Thure Brandt
Mårten Thure Emil Brandt (Räfshult, Sventorps parrokia, Skaraborg konderria, 1819ko otsailaren 6a -Södertälje, Stockholmgo konderria, 1895eko abuztuaren 5a), fisioterapeuta eta militar suediarra izan zen.[1]
Thure Brandt | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Q10685781 , 1819ko otsailaren 6a |
Herrialdea | Suedia |
Heriotza | Södertälje stadsförsamling (en) , 1895eko abuztuaren 5a (76 urte) |
Hobiratze lekua | Norra begravningsplatsen (en) |
Jarduerak | |
Jarduerak | fisioterapeuta eta militarra |
Hastapenak
Bere gurasoak Ture Gustav Brandt (armadako kapitaina) eta Beate Sofi von Siettman izan ziren. 1850ean Hedda Sofia Arnbergekin ezkondu zen.[1]
Armadan 1832an sartua,[1] 1837an lotinant bilakatu zen Skaraborg-eko erregimentuan; 1855 batean kapitain gradua eskuratu zuen, eta 1865ean komandante bihurtu zen, 1873an dimisioa aurkeztu zuen arte.
Fisioterapia
1842an Stockholmeko Gimnastika Institutu Zentralean ikasle sartu zen. Ikasketak Lars Gabriel Brantingen zuzendaritzapean egin zituen, eta 1843-44 ikastaldian irakasle laguntzailea ere izan zelarik.[2] Ostean, fisioterapia kontsulta jarri zuen Norrköping-en (Östergotlandeko konderria). Bertan emakumezko paziente kopuru handia izan zuen. Söderköping-eko bainuetxean ere aritzen zen, O. Largberg medikuaren aginduetara. Bere izaera militarra zela eta, fisioterapia jardunean etenak egin behar izan zituen, hala nola 1848an Schleswigeko I. Gerran (Prusia eta Danimarka artean). Gainera, garai honetan bere lurren nekazal esplotazioan aritu zen.[1]
Ginekologian espezializazioa
Brandt komandanteak -gradu horrekin aurkezten baitzen- aktibitate terapeutiko nagusia 1861etik aurrera burutu zuen. Ordura arte arazo ginekologikoen tratamendu orokorrean aritu bazen ere, aurrerantzean zoru pelbikoaren tratamenduan sakondu zuen, sistema oso bat garatuz. Masajea, luzaketak, manipulazioak eta ariketa terapeutikoa erabiliz, arazo ginekologiko ugariren tratamendua erabat aldatu zuen.
1862an udan Skövde-n (Västra Götalandeko konderria) kontsultak pasatzen hasi zen. Hara medikuntza eta fisioterapia ikasleak etortzen zitzaizkion, eta eguneroko hitzaldiak eta erakustaldiak egiten zizkien: irakaspen hauengatik ez zuen ezer kobratzen. Era berean, Brandtek bere pazienteen 2/3ak dohainik artatzen zituen -kasu batzuetan, baita aterpea emanik ere-; trukean, haietako batzuk ikasleek praktikak egiteko eskaintzen ziren. Udaldi hauetan, egunean 100 bat paziente hartzen zituen, klase sozial eta jatorri oso anitzekoak.[3]
Metodoa
Brandtek bere metodoa Gimnastika Institutu Zentralean jasotako oinarritik abiatu zuen, mugimenduak eta teknikak paziente ginekologikoen premietara egokituz.
Indikazioak hauek izaten ziren: prolapsoak; exudatu para eta perimetrikoak; kisteak; hematomak; umetokiaren posizio desegokia (antebertsio, retrobertsio); endometriosia; umetokiaren lepoaren katarroa; odol galtzeak; umetokiaren eta istmoaren atrofia. Kontraindikazioak, berriz: hantura akutuak; erretrakzio edo itsaste mingarriak; sabeleko gehiegizko loditasuna; haurdunaldia; minbizia.
Maniobra gehienak kanpoko abordatze bidez egiten zituen; barruko abordatzea (bagina edo ondestetik) gutxitan erabiltzen zuelarik.
