Merkaptano
Merkaptano (edo tiol) R-SH formula orokorra duten konposatu organikoen izen generikoa da. R hidrokarburo-erro bat da. Alkoholen tankerako egitura dute, baina haien oxigenoaren ordez (-OH alkohol taldea) molekulan sufrea dute (-SH taldea; talde funtzional horri tiol taldea edo sulfhidrilo taldea deritzo). Propietate kimikoak ere berdintsuak dituzte; baina merkaptanoak alkoholak baino azidoagoak dira. Isurkari kolorgeak, usain txarrekoak (baratxuri-usaina) eta sukoiak dira, baina ez dira pozoitsuak. Gas naturalari eta beste kontsumo-gasei (metano, etano, butano...) eransten zaie, usainaren bidez ihesei antzemateko; alegia, gas naturalaren usaina tiolak ematen du.
Tiolak sintetizatzeko metodoak alkoholak eta esterrak sintetizatzekoen antzekoak dira. Erreakzioak azkarragoak eta errendimendu handiagokoak dira, sufre-anioiak nukleofilo hobeak direlako oxigeno-atomoak baino.
Erreferentziak
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.