Tokio
Tokio[1][2] (japonieraz: 東京 Tōkyō, «Ekialdeko Hiriburua», toːkjoː ahoskatua) , ofizialki Tokioko Metropolia (japonieraz: 東京都 Tōkyō-to) Japoniako hiriburua da. Munduko hiririk jendetsuena da, 40,8 milioi biztanlerekin metropoli gunean. Honshu uharteko erdi-ekialdean dago, Kantō eskualdean. Tokioko aglomerazioak Japoniako 47 prefekturetako bat osatzen du, baina ofizialki metropoli edo hiriburu (都 -to) deitzen zaio. Hiri hau herrialdeko zentro politiko, ekonomiko eta kulturala da, eta beste hiriek baino komunikabide, finantza instituzio, unibertsitate, ikastegi, museo, teatro eta gune komertzial kontzentrazio handiagoa dauka.
Tokio 東京都 (Tōkyō-to, Tokio Metropolia) | |||
---|---|---|---|
metropolitan prefecture (en) | |||
Administrazioa | |||
Herrialdea | Japonia | ||
Uhartea Eskualdea Gobernaria | Honshu Kantō Yōichi Masuzoe | ||
Zuhaitza Lorea Txoria | Ginkgoa Somei-Yoshino gerezi lorea Antxeta mokogorria | ||
Alkatea | Yuriko Koike (en) | ||
Izen ofiziala | 東京都 Едо Tokio | ||
Herriburua | Shinjuku Tokio | ||
Geografia | |||
Koordenatuak | 35°41′22″N 139°41′30″E | ||
Azalera | 2.187,08 km² | ||
Altuera | 6 m | ||
Mugakideak | Chiba, Saitama, Yamanashi eta Kanagawa prefektura | ||
Demografia | |||
Biztanleria | 14.264.798 (2022) 217.204 (2020) | ||
Dentsitatea | 6.501,58 bizt/km² | ||
Informazio gehigarria | |||
Sorrera | 1868ko irailaren 6a | ||
Ordu eremua | UTC+09:00 eta Japan Standard Time (en) | ||
Hiri senidetuak | Berlin, New York, Hegoaldeko Gales Berria, Jakarta, Seul, Kairoko gobernazioa, Pekin, Erroma, Paris, Mosku, São Paulo, Londres, Damasko, Amman, Casablanca, Delhi eta Honolulu | ||
http://www.metro.tokyo.jp www.metro.tokyo.jp | |||
Etimologia
Hasiera batean hiria Edo izenrekin sortu zen, zeinak "estuarioa" esan nahi duen, izan ere Sumida ibaia bertan itsasoratzen baita. 1868an hiriburu bihurtzerakoan izena aldatu zuen eta gaur egungo Tōkyō ("Ekialdeko Hiriburua") izena hartu zuen. Meiji aroan Tōkei izena ere izan zuen, karaktere beren txinerazko ahoskera da.
Geografia
Kokapen geografikoa
Tokio bi zonalde ezberdinetan banatua dago: Honshu irla nagusian kokatzen den zonaldea, metropolitarra deitua, eta ondoan dauden irlatxoez osatutakoa. Hiriaren koordenatuak hauek dira: 35°41' Iparrerantz, 139°46' Ekialderantz. Honshu irlan dagoen zatiak, ekialdean Chibako prefekturarekin egiten du muga, mendebaldean Yamanashirekin, hegoaldean Kanagawa prefekturarekin eta iparraldean Saitamarekin.
Irlatxoz osatutako zatiak Ozeano Bareko bi uharte-kate hartzen ditu bere baitan: hegoalderantz Izu uharteak, Izu penintsulari paralelo daudenak (Shizuoka prefektura), eta Ogasawara uharteak, uharte nagusitik mila kilometro baino gehiagora daudenak (urrunena Minamitorishima izanki, 1850 Km-tara).
Tokio Tokio Handia zonaldearen parte da, Kanagawa, Saitama eta Chiba prefeturekin batera.
Metropolia
Gaur egun, Tokio gure planetako hiritar gune garrantzitsuenetako bat da. Herrialdeko finantza gune nagusia eta hiriburu politikoa, Tokio munduko tren-sistema konplexuenaren jabe da. Bere tamainako beste hiri batzuekin konparatuta, ez ditu etxe orratz ugari lurrikara arriskuaren ondorioz. Horregatik, hiri honetako eraikinek ez dute 10 solairu baino gehiago izaten.