Brandten metodoan, zoru pelbikoen muskuluen aktibazioa urruneko muskuluen kontrakzioaren bidez bilatzen zen; sabelaldeko muskuluen kontrakzioa (gaur egiten den bezala) saihestu egiten zuen.[3]
Onarpenaren bide luzea
Haren emaitza onak ikusita interesa erakutsi zuen lehen medikua Sven Sköldberg ginekologo suediarra izan zen: Skövdera joan zitzaion, 4 eguneko egonaldia eginez, eta bertan une horretan tratatzen ari zen 63 pazienteren jarraipena egin zion. Ostean, Brandti askotan eskatu zion Stockholmera joatea, han berak bidalitako pazienteak tratatzera, Sköldbergek jarraipena egiteko eta emaitzak argitaratzeko; azkenean Brandtek baietza eman zion, eta 1872an Stockholmen lanean hasi zen. Baina Sköldberg 1873an hil zen, eta Suedian ez zen medikurik agertu Brandten prozeduren azterketa zientifikoarekin jarraitzeko.[4] Kontrara: metodoak eszeptizismo eta erresistentzia handia jaso zuen Suediako medikuen aldetik. Brandti formakuntza gabezia eta autodidaktismoa egozten zioten, eta bere lehen bi argitalpenek ez zuten lortu zalantzak uxatzea.[1]
Egoera 1886an aldatzen hasi zen, baina ez Suedian, atzerrian baino: Robert Nobel industria gizonak (Alfreden anaiak) bultzatuta, urte horretan P. Profanter mediku austriarrak Brandtekin 6 hilabeteko egonaldia egin zuen. Bere tratamenduen onurak ikusiz, Jenara joateko eskatu zion, bere metodoa ginekologoz osatutako talde bati erakustera: hasieran komandanteak ezetz esan zuen, baina Profanterrek intsistituz konbentzitu zuen. Ikasle batekin (Egoe Nissen, Kristianiakoa) Jenara joan zen eta han B. Schultze irakaslearen gainbegiradapean kasu batzuk tratatu zituen. 1887 urtean, Profanterrek Die massage in der gynaekologie idazlana argitaratu zuen Vienan, Brandten metodoen defentsa eginez; lan honek hedapen handia izan zuen, metodoarekiko interes zientifikoa piztuz.[1]
Brandten 1891ean argitaratutako Behandlung weiblicher Geschlechtskrankheiten ("Arazo ginekologikoen tratamendua") liburuak hedapen handiagoa erdietsi zuen. Lan hau abiapuntutzat hartuta, 1891ean bertan Carl David Josephson medikuak Brandten metodoaren karakterizazio zehatza argitaratu zuen, sakonki aztertuz eta bultzatuz. Gaur egunean ere, Josephsonen lan hau da Brandten metodoaren ezaugarriak eta garapena ezagutzeko modurik onena.[5]
Neurri batean arrakasta lortu arren, Brandt ez zen aberastu eta bere bizitzan ez zuen bere teorien gaineko onarpen osorik ezagutu; Suediako "maisu ginekologo" askok "petrikilo" bezala hartzen jarraitu zuten. Bera hil eta gerora arte ez zitzaion guztiz aitortu medikuntzari eginiko ekarpena,[4] bere esplorazio eta tratamendu maniobrak ohiko praktika ginekologikoan txertatuz.[3]
1897an Horace Stapfer ginekologo frantziarrak Brandten metodoa aztertu eta eguneratu zuen. Étude expérimentale et raisonnée du système de Thure Brandt : Traité de kinésithérapie gynécologique (massage et gymnastique) liburuan, Brandten argitalpenetan modu nahasi xamarrean ageri ziren teknika eta oinarriak antolatu eta sistematizatu zituen.[4]
Metodoaren bilakaera
Brandten metodoaren oinarriak oro har baliogarriak izan arren, teknika batzuk gaindituak izan ziren, eta beste batzuekin ordezkatu ziren. Oro har, Suedian 1900 ingurura arte erabili zen (atzerrian urte gehiago iraun zuen).[1]
XX. mendean, osteopatiaren arloan Brandt eta Stapferren irakaspenak berreskuratu ziren, bere aplikazioa errai guztietara hedatuz. Teoria hau batez ere Frantzian garatu zen, eta 1980ko hamarkadan, teknika multzo hau osteopatiaren ohiko praktikan integratu zen "osteopatia biszeral" izenarekin.[6]
Gaur egunean oraindik Thure Brandtek garatutako metodoaren aztarnak aurki daitezke, hala nola bere izena daraman esplorazio-posizioan,[7] edo prolapsoen tratamenduan.[8]
Bestelako jakingarriak
Brandt pertsona umoretsua zen, eta bere lantokian giro ona zen nagusi. Detaile xelebre bezala, paziente zein ikasleekin hitanoa erabiltzeko ohitura zuen (garai eta giro hartan ohikoa ez zena). Norbaitek haserrarazten zuenean, berriz, harekin zuketan hasiko zen, adeitasun esajeratuz eta "anderea", "kondesa" edo dena delako izendapen jasoa erabiliz; baina laster pasatzen zitzaion, eta hika hasten zen berriro.[3]
Bere dibulgazio lanean, gaia arlo terapeutikotik aldendu ez zedin, irudi didaktikoak de-sexualizatzeko saiakera egin zuen, gaur egunean xelebreak diren estralurtar-itxurako marrazkiak erabiliz.[9]
Hipnosian ere aditua zen, eta teknika hori insomnioa eta urduritasuna zuten pazienteekin erabiltzen zuen.[3]
Zahartzarora arte gizon sendoa izan zen; baina 1893tik aurrera gainbehera etorri zitzaion. Bere pazienteek eta ikasleek ezarri zioten oroitarrian Vir pius, probus, sui semper immemor hitzak ezarri zizkioten.[10]
Bibliografia
- 1864: Om uterinlidanden och prolapser ("Umetokiko arazoei eta prolapsuei buruz")
- 1868: Nouvelle methode gymnastique et magnetique pour le traitement des maladies des organes du bassin ("Perineoko organoen gaixotasunak tratatzeko gimnasia eta magnetismo metodo berria"). Stockholm.[11]
- 1877: Die Bewegungscur als Heilmittel gegen weibliche sog. Unterleibsleiden und Prolapsen ("Emakumeen sabeleko minen eta prolapsoen erremedioa ariketa fisikoaren bidez"). Stockholm.[12]
- 1882: Brandt's treatment of uterine diseases and prolapsus by the movement cure. ("Brandten tratamendua umetokiaren arazo eta prolapsoentzat, mugimenduaren bidez"). Roth itzultzailea. Londres.[4]
- 1884: Gymnastiken såsom botemedel mot qvinliga underlifssjukdomar: jemte strödda anteckningar i allmän sjukgymnastik ("Gimnasia arazo ginekologikoen tratamendu gisa; ariketa terapeutiko orokorreko ohar solteekin batera"). Stockholm.[13]
- 1888: Heilgymnastische Behandlung weiblicher Unterleibskrankheiten. Nach dem schwedischen Originale iibers. ("Emakumeen sabeleko gaixotasunen ariketa terapeutiko tratamendua, original suediarren arabera"). Alfred Resch, Viena.
