Tinta (zuhaitzen gaitza)

Tinta gaztaina eta haritza kaltetzen duen gaixotasun oso larria da. Berau eragiten duten mikrobio filamentoduanak behinola onddotzat hartu baziren ere, gaur egunean Oomizete bezala klasifikatzen dira.

Tinta (zuhaitzen gaitza)
Sailkapen zientifikoa

Tintaren gaitzak jotako gaztainondoen enborrak Girondan .


Historia

Tinta gaitza 1726 urtean identifikatu zen lehen aldiz, Gredosko mendilerroan (erdi aldeko Espainia); hurrengo lekukotasuna Ipar Euskal Herrikoa da, non 1860an gaztainondoarentzat eta 1948an haritzarentzat seinalatu baitzen;[1] gero 1871-72 artean Lekeitio eta Ondarroa arteko kostaldean detektatu zen. Hedapena oso bizkorra izan zen, eta handik denbora gutxira gaitzak Galizian, Asturiasen, Kantabrian eta Euskal Herrian guztiz zabaldua zegoen.[2]

Izena azal nekrosiko guneetan sortzen den eta enborraren oinarrian pilatzen den likido belzkararengatik eman zitzaion. Mikroorganismoek enborraren oinarriko sustraiei eta azalari erasotzen die. Gaztainondoen kasuan, sustraien suntsiketaren ondorioz ihartu eta hiltzen dira. Haritzak erresistenteagoak dira (batez ere kandudunak, kandugabeak eta gorriak) eta orokorrean ez dira hiltzen. Neurri txikiagoan, tintak pagoari ere eragin diezaioke.

Mikroorganismo arduradunak

Tintak jotako gaztainondoaren enborra, geruza belzkararekin estalia.

Bi Phytophthora dira gaixotasun honen erantzuleak, Phytophthora cambivora Petri (batez ere zuhaitzaren koroari eragiten diona) eta Phytophthora cinnamomi Rands (batez ere sustraiak kaltetzen dituena). Lurrean bizi diren heterokonta hauen kutsatze bidea biotrofoa, nekrotrofoa eta hemibiotrofikoa da. Gainera, gaitasun saprobio ona dute, hau da, ostalariak aurki ezean lurrean bizi daitezke. Uretan zehar mugitzen diren zoosporen bidez hedatzen dira; ondorioz, urez gainezka dauden lurzoruak oso sentikorrak dira gaixotasun honen aurrean eta ur zirkulazioak patogenoak azkarki barreiatu ditzake. Kutsadura enborraren oinarriko azalean gauzatzen da, sustrai gazteetan edo zuzenean azalean, lentikelen bidez. Gaixotasuna bi eratara hedatzen da: mizelioaren progresioz, gaztainadiaren zoruan zehar, eta gizakiak, animaliak edo urak garraiatutako esporen bidez. Bigarren bide hau da gaixotasuna distantzia handietan barreiatu izanaren arrazoia (esporak boten, apatxen, neumatikoen bidez hedatzen baitira).

Ikerketa batek[3] gaztainondoaren tinta gaitzaren hedapena erraztu dezakeen faktore bat seinalatu du: goldatutako soroetan, lur arolaren[4] azpian sor daitekeen lur trinko geruza.

Onddoa espora sexualak sortzeko gai da —oosporak—, baita asexualak ere —zoosporak—, eta klamidosporak; azken hauek neguan irauteko gauza dira, infekzioa sortzeko abagunea aurkitu artean.[2]

Genero bereko beste mikroorganismo batzuk (Phytophthora citricola Sawada eta Phytophthora cactorum (Lebert eta Cohn) Schröter) eragindako kalteak ere antzeko sintomak sortzen dituzte, eta bereizteko zailak izan daitezke.

Phytophthora generoko mikrobioak oomizetoen artean sailkatzen badira ere, ohituraren poderioz oraindik leku askotan "onddo" deitzen zaie.


Gaitzaren ezaugarriak

Gaitzaren lehen fasea: adar ihartuak zuhaitzaren koroan

Tinta gaitzaren aurreneko sintoma zuhaitzaren ahultzea eta hazkunde motelagoa izaten da: fruituak ez dira heldutasunera ailegatzen. Ondoren, goiko eta muturretako hostoen zimeldura eta horixkapena datoz, uda erdirantz eskuarki. Lehenengo etapan zuhaitzek koroa urria dute (gorengo adarrak hosto txiki eta kolore horikoekin). Geroago, adarrak ihartuz doaz, guztiz lehortu arte; arazoari bueltan eman ezean, bataz beste, zuhaitza 3-6 urteren barruan hilko da.

Kaltetutako sustraiak belztu egiten dira eta kolorazio hori, taninoen oxidazioaren eraginez, enborrean hedatzen da gaixo dauden erroen parean. Ehunen nekrosiarekin batera, zuhaitzak substantzia inhibitzaileak isurtzen ditu patogenoei aurre egin nahian (konpartimentazio printzipioa). Batzuetan, azal pitzatuak edo enborraren oinarrian egon daitezkeen urradurek tanino horiek erakusten dute, tinta gogora ekartzen duen izerdi belztua jariatuz.[5] Haritz kandudun eta kandugabeen artean ahulezia ez da hain larria, baina enborraren oinarrian txankro bat agertu ohi da.