Japoniar legeak Tokio -to (都, metropoli) gisa izendatzen du, eta haren banaketa administratiboa beste prefekturenaren antzekoa da. Tokioren metropoli zonaldeak 23 Auzo Berezi (特別区, -ku) ditu, 1943 arte Tokio Hiria beraren barne zirenak. Horrez gain, Tokiok 26 hiri satelite (市, -shi), bost herri (町, -chō edo -machi) eta zortzi herrixka (村, -son edo -mura) ditu; bakoitzak bere gobernua duelarik.
Oro har, Tokiok hiru zentzu geografiko ditu:
1.- Tokio hiria, nahiz eta "Tokio" izeneko udalik ez dagoen 1943an bezala. Japoniako hiririk handiena da, 8.336.611 biztanle eta 621,3 km²-ko hedadurarekin. 1943ko hiriaren mugek osatzen dute eta 23 "auzo berezi"-tan banaturik dago.
2.- Tokioko prefektura Tokio hiriak, auzoek, hiri sateliteek etb. osatutako eremua da. 12.527.115 biztanle eta 2.187,08 km²-ko hedadura du.
3.- Tokio Handia (東京圏, Tōkyō-ken) izeneko eremua, Kantō eskualdeko lau prefekturek osatua: Tokio, Chiba, Kanagawa eta Saitama. Guztira 37.818.369 biztanle eta 13.555,8 km²-ko hedadura lortzen dute. Erabat hiritartutako gune honen %35a itsasoari jandako lurretan kokatzen da, gomi izeneko materialaren gainean. Gomia aukeratutako eta zanpatutako zakarrez egina dago, eta eraikinak egiteko erabiltzen da.
Hidrografia
Tokioko Badiaren inguruan kokaturik dago Tokio. Bertan bi ibai itsasoratzen dira nagusiki, Arakawa ibaia eta Sumida ibaia.
Klima.
Datu klimatikoak (Tokio (1981-2010)) | |||||||||||||
---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|
Hila | Urt | Ots | Mar | Api | Mai | Eka | Uzt | Abu | Ira | Urr | Aza | Abe | Urtekoa |
Batez besteko tenperatura maximoa (°C) | 9.9 | 10.4 | 13.3 | 18.8 | 22.8 | 25.5 | 29.4 | 31.1 | 27.2 | 21.8 | 16.9 | 12.4 | 20 |
Batez besteko tenperatura minimoa (°C) | 2.5 | 2.9 | 5.6 | 10.7 | 15.4 | 19.1 | 23.0 | 24.5 | 21.1 | 15.4 | 9.9 | 5.1 | 12.9 |
Pilatutako prezipitazioa (mm) | 45 | 60 | 100 | 125 | 138 | 185 | 126 | 148 | 180 | 164 | 89 | 46 | 1406 |
Prezipitazio egunak (≥ 0.5 mm) | 5 | 7 | 11 | 11 | 10 | 14 | 12 | 10 | 13 | 10 | 7 | 4 | 114 |
Elur egunak (≥ 1 mm) | 2.8 | 3.7 | 2.2 | 0.2 | 0 | 0 | 0 | 0 | 0 | 0 | 0 | 0.8 | 9.7 |
Eguzki orduak | 175 | 150 | 165 | 161 | 182 | 123 | 137 | 177 | 110 | 129 | 137 | 166 | 1812 |
Hezetasuna (%) | 49 | 50 | 55 | 60 | 65 | 72 | 73 | 71 | 71 | 66 | 59 | 52 | 61.9 |
Iturria (1): Japan Meteorological Agency [3] | |||||||||||||
Iturria (2): The Weather Network[4] |
Etxebizitza
Tokioko populazio ikaragarriak etxebizitza eskaera handi bat sortu du. Iraganean, hiriko biztanle gehienak solairu bateko edo biko etxetan bizi ziren, zurezkoak gehienak, bakoitza bere lorategiarekin, patioarekin eta erlijio kaperarekin (Butsudan, etxe budistetan). Tokioko biztanleria hazi ahala, baina, halako etxeak eraitsi egin ziren eta, ordez, apartamentu eraikin handiak egin ziren. Eskualdeko biztanleriaren dentsitate izugarria kontuan hartuta, hiriko apartamentu eta etxe gehienak txikiak dira, bi heldu eta bizpahiru umeko familia batentzat diseinatuta daude.
