Toil liso

Toil lisoa (Mustelus mustelus) ur gaziko arrain kartilaginosoa da, Triakidae familiakoa[1]. Marrazoaren eta arraiaren ordenako itsas arrain hau handi samarra eta gorputz-luzea da, azala latza eta kolorez grisa duena.

Toil liso
Iraute egoera

Galzorian  (IUCN 3.1)
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaAnimalia
FilumaChordata
KlaseaChondrichthyes
OrdenaCarcharhiniformes
FamiliaTriakidae
GeneroaMustelus
Espeziea Mustelus mustelus
Linnaeus, 1758
Banaketa mapa

Jateko ona da baina ez da ohikoa arraindegietan ikustea[2].

Euskal izendegia

Toil lisoa izendatzeko hainbat izen daude Euskal Herrian[2]:

Izena Erabilera-eremua (udalerria)
ainkame Elantxobe
kazoi Mundaka
larlatz
toil liso
tolla Bilbo
tollia, tollo

Deskribapena

Marrazoen itxurako gorputz luzea du[3], metro bateko luzera izan ohi du baina handiagoak ere ikusten dira, metro eta erdikoak eta baita bi metro neurtzen dutenak ere. 24 urtez bizi daiteke[4].

Bizkarraldea gris-marroia da eta sabelaldea zuria. Toil pikartaren antzekoa da baina hark puntu zuriak ditu azalean eta toil lisoak ez. Gelbarekin ere nahastu daiteke, baina toil lisoak bigarren hegats bat du bizkarrean, hark ez bezala. Horrela beraz, toil lisoak bi hegats ditu bizkarraldean beste bat uzki aldean eta pare bat alboetan. Hegats pelbikoak pterigopodio bihurtuak ditu, ugalketarako erabiltzen dituenak. Isatsaren goiko muturra askoz luzeagoa da azpiko muturra baino.

Burua txikia da eta muturra gorantz begira du. Ahoa ere txikia da eta hainbat tolesturak osatzen dituzte ezpainak[5]. Toil lisoak ez du hortzik, hezur plaka lakar pare bat soilik[2].

Banaketa

Ozeano Atlantikoaren ekialdeko itsasertzetan, Portugaletik hasi eta Hegoafrika ekialderaino iristen da haren hedadura. Azoreetan, Madeiran, Kanarietan eta Cabo Verde uhartedian ere bizi da. Iparralderantz Bizkaiko golkora eta Britainiar uharteetara mugitzen da sasoiaren arabera. Mediterraneo itsasoan zabaldurik dago[6].

5 metro eta 624 metrotako sakonera artean bizi den espezie demertsala da[4], marearteko eremuan, plataforma kontinentaletan eta ezpondatan aurkitzen da[6]. Ur berotako animalia da eta arroka asko dauden eremuak ez ditu atsegin[7].

Biologia

Toil lisoa Coruñako akuariumean.

Portaera

Talde handiak osatzen ditu eta zakur taldeen antzera ehizatzen dute, horregatik hainbat hizkuntzatan zakur marrazoak izena ematen zaie, ingelesez esate baterako smooth-hound shark izena du, "zakur marrazo lisoa". Ez da lurraldekoia baina batzuetan beste espezieetako arrainekiko erasokorra izan daiteke, bereziki mehatxaturik aurkitzen badu bere burua[4].

Elikadura

Arrain oportunista da eta txikiagoa den edozer gauza ehizatzen du[4]. Krustazeoak, zefalopodoak eta arrain txikiak jaten ditu nagusiki[6].

Ugalketa

Marrazoen taldekoa denez espezie bibiparoa da, gorringo poltsadun plazenta duena. 10-11 hilabeteko haurdunaldiaren ondoren 4-15 kume izaten ditu[5]. Jaiotzerakoan 39 cm neurtzen ditu eta 70-80 cm hartzen duenean lortzen du sexu heldutasuna[6].

Emeak urtero ugaldu daitezke baina batzuek atseden urteak tartekatzen dituzte[5].

Gastronomia

Haragi zuriko arraina da eta gantz gutxi duenez kaloria gutxi aportatzen ditu. Arrantzatu ondoren ez du luzaroan irauten, amoniako usaina askatzen hasten da egoki kontserbatzen ez bada. Gehienetan ozpinetan marinatzen da sor daitezkeen usaina kentzeko[3]. Gatzatu eta keztatu ere egiten da. Gibeleko olioa ere aprobetxatzen da[5].

Irineztatuta edo gabe, frijitu egiten da eta saltsa batez ateratzen da platerera. Gisatu ere egin daiteke tipula eta ilarrekin[3]. Marrazoekin gertatzen den bezala toil lisoaren hegatsa ere oso preziatua da[5].

Erreferentziak

  1. Walker et al. (2005). Mustelus mustelus. IUCNren Zerrenda Gorria
  2. «toila» arrainak.eus (Noiz kontsultatua: 2024-01-20).
  3. (Gaztelaniaz) «musola» Diccionario Gastronomía (Noiz kontsultatua: 2024-01-20).
  4. (Ingelesez) «Mustelus mustelus • Fish sheet» Fishipedia (Noiz kontsultatua: 2024-01-20).
  5. «Tiburones en Galicia: Musola (Mustelus mustelus)» Tiburones en Galicia 2015-07-05 (Noiz kontsultatua: 2024-01-20).
  6. «Mustelus mustelus, Smooth-hound : fisheries, gamefish» fishbase.se (Noiz kontsultatua: 2024-01-20).
  7. (Gaztelaniaz) Rojas, Jesús. (2022-09-15). «Qué es el cazón: propiedades, temporada y recetas para preparar un pescado único más allá del bienmesabe» Directo al Paladar (Noiz kontsultatua: 2024-01-20).
This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.