Infekzioak gaztainondoaren zuztar txikienak harrapatzen baditu, zuhaitza poliki-poliki hil egingo da, zuztar nagusia beste txiki batzuk sortu eta nola hala bizirik irauteko gai izango baita; aldiz, infekzioa enborretik gertu hasten bada, gaztainondoak ez du asko iraungo, ezin izango baitu zuztar berririk sortu.[2]

Behin betirako hil baino lehen —oro har hil aurreko urtean— gaztainondoak ezohiko gaztaina kopurua ematen du: oso ugaria, baina inongo baliorik gabekoa. Tintak zuhaitza harrapatu duen edo ez jakiteko behin betirako froga zuhaitzeko enborraren azpialdean begiratzea da; gar-itxura duen orban beltza badu, gaitzak jota dago. Orban hori zuhaitzak parasitoari aurre egiteko duen erreakzioaren ondorio izaten da.[2]

Pitzadura batetik likido beltza isurtzeak ez du derrigorrez tinta gaitzaren presentzia adierazten. Enborretik likido beltza ateratzea zuhaitzak zauriaren aurrean egiten duen erreakzioa da (adibidez, izoztearen aurrean) eta ez da tinta gaitzaren sintoma espezifikoa.

Sendabideak

Tintak jota lehortzen ari den gaztainondoa, Valonian

Balio ez duten neurriak

Tratamendu hauek ez dira eraginkorrak:

  • Lurzorua eta enborraren oina fungizidekin, sulfato ferrosoz edo kobre sulfatoaz tratatzea.
  • Zuhaitzak moztea eta sustraiak ahalik eta ondoen ateratzea; Phytophthorak oso ondo irauten du lurrean, ostalaririk izan ez arren.

Neurri eraginkorrak

Trichoderma harzianum onddoak erabiltzea eraginkorra da zenbait egoeratan [6] .

Gaixotasuna hasi berria dagoenean, tratamendurik eraginkorrena kimikoa da. Hala ere, mendi-mailan ezartzea zaila da, soilik fungizida zehatzekin erabil baitaiteke. Mintegietan eta landaketa gazteetan, ordea, badago erabiltzea. Gaztainondo zaharren tratamendua are zailagoa da. Enborraren bueltan metro erdi inguruko zuloa egiten da, zuztar nagusiak agertu artean eta ahal dela zauririk eragin gabe. Zuloa eginda dagoela, lurrean agerian geratzen diren zuztartxoak kentzen dira eta tratamendu kimikoa egiten zaio. Euri-arriskurik ez badago ez da komeni zuloa berehala estaltzea.[2]

Gaztainondoen drainatzea hobetzea neurri lagungarria da.

Patogenoa kutsatutako eremutik kentzea ia ezinezkoa denez, kontrol metodorik onena prebentzioa da: kutsatutako lurzorua ez barreiatzeko neurriak hartzea (oinetakoak, ibilgailuak, ur isurketak) eta, bistan da, kutsatutako landareak lekuz ez aldatzea.

Tratamenduen zailtasunak ikusita, gaztainondo gaixotasunarekiko erresistenteak lortzeko ikerketei ekin zitzaion. 1925. urterako horrelako lehen gaztainondoak lortu ziren Galizian.[2] Mentuak oinarri erresistente horien gainean egiten dira. Bestalde, Castanea mollissima eta Castanea crenata espezieak (jatorri txinatarra eta japoniarra dutenak, hurrenez hurren) tinta gaitzari erresistenteak dira. Japoniako gaztainondoek, gurutzaketen bidez, gaixotasunaren aurkako indibiduoak sortu dituzte. Marigoule edo Marsol bezalako gaztaina barietateak (C. crenata eta C. sativa-ren hibrido naturalak) tinta gaitzari eusten diote eta erraz hazten dira; beraz arrisku-eremuetan mentuen oinarri bezala erabiliak izan daitezke[7] (nahiz eta Marigoule barietatearekin mentatzean bateragarritasun arazoak izaten diren).

Fosfito gatzak fungizida biodegradagarri gisa erabil daitezke, landareak phytophthorarengandik babesteko. Normalean potasio fosfito moduan aplikatzen da, potasio hidroxidoarekin neutralizatutako azido fosforikoaren deribatua. Kaltzio eta magnesio fosfitoak ere erabil daitezke. Fosfitoek elizitore papera jokatzen dute: landarearen defentsak estimulatzen dituzte, phytophthoraz kutsatutako lurretan biziraun dezaten. Ez dira toxikoak gizakientzat edo animalientzat (mahai gatzaren parekoak dira); haiekin lotutako kutsadura arriskua oso txikia da beraz. Landareen hostoetan aplikatzen den fosfitoak oso kontzentrazio txikia izaten du, eta lurzorura iristen dena bertan geratzen da, ur-mailara iritsi barik. Fosfitoa tratamendu sistemikoa da: eraginkorra izateko landarearen ura garraiatzeko sistemaraino sartu behar da; hori zuhaitzetan injektatuz edo landareen hostoen azpialdeak ihinztatuz lor daiteke. Landarea phytophthora infekziotik babesteaz gain, fosfitoek jada kutsatuak dauden landareen sendatzean ere lagun dezakete.