Etxebizitzak eraikitzeko jarduera etengabea izan zen arren, etxebizitzen eskaria eskaintza baino handiagoa izan zenes, lursailen eta alokairuaren prezioak goratu egin ziren, batez ere 23 auzo berezietan. Ondorioz, 1970eko hamarkadatik aurrera, pertsona askok 23 auzo berezietako eskualdea utzi eta Tamara (Tokioko prefekturaren zati bat) edo inguruko beste hiri urrunago batzuetara joan ziren. Taman, Tokioko Metropoliko Gobernuak diru sarrera apaleko familientzako etxebizitza merkeen proiektua sortu zuen. Hala ere, etxebizitzak saltoki eta industria zentro nagusietatik oso urrun daudenez, langile askok egunean lau ordu baino gehiago ematen dituzte garraiobide publikoren baten barruan.
Demografia
Tokio munduko gune metropolitar populatuena da. Egunero bi milioi eta erdi pertsona mugitzen dira Tokio barrura eta kanpora. Biztanleriaren gehiengoa japoniarra bada ere, badaude hainbat inmigrante komunitate ere, batez ere txinatarrak (164.199), korearrak (105.522), filipinarrak (29.540) eta estatubatuarrak (17.342).
Biztanle kopurua, 5 urteko taldetan
Populazio estimazioa, 2003ko urriaren 1ean
Guztira [milaka pertsonatan]
taldea | biztanleak |
---|---|
0 - 4 urte | 490 |
5 - 9 | 473 |
10 - 14 | 513. |
15 - 19 | 651 |
20 - 24 | 860 |
25 - 29 | 1.045 |
30 - 34 | 1.116 |
35 - 39 | 968 |
40 - 44 | 800 |
45 - 49 | 710 |
50 - 54 | 871 |
55 - 59 | 858 |
60 - 64 | 794 |
65 - 69 | 699 |
70 - 74 | 569 |
75 - 79 | 417 |
80 urte eta gehiago | 476 |
Biztanle kopurua, 5 urteko taldetan
Populazio estimazioa, 2003ko urriaren 1ean
Gizonen eta emakumeen arteko alderaketa [milaka pertsonatan]
gizonak | taldea | emakumeak |
---|---|---|
251 | 0 - 4 urte | 239 |
242 | 5 - 9 | 231 |
260 | 10 - 14 | 253 |
334 | 15 - 19 | 317 |
446 | 20 - 24 | 414 |
545 | 25 - 29 | 500 |
573 | 30-34 | 543 |
504 | 35-39 | 464 |
415 | 40 - 44 | 385 |
364 | 45 - 49 | 346 |
442 | 50 - 54 | 429 |
426 | 55 - 59 | 432 |
383 | 60 - 64 | 411 |
330 | 65-69 | 369 |
261 | 70 - 74 | 308 |
180 | 75-79 | 237 |
163 | 80 urte eta gehiago | 313 |
Historia
Hiriaren sorrera
Kanto lautada k.a. 3.000 urtean populatu zen. Tokio hasiera batean Edo (江戸) izeneko arrantzale herri txikia izan zen baina toki estrategikoan kokaturik zegoenez Edo leinuak XII mendean herrixka gotortu egin zuen. Edo Shigenagak garrantzi militarra eman zion eta 1457an Ota Dokan samuraiak Edo Gaztelua eraiki zuen.
Edo Aroa (1603-1867)
1603an, Tokugawa Ieyasuk, shogun titulu ofiziala lortu zuen eta Tokion ezarri zuen bere egoitza. Honi esker Edoren biztanleria azkar hazi zen eta XVIII menderako milioi bat pertsonatik gora bizi ziren bertan. Enperadorea Kyoton egonik hiriburua berau izan arren Edo bihurtu zen Japoniako hiriburu ez ofiziala. 1857ko martxoaren 21ean gertaera lazgarria izan zen, lurrikara batek 100.000 hildako baino gehiago utzi zituen hirian.
Meiji Aroa (1868-1943)
1866 eta 1869 arteko Meiji berrezarkuntzan samuraien erregimen despotikoak kendu eta aldaketa sozial handiak gertatu ziren Japonian. Enperadoreak bere egoitza Kyototik Edora pasa zuen eta hiria berrizendatua izan zen, Tokio izena hartuz. Edo gaztelua berriztu eta Tokioko jauregi inperiala bihurtu zen. 1900 inguruan trenbideen elkarguneen inguruan dentsitate handiko auzoak eratu ziren. 1923ko irailaren 1ean beste lurrikara handi batek hiria suntsitu zuen. 140.000 pertsona hil ziren.
Tokio prefektura metropolitanoa (1943- )
1943an Tokio hiriak bat egin zuen inguratzen zuen metropoliarekin eta prefektura bereizia bihurtu zen. 1944 eta 1945 artean Bigarren Mundu Gerrako bonbaketak pairatu zituen eta hiriaren erdia erabat suntsitua gelditu zen.
