ildo bereko produktuak dira, jazz eta blues estiloetan barna egindako saioak. Urte hauetan Rickie Lee Jones abeslaria du maitale Waitsek. Bestetik, 1978an Paradise Alley filmean agertu zen, zineman egiten zuen lehen lana; ekoizpen honetarako kanta bi konposatu zituen: "(Meet Me in) Paradise Alley" eta "Annie's Back in Town"[10].
Asylum-ekoekin grabatu zuen azken diskoa Heartattack and Vine da, 1980ko produkzioa. Baladak dira tartean ("Jersey Girl" kasurako) eta Rhythm and Blues estiloko kanta bizi baina garratzak, aurrera begira Waitsen lanetan ezagutu ditugunen tankerakoak. Aldi horretan ere Francis Ford Coppola zinema zuzendariarekin hasi zen lanean, eta lehenengo hartu-emana One from the Heart filmerako hark eginiko enkargua. Bette Midler nahi zuen Waitsek bere ondoan izatea, baina lan kontuak eraginda ezin; aurretiko Foreign Affairs diskoan "I Never Talk to Strangers" kantatu zuten biek batera. Bette ezin erakarri, Crystal Gayle abeslari eta konpositoreak jardun zuen.
1980ko hamarkada: The Island Years
1980ko abuztuan Tom Waits eta Kathleen Brennan ezkondu egin ziren. One from the Heart filmaren sortze-garaia zen eta hor nonbait elkar ezagutu zuten. Geroztiko kanta asko izenpetuko du Tomekin batera, eta Pomonakoaren esanetan bere lanean gehien eragin duenetakoa da Kathleen. Itxura baten, Kathleenek ipini zuen Tom Captain Beefheart-en musikaren arrastroan[11].
Asylum Records lagata, Island Records du diskoetxe berria Waitsek eta 1983an Swordfishtrombones lana kaleratu zuen. Aurreko lanetan abian jarritako esperimentazioekin jarraitu zuen, instrumentu berriei aukera emanez, adibidez ("Town with No Cheer" kantan gaita tartekatu zuten eta "Shore Leave" delakoan marinba), edo bakarrizketa ("16 Shells from a Thirty Ought Six"). Ordura arte ezaugarri ziren pianoak eta hariek lagundutako baladak gutxiago dira. Captain Beefheart edo Dr. John adibide esangurutsaguak salbu, gutxi dira Waitsen aurrekariak aipatu dugun Swordfishtrombones eta jarraian datozen Rain Dogs (1985) eta Frank's Wild Years (1987) diskoetan jorratu zuen ildoa inorekin parekatu nahi izatera.
Lehen esan bezala ohiko zituen pianoak eta gitarrak agertze txikiagoa zuten garai honetan bere lanetan, aspertzen edo hasia baitzegoen: "Eskuek txakurren jokabidea hartu ohi dute, dagoeneko egon diren lekuetara joaten baitira behin eta berriro. Kontu handia izan behar duzu jotzean, eta ahal delarik leku atseginetara joan. Luzean hartutako ohiturak hautsi behar dira eta ikasteari ekin behar diozu, esploratzeari. Horretan saiatzen naiz, nekez eta baldar moldatzen banaiz ere, hainbat instrumenturekin lan egiten, fagotarekin kasu." Jarraiko lanetan instrumentazioa ez zuen kontzeptu itxi eta estutzat hartu: lan egiteko zabaldutako moduak asko izan ziren[12]. Soinu berriak arakatze saio horien pare leudeke abeslariak ahotsarekin egin zituen probak, ñabardura berriez jantzia agertuko baitziren. Konpositorea ere aldatu da: kanten hitzak abstraktuagoak dira, eta aurkezpen moduak ere halako eta bestelako moldeak agertuko ditu: blues zaharra, kabareta, rumba, antzerki musikatua (Kurt Weill musikagilearen eragina nabaria ei da), tangoa, Europako folk musika, jatorrizko country-a...