Ikuspegi integratu bidezko tratamendua

Azpimarratu beharra dago gaur egun ez dela ezagutzen phytophthora desagerrarazteko modurik; baina ikuspegi integratu batek gaixotasunaren hedapena eta eragina kontrolatzen lagundu dezake, esate baterako fosfitozko fumigazioa, lur eremuan sarbide kontrola (andui berrien inportazioa mugatzeko), drainatzearen hobekuntza eta landare ostalarien eliminazioa konbinatuz.

Gaitzaren bilakaera

Azkenetan dagoen gaztainondoa, Ariègen

1950 urtean gaztainadiek 14530 hektarea hartzen zituzten Hego Euskal Herrian. Datu eguneraturik ez dago, baina bistan da gaur egunean azalera askoz ere txikiagoa dela.[2]

Esan bezala, Phytophthorak lurzoruan geratzen dira zuhaitz ostalaria gaixotu ostean hil eta gero ere. Hori dela eta, Euskal Herriko mendietan ikusten diren gaztainondo asko (zaharrak, zein duela 20-25 urte landatutakoak) tinta gaitzaz jota ikus daitezke: hostorik ez duten adarrez josita, eta urterik urte bizitasuna galduz. Gaur egun Iberiar Penintsularen ipar alde osoa tintaren eraginpean dago, baita barne aldeko zenbait lekutan ere (Salamanca, adibidez); penintsularen hegoaldean eta Afrika ipar aldean ez du eraginik. Hala ere, badirudi tinta gaixotasuna ez dela hedatzen ari, nolabait geratu egin dela.[2]

2012an, Boletus edulis onddoz inokulatutako gaztainondoak landatzeko zenbait proiektu abiatu ziren: Bizkaiko Foru Aldundiak Zallan duen frutagintza estazioan batetik,[8] Arabako Frutazain eta Eraldatzaileen Elkarteak lau hektareatako eremuan bestetik,[9] sinbiosiak bi espezieei egin diezaieken mesedea aztertzen hasi ziren ekoizpen sistemara, eta tinta gaitzaren prebentziora begira. Sistemak emaitza onak lortu duela dirudi, eta 2018tik aurrera gaztainondo landare mikorrizatu hauekin egindako landaketen erreferentziak daude (Coruñan eta Pontevedran).[10][11]

Erreferentziak

  1. Les maladies émergentes, épidémiologie chez le végétal, l'animal et l'homme. Ed. Quae 2010 ISBN 978-2-7592-0510-3. PMC 718454712. (Noiz kontsultatua: 2021-06-18).
  2. Beñardo, Kortabarria Olabarria. (1999-12-01). «Gaztaina gutxi negu hotzerako» Zientzia.eus (Noiz kontsultatua: 2021-06-18).
  3. MARCELINO V. ; TORRES N. ; PORTELA E. ; MARTINS A. ; - Soil physical properties and the occurrence of chestnut ink disease : A micromorphological study - Ecologia mediterranea (Écologie méditerranéenne) ISSN 0153-8756
  4. «arol - Elhuyar hiztegiak» hiztegiak.elhuyar.eus (Noiz kontsultatua: 2021-06-18).
  5. Breisch, Henri. (1995). Châtaignes et marrons. Ctifl ISBN 2-87911-050-5. PMC 35674292. (Noiz kontsultatua: 2021-06-18).
  6. Biological control of Phytophthora cambivora (Petri) Buisman in chesnut tree
  7. Pépinières Coulié - Châtaigniers - Noyers - Plantes Ornementales - Arbres Truffiers
  8. Garmendia, Lander Muñagorri. «Perretxikoak eta gaztainak zuhaitz beretik lortzeko ikerketa» Berria (Noiz kontsultatua: 2021-06-18).
  9. SLU, Herritar Berri. (2015-12-23). «Onddoekin mikorrizatutako gaztainondoen landaketak ikertzen» GAUR8 (Noiz kontsultatua: 2021-06-18).
  10. (Gaztelaniaz) Terra, Hifas da. (2018-01-29). «Castaños micorrizados, qué son y cómo funcionan por el Dr. Fernández de Ana Magán» Hifas Foresta (Noiz kontsultatua: 2021-06-18).
  11. (Gaztelaniaz) «Galicia: A Quinta da Auga apuesta por la repoblación del castaño micorrizado» ORIGEN 2019-03-20 (Noiz kontsultatua: 2021-06-18).

Kanpo estekak

This article is issued from Wikipedia. The text is licensed under Creative Commons - Attribution - Sharealike. Additional terms may apply for the media files.