1964ko urrian bertan Olinpiar Jokoak antolatu zituzten, Asian jokaturiko lehenak izan ziren. 70. hamarkadan Japoniak ezaguturiko burbuila ekonomikoari esker Tokioko auzoak eta garraiobideak nabarmen garatu ziren, 1978an Naritako aireportua eraiki zen eta Tokioko metroa munduko erabiliena bihurtu zen.
90. hamarkadan burbuilak eztanda egin zuen eta herrialdea oraindik errekuperazio bidean dago. 2020an berriz ere Olinpiar Jokoak antolatuko ditu.
Garraioa
Tokio da Japonia barneko eta nazioarteko bidaia plataforma nagusia, tren geltokiak, lurreko garraioa eta aireportuak baititu. Tokioko garraioak kontrol sare zabal bat du, bidaiak azkar eta eraginkortasunez egin ahal izateko.
Metroa eta trenbide sarea
Tokiotik abiatuta, hiriarteko garraio publikoa trenbide eta metro sarean oinarritzen da batez ere. Trena eta metroa konbinatuta, 70 linea baino gehiago dituzte, munduko trenbide sarerik handiena. Tokioko metroak, hiriko garraioaren bizkarrezurra, 250 geltoki inguru ditu; munduko handienetariko bat da, oso lurralde zabala hartzen baitu eta egunero bidaiari kopuru handi bat garraiatzen baitu.[5] Sarearen operadore nagusia Tokyo Metro Co. Ltd. enpresa da (東京地下鉄株式会社 Tōkyō Chikatetsu Kabushiki-gaisha). Salbuespenak dira Toei metroa eta Arakawa tranbia linea, Tokioko Gobernu Metropolitarrak kudeatzen baititu.
Metroaren laguntza gisa, hiriak zazpi tren geltoki ditu; Japonia osotik hiriburura joan-etorriak egiteko milioika lagunek erabiltzen dituzte. Sei konpainia pribatu dira trenbide sarearen operadore. Akihabara, Ikebukuro, Shibuya, Shinagawa, Shinjuku, Tokio eta Ueno geltokiak Tokioko metropoli barrutiaren barruan daude.
Japan Railways (JR) estatuko tren konpainia nagusiak Yamanote linea operatzen du. Tren honek geltokiak elkarrekin eta metroko sarearekin lotzen ditu eta hiriaren puntu inportante asko litzen ditu linea zirkular batean. Japoniara doazen turistek aldi baterako JR Pass izeneko txartela erabili ohi dutelarik, horrekin Tokion bertan nahiko erraz ibiltzeko aukera dago.[6]
Tokioko geltokia, gainera, Japoniako zortzi Shinkansen (abiadura handiko trenak) lineetako seiren elkargunea da: Tokaido, Tohoku, Joetsu, Nagano, Yamagata eta Akita. Geltoki nagusiaz gain, hego-ekialderantz (Kyoto eta Hiroshimarantz) doan Shinkansen trenak geldiunea du halaber Tokioko aldirietako Shinagawa geltoki handian.[7]
Hiriko autobusak
Irismen laburreko bidaietarako eta trenbide edo metro sarean sartzeko, bidaiarien lurreko garraiorako sistema publiko eta pribatu bana ditu Tokiok.
Tokioko Gobernu Metropolitarrak Toei autobus sistema kudeatzen du, batez ere Tokio barruko 23 auzo berezietan. Beste linea batzuk konpainia pribatuek kudeatzen dituzte. Hiriko autobusen terminal gehienak metro edo tren geltokietan daude.
Errepideak
Tokion hiru mailako errepideak daude, agintaritza kudeatzailearen arabera: metropolitarrak, prefekturaren ardurapekoak eta maila nazionalekoak. Japoniako autobide handienetako batzuk Tokion hasten dira. Nabarmentzekoak dira Osakara doan 1. ibilbidea, Sendaira eta Aomorira doazen 4. eta 6. ibilbideak, Chibako prefekturara doan 14. ibilbidea, eta Tokio eta Yokohama, Yokosuka, Chiba eta Saitama lotzen dituen 16. ibilbidea. Baita ere, 17. ibilbidea Tokiotik abiatzen da Niigatako prefekturara.
Aireko garraioa
Tokiok nazioarteko bi aireportu ditu:
- Naritako nazioarteko aireportua, Chibako prefekturan, batez ere nazioarteko hegaldietarako erabiltzen da. Tokiorekin lotuta dago Narita Express trenaren bidez.
- Tokioko nazioarteko aireportua (edo Hanedako aireportua) barneko hegaldietarako erabiltzen da, nazioarteko hegaldiak ere jasotzen dituen arren.