Franks Wild Years, 1986an Waits eta Brennan senar-emazteek taularatuko musikala izan zen, Gary Sinisek zuzendua[13]. Waitsek Franken rola osatzen zuen antzokian, eta itxura baten gustuko zuen antzeztearena: urte berean Jim Jarmuschek zuzenduriko Down By Law filmean hartu zuen parte, bai aktore lanetan, bai soinu bandan (Rain Dogs diskoko kanta bi agertzen dira). Eta 1986an ere The Rolling Stones taldearen Dirty Work albumeko "Sleep Tonight" kantan pianoa jo eta ahotsa jarri zituen. 1987an argitaratu zen Franks Wild Years diskoa, izen bereko antzezlan hark eskaini zituen kanten bertsioak agertu zituena, oraingo honetan estudioan grabatuak. Hurrengo urtean Big Time dator, berau ere Kathleenekin idatziriko lana, eta film euskarrian eskainia.
1989an Thomas Baberen "Demon Wine" antzezlanean parte hartu zuen; egundainokoan ez du halako saio gehiagorik egin. Bill Pullman, Philip Baker Hall, Carol Kane eta Bud Cort antzez-lagun izan zituen. Lanak izan zuen harrera ez zen oso ona izan; edonola ere Waitsen interpretazioa bikaintzat jo zuten kritiko askok[14]. 1989an The Replacements taldearen I'll Be You singlearen "Date to Church" kantan hartu zuen parte.
1990eko hamarkada
Antzerki mundura itzuli zen ostera ere Waits The Black Rider: The Casting of the Magic Bullets ikuskizunarekin, Robert Wilson zuzendariaren eta William S. Burroughs idazlearen laguntza tartean, 1990eko martxoaren 31n Hamburgo hirian estreinatu zutena. Proiektuak alemaniar herri literaturaren ipuin bat zuen oinarri: Der freischütz (Aske). Waitsek musika eta kantak sortu zituen, Burroughsek itxuratutako testuaren harian; Wilsonek taularatzea bideratu eta zuzendu zuen. Bertolt Brecht eta Kurt Weill sortzaileen lanak eragindako ekoizpena izan zen. Urte berean Waitsek Sylvia Plachy argazkilariaren Sylvia Plachy's Unguided Tour libururako grabazio bat atondu zuen, lanaren irudiei eta testuei laguntzeko.
1991n Tomek Primus taldearen Sailing the Seas of Cheese diskoan hartu zuen parte, rock alternatiboaren jarraitzaile askorenganako bidea eta ezagupidea eskaini ziona. Aipatu taldeko abeslari, konpositore eta baxu-jotzaile Les Claypoolekin lankidetzaren aurreneko pausua izan zen, izan ere, Claypoolek Waitsen ordutik aurrerako produkzio askotan jardun du. 1991 horretan ere Waitsek Jim Jarmuschen Night on Earth filmaren soinu-banda sortu zuen, zeina hurrengo urtean album bilakatu zuten.
Bost urte zeramatzan Waitsek estudio batean sartu barik disko bat grabatzeko. 1992an Bone Machine lanak grabaketa-aretora eraman zuen eta perkusioa eta gitarra nagusi dituen diskoa asmatu zuen; pianoa eta saxoa, gutxi. Steve Huey kritikoak honako hau idatzi zuen: "Agian Tom Waitsen lan honek artistaren isla egokienetako bat da... aurretiko saio esperimentaletan erakutsitako alde ilunak, iradokitako eldarniozko giroa,... horiek guztiak hortxe dira, eta tartean sekulako indarra, energia nonahi. Baina, beharbada, entzuleriarekin bat egiteko lan zaila dateke"[15]. Disko honek Grammy saria eskuratu zuen, urteko album alternatibo onenaren sailekoa hain zuzen.
1992an, Robert Wilson lagunarekin ostera ere, Alice antzezlan musikatuari ekin zion, eta abenduaren 19an antzeztu zen aurrenekoz Hamburgon. Paul Schmidt-ek Lewis Carroll idazlearen Alice saileko testuak egokitu zituen: Aliceren abenturak lurralde miresgarrian eta Ispiluan barrena eta Alicek han aurkitu zuena. Hamar urte geroago Waitsek ikuskizunerako Kathleen Brennanekin batera prestatutako kantak disko formatuan argitara eman zituzten[16].
