Tolosako babarrun
Tolosako babarruna Gipuzkoako Tolosaldean ereiten den babarrun beltz mota bat da (Phaseolus vulgaris). Eusko Labela duen produktua da, baina ez du jatorri deiturarik.
Ezaugarriak
Tolosako babarrunak kolore more iluna du, ia beltza, itxura obalatua du, taktuz leuna. Baina guzti honen gainetik bere zapore goxoa nabarmentzen da. Bestalde, azal fina du, honen ondorioz Tolosako babarruna sukaldatzeko ez da aurreko egunean uretan biguntzen eduki behar (beste babarrun mota askorekin gertatzen ez den bezala). Tolosako babarrunak salda lodia sortu ohi du.
Prestaketa
Aldez aurretik beratzen ipini, baina ez da nahitaezkoa. Babarrunak lapiko batean ipini ur hotzarekin, oliba-olioarekin eta xehe-xehe txikitutako tipularekin. Lapikoa su bizian jarri irakiten hasi arte, gero sua moteldu eta babarrunak bi ordu eta erdi inguruz makal irakiten eduki. Beharrezkoa bada, ura botaz joan. Babarrunak ondo eginda daudenean, gatza bota eta su motelean eduki minutu batzuetan. Jateko atera baino lehen, sutatik kanpora utzi salda loditzeko. Salda lodi-lodia maite bada, bezperan egin daitezke.
Sakramentuak
Babarrunak sakramentuekin zerbitzatu ohi dira, hau da, lagungarri jartzen diren janariekin. Hauek izan ohi dira: buru-aza egosia, txorizo egosia, odolki egosia, Ibarrako piperrak eta txerriki zati bat (saiheskia, urdaia eta abar). Lagungarri hauek bananduta egosi eta aurkezten dira, bakoitzak nahi ahala gehitzeko.
Ikus gainera
Kanpo estekak
- Tolosako Babarrunaren Elkartea (Gaztelaniaz)
- Zer da Tolosako babarruna? Euskonews.com (Gaztelaniaz)