Tokion helikopteroen flota pribatu handi bat dago, Tokioko heliportua (東京へリポート) erabiltzen dutenak, basea Kōtōn duena. Heliportua zerbitzu publikoek ere erabiltzen dute, hala nola poliziak eta suhiltzaileek.
Ekonomia
Finantza zentrua
Tokioko metropolia munduko ekonomia erdigune handiena da. 1'479 trilioi dolarretako Barne produktu gordina (BPG) dauka hiriak (2008) eta munduko 500 konpainia indartsuenetako 51k bertan daukate beren egoitza, zerrendako bigarren hiria den Parisen bikoitza da hau. Inbertsio bankuak, aseguru konpainiak, garraio konpainiak, publizitatea eta komunikazio industriak dira nagusi.
Munduko hiru ekonomia gidarien artean sartzen da Tokio, New York eta Londresekin batera. Tokioko Burtsa munduko laugarrena da.
Lehen sektorea
Tokioren mendebaldean 8.460 hektareatako nekazal eremua dauka eta barazki eta fruita hornitzaile handia da. Ziazerba eta komatsuna dira gehien ekoizten diren produktuak. Honetaz gain Tokioko lurren %36a basoek estalia dago. Zuhaitz ohikoena Cryptomeria da eta polinizazio garaian arazo handiak sortzen ditu hirian. Japoniako altzifrea ere ugaria da.
Arrantzari dagokionez, garai batean Tokioko badia zen arrantzagune nagusia baina gaur egun badiatik kanpoko uharteak dira arrain hornitzaile nagusiak.
Turismoa
2006an ia bost milioi turista atzerritar hartu zituen, bai eta milioi erdi japoniar turista ere. Turistek batez ere auzo berezietako eremu komertzialak bisitatzen dituzte, baina baita museo nazionala ere.
Ingurumena
Tokio Hiriko bero-uhartearen adibide garbia da. Horregatik 2020 urterako 2000n zeuden negutegi gasen %25a jeisteko helburua azaldu zuen Shintaro Ishihara gobernadoreak. Horretarako hainbat ekintza hasi dira burutzen. Esate baterako 2006an 1.000 hektarea ingurune berde gehitzea erabaki zen, bai eta 10 urteren epean kale ertzetan milioi erdi zuhaitz landatzea ere.
Hezkuntza
Japoniako unibertsitate handienak eta prestigiotsuenak Tokion daude. Aipatzekoak dira:
- Tokioko Unibertsitatea
- Hitotsubashi Unibertsitatea
- Tokioko Teknologia Institutua
- Waseda Unibertsitatea
- Keio Unibertsitatea
Kultura eta aisialdia
Tokioko biztanle gehienak budista dira.[8] Ehunka tenplu budista daude probintzian, nahiz eta Tokioko biztanle asko tenplu horietara ezkontza eta hileta gisako zeremonia berezietan bakarrik joaten diren, eta nahiago izaten dute erlijio errituak etxean egitea. Bizitoki asko Japoniako altzari eta estilo tradizionalaz hornituta daude, baina beste batzuk mendebaldeko estiloaren arabera daude eginak. Jende gehienak mendebaldeko jantziak erabiltzen ditu eguneroko bizitzan. Adineko pertsona batzuek —bereziki emakumeek— oraindik kimonoa erabiltzen dute, japoniar jantzi tipikoa. Japoniako jantzi tradizionalak egun edo gertaera berezietan baino ez dira erabiltzen.
Antzerkia, musika eta dantza
Japoniako bi antzerki mota, nō eta kabuki, dira probintziako biztanleen entretenimendurako modu gogokoenak. Nō Antzoki Nazionala, Sendagaya tren geltokitik gertu dagoena, asteburu guztietan eskaintzen ditu ikuskizunak. Nō eskola asko daude, besteak beste Kanze nō-gakudo. Kabuki-za antzokiak kabuki funtzio bat eskaintzen du egunero. Baita ere, kabuki antzerkiaren emanaldiak eskaintzen dira Antzoki Nazionalean urtarrilean, martxoan eta urritik abendura.[9]
Hiriko musika adierazpenik handiena izaten da Tokioko Udako Jaialdia, ekaina eta uztaila bitartean egiten dena urtero. Jaialdian musika klasikoa, folklorikoa, rock eta jazz egiten dira. Urtean zehar, zuzeneko musika eskaintzen da zenbait gunetan, hala nola, Tokioko Nazioarteko Foroan, Suntory aretoan, NHK aretoan eta Tokioko Operaren Hirian.