1993an The Black Rider estudio lana sortu zuen Waitsek, hiru urte lehenagoko ikuskizunean oinarrituta, kantu bi berriak badira ere: Chase the Clouds Away eta In the Morning. William S. Burroughs bera entzuteko aukera dugu T'Aint No Sin abestian. 1993 horretan ere Gavin Bryars-ekin lan egin zuen haren Jesus' Blood Never Failed Me Yet 1971ko diskoaren edizio berriztatuan; halaber, Robert Altman zuzendariaren Short Cuts filmean ikusiko dugu, Raymond Carver idazle estatubatuarraren zinemarako egokitzapenean.Tomen hirugarren semea, Sullivan, urte horretan ere jaio zen.
Island Recordsek Waitsen Beautiful Maladies: The Island Years kaleratu eta gutxira, abeslaria Epitaph Recordsera jo zuen. 1998 zen. Andy Kaulkin, Epitaph diskoetxeko arduraduna eta Waitsen jarratzaile sutsua, txundituta zegoen: "gu bezalako etxe txiki bat aukeratzea ere ederra da gero!"[17] Baina Waits gustura zegoen etxe berrian: "Bai, bitxia da Epitaph, musikarien etxea baita, eta musikariek eurek kudeatua. Lanerako gogo handia dute, gustu ona eta jende jatorra da. Gainera, Cadillac (autoa) bat oparitu zidaten."[17]
Diskoetxe berrirako Waitsen lehen lanak Mule Variations zuen izena eta 1999koa da. Billboard aldizkariak lan bikaintzat jo zuen[18]. 2000 urteko Grammy sarietako bat irabazi zuen (folk garaikide ildoko album onena; Hold On kanta ere izendatua zegoen Gizonezkoen Rock abeslarien sarirako). 1999an ere hainbat lankidetzatan aritu zen: More Oar (A Tribute to Alexander "Skip" Spence) diskoan hartu zuen parte, edo Mystery Men filmean ikusi ahal izan genuen, Heller doktorearena egiten.
2000. urtetik aurrera
2001. urtean Wicked Grin kaleratu zuten, Waitsen kanten bertsioek osatutako lana. Tom bera kanta gehienetan aritu zen, gitarra, pianoa edo ahotsean.
2002an, aldi berean disko bi argitaratu zituen Waitsek: Alice eta Blood Money. Aurretik landutako produktuak ziren, antzerkietan eskainiak, Lewis Carrollen Alice eta Georg Büchnerren Woyzeck literatur lanetan oinarrituak, hurrenez hurren. 2002ko honetan ere The Ramones taldeari eginiko omenaldi disko batean hartu zuen parte The Return of Jackie and Judy kanta bertsionatuz.
Real Gone diskoa 2004an ekoiztu zuten. Pianoak estrainekoz ez du lekurik Waitsen lan batean. Aurreneko aldiz ere kanta batek ukitu politikoa du: The Day After Tomorrow abestian soldadu batek etxera bueltatzeko poza azaltzen du, gerraz erabat gogaitua; testuak ez du zuzenean aipatzen Irakeko gerra, baina zein unetan sortua den ikusita lotura ezinbestekoa da[19]. 2004ko horretan ere The Blind Boys of Alabama taldearen Go Tell It on the Mountain albumaren kanta batean abestu zuen, Grammy sarietan irabazle (Gospel tankerako disko onena). Eta Daniel Johnston abeslariari egindako omenezko disko batean ere (The Late Great Daniel Johnston: Discovered Covered, Gammon Records) haren King Kong kanta bertsionatu zuen.
2003an zinema lanetara itzuli zen. Iggy Pop abeslariarekin agertu zen Jim Jarmusch zuzendariaren Coffee and Cigarettes egokitzapenean, 1993ko film laburraren bertsio berrian. 2005ean Tony Scottek zuzendutako Domino filmean aritu zen (sermoilariarena egiten) eta Roberto Benigniren La Tigre e la Neve lanean (Tomek Tom Waitsena egin zuen, You Can Never Hold Back Spring abestu bitartean).
