Timgad
Timgad (arabieraz تيمقاد, latinez Thamugadi edo Thamugas ere deitua) Afrika iparraldean dagoen erromatar hiria da, gaur egungo Aljerian, Aures mendigunean dagoena eta Batna hiritik 35 kilometrora.
Timgad1 UNESCOren gizateriaren ondarea | |
Timgadeko hondakin erromatarrak | |
Mota | Kulturala |
Irizpideak | ii, iii, iv |
Erreferentzia | 194 |
Kokalekua | Aljeria |
Eskualdea2 | Herrialde Arabiarrak |
Koordenatuak | 35°29′03″N 6°28′7″E |
Izen ematea | 1982 (VI. bilkura) |
1 UNESCOk jarritako izen ofiziala (euskaratua) 2 UNESCOren sailkapena |
Bere hondakinak nabarmenak dira, erromatar kolonietan erabilitako erretikula formako edo plan hipodamikoko erromatar hiri-plangintzaren adibide hoberenetariko bat baita, "Afrika Iparraldeko Ponpeia" deitua izateraino[1]. Gizateriaren Ondare izendatua zuen UNESCOk 1982an[2]
Historia
Hiria, Trajano enperadoreak ex nihilo sortu zuen 100. urtean Legio III Augusta eta bere legatu Luzio Munazio Galorekin[3]. Timgadeko biztanleek, beraz, erromatar hiritartasuna zuten eta Papiria tribuan izena eman zuten. Colonia Marciana Ulpia Traiana Thamugadi hartu zuen izena koloniak. Gertuko Aures mendietako berbereen aurkako gotorlekua izatea zen bere betebehar nagusia. Bere jatorrizko populazioa, bere gehiengoa, partiar mugatik zetozen erromatar armadako beteranoena izan zen, hiri berrian, euren zerbitzu urteengatik, lurrekin sarituak izan zirenak.
Hiriak bere lehen mendeetan zehar existentzia baketsu bat ezagutu zuen, III. mendearen hasieran kristau jardueraren gune bihurtuz, eta IV. mendean donatismoaren erdigune.
V. mendean, bandaloek hiria arpilatu zuten, gainbeheran erori aurretik. 535ean Salomon jeneral bizantziarrak espedizio militar bat zuzendu zuen hiria berreskuratzeko eta gune kristau bezala birpopulatua izan zen. Aro berri honek mende bat baino ez zuen iraun, berbereek VII. mendean arpilatu eta behin betiko utzi zenean. Horrela, hiria historiatik desagertu zen 1881ean aurkitu eta induskatu zen arte.
VII. mendearen ondoren hiria berriz okupatu ez izanak bere egungo kontserbazio egoera ona ahalbidetu zuen, Sahara basamortuaren hedapenarekin batera, hiria, metro bateko lodiera zuen hareazko geruza baten azpian lurperatu baitzuen, egiturak eta inguruko eremua estaliz, oso emankorra eta nekazaritzarako egokia zen lekua sortu zen unean.
Ezaugarriak
Sei bideen elkargunean kokatua, hiria harresitua izan zen, baina ez gotortua. Hasiera batean, 15.000 pertsonako populazio batentzat diseinatua, hiriak, bere jatorrizko zehaztapenak azkar gainditu zituen, eta sareta ortogonaletik haratago hazi zen, modu ez hain antolatuan.
Lauki formako diseinua ezin hobeto ikusten da hiriaren trazadura ortogonalean, eta dekumanoa eta kardoa nabarmentzen dira, zati batean zaharberritutako kolomadi korintoar baten bidez delineatuta baitaude. Kardoak ez du hiria erabat zeharkatzen, baizik eta dekumanoa foro batean tartekatzen du.
Dekumanoaren mendebaldeko muturrean, 12 metroko garaipen arku bat dago, Timgadeko arkua edo Trajanoren arkua deitua, erromatar munduan oso ohikoa den izendapen bat, Trajanok bultzatutako garaipenaren beste arku batzuk izendatzeko. Egitura, 1900ean partzialki zaharberritu zena, hareharriz egina dago, eta alboetan zutabe korintoarrak dituzten hiru arku ditu, erdikoa hiru metro baino gehiagoko zabaleran neurtuta.
Jupiterri sagaratutako Kapitolio tenplu bat ere badago, Erromako Panteoiaren antzeko neurriak dituena. Ondoan, VII. mendeko abside zirkularra duen eliza karratu bat dago, eta hiriaren hego-ekialdean, Timgaden okupazioaren azken urteetan eraikitako gotorleku bizantziar bat.
Hirian nabarmentzen diren beste eraikin batzuk 3.500 herritako antzoki bat dira, oso baldintza onetan, eta gaur egun antzerki emanaldietarako ere erabiltzen da, baita lau terma, liburutegi bat eta basilika bat ere.
Erreferentziak
- «Timgad. The Columbia Encyclopedia, Sixth Edition. 2001-07» web.archive.org 2008-06-26 (Noiz kontsultatua: 2021-01-25).
- (Frantsesez) mondial, UNESCO Centre du patrimoine. «Timgad» UNESCO Centre du patrimoine mondial (Noiz kontsultatua: 2021-01-25).
- «Wikiwix's cache» archive.wikiwix.com (Noiz kontsultatua: 2021-01-27).
Kanpo estekak
Artikulu hau Arkitekturari buruzko zirriborroa da. Wikipedia lagun dezakezu edukia osatuz. |