- 1891 (Frans Peter Lindblom mediku eta gimnasta suediarrarekin): Behandlung weiblicher Geschlechtskrankheiten da ("Arazo ginekologikoen tratamendua"). Berlin.[14]
- 1895: Die Heilgymnastik in der Gynaekologie: und die mechanische Behandlung von Erkrankungen des Uterus und seiner Adnexe nach Thure Brandt ("Ariketa terapeutikoa ginekologian, eta umetokiaren eta inguruko organoen gaixotasunen tratamendu mekanikoa, Thure Brandten eskutik").[9]
- 1897: Massage bei Frauenleiden. Behandlung weiblicher Geschlechtskrankheiten. ("Masajea sufritzen duten emakumeetan. Arazo ginekologikoen tratamendua"). Berlin.
Erreferentziak
- «M Thure E Brandt - Svenskt Biografiskt Lexikon» sok.riksarkivet.se (Noiz kontsultatua: 2021-07-12).
- (Suedieraz) Hofberg, Herman; Heurlin, Frithiof; Millqvist, Viktor; Rubenson, Olof. (1906). «I:132 (Svenskt biografiskt handlexikon)» runeberg.org (Noiz kontsultatua: 2021-07-13).
- (Suedieraz) «65 (Helsovännen / Hälsovännen / Årg. 42, 1927)» runeberg.org (Noiz kontsultatua: 2021-07-13).
- (Frantsesez) Stapfer, Horace (1848-1913) Auteur du texte; Brandt, Thure (1819-1895) Auteur du texte. (1897). Étude expérimentale et raisonnée du système de Thure Brandt : Traité de kinésithérapie gynécologique (massage et gymnastique) : Nouvelle méthode de diagnostic et de traitement des maladies des femmes / par H. Stapfer,... ; Préface de A. Pinard,.... (Noiz kontsultatua: 2021-07-13).
- (Ingelesez) «Om den manuela behandlingen af gynäkologiska lidanden / af C.D. Josephson.» Wellcome Collection (Noiz kontsultatua: 2021-07-13).
- (Gaztelaniaz) «Osteopatía Visceral | Centro Kineos Barcelona» www.centrokineos.com (Noiz kontsultatua: 2021-07-13).
- «Posicion de Thure Brandt - Diccionario Médico» www.portalesmedicos.com (Noiz kontsultatua: 2021-07-13).
- (Suedieraz) «85 (Helsovännen / Hälsovännen / Årg. 42, 1927)» runeberg.org (Noiz kontsultatua: 2021-07-13).
- (Ingelesez) «Gynecological Gymnastics from Outer Space (1895)» The Public Domain Review (Noiz kontsultatua: 2021-07-13).
- (Ingelesez) «Sten nr 313 - Thure Brandt» Norra begravningsplatsen 2015-05-30 (Noiz kontsultatua: 2021-07-13).
- Brandt, Thure. (1868). Nouvelle methode gymnastique et magnetique pour le traitement des maladies des organes du bassin. http://libris.kb.se/.
- Brandt, Thure. (1877). Die Bewegungscur als Heilmittel gegen weibliche sog. Unterleibsleiden und Prolapsen. http://libris.kb.se/.
- Brandt, Thure. (1884). Gymnastiken såsom botemedel mot qvinliga underlifssjukdomar: jemte strödda anteckningar i allmän sjukgymnastik. libris.kb.se/.
- Brandt, Thure. (1891). Behandlung weiblicher Geschlechtskrankheiten. http://libris.kb.se/.