2006ko azaroan lan eskerga kaleratu zuen Tom Waitsek, 54 kantuk osatutako disko hirukoitza: Orphans: Brawlers, Bawlers & Bastards. Brawlers delakoak rock eta blues kantak biltzen ditu; Bawlersek baladak eta maitasun kantak; eta Bastardsek aurreko bietako ez diren tankeratakoak eta bakarrizketak. Politikak badu orain ere lekurik, aipatua baita Israel eta palestinarren gatazka Road To Peace kantan. Badira ere zenbait artistaren kanten bertsioak (Daniel Johnston, Kurt Weill eta Bertolt Brecht, Leadbelly) edo Waitsen gustuko diren idazleen berrikusketak ( Charles Bukowski eta Jack Kerouac). Waitsen Orphans: Brawlers, Bawlers & Bastards eta Alice diskoak metacritic.com atariak atondutako "Top 200: Best-Reviewed Albums" zerrendan datoz[20] bederatzi eta hemezortzigarren postuetan, hurrenez hurren. 2006an ere Waits Sparklehorse taldearen Dreamt for Light Years in the Belly of a Mountain diskoko Morning Hollow kantuan pianoan aritu zen.
2008ko ekainean Waitsek kontzertuak emateari ekin zion: Glitter and Doom Tour deiturikoa AEBetan eta Europan zehar ibili zen. Uztailaren 12an Donostian izan zen, Kursaalean, Euskal Herrian aritu zen lehen aldian, 1800 lagunen aurrean[21].
2011ko otsailean Waitsek estudioan lanean ziharduela jakinarazi zuen [22], eta abuztuaren 23an albumaren izenburua aurreratu zuen: Bad as Me[23]. Urriaren 24an salgai jarri zuten mundu zabalean.
Diskografia
- 1973 Closing Time
- 1974 The Heart of Saturday Night
- 1975 Nighthawks At The Diner
- 1976 Small Change
- 1977 Foreign Affairs
- 1978 Blue Valentine
- 1980 Heartattack and Vine
- 1982 One From The Heart
- 1983 Swordfishtrombones
- 1985 Rain Dogs
- 1987 Frank’s Wild Years
- 1988 Big Time
- 1992 Bone Machine
- 1992 Night On Earth
- 1993 The Black Rider
- 1998 Beautiful Maladies
- 1999 Mule Variations
- 2001 Used Songs
- 2002 Alice
- 2002 Blood Money
- 2004 Real Gone
- 2006 Orphans
- 2008 Glitter and Doom Tour[24]
- 2011 Bad as Me
Bildumak
- 1981 Bounced Checks (Asylum)
- 1985 Anthology of Tom Waits (Elektra/Asylum)
- 1987 The Asyhttps://eu.wikipedia.org/w/index.php?title=Tom_Waits&action=edit#lum Years
- 1991 The Early Years, Volume One
- 1993 The Early Years, Volume Two
- 1998 Beautiful Maladies: The Island Years
- 2001 Used Songs, 1973-1980
Ekarpenak
1975ean hasita eta gaur arte artista askoren lanetan hartu du parte: Bonnie Raitt, Primus taldea, Ken Nordine, Thelonious Monster, Gavin Bryars, The Replacements, Chuck E. Weiss, Tin Hat Trio, Dan Hicks, Sparklehorse, Dave Douglas, Muse, Solomon Burke, We're a Happy Family - A Tribute to the Ramones, Los Lobos, Eels, ...
Tom Waitsi eskainitako albumak
- 1989 Fjorton sånger - Tom Waits på svenska, Bad Liver och hans brustna hjärtan
- 1990 The piano has been drinking with Aaron Blender!, Gerd Köster.
- 1995 Temptation, Holly Cole.
- 1995 Step Right Up: The Songs of Tom Waits, askoren artean.
- 1996 Rød pust: Sven Henriksen synger Tom Waits, Sven Henriksen.
- 1998 Povabilo Na Bluz (Invitation to the Blues), Jani Kovacic.
- 1999 Tom Waits, Urban Solitude taldearena.
- 2000 Nach mir die Sintflut – Ambros singt Waits, Wolfgang Ambros.
- 2000 New Coat of Paint, askoren artean.
- 2001 Wicked Grin, John Hammond. (Tom Waitsek berak ekoiztua, zenbait kantatan parte hartu zuen).
- 2001 Saving All My Love – A Tribute to Tom Waits, Claudia Bettinaglio[25]
- 2001 Days of Roses, Delmore.
- 2003 Greetings from HELL – The Tom Waits Songbook, Hell Blues Choir.
- 2003 Piosenki Toma Waitsa (Tom Waits's Songs), Kazik Staszewski.