Dantzak leku berezia du Tokioko kultur jardueretan; dantza tradizionaleko eta mendebaldeko dantzako ikuskizunak ugariak dira urte osoan. Azuma Odori dantza, musika eta antzerki ekitaldia nabarmentzen da; urtero, maiatzaren amaieran, Shinbashi Enbujo antzokian egiten da.[10]
Museoak
Tokion museo ugari ditu, arte, historia, zientzia eta teknologia alorrekoak.
Japoniako museorik garrantzitsuena Tokioko Museo Nazionala da, Ueno parkearen ipar-ekialdean dagoena. Museo hau bertako gobernuak kudeatzen du, Kultura Gaietarako Agentziak. Irismen museografikoak Japoniaren historia biltzen du, historiaurreko garaietatik aro modernoraino.
Metropoliko Artea Museoa, 1926an sortua, bi galeriatan dago banatuta: batean, artista nazional garaikideen lanak erakusten dira; eta bestean, atzerrietako artisten lanak biltzen dira.[11] Ueno parkearen hego-ekialdean dagoen Shitamachi museoak Edo aroko Tokioren kultura babesten du.[12] Mingeikan museoa 1931n sortu zuen Yanagi Sōetsu filosofo eta arte kritikariak, herrialde osoko herri artisautza zaintzeko. Goto museoak arte budista erakusten du Tokyu Corporation-eko lehendakari Goto Keitaren bilduma pribatua. Museo horretan gordetzen dira XII. mendeko biribilkiak daude, Genji Monogatari izeneko legenda kontatzen dutenak, Fujiwara Takayoshiko pinturen bitartez.[13] Japoniar Ezpataren Museoa, edo Token Hakubutsunkan, Japoniar Ezpataren Artea Kontserbatzeko Elkarteak kudeatzen duena, sei mila pieza baino gehiagoren funstaren jabe da, horietatik hogeita hamar altxor nazional gisa katalogatutakoak.[14] Tokioko Metropolitiko Argazkigintza Museoa argazkilari nazionalen eta atzerritarren erakusketa iraunkorrak eskainzten ditu.[15]
Zientzia eta teknologia esparruko museo garrantzitsuenen artean, bi daude Odaiba uharte artifizialean: Itsas Zientzien Museoa[16] eta Gorabideko Zientziaren eta Berrikuntzaren Museo Nazionala.[17]
Liburutegiak
Tokiok liburutegi ugari dauka, horietako batzuk Japoniako garrantzitsuenak. Herrialdeko liburutegirik garrantzitsuena Dieta Nazionalaren Liburutegia da (japonieraz: 国立国会図書館 Kokuritsu kokkai toshokan), Chiyoda auzoan. Bere bi milioi liburu baino gehiagoren artean, 50.000 aldizkari eta 1.500 egunkari inguru gordetzen ditu, herrialdeko testu bilduma handiena. Gainera, atzerriko hizkuntzetako testu bilduma handiena du. Garrantzitsua da, baita ere, Tokioko Metropoliko Liburtegia (japonieraz: 東京都立図書館 Tokio tōritsu toshokan; hiru liburutegik osatzen dute:
- Liburutegi Nagusia: Arisugawa parkean (Minato-ku), Minami-Azabun. Hiriko gobernuaren liburutegi nagusia da, eta hori da Tokiori buruzko informazioa bilatzeko erreferentziarik onena.
- Hibiyako liburutegia: hiriko gobernuaren beste liburutegi garrantzitsu bat, Chiyodan baita ere. Aurrekoek ez bezala, Hibiyan liburuak mailegatu ere egiten dira.
- Tamako liburutegia.
Tokioko Metropoliko Liburutegiak 12 milioi bisitari inguru ditu urtean.
Liburutegi publikoez gain, Tokioko unibertsitate zentro nagusien liburutegiak dadue:
- Tokioko Metropoliko Unibertsitate Liburutegia, 1950ean sortua, 700.000 liburutik gora ditu (1997).
- Tokioko Unibertsitateko Liburutegia, 1877an sortua, 8.000.000 liburutik gora ditu (2006), Japoniako liburu-bilduma handiena.
- Tokioko Unibertsitateko Atzerriko Ikasketetarako Liburutegia, 1899an sortua, 400.000 bolumen ditu (1997).
- Chuoko Unibertsitateko Liburutegia, 1885. urtean sortua, 1.365.000 bolumen ditu (1997).
- Kokugakuin Unibertsitateko liburutegia, 1882an sortua, 998.200 liburuki ditu (1997).
- Hitotsubashiko Unibertsitateko liburutegia, 1887an sortua, 1.320.000 liburuki ditu (1997).
