Tomás Meabe
Tomás Meabe Bilbao (Durango, 1879ko urriaren 15 – Madril, 1915eko azaroaren 4) idazle eta politikari bizkaitarra izan zen. PSOEko Espainiako Gazte Sozialisten erakundearen sortzailea zen.
Tomás Meabe | |
---|---|
(1910) | |
Bizitza | |
Jaiotza | Durango, 1879ko urriaren 15a |
Herrialdea | Bizkaia, Euskal Herria |
Heriotza | Madril, 1915eko azaroaren 4a (36 urte) |
Familia | |
Ezkontidea(k) | Julia Iruretagoiena |
Anai-arrebak | ikusi
|
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | gaztelania |
Irakaslea(k) | Luis Araquistáin |
Jarduerak | |
Jarduerak | idazlea eta politikaria |
Sinesmenak eta ideologia | |
Alderdi politikoa | Espainiako Langile Alderdi Sozialista |
Bilbon bere omenez Iturrialde auzoko enparantza batek bere izena darama.
Bizitza
Bilboko familia karlista jatorrikoa izan arren, aita Bilboko udaleko lehenengo bost zinegotzi jeltzaleetako bat izan zen 1899an. Tomás Meabe bera ere, Santiago eta José anaiekin batera, Sabino Aranaren jarraitzaileen artean ibili zen gazte-gaztetatik. Haren aginduz hasi zen ideia marxistak aztertzen, harik eta, ideia berrien alderdi humanistarekin liluratuta, José Madinabeitia doktorearekin batera, jelkide izateari utzi eta sozialismoa hobetsi zuen arte. 1902an, La lucha de clases izeneko astekari sozialistan hasi zen idazten. Handik urte betera zuzendari izatera iritsi zen, eta astekari erdia berak betetzen zuen.
Artikulu asko egin zituen, ateismoaren eta langileen alde. Jarrera hori ikusita, familiak eta inguruneak baztertu egin zuen, eta lehen alderdikide izan zituenekin eztabaida suharrak izan zituen. Antiklerikala eta antimilitarista amorratua izan zen Meabe, eta aberri ideiaren erabilera okerraren kontrakoa. 1903an, Espainiako Gazte Sozialisten Erakundea sortu zuen. Hantxe Indalecio Prieto, Luis Araquistáin eta Julian Zugazagoitia ezagutu zituen. Anitzetan izan zen kartzelan berak idatziriko artikuluetan erregearen eta militarren kontrako iritziak azaltzeagatik, eta 1904an, 8 urteko kartzela zigorra ezarri ziotelarik, Frantziara erbesteratu zen.
Hurrengo urtean, Eibarrera itzuli eta atzera ipar Euskal Herrira erbesteratu beharrean aurkitu zen. Ondoren, Parisen eta Londresen bizi izan zen, tuberkulosiak jota, itzulpen urri batzuek eta artikuluek uzten zioten diru apurrarekin. Gaixotasuna indartu ahala, erbestean hil nahi ez eta Bilbora itzuli zen eta 1912an Julia Iruretagoiena eibartarrarekin ezkondu zen. Hala ere, handik Fuencaliente, El Escorial eta Madrilera joan zen ere. Heriotzaren atarian idatzi zuen Apuntes de moribundo izeneko liburua. Bere idazlanak hil ondoren izan ziren argitaratuak: Obras (1920); Parábolas (1925), Las fábulas del errabundo (1935, Alderraiaren alegiak). 1968an, eta Gabriel Arestiren eskutik, 14 Alegia izeneko liburua argitaratu zuten, euskaraz, gaztelaniaz, galegoz eta katalanez.
Ikus, gainera
- Durangar ezagunen zerrenda
Erreferentziak
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.