- 2005 Being Tom Waits, Billy's Band[26]
- 2005 The Silver Hearts Play Rain Dogs, The Silver Hearts
- 2007 À Espera de Tom, Carlos Careqa
- 2008 Scarlett Johansson Sings Tom Waits, Scarlett Johansson
- 2008 Grapefruit Moon, Southside Johnny eta LaBamba's Big Band
Filmografia
- 1978 Aurreneko agerpena zineman Paradise Alley filmean izan zen.
- 1980 Francis Ford Coppolaren One from the Heart filmaren soinu-bandarako lanean hasiko da. 1982ko Oscar sarietarako izendatu zuten.
- 1981 Wolfen filma, cameoa.
- 1982 The Stone Boy, harrizko gizonaren mozorroa jantzita agertzen da.
- Poetry in Motion filman Tom Waits gisa agertzen da.
- 1983 The Outsiders. Aktore.
- Rumble Fish. Aktore.
- 1984 The Cotton Club. Aktore.
- Soinu-banda:Streetwise. Dokumentala[27].
- 1986 Down by Law. Aktore eta kanta bi, Rain Dogs diskokoak .
- 1987 Ironweed. Aktore.
- Candy Mountain. Aktore.
- 1989 Bearskin: An Urban Fairytale. Aktore.
- Cold Feet. Aktore.
- Mystery Train. Ahotsa.
- Sea of Love. Soinu-banda.
- 1990 The Two Jakes. Aktore.
- 1991 At Play in the Fields of the Lord. Aktore.
- The Fisher King. Aktore.
- Night on Earth. Soinu-banda (Kathleen Brennanekin batera).
- Queens Logic. Aktore.
- 1992 Kathleen Brennanekin batera konpositore American Heart filmaren soinu-bandan.
- Bram Stoker's Dracula. Aktore.
- 1993 Short Cuts. Aktore.
- 1995 "Earth Died Screaming" kanta Twelve Monkeys filmean.
- "Jockey Full of Bourbon" kanta Things to Do in Denver When You're Dead filmean.
- "Innocent when you dream" eta "Downtown Train" kantak Smoke filmean.
- 1996 Dead Man Walking . Soinu-banda.
- The End of Violence. Soinu-banda.
- "Cold Cold Ground" eta "Temptation" kantak Léolo filmean.
- "Tom Traubert's Blues" kanta Basquiat filmean.
- 1999 Mystery Men. Aktore.
- "Goin' Out West" kanta Fight Club filmean.
- 2000 "The Ocean Doesn't Want Me" kanta Maelström filmean.
- "The World Keeps Turning" kanta Pollock filmean.
- 2001 Big Bad Love. Soinu-banda.
- 2002 Night at the Golden Eagle kanta "Swordfishtrombones" filmean.
- 2003 Iggy Pop abeslariarekin agertuko da Jim Jarmusch zuzendariaren Coffee and Cigarettes filmean.
- 2004 Shrek 2. Soinu-banda.
- "On the Nickel" kanta Mon Ange filmean.
- "Heartattack and Vine" kanta Hellboy filmean.
- 2005 Domino. Aktore. "Cold Cold Ground" eta "Jesus Gonna Be Here" kantak soinu-bandan.
- "Soldier's Things" kanta Jarhead filmean.
- La Tigre e la Neve. Tom Waits Tom Waits da film italiar honetan. "You Can Never Hold Back Spring" kanta soinu-bandan.
- "Underground" kanta Robots filmean.
- The Secret Life of Words. Soinu-banda.
- Enron: The Smartest Guys in the Room filmean "Temptation", "What's He Building?", "Straight To The Top (Vegas)" eta "God’s Away On Business" kantak.
- "Innocent When You Dream" Henry Darger: In The Realms of the Unreal dokumentalean.
- 2006 Wristcutters: A Love Story. Aktore.
- 2007 The Diving Bell and the Butterfly. Hainbat kanta.
- 2009 The Imaginarium of Doctor Parnassus. Aktore.
- 2010 The Book of Eli. Aktore.
- 2011 The Monster of Nix. Aktore. Film laburra.
- Twixt. Narratzailea.
- 2012 Seven Psychopaths. Aktore.
- 2013 The Simpsons. Lloyd (ahotsa). Atala: "Homer Goes to Prep School"
- 2018 The Ballad of Buster Scruggs. Aktore. Atala: "All Gold Canyon".