- Wasedako Unibertsitateko liburutegia, 1882an sortua, 4.500.000 liburutik gora ditu (2006).
- Keioko Unibertsitateko Komunikabideen Mita Zentroa, jatorriz Keioko Unibertsitateko Liburutegia, 1912an sortua, 2.300.000 bolumen ditu (1997).
Horrez gain, 360 bat liburutegi txiki daude Tokioko metropoli barrutian.
Arkitektura
1923ko lurrikarak eta Bigarren Mundu Gerrako bonbaketek hiria suntsitu ondoren Tokiok berriztu beharra izan zuen eta arkitektura modernoenaren erakusle diren eraikinak jaso zituen. Tokyo Nazioarteko Foruma, Asahi Beer Hall, Mode Gakuen Cocoon Tower, NTT Docomo Yoyogi Eraikina eta Rainbow Bridge dira aipagarrienak. Ezin alde batera utzi Tokioko bi dorreak, Tokioko Dorrea eta 2012an bukaturiko Tokyo Sky Tree, 634 metrotako altuera daukana.
Kirola
Japoniako kirol garrantzitsuenak beisbola eta sumoa dira, baina azken aldian futbolak ere bere tokia hartu du.
- Beisbol taldeak:
- Yomiuri Giants
- Tokyo Yakult Swallows
- Futbol taldeak:
- F.C. Tokyo
- Tokyo Verdi
Borroka-arteak ere asko praktikatzen dira, batez ere judoa, karatea eta aikidoa.
Honetaz gain, aipatzekoa da 1964ko Udako Olinpiar Jokoak antolatu zituela eta 2020an Olinpiar Joko berriak izango direla bertan.
Ondasun nabarmenak
Erdiguneko auzoak
Hauek dira Tokio Hiriko 23 auzoen artean interesgarrienak:
- Bunkyō: Tokio erdialdean kokaturik dago eta batez ere auzo erresidentziala eta unibertsitarioa da.
- Chiyoda: Auzo honetan daude Enperadorearen jauregia, Japoniako Dieta Nazionala eta Japoniako Epaitegi Gorena. Akihabara barrutia (Electric City) manga eta teknologia berrien eremua da.
- Chūō: Tokioren erdialdean dago eta batez ere bi barruti dira aipagarriak; Ginza, merkatalguneak, luxuzko boutiqueak, jatetxeak eta kafetegiak dituena eta Tsukiji, Tokioko Arrain Merkatua dagoen barrutia.
- Kōtō: Tokioko auzo handienetakoa da. Tokioko Badiaren ertzean dago eta Odaiba uharte artifizialaren zati bat ere hartzen du.
- Minato: Konpainia handien egoitzak eta 49 herrialderen enbaxadak dauden auzoa da. Tokioko Dorrea da eraikinik aipagarriena.
- Shibuya: Tokioko auzorik garrantzitsuenetakoa da, hiriko denda eta merkataritza gunerik handienak bertan daude. Meiji santutegia ere bertan dago.
- Shinjuku: Bi eremu oso desberdin ditu. Mendebaldean Tokioko etxe orratzen kontzentrazio handiena duen auzoa dago. Bertan bulegoak eta Tokioko udaletxea daude besteak beste. 250.000 pertsona joaten dira egunero bertako bulegoetan lan egitera. Ekialdean berriz Tokioko entretenimendu eta gaugiroko auzoa dago. Tokion lan egin ondoren etxera bueltan datorren jendeak betetzen ditu Golden Gai eremuko taberna txikiak eta Kabukichō auzo "gorriko" lokalak.
- Sumida: Sumida ibaiaren ekialdean dagoen auzoa da eta Tokioko auzoen artean dentsitate handienetakoa du. Eraikinik aipagarriena Tokyo Skytree dorrea da.
- Taitō: Hiriko auzo interesgarrienetakoa da, besteak beste Ueno parkea eta Sensō-ji tenplua daude bertan.
- Toshima: Tokioko auzo kosmopolitenetakoa da. Ikebukuro barrutia dago bertan, aisialdi eta merkatal barrutia da.
Eraikin aipagarriak
- Dorreak:
- Jauregiak:
- Kōkyo, Tokioko jauregi inperiala
- Tenpluak eta santutegiak:
- Museoak:
- Besterik:
Parkeak
Iruditegia
- Tokioko etxe orratzak, atzean Fuji mendia.
- Kōkyo, Tokioko jauregi inperiala.
- Tokyo Skytree dorrea.
- Tokioko udaletxea, Kenzo Tange arkitektoak egina.
- Sunshine 60 dorrea.
- Asahi Beer Hall.
