The Who
The Who rock talde ingelesa da, 1964an eratua. Taldearen partaide nagusiak Roger Daltrey, Pete Townshend, John Entwistle eta Keith Moon izan ziren hasiera batean.
The Who | |
---|---|
Datuak | |
Jatorria | London (Erresuma Batua) |
Musika mota | Rock |
Urteak | 1964 - gaur egun |
Produkzioa | |
Taldekideak | |
Pete Townshend Roger Daltrey | |
Lehengo taldekideak | |
John Entwistle Keith Moon | |
Sariak | |
Jasotako sariak | ikusi
|
Informazio gehigarria | |
thewho.com | |
Historia
1960ko hamarkadaren erdialdean, Beatles eta Rolling Stones talde britainiarren itzalean rock gogorreko hainbat single argitaratu zituzten, My Generation izanik hauetan aipagarriena. Hiru disko argitaratu zituzten 1968 aurretik, geroz eta ospea handiagoa lortuz. Dena den, euren zuzenekoak ziren ikuslegoa erabat txunditurik uzten zutenak; ia saio guztien amaieran euren instrumentuak, eta batez ere Townshend-ek bere gitarra, suntsitzeari ekiten zioten.
1969an Tommy disko bikoitza argitaratu zuten, askok lehen Rock Operatzat hartzen dutena. 74 minutu eta 24 abestitan Tommy mutiko itsu, gor eta mutuaren istorioa kontatzen da, opera moduko baten formatuan. Diskoak sekulako arrakasta izan zuen mundu mailan, eta The Who momentuko talde garrantzitsuenetarikoa izatera pasa zen.
Kontzertuak egiteari ere jarraitu zioten, zein baino zein handiagoa, eta askotan Tommy osoa jotzen zuten. Hauetako kontzertu bat, Leedsen grabatua eta Live at Leeds izenaz argitaratua, historiako rock kontzertu onenatzat hartzen dute aditu askok.
1971an itzuli zen taldea grabaketa lanetara, eta ondorengo urteetan beste bi disko garrantzitsu argitaratu zituzten, Who's Next eta Quadrophenia. Bigarren hau ere rock opera bat da, eta Tommyren antzera gazte baten gorabeherak kontatzen ditu. 1979an hartan oinarritutako Quadrophenia filma burutu zen.
Beste bi diskoren ondoren, 1978an, Keith Moon bateriajolea sobredosi batek jota hilik aurkitu zuten. Bere heriotzaren ondoren taldeak gora behera askorekin aurrera jarraitu zuen disko berriak argitaratuz, baina ez ziren 70. hamarkada hasierako diskoen mailako beretsukoak. 2002an Entwistlen heriotza etorri zen, eta ordudandik Roger Daltrey eta Pete Townshend dira taldean ofizialki geratzen diren bakarrak. Mundu birak maiz egiten jarraitzen dute, taula gainean beste musikari batzuen laguntza jasotzen dutelarik.
2007ko Maiatzaren 19an lehen aldiz Euskal Herrian jo zuen The Whok, Barakaldoko BECen, hain zuzen ere.