- The Old Man & the Gun. Aktore.
- 2019 The Dead Don't Die. Aktore.
- 2021 Ultra City Smiths. Narratzailea. 6 atal.
- Licorice Pizza. Aktore.
Tourrak
- 1973 Closing Time
- 1974-1975 The Heart Of Saturday Night
- 1975-1976 Small Change
- 1977 Foreign Affairs
- 1978-1979 Blue Valentine
- 1980-1982 Heartattack and Vine
- 1985 Rain Dogs
- 1987 Big Time
- 1999 Get Behind The Mule Tour
- 2004 Real Gone Tour
- 2006 The Orphans Tour
- 2008 Glitter and Doom Tour
Erreferentziak
- Montadon, Mac, Timeline and Discography, Innocent When You Dream liburuan, 385. orr.
- Tom Waits Timeline: 1949 - 1975 Tom Waits Library. .
- Wilonsky, Robert, The Variations of Tom Waits, Montandon-en Inocent When You dream liburuan, 213. orr.
- Tom Waits Quotes: Influences and favourites (eraginak eta gustukoak) Tom Waits Library. .
- McGee, David, Smeelin' Like a Brewery, Lookin' Like a Tramp, Montandon-en Innocent When you Dream liburuan, 27. orr.
- The Heart of Saturday Night Press release, Mac Montandon-en Innocent When You Dream liburuan, 4. orr.
- Montandon, Mac, Timeline and Discography Innocent When You Dream, 386. orr
- McGee, David (1977), Smellin' Like a Brewery, Lookin' Like a Tramp, Montandon-en liburua, 29. orr.
- McGee, David (1977), Smellin' Like a Brewery, Lookin' Like a Tramp, Montandon-en liburua, 30. orr.
- Paradise Alley, Jatorrizko soinu-banda. Soundtrack Collector.
- Tom Waits interviews, Tom Waits Library. .
- Tom Waits' instruments Tom Waits Library. .
- Frank's Wild Years credits Tom Waits Library. .
- Demon Wine: Introduction Tom Waits Library. .
- Huey, Steve. Bone Machine review. allmusic.com.
- Alice in Wonderland: The Robert Wilson and Tom Waits Adaptation. .
- Bambarger, Bradley, "Tom Waits Joins Indie Epitaph for Mule Set," in Monanton, Innocent When You Dream, 209 orr.
- Bambarger, Bradley, Tom Waits Joins Indie Epitaph for Mule Set, in Monanton, Innocent When You Dream, 207 orr
- Real Gone review. allmusic.com.
- www.metacritic.com/music/bests/ Top 200: Best-Reviewed Albums on Metacritic. metacritic.com.
- Berria egunkarian Gorka Erostarbek eginiko kontzertuaren kronika. berria.info.
- Tom Waits working on new studio album. tomwaits.com 2011-02-24.
- Tom Waits Private Listening Party!. 2011-8-23.
- Tom Waitsen prentsaurrekoa. ANTI.com 2008-05-02.
- http://www.bettinaglio.ch
- http://www.billysband.ru
- http://www.imdb.com/title/tt0088196/
Kanpo estekak
- Tom Waits, kale zabalaren bestaldeko istorioak. Edorta Aranak Susa aldizkarian (1987, 21. zenbakia) Tom Waitsen hainbat kanta bihurtu zituen euskarara.
- Martha kanta, Omar Navarrok, hau da Edorta Jimenezek, euskaratua. Aldizkariaren erreferentzia soilik, oraindik digitalizatu barik dago eta. Maiatz aldizkaria (1994, 21. zenbakia).
- (Ingelesez) Anti diskoetxearen ataria
- (Ingelesez) Tom Waits Library delako fan site bat
- (Ingelesez) Blog berezi bat
- (Ingelesez) Tom Waits Library interviews, Tom Waitsi eginiko elkarrizketa asko eta asko Tom Waits Library delakoan.
- (Ingelesez) Terry Gross-ek eginiko elkarrizketa, Fresh Air, 1988ko irailaren 28koa
- (Ingelesez) Robert Siegel-ekin izandako elkarrizketa, All Things Considered, 2006ko azaroaren 21ekoa
- (Ingelesez) Amanda Petrusich-ek elkarrizketatua, Pitchfork Media, 2006ko azaroaren 27koa