- Sensō-ji tenplua.
- Shibamata Taishakuten tenplua.
- Ikegami Honmon-ji tenplua.
- Harumi zubia.
- Odaiba uharta artifiziala gauez.
- Ueno parkea udaberrian.
- Ginza barrutiko luxuzko dendak.
- Shinjuku auzoa.
- Akihabara "Electric City" barrutia.
- Pachinko aretoa.
- Shibuya auzoa, gauez.
- Kabukichō "auzo gorria".
- Ikebukuro barrutia.
- Tokioko maratoia.
Tokiotar ospetsuak
|
|
Hiri senidetuak
Tokiok honako hiriekin ditu harremanak:[18]
Erreferentziak
- Euskaltzaindia. 38. araua: Munduko estatu izenak, hiriburuak eta herritarren izenak. .
- Euskaltzaindia. (2012-06-29). 171. araua: Asiako toponimia. (Noiz kontsultatua: 2013-02-11).
- Japan Meteorological Agency. 気象庁 / 平年値(年・月ごとの値). .
- The Weather Network. (2011-01-02). Statistics: Tokyo, Japan. .
- (Ingelesez) Mente, Boye Lafayette De. (2005-09-15). Subway Guide to Tokyo. Tuttle Publishing ISBN 978-0-8048-3684-5. (Noiz kontsultatua: 2023-04-13).
- (Ingelesez) JRailPass. (2017-04-12). «Getting around Tokyo with the Japan Rail Pass - JRailPass» Japan Rail Pass Travel Blog | JRailPass (Noiz kontsultatua: 2023-04-29).
- (Ingelesez) «Quick Guide of Tokyo Railway Station» JAPANESE TRAINS (Noiz kontsultatua: 2023-04-29).
- (Ingelesez) «2020 Report on International Religious Freedom: Japan» United States Department of State (web.archive.org) 2023-03-05 (Noiz kontsultatua: 2023-04-13).
- (Ingelesez) «National Theatre (Tokyo) | Japan Arts Council» web.archive.org 2022-12-06 (Noiz kontsultatua: 2023-04-13).
- (Ingelesez) «Azuma Odori 2023» Shinbashi Enbujo Theater (web.archive.org).
- (Ingelesez) «Tokyo Metropolitan Art Museum» web.archive.org 2023-04-10 (Noiz kontsultatua: 2023-04-13).
- (Ingelesez) «Art& Culture Foundation of Taito» web.archive.org 2023-03-17 (Noiz kontsultatua: 2023-04-13).
- (Ingelesez) «Goto Museum | 公益財団法人 五島美術館» web.archive.org 2022-10-24 (Noiz kontsultatua: 2023-04-14).
- (Ingelesez) «The Japanese Sword Museum» web.archive.org 2022-12-28 (Noiz kontsultatua: 2023-04-14).
- (Ingelesez) «Tokyo Photographic Art Museum - 東京都写真美術館» web.archive.org 2023-01-30 (Noiz kontsultatua: 2023-04-14).
- (Ingelesez) «Museum of Maritime Science» web.archive.org (Noiz kontsultatua: 2023-04-14).
- (Ingelesez) «Miraikan – The National Museum of Emerging Science and Innovation» web.archive.org 2023-03-11 (Noiz kontsultatua: 2023-04-14).
- Tokyo Metropolitan Government. Sister Cities (States) of Tokyo. .
Ikus, gainera
Kanpo estekak
- (Japonieraz) (Ingelesez) Tokioko udal webgunea
- (Gaztelaniaz) (Ingelesez) "EuskadiAsia". Ekialdearen Ikerketarako Euskal Elkartea.
- (Gaztelaniaz) (Ingelesez) Go Tokioko Turismoaren webgunea.
Tokio prefektura |
---|
Auzo bereziak : Adachi | Arakawa | Bunkyō | Chiyoda | Chūō | Edogawa | Itabashi | Katsushika | Kita | Kōtō | Meguro | Minato | Nakano | Nerima | Ōta | Setagaya | Shibuya | Shinagawa | Shinjuku | Suginami | Sumida | Taitō | Toshima | ||
Hiriak : Akiruno | Akishima | Chōfu | Fuchū | Fussa | Hachiōji | Hamura | Higashikurume | Higashimurayama | Higashiyamato | Hino | Inagi | Kiyose | Kodaira | Koganei | Kokubunji | Komae | Kunitachi | Machida | Mitaka | Musashimurayama | Musashino | Nishitōkyō | Oume | Tachikawa | Tama | ||
Suprefeturak : Nishitama | Hachijō | Miyake | Ogasawara | Ōshima |